Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Desactualización del catálogo de prestaciones sanitarias
Exp: 10/607/S
Nº: 160
Osasuna
Aurtengo ekainaren 30ean, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoen katalogoa gaurkotu gabe egoteari buruz.
Azaltzen du bere alaba [?]k, bost urte eta erdi dituenak, garuneko perlesia duela. Neskatoak, jaio zen lehenengo urtetik, laguntza-elementu batzuk erabili izan ditu; honakoak, besteak beste: oinetarako ferulak, igeltsuzko eta termoplastikozko eserlekuak eta hankabikoak, atzeko eskorga eta abar. Dauzkan arazoak gorabehera, [?]ren bilakaera bikaina da, gurasoen eta harekin dauden gainerako profesionalen ahaleginari esker.
Azaltzen du ezen alabaren gorputza gehiago oker dadin saihesteko eta jarrera zuzena eduki ahal dezan, esertzeko molde bat behar dutela. Molde hori erosteko dagoen laguntza produktuaren balioaren erdira baizik ez da iristen. Behar dituzten elementu guztiak erosteko modurik ez dutenez, dauzkatenak ahal den guztian erabiltzen saiatzen dira, alabarentzat ia kaltegarri gertatzeraino.
Gaur egun, alaba aterki erako aulki arrunt batean eramaten dute, eta oinak ia arrastaka eraman behar ditu. Pentsatzen ari dira eskuzko gurpil-aulki batera pasatzea, zeren eta [?]k behar adinako heldutasuna baitu hura erabiltzeko. Alabaina, gurpil-aulki pediatriko horiek 1.300 eta 3.000 euro bitarte balio dute, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarritako prestazio ortoprotesikoa, berriz, 400 euro ingurukoa da. Izan ere, zenbateko hori oso eskasa iruditzen zaio kexa-egileari, zeren eta uste baitu gurpil-aulkia ez dela luxu bat, erabateko premia bat eta osasun kontu bat baizik.
Interesdunak dio askotan jarri dela harremanetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Zerbitzuarekin, baina ez duela bere arazorako inongo konponbiderik lortu. Horrenbestez, eskatzen du Nafarroako prestazio ortoprotesikoen katalogoa zintzotasunez gaurko dadila.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, gaiari buruzko argibideak eman zitzan.
2010eko abuztuaren 26an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, ondokoa ageri da jasota:
“Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa, gurpil-aulkien kanpoko protesiei, ortesiei eta protesi bereziei dagokiena, urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuan araututa dago; dekretu hori ekainaren 19ko 224/2000 Foru Dekretuaren bidez eta abuztuaren 27ko 233/2001 Foru Dekretuaren bidez gaurkotu zen.
Katalogo horretan, merkatuan dauden artikuluen prezioek izan duten bilakaeraren ondorioz, prezio horiei egokitzen zaizkie produktuak badaude, baina beste batzuk ez daude hain ongi egokituta.
[?] andrearen idazkian, ez dago argi “jarrerazko ohantzea” edo “gurpil-aulkia” den behar dutena, zeren aipatzen dituen prezioak ez baitatoz bat.
[?] andreari informazio egokia emateko eta bere alabaren kasuan berariaz aztertzeko, iradokitzen diogu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Zerbitzuarekin harremanetan jar dadila, honako telefonoan: 848429004.”
Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa araututa dago Kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuan.
Foru dekretu horren I. eranskinean katalogo bat ezartzen da prestazio ortoprotesikoaren edukiarekin, eta finantzatu ahalko diren produktuak deskribatzen dira, beren gehieneko prezioekin, berritzeko baldintzekin eta berme-epearekin. Eta, egiazki, haurrentzako aterki gisako gurpil-aulkietarako –bizkarralde erdi zurrun etzangarriarekin–, gehienez ere 70.000 pezetako –hau da, 420,71 euroko– finantziazioa aurreikusten du.
Foru Dekretu bereko 2. artikuluak ezartzen du katalogoa, I. eranskinari dagokionez, gaurkotu ahalko dela. Alabaina, 1998tik egin diren aldaketek (ekainaren 19ko 224/2000 Foru Dekretua eta abuztuaren 27ko 233/2001 Foru Dekretua) ez diote funtsezko aldaketarik eragin prestazioen zenbatekoari, gaur egun merkatuan dauden egiazko prezioei egokitzeko.
Kontuan izanda produktu ortoprotesikoetan teknologia berriak eta material berriak etengabe agertzen direla eta haien prezioetan ere aldaketa handiak izan direla, foru dekretu horretako I. eranskineko prestazioen katalogoa gaurkotu beharra dago, are gehiago hamabi urte dituela aintzat hartuta. Egungo errealitatearen eta 1998ko erregulazioaren azpian zegoen errealitatearen arteko desfasea erabiltzaileentzako prestazio-araubide zaharkituak eragiten ari da, eta eragozten du osasun arazo larriak dauzkaten pertsonek, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta beren oneratzea errazteko, guztiz beharrezkoak zaizkien tresnak eskuratzea, .
Kasu honetan, [?]k gurpil-aulki pediatriko baten beharra dauka, baina haren gurasoek ezin dute hura erosi daukan prezioa dela eta; izan ere, kexa-egileak azaldu bezala, 1.300 eta 3.000 euro bitarte balio du, eta hura finantzatzeko estaldura berriz, prestazio ortoprotesikoen katalogoan aurreikusitakoa, 70.000 pezetakoa da, hau da, 420,71 eurokoa. Argi dago kopuru hori ez dela nahikoa, eta horrek eragozten du [?]k bere gaixotasunerako aulki pediatriko bat eskuratu ahal izatea.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa arautzen duen urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuan jasotako erregulazioa, kanpoko protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzkoa, egungo errealitate ekonomikoan atzeratuta geratu da, eta horrek ondorio larriak dakartza horrelako osasun produktuak behar dituzten gaixoen osasunerako.
Erakunde honek orain baino lehen aukera izan zuen katalogo ortoprotesikoa gaurkotuta ez egoteari buruzko bere iritzia emateko Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren martxoaren 16ko 51/2009 Ebazpenaren bitartez, zeinean honakoa iradoki baitzion Osasun Departamentuari: “Aztertzea komenigarria den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa eguneratzea, berrantolatzea eta arrazionalizatzea, egungo teknologiari, erabiltzaileen autonomia pertsonaleko premiei eta haien maila eta baldintza ekonomikoei egokitzeko, halako moduan non inoiz ez den zama ekonomiko handi bat izanen gaixoentzat.”
Azaldutako guztia dela eta, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak katalogo horren erreforma bat bultzatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa gaurkotze eta berrantolatze aldera, hura egokituz egungo teknologiari, gaixoen premiei eta, funtsean, merkatuan dauden prezioei.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa –kanpoko protesiak, gurpil-aulkiak, ortesiak eta protesi bereziak– arautzen duen urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuaren eranskinean jasotako osasun produktuen finantziazioa gaurkotu dezan eta egungo errealitate ekonomikoaren arabera egoki dezan, halako moduz non inoiz ere ez den gertatuko gurasoentzako zama ekonomiko larria izatea; eta kexa-egileari egungo errealitate ekonomikoaren araberako finantziazioa eman diezaion, bost urteko bere alabaren osasunerako behar duen eskuzko gurpil-aulkia eskuratu ahal izateko.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia