Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 7ko 98/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 07

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con gestión de cobro de tasa de basuras

Exp: 10/335/H

: 98

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko apirilaren 23an, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuten Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen hondakinen bilketako tasaren hartu-agiriak direla eta.

    Azaltzen zutenez, ez dira jasotzen ari hondakinen bilketako tasaren hartu-agiriak. 2009ko lehen seihilekoan ere beste horrenbeste gertatu zitzaien. Hori dela eta, interesdunak harremanetan jarri dira Mankomunitatearekin, eta han adierazi diete dokumentua egin egin dutela.

    Hartu-agiria helbideratu gabe izateak hiru euroko kostua duenez, diru-kopuru hori ordaindu behar dute jaso ez duten agiri bat egiteagatik, eta beste hiru euro berriro bidaliko dieten hartu-agiriaren gastuengatik. Interesdunek orobat diote ez dela inolako ziurtatze-biderik baliatzen dokumentua jaso izana frogatze aldera.

    Adierazten dutenez, hartu-agiria jaso ez dutenez, ez dute tasa ordaindu, eta Mankomunitateak, % 10eko errekargua ezarri nahi die horregatik.

    Interesdunek diote 2008ko urrian eskabide ziurtatu bat igorri ziotela Mankomunitateari, auzi honi buruzko desadostasuna azaltzeko eta 8,76 euroko “kanon” baten ordainketari buruzko azalpen bat eskatzeko. Igarotako denbora gorabehera, kexa-egileek diote ez dutela inolako erantzunik jaso.

    Orobat adierazten dute “kanon” horren xedea zein den jakin nahi dutela, bai eta urte batetik bestera horrenbeste igo izanaren arrazoia ere (16 eurotik 18 eurora 2008tik 2009ra).

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari.

  3. 2010eko maiatzaren 14an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:
    1. “1. Nafarroako Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea toki entitate bat da, eskualdeko euren herrietan sortutako hiri hondakin solidoak kudeatze aldera zenbait udalek 1991n eratua (honekin batera doaz mankomunitatearen estatutuak).

      Mankomunitatearen araubide juridikoa, hortaz, toki entitate batena da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta horiekin bat datozen arauetan ezarritakoarekin bat.

    2. Toki entitate bat den aldetik, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 47. artikuluak mankomunitateei aitortzen die zerbitzuak emateagatiko edo jarduerak egiteagatiko tasak eta prezio publikoak ezartzeko tributu-ahalmena (47.4 artikulua). Eta horrekin bat etorriz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 10. artikuluak mankomunitateen baliabideen zerrenda ematen du, besteak beste:

      “10.1.c) zerbitzuak emateagatiko tasak”, foru lege horretako 100. artikuluan jasotzen den definizioaren arabera.

    3. Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, Mankomunitateak ordenantza fiskal bat du –2009ko ekainaren 3ko 68. NAOn argitaratutakoa dago indarrean–. 14. artikulutik 16.era bitartekoek arautzen dute diru-bilketa.

      Bertan agindutakoa betez, helbideratu gabeko hartu-agirien kasuan –2.000 inguru seihileko bakoitzean–, Mankomunitateak paperean inprimatutako hartu-agiriak igortzen ditu etxeetara, ordainketa aldez aurretik ezarritako banketxeetan egin dadin (honekin batera doa halako ale bat).

      Bidalketa posta arruntaren bidez egiten zaie zergadunei, eta ez da jasota ageri posta-zerbitzuak entregatu ez dituenik, ez direlako inoiz itzuli; kexa-egileek, aitzitik, beti ordaindu dituzte, garaiz ordaindu ere, azken urteotan, eta ordaindu gabe dagoen bakarra 2009ko lehen seihilekoa izan da. Oraindik ez zaio igorri Agentzia Betearazleari, premiamendu bidez kobra dezan.

    4. Mankomunitateak 2008ko azaroaren 11n erantzun zion kexa-egileek aipatzen duten eskabideari (honekin batera doa erantzunaren kopia), eta posta-zerbitzuak ez duenez itzuli, ziurtzat eman dugu jaso dutela. Erantzun horretan eman zitzaien aurkeztutako galderei buruzko informazioa.
    5. 2007ko martxoaren 14an, Nafarroako Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea Nafarroako Hiri Hondakin Solidoak Tratatzeko Partzuergoari atxiki zitzaion. Partzuergoa Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak eta mankomunitateek osatzen dute, eta [?]-k kudeatzen du.

      Partzuergoak Mankomunitatearen ardurapean utzi du hondakinen tratamenduaren kanonaren kobrantza kudeatzea (ur-kontsumoaren hartu-agiriekin kobratzen den saneamendu-kanonarekin antzeko zerbait egiten da) eta ondoren, finantzatzeko, Partzuergoaren kontuan sartzea”.

AZTERKETA

  1. Ikus daitekeenez, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztu duten kexa Nafarroako Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen diru-bilketaren arloko kudeaketari buruzkoa da, hondakinen bilketa-zerbitzuko tasari buruzkoa. Zehazki, dagozkien hartu-agiriak jaso ez izanari buruzko kexa agertu dute, eta horri gehitu diote Mankomunitateak diru-kopuru bat kobratzen duela banku-helbideratzea hautatzen ez dutenei.

    Azaltzen dutenez, 2008ko azaroan kontsulta bat egin zuten zenbait auziri buruz, (“kanon” baten kobrantza eta hartu-agiriak ez helbideratzeagatik exijitzen den diru-kopurua), eta ez dute erantzunik jaso.

    Mankomunitateak dio, berriz, egin egin zituztela eta igorri igorri zituztela –posta arruntaren bidez– kasuko hartu-agiriak eta eginiko kontsultaren erantzuna, eta ez zaiela ezer itzuli; horrenbestez, toki entitateak uste du hartzailearengana iritsi zirela.

    Bi jarrerak ikusita, espedientean planteatzen den auziaren muina da zehaztea ea Mankomunitateak igorritako komunikazioak jakinarazi behar ote ziren; izan ere, jakinarazpena formalki gertatzen da baldin eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legean ezarritako baldintzak betetzen badira.

  2. Halatan, auzia ebazte aldera, aintzat hartu beharra dago 30/1992 Legeko 58.1 artikuluak oro har ezarritakoa: “jakinarazi egingo zaizkie interesdunei beren eskubide edo interesak ukitzen dituzten administrazioaren ebazpenak eta egintzak”. Eta, jakinarazpenak egiteko prozedurari buruz, berriz, lege bereko 59.1 artikuluak ezartzen duenez, “jakinarazpenak egiteko edozein bide erabil daiteke, beti ere interesdunak edo bere ordezkariak hartu izanaren agiria jasota geratzen bada (...)”.

    Halere, kontuan hartuta kexa zein arlotakoa den, orobat hartu behar da gogoan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 86.1 artikuluan sailkatu egiten direla tributu arloko zorrak –“jakinaraziak”, “jakinarazpen gabeak” eta “autolikidatuak”, eta 86.2 artikuluan, berriz, exijitzen dela “jakinaraziak” legez jakinaraztea. Foru lege horrek orobat ezartzen du ezen, aldian-aldian hartu-agiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, banan banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, hogeita hamar egun balioduneko epean ordaindu beharko dela zorra, ordainketa egin behar deneko hiruhileko naturalaren lehen egunetik kontatuta.

  3. Halatan, hiri hondakinen bilketarengatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak, Nafarroako Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak onetsiak, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin bat ezartzen du hondakinen bilketa zerbitzuaren tasa “jakinarazpen gabea” dela eta zorra tazituki jakinarazitzat emanen dela ordaindu beharreko lehen seihileko naturaleko lehen egunean berean. Egun horretatik aurrera, borondatezko ordainketa-epe gisa hartuko da hogeita hamar egun baliodunekoa.

    Ordainketa moduari dagokionez, bereizketa egiten da helbideratu eta helbideratu gabeko kasuen artean, halko moduan non, ordainketa helbideratu ez baldin bada, paperezko inprimakia igortzen baita zergadunaren bizilekura, eta 3,01 euroan igotzen baita hondakinen bilketako tasaren zenbateko “arrunta”, egin beharreko kudeaketa-gastuei aurre egiteko.

    Finean, ordainketa helbideratu ez duen zergadunak ordaindu beharreko azken zenbatekoa osatzen dute ordenantzaren I. eranskinean ezarritako tarifa (kasu honetan, 60 euro urtean, zerbitzua izateagatik eta, kasua bada, erabiltzeagatik) eta 3 euroko “plus” bat, egin beharreko hartu-agiria kudeatzeko gastuei dagokiena.

  4. Beraz, baldin eta Mankomunitateak, ordenantzak ezartzen duenari jarraikiz, hartu-agiria egiteagatik eta zergadunaren etxera igortzeagatik diru-kopuru bat kobratzen badu, ondorio juridiko eta materialak esleitzen ari zaizkio jarduketa horri, eta orduan jakinarazpen formala exijitu beharko litzaioke, eta hartzaileak jaso izana frogatuta gelditu beharko da, ez baita aski izango Administrazio publikoak uste izatea hartu-agiria jaso dela. Bestela, Administrazioak soilik egiazta dezakeen zerbait ordainaraziko litzaioke herritarrari (hartu-agiria egiteaz eta zergadunaren bizilekura igortzeaz ari gara soil-soilik).

    Ondorioz, erakunde honek ez du uste, abstraktuki, tributu zorren kudeaketan (Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera "jakinarazpen gabeak" direnetan) beharrezkoa denik hatu-agiriak Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera jakinarazi behar direnik; izan ere, horrek baliabide publikoak eraginkortasunaren, ekonomiaren eta arrazoizkotasunaren printzipioekin egin lezake talka. Baina kudeaketa zehatz horri karga ekonomiko bat gehitzen baldin bazaio, esate baterako kasu honetan, orduan jakinarazpen formala egin dadin exijitu beharra dago, hartzailearen eskubidean afekzio zuzena gertatzen delako.

    Hortaz, legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dugu, Nafarroako Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak interesdunen bidezko interesetan eta eskubideetan eragina duten administrazio-egintza guztiak jakinaraz diezazkien haiei, jakinarazpena jaso izana behar bezala jasota geratuta.

  5. Hartu-agirietan “kanon” izenez ageri diren zenbatekoei dagokienez –kexa-egileek Mankomunitatera igorri zuten eskabidean eta erakunde honetan aurkeztutako kexan hori ere aipatzen zen– adierazi beharra dago ezen kanon hori “udal jatorriko hiri hondakinak eraman, sailkatu, tratatu, balioztatu eta desegiteko zerbitzuaren tasari” dagokiola, zeina Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak onetsitako ordenantzaren bidez arautzen baita, eta diru-bilketaren kudeaketa partzuergoa osatzen duten entitateei dagokie (2007ko abenduaren 10eko 153. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

    2008rako ezarritako tarifa 17,50 eurokoa izan zen, eta 2009rako ezarritakoa, berriz, 28,47 eurokoa (2008ko abenduaren 31ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofiziala); hortaz, kontzeptu horri zegozkion kexan aipatzen diren zenbatekoak, hartu-agirietan ageri zirenak (interesdunek argibideak eskatzen zituzten horiei buruz). Egia da zenbateko hori “kanon” gisa kalifikatzea nahasgarria izan daitekeela (tasa hori arautzen duen ordenantzak ez du izen termino hori erabiltzen), baina ezin da esan administrazioak arlo horretan izandako jokabideak kexa-egileen eskubideak urratu dituenik.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari gogoraraztea legez behartuta dagoela modu fede-emailean eta pertsonalean jakinaraztera herritarren eskubideak eta interesak ukitzen dituzten administrazio-egintza guztiak, eta gure ustez afekzio hori gertatzen da baldin eta hartu-agiriak egiteak karga ekonomiko bat baldin badu.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunei eta Goi Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari, eta adieraztea honen aurka ezin dela inolako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia