Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Gomendioa. Ekainaren 23ko 120/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 23

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Disconformidad con la solicitud de información de carácter personal realizada por el Ayuntamiento

Exp: 09/333/D

: 120

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 14an eta ekainaren 16an, [?] andreak, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako idazkiak sartu ziren erakunde honetan. Haien bidez, kexa bat aurkezten zuten Aranguren Ibarreko Udalaren aurka.
    Azaltzen dute bai haiek bai beren seme-alaba adingabeek udalaren gutun bat jaso zutela, eta gutunarekin batera euskarazko ezagutzari buruzko galdetegi bat zetorrela. Pertsonak identifikatzeko udal-errolda erabili zela, eta inkestaren asmoa zela euskaraz dakiten eta euskaraz ez dakiten pertsonen fitxategi selektibo bat egitea.
    Uste dute udal jarduera horrek agintekeria adierazten dutela datu pertsonak erabiltzeari dagokionez, zeren eta galdetegian adingabeei honako datuak eskatzen baitzaizkie: telefono mugikorra, posta elektronikoko helbidea, euskarazko ezagutza-maila, euskara non ikasten ari diren eta abar.
    Adierazten dute ez haiek, ez beren seme-alabek ez dutela agertu nahi udalak beren bizitza pribatuei buruz egiten duen inongo fitxategi selektibotan. Haien ustez, halaber, legez kanpokoa da hori, datu pertsonalak babesteko legeak urratzen baitu udal errolda erabiltzeak bizilagunen datu pribatuetan oinarritutako fitxategi selektiboak egiteko.
  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Arangurengo Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko ekainaren 16an, Aranguren Ibarreko Udaleko alkateak sinaturiko txostena jaso genuen. Bertan, luze eta zabal azaltzen ditu Aranguren Ibarreko euskal hiztunen fitxategia egiteko eta euskarazko ezagupenen bat duten bi urtez gorako bizilagun guztiei inkesta bat egiteko eman diren urratsak.

AZTERKETA

  1. Kexa honen azterketa eta ebazpena egiteko, lehenbizi zehaztu beharra dago ea Aranguren Ibarrak eskumena duen euskararen ezagupenen bat daukaten bi urtez gorako udalerriko biztanle guztiei inkesta bat egiteko, hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatze aldera; horretarako eskuduna bada, bigarrenik, ea legez posiblea den biztanleen udal erroldako datuak erabiltzea hizkuntzari buruzko ezagupenei buruzko inkesta bat egiteko eta lortutako datu pertsonalekin fitxategi bat egiteko; eta, hirugarrenik, egiaztatzea ea jarduera honetan erabili den prozedura datu pertsonalen babesari buruzko legeetan ezarritakoaren araberakoa den.
  2. Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.1 artikuluaren arabera, udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen esparruan, era guztietako jarduerak sustatu ahal ditu, bai eta bizilagunen beharrak eta nahiak asetzeko egoki iruditzen zaizkion zerbitzu publiko oro eman ere.
    Bestalde, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, bere funtsezko helburuen artean, ezartzen du Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz. Foru lege hori garatzeko, urriaren 13ko 297/1998 Foru Dekretua onetsi zen. Haren bidez, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako toki entitateek euskararen erabilera udal eskumeneko esparruan babestu eta sustatzeko izanen duten lankidetza markoa arautzen da. Lankidetzako jardueren artean, 1. artikuluak honakoak jasotzen ditu: udal eskumeneko esparruan euskararen erabilera sustatzea eta kasuan kasuko udalerrian euskararen erabilerari buruzko ikerlan soziolinguistikoak egitea.
    Euskararen sustapena, bada, Nafarroako toki entitateen funtzio berekia da, eta euskara erabiltzea eta berreskuratzea erraztuko duten ekintzak egitean datza. Eta, zehazki, Aranguren Ibarreko Udalaren eginkizuna da hori, arlo honetako lankidetza sisteman baitago (Foru Dekretuko 10. eranskina).
    Horrenbestez, deskribatutako araudiaren arabera, argi dago Aranguren Ibarreko Udalak eskumen aitortua duela euskara sustatu eta babesteko. Eskumen horrek berarekin dakar udalerriko bizilagunen artean euskararen erabilera sustatzeko azterlanak eta jarduera zehatzak egiteko aukera.
  3. Lehenbiziko gaia ebatzita, azter dezagun, ondoren, ea zilegi den udal errolda erabiltzea kexa-egileek salatutako inkesta egiteko, hain zuzen ere euskal hiztunen fitxategi bat egite aldera.
    Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 16.1 artikuluak ezartzen du udal errolda udalerri bateko bizilagunak ageri direneko erregistro administratiboa dela. Erroldako datuak dira udalean bizitzearen eta bertan ohiko bizilekua izatearen froga. Aipatutako artikuluaren arabera, honakoak dira udal erroldaren xedeak: a) udalerriko populazioa zehaztea; b) bizilagun bakoitzaren egoitzaren eta bizilekuaren frogagiria izatea; c) hauteskundeetarako zentsua prestatzeko erabiltzea; d) Estatuak edo arloan eskumena duten autonomia erkidegoek estatistika ofizialak egiteko erabiltzea.
    Udal erroldan ageri diren datu pertsonalak bizilekua eta helbidea egiaztatzeko erabili ohi dira, bizilagun izatearen baldintza esleitzeko eta udalerriko biztanleria zehazteko. Hala eta guztiz ere, udal erroldan nahitaez jaso beharreko datuen tipologiatik eratorrita, onartzen da, halaber, udalaren xede diren beste gai batzuetarako udal erroldako datuak erabili ahal izatea, betiere nagusi diren erabilerekin bateragarri ez diren bitartean. Horixe da Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25. eta 26. artikuluetan udalei legez aitortutako eskumenez baliatzea. Ondorio horietarako, ulertzen da udalaren eskumenak eraginkortasunez betetzeko udal erroldako behar diren datuak erabiltzea helburu bateragarria dela erroldaren erabilera nagusiarekin, betiere, erabilera hori baliatzen den bitartean udaleko gobernu-organoek beren eskumenekin lotutako eginkizun administratiboak burutu ahal izateko, baina ez xede politikoetarako.
    Orduan, Aranguren Ibarreko Udala udal erroldaz baliatzea euskal hiztunak diren bizilagunen fitxategi bat sortzeko, babestuta dago Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.1 artikuluan. Izan ere, haren arabera, udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen esparruan, era guztietako jarduerak sustatu ahal ditu, bai eta bizilagunen beharrak eta nahiak asetzeko egoki iruditzen zaizkion zerbitzu publiko guztiak eman ere. Ildo beretik, Auzitegi Nazionaleko 2004ko apirilaren 21eko epaian –RJCA/2004/836–, onartzen da eta guztiz bateragarritzat jotzen da udal erroldako datuak erabiltzea udal eskumenak hobeki bete ahal izateko.
    Nolanahi ere, udal erroldako datu pertsonalak erroldarenak ez diren beste xede batzuetarako erabiltzeko, datu pertsonalak babesteari buruzko legeetan xedatutakoa bete beharko da, eta, horrenbestez, datu horiek erabili ahal izateko ukitutakoek ados egon behar dute.
    Horrenbestez, bigarren gai hori ere ebatzita, azter dezagun hirugarrena, hau da, egiazta dezagun ea Aranguren Ibarreko Udalak datu pertsonalak babesteari buruzko legeetan ezarritakoaren arabera jardun duen.
  4. Datu pertsonalak babesteari buruzko arauak honakoetan jasota daude: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta lege hori garatzeko abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuz onetsi zen erregelamenduan.
A. Printzipio informatzaileak.

Datu Pertsonalak Babesteko Legearen arabera, honakoak dira datuak bildu eta tratatzeko printzipio informatzaileak:

  • Proportzionaltasuna eta zehaztasuna.
  • Helburuak mugatzea.
  • Datuen zehaztasuna.
  • Behar ez diren datuak deuseztatzea.
  • Borondatearen gardentasuna eta autonomia (horrek eragina du datuak biltzerakoan informazioa eman behar izatean, datuen tratamenduari eta haien sarbideari buruz ados egotean eta tratamendu horren aurka egoteko eskubidean).
  • Datuen tratamendua isilpekoa eta segurua izatea.
B. Datu pertsonalen fitxategia.

Datu pertsonalak tratatu aurreko betebehar bat da datuen kasuko fitxategia –kasu honetan titulartasun publikokoa– sortzea, jakinaraztea eta hartan izena ematea. Datu Pertsonalak Babesteko Legeak fitxategitzat jotzen du datu pertsonalen multzo antolatua, datuetarako sarbidea bideratzen duena irizpide jakin batzuen arabera, edozein dela ere hura sortzeko, biltegiratzeko eta antolatzeko modua eta bertara sartzeko modua. Horrenbestez, fitxategiak eskuzkoak nahiz informatizatuak izan daitezke.

Izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategi guztiak deklaratu behar dira, bai datu informatizatuak, bai eskuzko datu egituratuak edo partzialki informatizatuak (mistoak), baldin eta datuen titularrak diren pertsonak identifikatuta badaude edo identifikatzeko modukoak badira. Are gehiago, ezin dira sortu datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak aurretik haiek sortzeko kasuko xedapena argitara eman gabe. Fitxategia sortzeko xedapenaren gutxieneko edukia Datuak Babesteko Legeko Erregelamenduaren 54. artikuluan deskribatuta dago. Honakoa da, hain zuzen:

  • “Fitxategia sortzeko xedapenean edo akordioan datu hauek zehaztu beharko dira:
    • a) Fitxategiaren edo datu tratamenduaren identifikazioa, hau da, zein izen duen eta zertarako den eta zertarako erabiltzeko asmoa dagoen.
    • b) Datuen jatorria, hau da, zein jendarteren datu pertsonalak lortu nahi diren edo zein jendarte dagoen datu pertsonalak ematera beharturik, datuak nola bilduko diren eta datu horien jatorria.
    • c) Fitxategiaren oinarrizko egitura, hau da, identifikazio-datuak zehatz-mehatz azaldu beharko dira, eta, halakorik baldin badago, baita bereziki babesturiko datuak ere. Fitxategiak bere baitan dituen gainerako datu-kategoriak (datu pertsonalez ari gara) eta antolaketara zein tratamendu-sistema darabilen ere azaldu beharko da.”

Bada, Tokiko Gobernu Batzarrak, 2008ko abuztuaren 28an, euskal hiztunen fitxategia sortzea onetsi zuen, honako xedearekin: lan tresna bat izatea udal arloaren barruan, euskara berariazko programen, kanpainen, ikastaroen eta jardueren bitartez sustatzeko. Fitxategiak datuak babesteari buruzko legeetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu. Fitxategiaren sorrera 2008ko urriaren 9ko 123. NAOn argitaratu zen, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren zuzendariaren 2008ko azaroaren 11ko Ebazpenaren bitartez, fitxategia Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatu zen, 208360482 inskripzio kodearekin.

C. Datuen kalitatea.

Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoko 4. artikuluaren arabera, izaera pertsonaleko datuak tratatzeko bil daitezke bakarrik, bai eta tratamendu horren mende jartzeko ere, datu horiek egoki eta bidezkoak izateaz gain, gehiegizkoak ez direnean, datu horiek zein esparrutan eta zein xederekin lortu eta halakoei begira. Gainera, esparru eta xedeak zehatzak, argiak eta legitimoak izan beharko dira.

Honakoak dira Aranguren Ibarreko Udalak biltzea aurreikusi dituen datu pertsonalak:

  • Identifikazio datuak: izen-abizenak; posta helbidea eta posta elektronikoko helbidea.
  • Izaera pertsonaleko datuak: jaiotzaren urtea; sexua.
  • Ikasketen edo lanbideen gaineko datuak: heziketa maila.

Datu horiek egokiak dira, pertinenteak eta ez gehiegizkoak, zeren eta bidea emanen baitiote Euskara Zerbitzuari ibarrari buruzko informazio soziolinguistikoa gaurkotuta edukitzeko, eta zerbitzuaren eta interesa erakutsi duten bizilagunen arteko komunikaziorako elementu gisa. Gainera, aukera emanen dute prestakuntzako eta zabalkundeko ekintza zehatzak antolatzeko adinaren araberako eta hizkuntzaren ezagupenaren araberako bizilagunen kolektiboentzat.

D. Datu-bilketan behar den informazioa eta interesdunaren adostasuna.

2009ko apirilaren 20an, Aranguren Ibarreko Udalak gutun bat igorri zien bizilagun guztiei, euskara sustatzeko aurrera eraman nahi zuen jardueraren berri emanez, bai eta etorkizunean galdetegi bat eginen zela ere esanez. Borondatezko inkesta bat izanen baitzen, parte hartzeko eskatzen zitzaien.

Galdetegiaren beraren edukiari dagokionez, adierazi beharra dago autonomia pertsonala adierazita dagoela herritar guztiek bilduko eta erregistratuko diren datuak ezagutzeko eta zehazteko daukaten eskubidean. Izan ere, Datuak Babesteko Lege organikoaren 5. artikuluak honakoa ezartzen du: datu pertsonalak eskatzen zaizkien interesdunei aurretiaz eta esanbidez informazio zehatza eta zalantzarik gabea eman beharko zaie, ondoko hauen inguruan:

  • Izaera pertsonaleko datuen gaineko fitxategi edo tratamendua, bai eta datu horiek biltzeko xedea eta informazio horren jasotzaileak ere.
  • Egingo zaizkien galderei erantzutea nahitaezkoa edo borondatezkoa den.
  • Datuak lortzearen ondorioak edo datu horiek ez ematearen ondorioak.
  • Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak egikaritzea.
  • Tratamenduaren erantzulearen identitatea eta helbidea edo, hala denean, erantzule horren ordezkariarenak.

Halaber, Datuak Babesteko Lege Organikoko 6. artikuluak ezarri zuen izaera pertsonaleko datuak tratatzeko, ukituaren zalantzarik gabeko adostatuna beharko dela, salbu eta legeak beste zerbait xedatzen duenean. Galdetegia egitea eta hura fitxategian sartzea beti bizilagunaren berariazko borondatearen menpean egonen dira.

Horrenbestez, datuak jasotzeko inprimakiak halako moduan diseinatu beharko dira, non modua emanen baita interesdunaren baimena edo adostasuna jasota edukitzeko. Izan ere, sinadurarako toki bat badute, eta 14 urtez beherakoen kasuan, datuak biltzeko baimena ematen duen pertsonaren (gurasoak edo legezko tutorea) sinadurarako tokia ere bai. Eta, izan ere, halaxe aurreikusita dago inprimakiaren ereduan.

Bestalde, 1720/2007 Errege Dekretuko 13.4 artikuluak honakoa ezartzen du: Fitxategiaren edo tratamenduaren erantzulearen ardura izango da zehaztu beharreko prozedurak zehaztea, adin txikikoaren adina benetan hori dela bermatzeko, eta, hala behar duenean, gurasoek, tutoreek edo legezko ordezkariek emandako baimena benetakoa dela bermatzeko.

Baldintza horiek betetzeko, galdetegien bitartez informazioa biltzeko prozesuan, Aranguren Ibarreko Udalak, 2008ko azaroaren 24an, inkestako bertatik bertarako lana eginen duen enpresarekin behar zen kontratua egin du euskal hiztunen fitxategiaren tratamenduari buruz. Kontratu horretan, izan ere, aurretik aipatu ditugun baldintza guztiak jasotzen dira, bai eta berariazko jarraibide bat ere, adingabeen datu pertsonalak tratatzeko baimena ematen duten gurasoen edo tutoreen kasuan, adingabe horiexen adina egiaztatzeko beharrari buruzkoa.

E. Mailak eta segurtasun dokumentua.

Oro har, datu pertsonalen fitxategi baten titularra den Administrazioak egokiak diren neurriak ezarri beharko ditu fitxategi horretan sarturiko datuetarako behar den babes-mailarako, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legedian ezarritakoari jarraituz.

Bai fitxategi automatizatuetarako, bai eskuzko fitxategietarako (artxibategietan, armairuetan nahiz beste euskarri batzuetan daudenak) edo partzialki automatizatuetarako ere (mistoak), segurtasun neurriak hiru mailatan sailkatzen dira, tratatzen duten informazioaren izaeraren arabera: oinarrizko maila, erdiko maila, goiko maila. Oro har, izaera pertsonaleko datuak dituzten zentro eta zerbitzu publikoek erabiltzen dituzten fitxategi guztietan, oinarrizko mailakotzat hartutako segurtasun neurriak ezarri beharko dira.

Gainera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoko 9. artikuluak ezartzen du fitxategiaren edo, kasua bada, haren tratamenduaren erantzuleak –fitxategi informatizatua nahiz eskuzkoa izan– aplikatzekoa den segurtasun araudiaren araberako neurri teknikoak eta antolamenduzkoak jasotzen dituen segurtasun dokumentua egin beharko duela. Informazio-sistemetarako sarbidea duten langileek nahitaez bete beharko dute dokumentu horretan ezarritakoa. Dokumentuak, gutxienez ere, Datuak Babesteko Lege Organikorako Erregelamenduko 88.3 artikuluan adierazitako alderdiak jaso beharko ditu.

Bada, Aranguren Ibarreko Udalak jada egina du segurtasun dokumentu hori, eta 2008ko abuztuaren 29ko Ebazpenaz onetsi zen.

F. Tratamenduaren erantzulea eta arduraduna.

Datuak Babesteko Lege Organikoko 3. artikuluaren arabera, fitxategiaren erantzulea da tratamenduaren helburu, eduki eta erabileraren gainean erabakiak hartzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, izaera publikoa zein pribatua duena, edo administrazio-organoa. Titulartasun publikoko fitxategien kasuan, fitxategiaren erantzulea informazioa tratatu eta arloan eskumenak dauzkan organo administratiboa da. Organo horrek egiten duen datuen tratamenduaren xedeari eta erabilerari buruzko erabaki-ahalmena izanen du. Datuak Babesteko Lege Organikoaren Erregelamenduko 5. artikuluaren arabera, fitxategiaren arduraduna da praktikan datuak eta euskarriak fisikoki erabiltzen dituena. Ez du autonomiarik izanen eta beti erantzuleak aginduta jardunen du.

Horrenbestez, tratamenduaren erantzulea Udala da eta arduraduna, berriz, kontratatutako enpresa.

G. Baimenik gabe edo legezko gaikuntzarik gabe sartzeko debekua eta sekretuaren betebeharra.

Sarbide debekua. Zigor Kodearen 197.1 artikuluak delitutzat jotzen du baimenik gabe, beste baten kalterako, izaera pertsonaleko edo familiako inoren datu erreserbatuak harrapatu, erabili nahiz aldatzen dituenari, betiere erregistraturik daudenean fitxategi edo euskarri informatiko, elektroniko zein telematikoetan, edo beste edozein motatako artxibo nahiz erregistro publiko edo pribatuetan.

Sekretuaren betebeharra. Datuak sekretuan manten daitezen herritarrek duten eskubidearen ifrentzua da datu horietara bere eginkizunak betetzeko sartzen denak datu horiek sekretuan mantentzeko betebeharra duela. Izan ere, Datuak Babesteko Lege Organikoaren 10. artikuluak ezartzen du Fitxategiaren arduradunak eta izaera pertsonaleko datuen tratamenduaren edozein fasetan parte hartzen dutenek lanbide-sekretua izan behar dutela nahitaez datu horien gainean, eta datu horiek gordetzeko eginbeharra ere izango dute. Betebehar horiek bere horretan iraungo dute, nahiz eta fitxategiaren titularrarekin edo, hala denean, arduradunarekin dituzten harremanak amaituta izan. Pertsona horiek guztiek agiri bat sinatu behar dute, non sekretuaren betebehar zehatza gogorarazten baitzaie.

H. Bateraezinak diren xedeetarako erabiltzeko debekua.

Datuak Babesteko Lege Organikoko 4.2 artikuluaren arabera, tratatuko diren datu pertsonalak ezin izanen dira erabili baldin eta lortu nahi den helburua eta datuak biltzeko erabili ziren helburuak bateraezinak badira.

Auzitegi Nazionalaren 2007ko ekainaren 12ko epaian –JUR 199159–, artikulu hori aztertu ondoren, “bateraezinezko xedeen” kontzeptua landu dute. Ulertzen da, horri dagokionez, izaera pertsonaleko datuen jasotzea edo ematea xede jakin batzuetarako egin bazen, datu horiek eman zireneko xedeekin (kasu honetan, euskararen sustapena) bat ez datozen geroko erabilera edo tratamenduak, baldin eta ukituak haiei baiezkorik eman ez badie, bateraezinak direla datu horiek ematea determinatu zuen xedearekin. Azken batean, epaiaren arabera. Datuak Babesteko Lege Organikoak bateraezinezko xedeen adierazpidea erabiltzen du bestelako xedeen sinonimo gisa.

Kexaren helburua den jardueran, ez da aurreikusten lortutako datu pertsonalak euskararen sustapenaz besteko xede batzuetarako erabiltzea, eta ez dirudi beharrezkoa denik datuak hirugarrenei ematea. Nolanahi ere, datuak ematekotan, modu disoziatuan eman beharko dira.

Orain arte azaldutako eta argudiatutako guztia laburbiltzeko, nabarmendu daiteke Aranguren Ibarreko Udala bere eskumenen esparruan jarduten ari dela euskal hiztunen fitxategi bat sortzearekin; udal erroldaren erabilera legitimoa egin duela, eta fitxategia sortzerakoan eta datuak tratatzerakoan modu eredugarrian egokitzen ari zaiola –eta hori ez da ohikoa izaten– datu pertsonalak babesteko arauetan ezarritakoari.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Ulertzea Aranguren Ibarreko Udalak ez duela antolamendu juridikoak babesturiko bizilagunen inongo eskubiderik urratu.
  2. Hala eta guztiz ere, eta aurrekoa ezertan kendu gabe, Aranguren Ibarreko Udalari gomendatzea datu pertsonalak bildu eta tratatzeko ardurarako kontratatu duen enpresa arreta handiz kontrola dezan, datu pertsonalak babesteari buruzko legeetan ezarritako segurtasun eta sekretu neurri guztiak zorrotz bete ditzan.
  3. Bi hilabeteko epea ematea Aranguren Ibarreko Udalari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
  4. Kexa-egileei eta Aranguren Ibarreko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia