Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Le deniegan el alta en abastecimiento de agua por deudas contraídas por el anterior titular de la vivienda.
Exp: 10/378/O
Nº: 99
Herri lanak
[?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen aurtengo maiatzaren 13an, Moncayoko Uren Mankomunitateak ezetza eman ziolako edateko uraren hornidurako alta eskabideari.
Azaltzen zuenez, orain dela gutxi etxebizitza bat erosi zion Corellako [?] kaleko [?] zenbakian dagoen [?] banketxeari, zeinak, antza denez, lehengo jabeari enbargatu baitzion etxebizitza.
2010eko apirilaren 14an, etxebizitza horretarako edateko uraren hornidura eskatu zion Moncayoko uren Mankomunitateari. Bi egun geroago Mankomunitatearen erantzuna jaso zuen, zeinean adierazi baitzion etxebizitza horrek ordaindu gabe zituela zenbait hartu-agiri –300,86 euro–, eta, hortaz, zor hori kitatu arte ezin zela bere eskabidea izapidetu.
Interesdunak bere harridura azaldu zuen, berarena ez zen zor bat dela-eta uraren hornidura ukatzeagatik. Hori dela-eta jakin nahi du ea “zer ordenamendu juridikotan esaten den ez nirea ez inolako ahaide zuzen edo txikirena ezta ezagunen batena ez den zor bat ordaindu behar dudala hain oinarrizko eskubidea dena lortzeko.”
“Ondokoa adierazi beharra dago zuk zuzentzen duzun erakundean [?] jaunak aurkeztutako kexaren karietara maiatzaren 19an igorritako komunikazioari buruz:
Corellako [?] kaleko [?] zenbakian erositako etxebizitzarako uraren hornidurako alta eskatu zuen [?] jaunak Moncayoko Uren Mankomunitatean iragan apirilaren 14an. Jarraian egiaztatu zen etxebizitza horrek ordaindu gabe zuela 300,86 euroko zorra, uraren hornidura dela-eta etxebizitza horren lehengo titularrari zegokiona. Une horretan berean informatu zitzaion ezen, Mankomunitatearen araudiarekin bat, ezin zela zerbitzua berriz ezarri harik eta zorra kitatu arte, ondokoen babesean hain zuzen ere: Zerbitzuen Erregelamenduko 10. artikulua (1993-08-30eko 106. NAO eta horren aldaketak, 2002/05/29ko 65. NAOkoa eta 2005-12-30eko 156. NAOkoa) eta Ur hornidura, estolderia eta saneamendua, arazketa eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueren tasak/prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskaleko 6.3 artikulua (2010-05-05eko 55. NAO).
Halatan, argitu behar dizugu ezen Mankomunitateak ez diola uraren hornidura ukatzen –izan ere, ez dio inolako uko-ebazpenik igorri–, egoeraren berri ahoz eman baizik ez baitu egin; komunikazio hori aurretiazko egintzatzat hartu behar da. Ez zaio esan, inola ere ez, zor hori berak ordaindu behar duenik. Adierazi zitzaion etxebizitza saldu zion banketxera jo behar zuela, eta haiei bere egoeraren berri eman behar ziela, adieraziz Mankomunitateak zorra erreklama ziezaiokeela ordenantza fiskaleko 6.3 artikulu horretan oinarrituta, ondokoa ezartzen baitu: “Pertsona fisiko edo juridiko batzuk halako ustiategi edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra galdatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran edozein kontzepturengatik haien ondorengo direnei”.
Horrenbestez, argi utzi nahi dugu Mankomunitateak ez diola alta ukatzen [?] jaunari, baina une honetan ezin du konexioa egin, ez direlako beharrezkoak diren baldintzak betetzen. Etxebizitza horretako zorra kitatzen den unean berean ezarriko da zerbitzua.”
Kexa honetan ebatzi beharrekoa da ea Moncayoko Uren Mankomunitateak baldintza gisa jar dezakeen higiezinaren lehengo jabeak hartutako zorrak ordaintzea kexa-egilearen eskabidea –uraren horniduraren zerbitzuko alta– onartzeko.
Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ezartzen du toki entitateek zilegi izanen dutela tasak ezartzea tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik eta beren eskumenpeko zerbitzu edo jarduerak eman edo egiteagatik. Zehazki, foru lege horretako 100. artikuluak ezartzen duenez, toki entitateek tasak ezarri ahalko dituzte ura, gasa, argindarra eta beste hornidura publikoak partitzeagatik, lineak lotzearen eskubideak eta kontagailuak eta antzeko instalazioak ezartzearenak ere barne, zerbitzu edo hornidura horiek toki entitateek ematen dituztenean.
Foru lege horretako 104. artikuluak ezartzen du, berriz, zergadun diren partez tasen subjektu pasiboak direla pertsona fisikoak, baldin toki zerbitzu edo jarduera horiengandik eragina edo onura hartzen badute.
Moncayoko Uren Mankomunitateak Ur-zerbitzuari buruzko Erregelamenduko 10. artikuluan eta Ur-horniduraren, estolderia eta saneamenduaren, arazketaren eta uraren ziklo integralarekin loturik emandako gainerako zerbitzu eta jardueren prezioak arautzen dituen Ordenantza Fiskaleko 6.3 artikuluan oinarritzen du bere jokabidea, lehengo jabearen zorrak kitatzen ez diren bitartean uraren hornidura zerbitzua ez ematekoa.
Moncayoko Uren Mankomunitatearen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 10. artikuluak horri buruz ezartzen duenez, Mankomunitateak abonu-polizak sinatzeari uko egiten ahal diola baldin eta egiaztatzen badu zerbitzuaren eskatzaileak ez dituela eguneratuta Mankomunitatearekiko betebehar fiskalak edo erregelamendu honetan ezarritako fiantzak edo gordailuak egiteari uko egiten badio.
Ur-horniduraren, estolderia eta saneamenduaren, arazketaren eta uraren ziklo integralarekin loturik emandako gainerako zerbitzu eta jardueren prezioak arautzen dituen Ordenantza Fiskaleko 6.3 artikuluak ezartzen duenez, berriz, pertsona fisiko edo juridiko batzuk halako ustiategi edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra galdatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran edozein kontzepturengatik haien ondorengo direnei.
Kasu honetan, kexa-egileak ez du zorrik Mankomunitatearekin. Lehengo jabeak hartutako zorra etxebizitza baten horniduratik heldu da, eta ez ustiategi edo jarduera ekonomiko batetik.
Hortaz, erakunde honen iritziz, ez da bidezkoa arestian aipatutako artikulu horiek aplikatzea. Bestela esanda, ez du legean babesik eta herritarraren eskubideak urratzen ditu Moncayoko Uren Mankomunitateak izan duen jokabideak –uraren horniduran alta emateko baldintza gisa jartzea etxebizitzaren lehengo jabeak hartutako zorra ordaintzea–.
Ezin da orobat ahantzi tasaren ordainketa zor pertsonal baten izaera duela argi eta garbi, eta ez dela zor erreal bat, hau da, pertsona bati haren egintzak direla-eta atxikirik dagoela, eta ez etxebizitza bati; hortaz, ordaindu gabe egotea ezin da etxebizitzarekin lotu, titular bati aurrekoaren zorra kargatuta.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Moncayoko Uren Mankomunitateari gomendatzea uraren hornidurako zerbitzuan alta eman diezaion interesdunari, dagoen zorra gorabehera eta zor hori nork ordaindu behar duen alde batera utzita.
Bi hilabeteko epea ematea Moncayoko Uren Mankomunitateari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia