Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 13ko 159/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 13

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Problemas con hijo de siete años al que van a hacer repetir.

Exp: 10/603/E

: 159

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo uztailaren 29an, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat iritsi zen gure erakundera. Idazkia bere seme [?]-ri [?] ikastetxean eskola-jarraipen eskasa egiteak eragindako arazoei buruzkoa zen.

    Kexa-egileak azaltzen du zazpi urteko bere semeak lehen hezkuntzako bigarren maila bukatu berria duela [?] ikastetxean. Haurraren tutoreak gurasoei, ikasturtearen amaieran, jakinarazi zien [?]-ek ikasmaila errepikatu behar zuela irakurmenean maila apala zuelako eta heldutasun falta zuelako.

    [?]-en aitak azaltzen du ikasturtean zehar inoiz ere ez zitzaiela aditzera eman haurraren maila hain baxua zela non ezin izan baitzuen ikasmailaz igaro; izan ere, lehenago jakin izan balute, behar ziren neurri guztiak hartuko zituzten [?]-ekin lan gehiago egiteko. Are gehiago, uneren batean, modu informalean bada ere, gurasoei esan zitzaien irakurmenean asko hobetzen ari zela.

    Interesdunak uste du gurasoei [?]-en eskola-jarraipenari buruzko informazioa guztiz faltatu izan zaiela.

    Gainera, gehitzen dute mutila lehen hezkuntzako lehen mailan ikasten ari zenean eta gurasoek arazoren bat izan zezakeen susmoa izan zutenean, eskolako orientatzailearen balorazioa eskatu zutela. Alabaina, haren esanetan, haurraren emaitzak normalak izan ziren. Nabarmendu beharra dago [?]-en arreba nagusiak, zeina ikastetxe berean eskolatuta baitago, arreta defizitaren nahastea (TDA deitutakoa) daukala.

    Kexa-egileak Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzura jo zuen, arazoa azaltzeko eta adierazteko zentro espezializatu batean [?]-en azterlan psikopedagogikoa egin zezatela nahi zuela. Planteaturiko arazoari inolako konponbiderik ez emateaz gainera, jakinarazi zioten txosten psikopedagogiko bat aurkezteak ez zuela ezertarako ere balioko.

    Hala eta guztiz ere, [?]-k ikasmaila errepikatu behar zueneko albistea eta gero, arreba nagusiak bezala arreta defizitaren nahastea izan zezakeela susmatuta, Donibaneko Buru-osasuneko Zentroa jo zuten. Behin behineko epai klinikoaren arabera, [?]-k ikastetxea errefusatzeko jarrera du eta nabarmentzeko moduko ondoez emozionala dauka. Halaber, zenbait adierazleren arabera, arreta defizitaren nahastea izan dezakeela agerrarazten dute.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, gaiari buruzko argibideak eman zitzan.

2010eko abuztuaren 25ean, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, Hezkuntza Departamentuak honakoa adierazten zuen:

“Ekaineko lehenengo hamabostaldian, ikastetxeko ikuskatzaileak [?] jauna hartu zuen, eta interesdunak Iruñeko [?] ikastetxeari buruzko kexa helarazi zion.

Gurasoei Lehen Hezkuntzan ikasmailaz pasatzeko arauei buruzko aholkua eman zien, Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzen duen Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 18ko 216/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.
Abenduaren 18ko 216/2007 Foru Aginduak, 9. artikuluan –“Ikasleak mailaz igotzea”–honakoa dio:

Etapako ziklo bakoitza bukatzean, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, talde bakoitzeko irakasle taldeak, ebaluazio saioan bildurik, ikasleak goragoko ziklo edo etapara igarotzeari buruz erabakiko du. Horretarako, bereziki kontuan hartuko dira tutorearen informazioa eta iritzia.

Ikasleak goragoko ziklora igaroko dira baldin eta oinarrizko gaitasunei dagokien garapena eta heldutasun maila egokia lortu dituztela irizten bazaio. Mailaz igotzeko baldintza izanen da, halaber, ikasi gabe geratu diren gaiak oztopo ez izatea hurrengo zikloan aprobetxamenduz ikasten jarraitzeko. Kasu horretan ikasleek gai horiek ikasteko behar dituzten laguntzak jasoko dituzte.

Aurreko idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ikasleak beste ikasturte bat eginen du ziklo berean. Neurri hori behin bakarrik hartu ahal izanen da Lehen Hezkuntza osoan, eta ikastetxeak antolatutako indartze edo errekuperazio plan berariazkoa gehitu beharko zaio. Tutoreak ikaslearen guraso edo legezko ordezkariekin hitz eginen du erabaki den neurriaren berri emateko, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuaren 10.5 artikuluan xedatutakoa betez.

Oinarrizko gaitasunen garapen nahikoa eta heldutasun maila egokia lortu behar dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko. Mailaz igotzeko baldintza izanen da, halaber, ikasi gabe geratu diren gaiak oztopo ez izatea hurrengo etapan aprobetxamenduz ikasten jarraitzeko. Kasu horretan ikasleek gai horiek ikasteko behar dituzten laguntzak jasoko dituzte.”

Hori guztia dela eta, ondoriozta dezakegu irakasle taldearen eskumena dela erabakitzea ikasleak hurrengo ziklora igaroko diren, nahiz eta bereziki tutorearen irizpidea hartuko den aintzat, eta, horrenbestez, irakasle taldea bera dela, batera lan eginez, erabaki behar duena ikaslea mailaz igarotzeko baldintzak dauden ala ez dauden; hau da, irakasle taldea dela erabakiko duena ikasleak oinarrizko gaitasunei dagokien garapena eta behar den heldutasun maila erdietsi dituen ala ez. Aldi berean, tutorearen eskumena da irakasle taldeak hartutako erabaki hori familiei komunikatzea. Komunikazio hori ikasturtearen bukaeran, ekainean, egin zion tutoreak familiari.

Semeari azterlan psikologiko osoa, mailarena eta nortasunarena, egiteko gurasoek adierazitako borondateari dagokionez, esan beharra dago azterlan horrek ez duela baliorik erabakitzeko haur batek hurrengo ziklora igaro behar duen ala ez, zeren eta ebaluazio batzarra baita hura erabakitzeko organo eskuduna, kontuan izanda ikasleari ikasturtean zehar egin zaion etengabeko ebaluazioa, abenduaren 18ko 216/2007 Foru Aginduko 6. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izan ere, honakoa ezarri zuen artikulu horrek:

“Zikloko kurtso bakoitzean, etenik gabe, irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa bilduko dute behaketa sistematikoaren, lanen balorazioaren eta berariazko proben bidez, ikaskuntza horren jarraipena errazteko”.

Ziklo bateko azken kurtsoa ebaluatzen denean, ziklo amaierako ebaluazioa egin behar da aldi berean. Ikasturteko hirugarren hiruhilekoko ebaluazio saioan egin daiteke. Saio horretan ikasleek nola egin duten aurrera baloratuko da, ikaskuntza prozesuan jarraitu ahal izatea bermatzeko erabakiak hartuko dira eta arlo guztietako kalifikazioak emanen dira. Halaber, ikasle bakoitza hurrengo ziklo edo etapara igaroko den ala ez erabakiko da”.

AZTERKETA

  1. Hezkuntzarako Eskubidea arautzek uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak, 4.1 d) artikuluan –Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko lehen xedapenaren bitartez aldatuz zen– ezarri zen gurasoek edo tutoreek, beren seme-alaben edo ardurapekoen hezkuntzari dagokionez, eskubidea dutela, besteak beste, ikasteko bilakaerari eta integrazio sozio-hezkuntzazko bilakaerari buruzko informazioa edukitzeko. Ildo beretik, Nafarroako Foru Komunitateko lehen hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezarri zuen martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuak, 10.5 artikuluan, honakoa ezarri zuen: “guraso edo tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta beren babesa emanen dute, eta jakin beharko dute zein diren ebaluazioari eta kurtsoz igarotzeari buruzko erabakiak, eta lagundu eginen dute ikastetxeek haien hezkuntza-aurrerapena errazteko hartzen dituzten neurrietan”.

    Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 71.3 artikuluan, ezarri zuen hezkuntza administrazioek behar diren prozedurak eta baliabideak ezarriko dituztela hezkuntza premia bereziak edukitzeagatik ohikoaz besteko hezkuntza arreta behar duten ikasleen berariazko hezkuntza premiak goiz identifikatzeko.

  2. Aztertzen ari garen kasuan, [?]-en gurasoak ikastetxearen amaierako erabakiarekin harrituta geratu ziren, hain zuzen ere semeak ikasmaila errepikatu behar izateko erabakiarekin, zeren eta informazio hori ekainean eman baitzitzaien, ikasturtearen bukaeran, baina aurretik ikastetxeak horri buruz ezer ere komunikatu gabe, eta inolaz ere ohartarazi gabe haurraren gabeziak, itxura denez, oinarrizko gaitasunen arlokoak izan zitezkeela.

    [?]-en gurasoek, jakin zutenean haurraren irakurmen eta idazmen arazoak izan direla mailaz ez igotzeko arrazoia, horren berri jada haur hezkuntzako 3. mailatik bazutenez, orduan hasi baitziren atzematen semearen zailtasun horiek, lehen hezkuntzako 1. mailan ikastetxeko orientatzailearen balorazio bat eskatu zuten, susmatzen baitzuten [?]-k arreta defizitaren (TDA) nahastea izan zezakeela, zeren eta arreba nagusiari horixe diagnostikatu baitzioten. Emaitzek, ordea, ez zuten agerrarazi [?]-k nahaste hori izan zezakeenik.

    Hala eta guztiz ere, [?] hurrengo ikasmailara ez igotzeko albistearen ondoren, kexa-egileek Donibaneko Buru-osasuneko Zentrora jo zuten. Bertan, haurrari azterketa psikopatologikoa egin ondoren, ondorioztatu zuten, behin-behineko epai kliniko gisa, arreta defizitaren nahastea (TDA) izatearen adierazgarri batzuk ageri zituela.

    Egitate horien aurrean, gurasoek diote ez daudela ados ikastetxeak izan duen jokabidearekin, ez eta Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuarekin ere, zeren eta uste baitute utzikeriaz jokatu dutela semearen TDA atzemateko garaian; izan ere, horretan funtsezkoa da irakasleen eginkizuna, are gehiago kontuan hartuta ikastetxe berean eskolatuta dagoen haren arrebari ere nahaste hori atzeman ziotela.

  3. [?]-k irakurmenaren eta idazmenaren arloko arazoak zeuzkan haur hezkuntzako 3. ikasmailatik, eta ez zioten TDA nahastea atzeman. Halaber, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuak, zeinetara haurraren gurasoek jo baitzuten semea ikasmailaz ez igotzeko arazoari konponbidea bilatzeko eta non adierazi baitzuten nahi zutela [?]-ri balorazio psikologiko bat egitea zentro espezializatu batean, ez zien babesik eman, eta adierazi zien, diotenaren arabera, balorazio horrek ez zuela ezertarako ere balioko.

    Argi dago balorazio horretatik heldutako emaitzek, gurasoei jakitera eman zitzaien bezala eta Hezkuntza Departamentuak bere txostenean dioen bezala, ez zutela eraginik izanen haurra hurrengo ziklora aldatzeko garaian, baina funtsezkoak ziren [?]-k ikasteko zeukan arazoa zehazteko; izan ere, ikasleen berariazko hezkuntza premiak identifikatzea hezkuntza-administrazioen zereginetako bat da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarri bezala.

    Amaierako erabakia, [?]-k ikasmaila errepikatzea, Hezkuntza Departamentuak adierazi bezala, ikastetxe tutoreak gurasoei jakinarazi bazien ere, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, [?]-en gurasoei ez zitzaien behar adina denborarekin jakinarazi semearen hezkuntza bilakaeran laguntza eman ahal izateko eta behar zituen laguntza eta errefortzu neurrietan lagundu ahal izateko; horrenbestez, amaieran, ezin izan zuten [?]-en ikasketen bilakaera jarraitu, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoko 4.1.d) artikuluan ezarri bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea egokien jotzen dituen neurriak ezar ditzan, ikastetxeek goiz atzeman ahal ditzaten arreta defizitaren nahastea daukaten neska-mutilak eta gurasoei seme-alabek ikasketetan duten bilakaerari buruz modu egokian eta etengabean informa diezaieten.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia