Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 11ko 181/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak eta besteek aurkeztutako kexari buruz.

2009 iraila 11

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Disconformidad con un proyecto de nueva área regable

Exp: 09/457/A

: 181

Nekazaritza

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 30ean [?] jaunak eta besteek sinatutako kexa bat sartu zen Erakunde honetan. Haren bidez Lizarrerrian ureztatze eremu berria egiteko proiektuari buruzko kexa aurkeztu zuten.

    Laburbilduz, adierazten zuten Lizarrerriko ureztatze eremu berriaren proiektua Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua ari dela sustatzen ofizioz jarduera Ureztatzeen Foru Planean sartuta. Baina proiektua erabat baztertzen dute erasandako jabeek, eta nekazaritzako azpiegituren legediaren arabera, mota honetako jarduera bat ofizioz hasteko, erasandako biztanleriaren babes sendo eta orokortua (%70) behar da aurretik, kasu honetan, ordea, ez dago horrelako babesik, justu aurkakoa gertatzen da. Udalen babesa besterik ez du proiektuak, baina gaur egun babes hori ere ez da oso sendoa, hasieran ureztaketan sartutako sail komunalak gaur egun estepako hegaztiak babesteko eremuak eraginda baitaude, beraz, ureztatzeko eremutik kanpo geraturen lirateke sail horiek.

    Aurrekoa kontuan hartuta, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ezinbestekoa du proiektuarekin aurrera jarraitu aurretik erasandako lurren jabeei kontsulta egitea, ofiziozko ekimena egiaz zenbat babesten duten ikusteko.

    Amaitzeko eskatu dute Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak kontsulta-prozesu bat instrumentatu dezala, Lizarrako ureztatze eremu berriko proiektuak erasandako jabeen artean.

  2. Kexa aztertu ondoren eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz zein aukera dauzkagun zehazteko, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari txostena eskatu zitzaion. 2009ko abuztuaren 17an sartu zen Erakunde honetan eskatutako txostena eta, laburbilduz, honakoa dio:

Hasteko, txostenak adierazten du kexaren oinarrian akats bat dagoela; izan ere, Nafarroako Gobernuak ureztatze eremu bat ofizioz garatzeko erasandako jabeen % 70en babesa behar dutela uste baitute, hori horrela ez den arren. Txostena idatzi duenaren ustez, akats hori Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluak ezarritakoa gaizki interpretatu delako izan da. Hor prozedura hasteko modua erregulatzen da “balizko onuradunen eskariak motibatutakoa denean” eta % 70 aipatzean ustiaketako erregistro-titularrei buruz ari da soilik eta ez jabe guztiei buruz.

Txostenak adierazten du, halaber, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 6.2 a) artikuluaren arabera, jarduera bat ofizioz has daitekeela, interes orokorreko arrazoiak baldin badaude edo balizko onuradunen eskariz hasi behar bada.

Kasu honetan Nafarroako Gobernuak nahiago izan du ureztatze eremua Ureztatzeen Foru Planean sartu, jardueraren interes orokorra bermatzen duen agirien arabera (urriaren 27ko 105/2008 Foru Dekretua), baina oraindik ez du hasteko Foru Agindurik eman, partzelak biltzeko lanak hasteko beharrezkoa izan arren; hala ere, alboko lan batzuk hasi ditu, esaterako, 7.000 h ur gortzeko eskatu Ebroko Ur Konfederazioan, eta ematea izapidetzen ari dira. Paraleloan, azalpenak emateko hitzaldiak antolatu ditu inguru horretan eta herritarrek parte hartzeko aldia ireki du, horrek guztiak etorkizunean ureztatze eremua diseinatu ahal izateko informazio ugari eman du (agiri eta izapide hauei guztiei buruzko dokumentazioa dago txostenarekin batera).

Jarraian, txostenak dio kontsulta ez dela egokia kexan planteatutako terminoetan eta honakoa argudiatzen du:

Kexa sustatu dutenek diote “mota honetako jarduera bat ofizioz hasteko, erasandako biztanleriaren babes sendo eta orokortua (%70) behar da aurretik”. Baina Nekazaritzako Azpiegituren martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 43.2 artikuluaren c) atalak honakoa ezartzen du: “Haien finkak ureztalur bihurtzea nahi ez duten jabeak zehaztearren, ebazpen baten bidez, ureztalur bihurtzeak ukitutako titular bakoitzari hogeita hamar eguneko gehieneko epea emanen zaio, kontra dagoela adierazteko, nahi izanez gero, eta idatziz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan. Ebazpen horren kontra administrazioarekiko helegitea jartzen ahalko du, Nafarroako Gobernuari zuzendua.”

Beraz, ezin da gaur egun inkesta orokor bat egin, Foru Legeak aipatzen baitu Partzelak biltzeko Oinarriak onartutakoan kontsultaturen zaiola interesatu bakoitzari. Une honetan oinarriak idatzi gabe daudela zehazten du, hasteko Foru Agindurik ez dagoelako eta are gutxiago Nekazaritza Azpiegituretan aritzeko Dekretua.

Gainera, kasu honetan lehorreko 18.000 hektarea inguruko partzelak bildu behar dira eta horietatik 7.000 hektarea inguru besterik ez dira ureztagarri bihurturen; are gehiago, eraldaketa onartzen ez dutenak eraldatu gabe utziko den lehorrekora igaro daitezke eta alderantziz, ureztatze eremutik kanpo geratu eta ureztatu nahi dutenak ureztagarrira igaro daitezke biltze prozesuan.

Txostenak gehitzen du, aurrekotik ondoriozta daitekeenez, kexa sustatu dutenek defendatutako kontsulta baldintza egokietan baino ezin dela egin, prozedurak baimentzen duen unean, hau da, partzelak biltzeko Oinarrien ondoren, hor zehazten baita lurren jabeak zein diren eta “kontsultaren” ondoren zehazten da nork ureztatu nahi duen eta nork jarraitu nahi duen lehorrean.

Txostenean adierazten da, 1/2002 Legeak ezarritako kontsulta legez egitea ezinezkoa zenez, parte hartze prozesu bat egitea erabaki zela; hau da, jabe gehieneko herrietan hitzaldiak eman ziren eta ondoren alegazioak egiteko epea ireki zen, balizko onuradunen sentsibilitatearen berri izateko. Parte hartzeko prozesu horren ondorioz (web honetan dago laburbilduta, http://www.riegosdenavarra.com/TEstella/actualTEstella.htm), eremu ureztagarriaren garapenerako iradokizun batzuk lortu ziren (iradokizun horiek dituen agiria txosten honekin batera doa).

Jarraian estepako hegaztiek erasandako komunalak aipatzen dira. Jakinarazten da estepako hegaztien kokapenari eta ureztagarri bihurtzeko mugetan izan duten eraginari buruz zenbait lan egin direla indarrean dagoen Ingurumen Eraginaren Ebaluazio prozeduraren barruan. Kexa jarri dutenek Riomayor urtegia aipatzen dute eta esan beharra dago urtegi horren ingurua ez duela erabat erasanen murrizketa honek, beharrezko landa-lanak amaitu ondoren. Hala erabaki zuten Ingurumeneko eta Landa Garapeneko zuzendaritza orokorrek 2009ko ekainaren 25ean gai honi buruz izandako berariazko bileran. Txostenak dio, gainera, ureztatze eremuaren zehazpena finkaturen duen Ingurumen Inpaktu aitorpenik ez dagoen bitartean, baieztapen hori behar den neurrian hartu behar dela kontuan.

Jardueraren xede izanen den lurraldea definituren duen UGPS (Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala) egin eta amaitzeko falta diren prozesuei dagokienez, txostenak adierazten du 2010eko lehen hiruhilekoan informazio publiko bakar eta bateratua egitea espero dela UGPS eta Ingurumen eraginaren Azterketaren gainean. Informazio hori 30 egunez egonen da, 35/2002 Foru Legeko 45. artikuluaren eta 4/2005 Foru Legeko 33. artikuluaren arabera, eta ordura arte ezingo da seguru definitu zer lurralde eraldatuko den. Dena dela, prozedura hauek parte hartzeko bidea ezartzen dute eta horixe eskatzen dute kexa aurkeztu dutenek, kontsulta 1/2002 Foru Legearekin baino ezin baita egin Legearen arabera.

Txostena amaitzen da adieraziaz alegazioak biltzeko parte hartze publikoko prozesua aurrez egin dela, iradokizunak aurreproiektu eraikitzailera eramateko; aurreproiektu hori UGPSrekin eta Ingurumen eraginaren Azterketarekin batera jarriren da jendaurrean. Beraz, UGPS onartzeko prozesuan partikularrek informatzeko duten eskubidea behar adina defendituta geratzen da eta 1/2002 Foru Legearen legezko bideak erabilita dagokien unean erabaki ahal izanen dute ureztagarri bihurtzeko prozesuan parte hartu ala ez, beraz, kexa aurkeztu dutenek aipatzen duten kontsulta orain egin beharrik ez dago.

AZTERKETA

  1. Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 6.2 artikuluak nekazaritza azpiegituren jarduerak hasteko bi bide ezartzen ditu: a) ofizioz, interes orokorreko arrazoiak baldin badaude, besteak beste; b) balizko onuradunek eragindako eskariz. Kasu honetan martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Nafarroako Nekazaritza Ustiaketen Erregistroan izena emandako inguru horretako ustiategietako jabeen % 70ak egin behar du eskaria, gutxienez.

    Lizarrerriko ureztatze eremuko proiektuaren kasuan, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Ureztatzeen Foru Planean sartu du jarduera. Horrek jardueraren interes orokorra bermatzen du eta Foru Legearen suposamendu batzuetan sartzen du, ofiziozko jarduera hasi ahal izateko, Nafarroako Ubidearen ureztatze berriekin jardun izan den antzera.

  2. Kexa sustatu dutenak finken jabeak dira eta beraien lurrak Dicastillon, Arellanon eta Arronizen dituzte, batez ere (116 sinadura bildu dira), eta ez datoz bat Departamentuaren erabaki honekin eta adierazten dute Lizarrerriko ureztatze eremuko proiektuaren kasuan ofiziozko tramitea aukeratu zela, Departamentuak babes handia zegoela uste zuelako nahiz Udalen nahiz erasandako finketako jabeen aldetik. Baina errealitatea oso bestelakoa da, argi ikusten ari baitira proiektua arbuiatu egiten dutela jabeek eta hasieran Udalek emandako onespena, gero eta txikiagoa dela.

    Adierazten dute Lizarrerrian ureztatzea jartzea inbertsio handia dela, beraz, egokia litzateke etorkizuneko onuradun gehienen babesa dutenean hastea, erasandako finketako jabeek ere inbertsio handiak egin beharko baitituzte partzelak ureztatu ahal izateko. Horregatik, legezko izapide eta prozesuei eta horiek betetzeari kalterik egin gabe, neurri honetako jarduera bat egiten hasi aurretik erasandako jabeak kontsultatu behar lirateke, eta horretarako tresna egokia litzateke hasitako ofiziozko bidearen ordez “balizko onuradunek bultzatutako eskaria” hastea edo ofiziozkoa mantendu behar bada, erasandako jabeak kontsultatzea berehala gaiari buruz.

    Gai honi buruz eta txostenean inputatutako akatsari buruz, hau da, kexa sustatu dutenek gehiengoaren onespena (% 70) behar dela uste izatea ofiziozko bidea hasteko, Erakunde honen iritziz martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuko 2. artikulua ez dute gaizki interpretatu, baizik eta arrazoitzen eta planteatzen dutena da ofiziozko jarduera hasi aurretik Departamentuak, kontsulta formalarekin edo gabe, hau da, dena delako prozedura jarraitu behar izanda ere, seguru egon behar duela erasandako jabeen gehiengo handi baten babesa duela.

    Hori horrela izanik, berriro diote ez dutela legez ezarritako prozeduraren bidez dagokien kontsulta egin zain egon nahi, galdeturen zaien bakarra ordezko finkak lehorrean edo ureztatuko eremuan nahi dituzten izanen baita. Eta ez dute zain egon nahi, arazoa ez baita konponduko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak uste bezala, jardueraren aurka dauden guztiek lehorrean finka bat dutela; izan ere, balizko eremu ureztagarrian gaur egun dituzten finketan mahatsa eta olibondoak dituzte, horiek landatzeak eragindako gastu handiekin, eta lehorreko finka batetik lehorreko beste batera igarotzeak kalte ekonomiko handiak ekarriren lizkiekete. Era berean, ordezko finkak ureztagarriak izanez gero, inbertsio ekonomiko handiak egin beharko lituzkete.

  3. Dena dela, eskuarteko datu guztiak ikusita argi dago Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ez dakiela ziur erasandako jabeen eta nekazaritza ustiategien titularren zer ehunekok arbuiatzen duen proiektua, baina dirudienez ehuneko horrek gora egin du azkenaldian.

    Eta Erakunde honen iritziz, neurri honetako proiektu bat eraldaturen diren lurren titular eta jabe gehienek onartu beharko lukete, nahiz publikoek (Udalek) nahiz partikularrek. Lurzorua eraldatzeko proiektuak porrot eginen du, jabe onuradunen gehiengoak nahi ez badu, bideragarritasunari eta errentagarritasunari buruzko zalantzak dituztelako eta zalantza horiek areagotu egiten dira egungo krisi ekonomikoarekin.

    Koordenada horien aurrean, Erakunde hau bat dator kexa sustatu dutenek adierazitakoarekin; hau da, neurri honetako eraldaketa hasteko garrantzitsua dela zein jabe dauden alde eta zein aurka ziur jakitea, bi aldeen balizko aurkako interesak uztartzeko eta gizarte eta ekonomia mailan lurzorua eraldatzeko jarduera epe ertainean sozial eta ekonomikoki bideragarria izateko.

    Kexa sustatu dutenen legezko nahiaren defentsan, interesatuek administrazioaren jardueran parte hartzeko printzipioa ekarri behar da gogora. Beraien interesak erasandako kasuetan herritarrek erabaki publikoetan parte hartzea ezinbesteko printzipioa gizarte demokratikoetan. Eta parte hartze horrek, doktrina zientifikoak agirian utzi duen bezala, hobetu egiten du erabakien kalitatea, hartutako erabakiak errazago jartzen dira praktikan legitimazio handiagoa dutelako eta administrazioaren jarduera ororen gardentasuna bermatzen du. Printzipio hau juridikoki zehazteko, badira ad hoc tresnak diseinatzen dituzten zenbait arau, eta horien artean ingurumenekoa (uztailaren 18ko 27/2006 Legea, ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituena) aipa daiteke, eskuartean dugun gaiarekiko gertutasuna duelako. Administrazioko edozein eremutan ezarri daitekeen araudiari dagokionez, administrazio on baten eskubide gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7.2.a) artikuluak herritarrei aitortzen die beraientzat eragin kaltegarriak dituen banako neurri bat hartu aurretik entzuteko eskubidea eta interesatuen parte hartzeko printzipioari buruz antzeko terminoak aipatzen dituzte Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 84., 85. eta 86. artikuluek.

    Aurrekoa laburbilduz, erasandako finken jabe kopuru handia –une honetan erdiak gutxi gorabehera- proiektuaren aurka dagoenez eta Lizarrerriko ureztatze eremuko eraldaketa jardueran hasieratik parte hartze aktiboa izateko kontsultatuak izatea nahi dutenez, Erakunde honek uste du gomendagarria litzatekeela Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak beharrezkoak ezartzea erasandako jabeei kontsulta zuzena eginda edo egokien iritzitako formularen bidez, proiektatutako eraldaketari buruz erasandako jabe gehienen iritzia eta kokapena ahalik eta lasterren ziur jakin dezan, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak legez edo arauz jarraitu beharreko fase eta jarduerei zorrotz jarraitzeari kalterik egin gabe. Horri esker, azkenean proiektaturen liratekeen jardueren planifikazioa hobea eta doituagoa izanen bailitzateke.

Aurreko horregatik guztiagatik eta Erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluaren arabera

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari gomendatzea, egokien iritzitako formula erabilita beharrezkoak xedatu ditzala seguru jakin dezan proiektatutako eraldaketa jarduerari buruz erasandako jabeen iritzi eta kokapen orokorra zein den jakiteko.

  2. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari bi hilabeteko epea ematea, gomendioa onartzen duela eta horren inguruan hartutako neurrien inguruan informatzeko, edo, dagokionean, ez onartzeko arrazoiez informatzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dudala ohartaraztea, aipaturiko legezko prezeptuaren terminoetan.

  3. Interesatuei eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia