Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 13ko 162/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 13

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con sanción de tráfico

Exp: 10/385/I

: 162

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren aurka, trafikoaren arloko zehapen bat ezartzeagatik, hain zuzen ere ibilgailua gaizki aparkatzearen ondorioz, bai eta garabi-zerbitzuak ibilgailua erretiratzeagatik ere.

    Azaltzen du ez dagoela ados zehapen espedientearekin, eta jotzen du ibilgailua ongi aparkatu zuela, eremu urdinean, eta aparkatzeko baimena ematen zion ticketa hartu eta ordaindu egin zuela.

    Halere, azaltzen du garabi zerbitzuak ibilgailua eraman ziola eta udalak zehapen bat ezarri ziola, dirudienez ordu jakin batzuetan aparkatzea debekatuta zegoelako.

    Ematen dituen argudioen arabera, batetik ibilgailua ongi aparkatuta zegoen eta garabiak ez zuen hura eraman behar, zeren eta jarduera hori mugatu beharra baitago soilik trafikoa oztopatzen deneko kasuetara, eta oraingo honetan ibilgailuak ez zuen trafikoa oztopatzen.

    Bestalde, azaltzen du seinaleak nahasgarriak direla eta aparkatzeko baimena ematen zion ticket bat eman eta kobratu zitzaiola. Hori dela eta, jotzen du jardun administratiboa ez dela bidezkoa, ez ibilgailua erretiratzeari dagokionez, ez zehapena ezartzeari dagokionez ere.

    Halaber, kexa bat azaltzen du jarraitutako prozedura administratiboaren aurka, zeren eta, adierazitakoaren arabera, salaketa egin zuen agenteari identifikatzeko eskatu bazion ere, agenteak ez baitzion informazio hori eman nahi izan.

    Hori guztia dela eta, uste du udalak zehapena deuseztatu beharko lukeela eta garabi zerbitzuak ibilgailua erretiratzeari dagokion zenbatekoa itzuli beharko lioketela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.
  3. 2010eko uztailaren 31n, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “2009ko urriaren 15ean, 15:01ean, Udaltzaingoak salaketa bat aurkeztu zuen [?] matrikula zuen ibilgailuaren aurka, Juan de Labrit kalean aparkatuta egoteagatik, 27. zenbakiaren parena, eta garabiak ibilgailu hori eraman egin zuen, eremu murriztuan egoteagatik egoiliar txartelik eduki gabe.

    Salaketa jarri eta ibilgailua erretiratu zen eremua aparkatze mugatuko esparru bat da 8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan, eta 8:30etik 14:00etara lanegunak diren larunbatetan. Araututako ordu horietatik kanpo, I. sektoreko (Alde Zaharra) bizilagunentzako aparkatze mugatuko eremua da.

    Juan de Labrit kalearen sarreran, seinale bat badago, erregulazioaren egunak eta orduak adierazten dituena, eta, gainera, seinale horrek ohartarazten du ordu horietatik kanpo soilik egoiliarren ibilgailuak aparkatu ahalko direla toki horretan (seinalearen argazkia erantsi dugu).

    Salaketa egindako agentearen identitatea ez emateari dagokionez, agente horren zenbaki profesionala 241 da, eta zenbaki hori [?] jaunari ibilgailua udal gordailutik erretiratzera joan zenean jakinarazitako salaketan ageri da (salaketaren buletinaren kopia erantsi dugu).

    Interesdunak berraztertzeko errekurtsoak aurkeztuta dauzka ezarritako zehapenaren eta ordaindutako tasaren aurka; errekurtso horiek ebazteko daude”.

AZTERKETA

  1. Azaldutako aurrekarietatik ondorioztatzen den bezala, kexaren xedea diren jarduera administratiboak (zehapena eta ibilgailua eramate) ibilgailu bat Iruñeko Juan de Labrit kalean, 2009ko urriaren 15ean aparkatzetik heldu ziren; izan ere, Udaltzaingoak jo zuen interesdunaren ibilgailua, 15:00ak aldera, toki horretan zegoela aparkatuta behar zen baimenik (egoiliar txartela) eduki gabe. Kale horretako aparkatzeko araubidea, ordutegiaren arabera aldatzen da, halako moduz non, hemen interesatzen zaigunari erreparatuta, 14:00etatik 16:00etara soilik egoiliar txartela duten ibilgailuak aparka daitezkeen bertan.

    Kexa-egileak adierazitakoa ikusita, adierazi beharra dago, aldez aurretik eta modu abstraktuan, ezen Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeko testu artikuludunean ezarritakoaren arabera, administrazio publikoek ibilgailuak bide publikotik erretiratzeko duten gaikuntza ez dagoela soilik mugatuta trafikoa oztopatzen den kasuetara. Ibilgailuak erretira daitezke, baita ere, eremu publikoa bidegabeki okupatzen den kasuetan ere, eta horixe da ibilgailuak exijitzekoa den baimena eduki gabe aparkatzen deneko kasua. Ahalmen hori Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak berretsi izan du. Izan ere, jurisprudentzia horrek ahalmen hori lotu du eremu publikoak erabiltzaile desberdinen artean modu ekitatiboan bana daitezela babesteko beharrarekin.

  2. Hala eta guztiz ere, kasu honetan zehaztu behar dena da ea gertatzen diren inguruabar horiek ikusita, kexa-egileak eginiko aparkatzearen aurka jo daitekeen; izan ere, seinaleen lausotasuna aipatzen du eta, bereziki, lortu zuen baimenaren –ticketaren– edukia.

    Aparkatzeko aipatutako araubidea, egiazki, kale horren sarreran jarritako trafikoko seinalean adierazita zegoen. Udalak haren argazkia ekarri du espedientera. Seinale horrek mezu bat baino gehiago zeuzkan: batetik, esaten zuen zein egun eta ordu sartzen ziren erregulatutako ordutegian (astelehenetik ostiralera, (8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 8:30etik 14:00etara); bestetik adierazten du gainerako orduetan 1. sektoreko egoiliarrak direla beren ibilgailuak bertan aparka ditzaketen bakarrak.

    Adierazi beharra dago ezen, kexa hau ebazteko garaian, erakunde honek egiaztatua duela seinalearen mezua aldatu dela (formari dagokionez) eta, gainera, ticketak emateko makinan araubide hori gogorarazteko ohar bat ezarri dela, laranjaz nabarmenduta. Bada, hain zuzen ere horrekin guztiarekin, agian, mezua argitasun handiagoz transmititzea bilatzen da, eta araua hobeki ezagutu eta betetzea.

    Hala eta guztiz, seinaleztapena desio zitekeen bezain adierazgarria ez izateaz gainera, interesdunak, baieztatzen den bezala, tiket bat lortu baldin bazuen baimena ematen ziona 12:38tik (baimenaren hasiera-ordua) 16:38ra (amaieraren ordua) aparkatzeko, ez da ilogikoa interesdunak ulertzea hasierako ordutik amaierako ordura bitarteko denbora guztian baimenduta zeukala aparkatzea.

  3. Esan beharra dago, zehapen-ahalmenaz baliatu ahal izateko, erruduntasunaren printzipioa hartu beharra dagoela kontuan, eta horrek eskatzen duela zehapena jaso duenak egotzi ahal zaion jokabide eduki izatea edo huts egiteren bat egin izatea, ez-betetze bat besterik ez bada ere. Printzipio hori bateragarria da zehapen ahalmenaz baliatu ahal izatearekin Administrazio Publikoaren ekintzek herritarrari nahasmena eragin diezaioketen kasuetan, eta haren jokabidean fede ona izan dela uste beharko da.

    Aurkeztutako kasuan, [?] jaunak eskuratu zuena bezalako tiketa emateak eragin dezake interesdunak guztiz sinestea ibilgailua aparka zezakeela baimenean aipatzen ziren ordu guztietan.

    Egiaz, tiketean adierazitakoa eta aipatutako seinalean adierazitakoa erlazionatuz gero, ondorio zuzenera irits zitekeen; hau da, baimena zuela 12:38tik 14:00etara eta 16:00etatik 16:38ra aparkatzeko (120 minutu, horixe baita ordaindu zuen zenbatekoari, 2,10 euro, dagokion denbora). Gure iritziz, ordea, interpretazio hori, zuzena bada ere, ezin zaio herritar bati exijitu zehapen bat saihesteko, eta Administrazioari dagokio erruduntasuna frogatzeko zama.

    Denbora-tarteetan aparkatze mugatuak balio ez duen tokietan, berariazko debeku bat badago (kasu honetan, egoiliarrentzako erreserba bat), eta baimenak hari egokitu behar zaizkio, edo amaiera erregulazio-ordutegiaren amaierarekin uztartuz, edo tiketean ongi argi utziz tarteko denboran ibilgailua eraman egin behar dela.

    Bestela, gerta daiteke hiritarrak uste okerra izatea, eta halakoetan, zehapen ahalmenaz baliatzea eta ibilgailua erretiratzea ez dator bat erruduntasunaren eta errugabetasunaren ustearen printzipioekin bat.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea zehapen-espedientea baliogabe dezan eta ibilgailua erretiratzeko zerbitzuarengatik kexa-egileak ordaindutako tasa itzul diezaion.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia