Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 13ko 163/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 13

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Doble sanción por estacionamiento en lugar reservado

Exp: 10/549/I

: 163

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko uztailaren 5ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren aurka, behar ez bezala aparkatzeagatik ezarritako bi zehapen-espedienteren izapidetzea dela eta.

    Kexa-idazkian azaltzen du 2010eko ekainaren 8an, bere ibilgailua ([?] matrikula duena) [?] hotelaren aurrean aparkatu zuen, bertan hartu baitzuten ostatu. Goizean (9:15ean), ibilgailua hartzera joan zirenean, aparkatze mugatuko zaintzaileak honako xehetasunen berri eman zizkien:

    • 8:55ean salaketa bat jarria ziela eremu urdinean baimenik gabe aparkatzeagatik (210-209386 espedientea), eta isuna saihets zezaketela 11,65 euro ordainduz tiketak ematen dituen makinan. Eta horixe egin zuten.
    • 200 euroko beste zehapen bat ezarri behar zitzaiela (2010-209387) aparkatzeko toki hori 9:00etatik aurrera zama-lanetarako erreserbatuta egoteagatik. Isun hori zela eta, jakinarazi zitzaien ezen, bertan bazeuden ere, ezarri egin behar zitzaiela, horixe agindua baitzion Udaltzaingoak zaintzaileak eskuan zeraman PDAren (Laguntzaile Digital Pertsonala) bitartez.

      Azaltzen zuen ezen [?] hotelaren sarbidearen aurrean dauden aparkatzeko lau tokiek hatzen duten 15 metroko tartean, hainbat trafiko seinale daudela batera, eta irudi nahasgarria ematen dutela eta ez dutela bermatzen agindu juridikoaren argitasuna, eta gaia are gehiago nahasten dela ordutegiaren arabera aparkatzearen araubidea aldatzen delako.

      Bestalde, kexa-egileak bere dio bere ustez kasu honetan izandako esku-hartzeak non bis in idem printzipioa hausten duela; izan ere, printzipio horrek debekatzen du jokabide berarengatik zehapen espediente bat baino gehiago izatea. Horrenbestez, eskatzen zuen aipatutako espedienteetatik bigarrena (zama-lanetarako eremuan aparkatzea) baliogabetzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.
  3. 2010eko uztailaren 31n, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “2010eko ekainaren 8an, 8:55ean, salaketa bat jarri zen [?] matrikula duen ibilgailuaren aurka, araututako eremu batean baimenik gabe aparkatzeagatik. Salaketa behar zen tasa ordainduz –11,65 euro– baliogabetu zen.
    Egun berean, 9:20an, ibilgailu berari toki berean beste salaketa bat jarri zioten, zama-lanetarako gordetako tokian aparkatuta egoteagatik.

    Aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantzako 9. artikuluak dio ezen eremu urdin, gorri, laranja eta murriztuen esparruetan indarrean jarraitzen duela ukitutako eremu bakoitzean jarritako seinaleztapen murriztaile berariazkoak, eta berariaz aipatzen dira, besteak beste, zama-lanetarako eremuei dagozkienak.

    Araututako eremuaren barruan dauden zama-lanetarako esparruak, baldin eta ongi seinaleztatuta badaude –eta hala dago [?] jaunari salaketa jarri zitzaion tokia, 8:30etatik 9:00etara bitartean aparkatze mugatuko eremua dira, 9:00etatik 13:00etara zama-lanetarako erreserbatuta daude eta 13:00etatik 14:00etara aparkatze mugatuko eremuak dira. Hori dela eta, zama-lanei buruzko seinale bertikalak dauzkate, beren ordutegiarekin eta seinale horizontalekin, adierazteko araupeko aparkatzeko lekua dela, eta lerro eten hori daukate, hain zuzen ere zama-lanei dagokiena”.

AZTERKETA

  1. Azaldutako aurrekarien ondorioz, kexa aurkeztu da trafiko arloko bi salaketa bata bestearen ondoren jarri direlako (2010eko ekainaren 8ko 8:55ean eta 9:20an), zeinak heldu baitira Iruñeko [?] kaleko [?] zenbakian ibilgailua aparkatu izatetik.

    Bi arau-hauste atzeman izatea zor zaio, zehazki, ibilgailua aparkatu zen tokiari aplikatzekoa zaion araubideari; izan ere, toki hori 8:30etik 9:00etara aparkatze mugatuko eremukoa da, eta ordu horretatik aurrera eta 13:00ak arte zama-lanetarako gordeta dago; 14:00etan, berriz, aparkatze mugatuko toki bilakatzen da.

  2. Tokian ageri diren seinaleei (bertikala eta horizontala) erreparatuta, erakunde honek ezin du ondorioztatu seinale horiek balio ez dutenik jakiteko zein den aplikatu beharreko araubidea, eta araubide hori ez ezagutzea, gainera, Zuzenbidean ez da nahikoa oinarria duen arrazoia hura ez betetzeko.
  3. Aurrekoa ezarrita, erakunde honek, salatutako lehenengo arau-haustetik bigarrenera iragan den denbora tarte laburra kontuan izanda, atzeman du ezen, kasu zehatz honetan, herritarrak eginiko eta errefusatzeko modukotzat jotzen den jokabidea bat bakarra dela (ibilgailua 8:30 baino lehen ibilgailua erretiratu behar izatea, eta arau-hauste hori 45 minutuz luzatu zela). Eta hor gertatu zen ibilgailua aparkatuta zegoen tokiaren araubidearen berezitasunen ondorioz, jokabide horri bi arau-hauste aplikatu ahal zaizkiola: aparkatze mugatuko eremuan aparkatzeko baimenik ez izatea, 9:00ak arte, eta zama-lanetarako aparkatu izatea, ordu horretatik aurrera.

    Erakunde honek, zehapen ahalmenaren baliatzea arautzen duten eta hura gauzatu ahal izatea mugatzen duten proportzionaltasun eta erruduntasun printzipioei erreparatuta, aipatutako denboran zehar luzatu zen huts bakarrari dagozkion bi arau-hauste gertatu zirela atzemanda ere, ulertzen du kasu honetan bidezkoa izanen litzatekeela ordenamendu juridiko administratiboan aurreikusitako irizpidea –Zigor Zuzenbidetik heldu dena– aplikatzea, bi arau-hauste gertatzeagatik, eta soilik larritasun handieneko arau-hausteari dagokion zehapena ezarri beharko litzatekeela. Irizpide horrek zenbait agerpen berariazko dauzka, eta bereziki jasota ageri da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan, zeinak Zehapen Ahalmenaz baliatzeko Prozedurari buruzko Erregelamendua onesten baitu.

    Kontrako konponbideak ekarriko luke, aipatutako aparkatzeko tokian aparkatzeari dagokionez, non araubidea aldakorra baita, araubide hori zenbat aldiz hausten den hainbeste arau-hauste eta zehapen onartzera. Bada, konponbide hori, gure ustez, zehapen-ahalmenaz baliatzea mugatzen duten printzipioekin bateraezina izanen litzateke. Printzipio horiek erruduntasuna, proportzionaltasuna eta zehapenen konkurrentzia dira, eta Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 130., 131. eta 133. artikuluetan daude jasota.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea, atzemandakoen artean larritasun handieneko arau-hausterako aurreikusitako ondorio juridikoak aplika ditzala, eta, kasua bada, larritasun gutxieneko arau-haustearengatik ordaindutako zenbatekoak itzul ditzala.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia