Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 13ko 161/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 13

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Retirada de puntos del permiso de conducción

Exp: 10/537/I

: 161

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 30ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren aurka, gidatzeko baimeneko puntuak erretiratu dizkiotelako.

    Kexa-idazkian azaltzen du 2009ko abenduaren 28an, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi ziola gidatzeko baimenaren indarraldia galdu izateari buruzko deklarazioa. Adierazitakoaren arabera, deklarazio horretan eragina izan zuen Iruñeko Udalaren jardun oker batek, eta, azkenean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak, akatsaren berri izan zuenean, emandako ebazpena atzera bota zuen (2010eko urtarrilaren 15eko ebazpena, lehenengo ebazpen bat atzera botatzekoa).

    Kexa aurkeztu aurretik, interesduna puntuak berreskuratzeko ikastaro batean izena ematera zihoanean, lehendik inongo jarduketarik edo jakinarazpenik egon gabe, ez zuten ikastaroan onartu, eta jakinarazi zioten haren saldoa 0 puntukoa zela.

    Interesdunak zioen ezen, gaia argitze aldera, harremanetan jarri zela Iruñeko Udalarekin, eta bertatik jakinarazi ziotela Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena atzera botatzeko egintza burutu arren (“hiru puntu itzultzen” zizkion), udalak puntu horiek berriz ere kenduta zizkiola, aurkeztu zuen errekurtsoa garaiz kanpo aurkeztua zuela ohartu zenean.

    Kexa-egileak azaltzen du bere burua nahaste horretan murgildurik ikusi duela, eta ez duela inongo azalpen edo komunikaziorik jaso horri buruz, eta, haren borondateaz kanpoko arrazoi batzuengatik, litekeena dela bere baimenaren indarraldiaren galera deklaratzeko prozedura berriz ere zabaltzea. Horri buruz, honakoa azaltzen du: “Udalak hasieratik kendu izan balizkio puntuak, lehenbizi haiek kendu, gero berriz itzuli eta azkenean berriz ere kendu gabe, prozedura ez zen bi aldiz hasiko, eta punturik gabeko aldia laburragoa izanen zen”.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.

  3. Uztailaren 29an eta abuztuaren 31n jasotako txostenen bidez, honakoa ematen da jakitera:
  • 2009ko maiatzaren 12an, Iruñeko Udaltzaingoak salaketa bat aurkeztu zuen interesdunaren aurka, gidatzen ari zen bitartean sakelako telefonoa erabiltzeagatik.

  • Zehapena 2009ko uztailaren 11n jakinarazi zitzaion, eta hilabete beranduago hartu zuen indarra bide administratiboan. Behin zehapena bide administratiboan irmoa zenean, 2009ko urrian, [?] jaunari hiru puntu kendu zizkioten gidatzeko baimenetik.

  • 2009ko azaroaren 23an, interesdunak idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Trafikoko Probintziako Buruzagitzan. Idazki hori Iruñeko Udalari igorri zitzaion, eta hark berraztertzeko errekurtso bat zela jo zuen.

  • Errekurtsoa ebatzi bitartean, hiru puntu itzuli zizkioten interesdunari.

  • Behin berraztertzeko errekurtsoa ebatzita (ezetsi zen, garaiz kanpo aurkeztua zelako) eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea iraganik, 2010eko ekainean hiru puntu kendu zizkioten berriz ere interesdunari.

AZTERKETA

  1. Interesdunak kexa bat aurkeztu du Iruñeko Udalaren jardueraren aurka. Izan ere, egitate berarengatik gidatzeko baimeneko hiru puntu bi aldiz erretiratu dizkio (2009ko urrian eta 2010eko ekainean). Jokabide horrek, interesdunaren arabera, sorrarazi duen nahasteaz gainera, berekin ekar dezake Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak gidatzeko baimena kentzeko prozedura berriz abiatzea (gidatzeko baimena kentzeko izapidetu zuen lehenengo espedientea ezetsi egin zen).
  2. Sortutako arazoa heldu da Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeko testu artikuludunean ezarritakotik; izan ere, lehenengo xedapen gehigarrian eta II. eranskinean aurreikusten du gidatzeko baimeneko puntuak kentzea “bide administratiboan irmoki” zehatutakoei, arau-hauste jakin batzuk egiteagatik.

    Egintza batek irmotasuna hartzen du bide administratiboan haren aurka bide horretan aurkapenik aurkezterik ez dagoelako, dela bidezko errekurtsoak epean aurkeztu ez direlako, dela errekurtso horiek aurkeztu eta jada ebatzi direlako. Bada, bide administratiboko irmotasuna une jakin eta zehatz batean gertatzen den egitate bat da, ez behin baino gehiagotan gertatzen dena.

    Hori dela eta, zuzengabekotzat jo beharra dago egitate berengatik lehenengo gidatzeko baimeneko puntuak kentzea, gero itzultzea eta gero berriz kentzea.

    Herritar batek trafikoko zehapen baten aurkako berraztertzeko errekurtso bat aurkezten baldin badu, bi aukera daude, hemen interesatzen zaigunari begira: errekurtso hori onartzea (kasu horretan, puntuak lehenago erretiratzea legez kanpokoa izanen litzatekeelako, zehapena oraindik ere irmoa ez baitzen), edo errekurtsoa ez onartzea, zeren eta zehapena ezartzeko egintza jada irmoa baita (kasu horretan, bidezkoa ez dena da puntuak itzultzea errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean eta gero puntuak kentzea errekurtso hori ez dela onartu deklaratzearekin).

    Zehapen baten aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu eta hura onartzen ez bada, garaiz kanpo aurkeztu delako, erabaki hori aurkatzeko epea iragateak irmotasuna ematen dio ez-onartzearen deklarazioari, baina ez errekurritutako zehapenari (hain zuzen ere, jada irmoa zelako ez zen errekurtsoa onartu).

  3. Horrenbestez, nahiz eta erakunde honek ez atzeman ezen, sortutako nahasmenaz haratago, kexaren xedea den jarduerak interesdunaren konstituzio-eskubideak egiazki urratu dituenik, bidezkoa da kexak oinarririk baduela jotzea eta bidezkoa den legezko betebeharren gogorarazpena egitea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez gidatzeko baimeneko puntuen kenketa aplikatzeko betebeharra duela behin zehapena bide administratiboan irmoa denean, ebazpen honetako bigarren gogoetan adierazitako moduan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia