Partekatu edukia
Kultura
Gaia: Disconformidad con la restricción de la compra de prensa en las Bibliotecas
Exp: 09/257/C
Nº: 108
Kultura, kirola, gazteria eta elebitasuna
1. 2009ko apirilaren 15ean, ASNABI Nafarroako Liburuzainen Elkarteko [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hartan, kexa bat aurkezten zuen liburutegi publikoan Gara eta Berria egunkaria ez erosteari buruz Barañaingo Udaleko Kultura eta Gazteria arloko zinegotzi delegatuak harturako erabakiaren aurka.
Azaltzen zuen 2009ko urtarrilaren 29an Barañaingo Udaleko Kultura eta Gazteria arloko zinegotzi delegatuak idazki bat igorri ziela udal liburutegi publikoko arduradunei, jakinaraziz udal aurrekontuaren kargura aurrerantzean ez zirela erosi behar liburutegirako Berria eta Gara egunkariak.
Azaltzen du egitate horiek Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Liburutegien Zerbitzuari jakinarazi zizkiotela, eta zerbitzu horretako zuzendariak agindu zuela zinegotziaren aginduak betetzeko, haren ustez udal aurrekontuen exekuzioa soilik toki entitatearen organoari zegokiolako, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezin baitzuen horrelako erabakietan esku hartu, udalen eskumenetakoak izateagatik.
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak –haren ordezkaria da kexa-egilea– uste du zinegotziaren udal alorraren jokabidea eraso bat dela liburuzainen independentzia profesionalaren aurka eta informazio-zerbitzu publiko batek helburu izan behar dituen askatasunaren, berdintasunaren eta neutraltasunaren aurka. Bere jarrerari babesa emateko, honakoak aipatzen ditu: UNESCOk liburutegiei buruz eginiko manifestua, IFLA/UNESCOk liburutegi publikoen zerbitzuak garatzeko emandako jarraibideak, Kultura Ministerioak liburutegi publikoetako zerbitzuei buruz emandako arauak eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak liburutegi publikoak kudeatzeko sinaturiko hitzarmena.
Hori dela eta, eskatzen dute liburutegiko profesionalen lana errespetatzeko, eta herritarrek informaziorako eta jakintzarako duten eskubidea aitortzeko eta bermatzeko.
2. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eta Barañaingo Udalari txostenak eskatu genizkien, eta 2009ko maiatzaren 7an eta ekainaren 3an entitate horiek, hurrenez hurren, igorritako txostenak sartu ziren gure erakundean.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren txostenak, egitateak luze azaldu eta gero, honako gogoetak ematen ditu ondorio gisa: a) toki entitateei dagokie liburutegietako zerbitzu publikoa emateko eskumena, haien aurrekontuak betetzea eta aurrekontu horien kargura kasuko kontratu publikoak egitea; b) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 36. artikuluak ezartzen du zein diren kontratuak egiteko organo eskuduna, eta hain zuzen ere halakorik ez dagokie liburutegi publikoei atxikitako langileei; c) egungo krisi ekonomikoko egoera eragin duten inguruabarrak direla eta, administrazio publikoek ahaleginak egin behar dituzte gastu korronteari eusteko edo hura gutxitzeko; d) nolanahi ere, Barañaingo liburutegiak eskaintzen duen zerbitzu telematikoaren bitartez, edozein pertsonak, Internet bidez, eskura izan ditzake Gara eta Berria egunkarietako informazioak, bai eta sarean dagoen beste edozein argitalpen ere. Hori dela eta, guztiz betetzen ari dira IFLA/UNESCOren jarraibideak eta liburutegi publikoetako zerbitzuei buruzko arauak; e) Kultura eta Gazteria zinegotzi delegatuak aplikatzekoa den araubide juridikoari jarraituz jardun du.
Barañaingo Udalaren txostenak, laburbilduz, adierazten du, alde batetik, liburutegi publikoan dauden argitalpenak asko hazi direla eta gaindituta daudela Internet bidezko komunikazio birtualeko bide berriekin; izan ere, bitarteko horiek aukera ematen du mundu osoko edozein aldizkako argitalpen eskuratzeko. Bestetik, 2009ko ekitaldirako onetsi zen aurrekontu orokorraren esparruan, udalaren atal guztietan beharrezko murrizketak egin zirela dio, diru-sarreren eta gastuen arteko orekari eusteko, eta Kulturaren atala ez zela horretan salbuespena izan. Horrenbestez, irizpide objektibo batzuk ezarri behar izan ziren aldizkako argitalpenen gastua gutxitu ahal izateko.
1. Nafarroako liburutegi publikoei buruzko guztia jasota dago gaur egun liburutegi publikoetako araubide juridikoa ezartzen duen eta Nafarroako liburutegien sistema sortzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legean. Lege horren zioen azalpenean bertan iragartzen da liburutegi publikoak toki administrazioaren erantzukizuna direla. Izan ere, 4.1 artikuluan ezartzen da toki entitateek liburutegien arloan dauzkaten eskumenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoak direla. Eta lege horren 29. artikuluak zuzenean igortzen gaitu legedi orokorrak Estatuko toki entitate guztiei aitortzen dizkien eskumenen sistemara. Eta arlo horretan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 26.1.b) artikuluan ezartzen da udalek liburutegi publikoaren zerbitzua eskaini behar dutela. Legeak zerbitzu hori jasotzen du 5.000 biztanletik gorako populazioa duten udal guztien oinarrizko eta derrigorrezko zerbitzuetako baten gisara.
Arestian aipatu dugun 32/2002 Foru Legeko 4.2 artikuluak gehitzen du liburutegien arloko udal eskumen horiek Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan erabiliko direla, zenbait printzipioren arabera –koordinazioa, eraginkortasuna eta lege honetan ezartzen diren eskumen esparruen errespetua–, irakurketa publikoaren mapak xedatutakoaren barrenean, bai eta toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak izenpeturiko hitzarmenetan, halakorik izenpetzen bada, xedatutakoaren barrenean ere.
2. Liburutegi publikoak Nafarroako liburutegien sistemaren zati bat dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin kasuan kasu izenpeturiko hitzarmenean horixe ezartzen denean. Barañaingo liburutegi publikoari dagokienez, 2004ko maiatzaren 4an, Nafarroako Gobernuaren eta Barañaingo Udalaren arteko hitzarmen bat sinatu zen liburutegi publiko hori kudeatzeko. Izan ere, hitzarmen horren bidez, liburutegi hori Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean sartu zen. Horrenbestez, sarekoak izatearen baldintza horrek berarekin dakartzan onura eta betebehar guztiak dauzka. Horiek, izan ere, 32/2002 Foru Legeko III. kapituluan ezarritakoak dira.
3. Nafarroako Liburutegien Sistemaren funtzionamendu zuzenak eskatzen du, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 32/2003 Foru Legeko 3. artikuluan esleituriko zenbait jarduera aurrera eramatea.
Hala eta guztiz ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak oraindik ere ez ditu onetsi sistemaren kudeaketarako hurrengo tresnak, zeinak 32/2003 Foru Legean ezarritakoei jarraituz, ezinbestekoak baitira sistemaren funtzionamendu egokirako (lehendabiziko biak, dirudienez, lantzeko prozesuan daude):
- Irakurketa publikoaren mapa.
- Liburutegien Sistemako zerbitzuen zorroa.
- Liburutegi-zerbitzuei buruzko plan estrategikoa.
Gabezia horiek gorabehera, Barañaingo Udalak udal liburutegiaren kudeaketaren gaineko bere eskumenak betetzen jarraitzen du. Liburutegi hori Nafarroako Liburutegien Sisteman sarturik dago 2004an sinaturiko hitzarmenaren bitartez, betiere 32/2002 Foru Legean jasotako printzipioei jarraituz. Printzipio horien artean, honakoak nabarmendu behar dira 10. eta 11. artikuluen arabera: kudeaketa deszentralizatzea eremu geografikoen arabera, errealitate soziolinguistikoa eta kudeaketa parte-hartzailea.
4. Eremu geografikoen kudeaketa deszentralizatuak eta dagoen errealitate soziolinguistikoari arreta jartzeak, udal liburutegien irakurketa publikoaren eskaintza diseinatzearen eraginetarako, berarekin dakarte Barañaingo Udalak derrigor kontuan hartu behar izatea udal horretan bizi diren herritarren premia eta eskari zehatzak, baita udala osatzen duten auzo edo alor desberdinen ezaugarri soziologikoen arabera ere, hartara 32/2002 Foru Legeko 12. artikuluan ezarritako liburutegien oinarrizko zerbitzuak bermatzeko.
Oinarrizko zerbitzu horietatik, hemen aztergai dugunari begira, honakoak nabarmendu behar ditugu: “Internet eta lineako informazio-zerbitzuak eskura izatea” eta “Argitalpenen irakurketa eta kontsulta, aretoan”.
a) Barañaingo udal liburutegian guztira hiru kontsulta postu daude ADSL sistemaren bidezko Interneterako sarbidea dutenak. Haietatik guztietatik aukera dago sarean dauden aldizkako argitalpen guztien orrialde digitalak ikusteko –besteak beste, Gara eta Berria egunkarienak; horiek, izan ere, ez dute harpidetzarik eskatzen–. Gainera, aukera dago argitalpen horien kopia inprimatuak eskuratzeko, erabiltzaileak horrelakorik behar badu.
Horrenbestez, Internet ea lineako informazio zerbitzuak eskura izateari dagokionez, irakurketaren eskaintza bermaturik dago Barañaingo errealitate soziolinguistikoari erreparatuta; izan ere, bertan euskara hizkuntza berekia da, Nafarroako lurralde guztian bezala. Horrenbestez, ezin da ulertu, bitarte elektronikoen bidezko irakurgaien eskaintzari dagokionez, udal liburutegi publikoaren funtsak modu desegokian murrizten edo mugatzen ari direnik, zeren eta gaur egun egungo eta iraganeko informazio modu guztietarako sarbidea zabal bermatzen baita bide elektronikoen bitartez, are artxibatutako paper-euskarrien bitartez baino askoz hobeki ere.
b) Hala eta guztiz ere, ezin dugu ondorio bera atera “argitalpenen irakurketa eta kontsulta, aretoan” alderdiari dagokionez. Kultura eta Gazteria arloko zinegotziaren erabakia izan zen udal liburutegiari agintzea 2009ko urtarrilaren 30etik zehazki bi argitalpen erosteari uzteko: Gara eta Berria egunkariak.
Aurreratu dezakegu erabaki horren azpian bazterkeria negatibo bat badagoela, ondoren ematen ditugun arrazoiengatik.
Krisi ekonomikoaren garaian gastua arrazionalizatzeko xedez eta hori ahal den modu efizienteenaz egiteko, juridikoki bideragarria da, bazterkeriarik eragin gabe, esate baterako toki edo nazio mailan gehien irakurtzen diren bi egunkariak paperean erosteko –eta, horrenbestez, liburutegian eskaintzeko– erabakia hartzea, betiere erabaki horretan haietako bakarra ere aipatu gabe, eta, beraz, erreparatuz soilik udalean gertatzen diren salmenten kopuruari, edozein direla ere egunkari horiek eta haien linea editoriala. Bideragarria da, orobat, egunkari horiek aipatzea gauza jakina denean udalean tirada eta salmenta handiena dutenak direla. Eta gainerakoei, hau da, gutxien irakurtzen direnei dagokienez, Internet bidezko sarbidea edukitzea. Baina bazterkeriazko jokabide argia dena da bi egunkari zehatz ez erosteko erabakitzea, haiek berariaz adierazita eta erabaki hori hartzeko inolako justifikazio objektibo edo zentzuzkorik adierazi gabe. Horrelako erabaki batek bazterkeria negatiboa suposatzen du, ondorio horretara iristeko ez baitzaio erreparatu gutxien saltzen edo irakurtzen direnak izateari.
5. Foru legeko 10.1 artikuluan aipatzen den kudeaketa parte-hartzailearen printzipioak eskatzen du udal liburutegien ardura duten langileek parte-hartze gradu jakin bat edukitzea liburutegi horien irakurketaren eskaintzaren diseinu zehatza egiteko.
Erakunde honen iritziz, zalantzarik gabekoa da, aplikatzekoa den legediaren arabera, kasuko toki entitateetako organo eskudunei dagokiela –eta ez liburutegietako teknikariei– udal aurrekontuen kargura udal liburutegian eskaintzeko zein aldizkako argitalpen erosiko diren erabakitzeko eskumena (alkatetzea, gobernu batzarra, zinegotzi delegatua eta abar). Horrelaxe interpretatu behar da Barañaingo Udalarekin sinaturiko hitzarmeneko seigarren klausulako 9. idatz-zatia, zeinak ezartzen baitu urtero derrigor ezarri behar dela kontusail bat liburutegietako langileek dokumentuak eta aldizkako argitalpenak erosteko. Klausula konbentzional horrek liburuzainei esleitzen die aldizkako argitalpenetako materiala erosteko eginkizuna, ez argitalpenak erosteko politika erabakitzeko ahalmena edo eskumena. Izan ere, hori gastuaz erabakitzeko eta kontratazio publikorako ahalmena duen udal organoaren eskuetan geratzen da, eta argi dago liburuzainek ez dituztela ahalmen horiek eta sekula ez zaizkiela berariaz esleitu. Horrenbestez, ulertu beharra dago liburuzainen independentzia profesionala ez dagoela ez deuseztatua, ez murriztua, zeren eta bestelako eskumen-esparru batekoa baita.
Aurrekoa ezarrita, bidezkoa da gure arrazoibideari jarraipena ematea nabarmenduz egia dela, halaber, liburutegi publikoetako irakurketarako eskaintza diseinatzeko kontuan hartu behar dela haietan lanean diharduten teknikarien parte-hartzea, zeren eta egunero liburutegien kudeaketan metatu duten esperientziaren ondorioz, ederki ezagutzen baitituzte erabiltzaileen eskakizunak, eta, horrenbestez ase beharreko premiak. Horixe da 32/2002 Foru Legeko aipaturiko 10.1 artikuluan jasotako kudeaketa parte-hartzailearen printzipioari ezinbestez eman behar zaion irismenetako bat.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuari gomendatzea irakurketa publikoaren mapa, liburutegien sistemako zerbitzuen zorroa eta liburutegi-zerbitzuei buruzko plan estrategikoa onets ditzan, Nafarroako Liburutegiei buruzko azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legea garatzeko.
2. Jotzea Barañaingo Udaleko Kultura eta Gazteria arloko zinegotzi delegatuaren erabakiak, udal liburutegiari Gara eta Berria egunkariak erosteko debekatzekoak, behar bezala justifikatu gabeko bazterkeria negatibo bat dakarrela.
3. Barañaingo Udalari gomendatzea kontuan har dezan udal liburutegiko liburuzainen parte-hartze efektiboa udal liburutegiaren kudeaketan eta zuzkiduran eta herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoan eragina duten erabaki guztietan.
4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuari eta Barañaingo Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinaraz diezaioten ea neurri egokiak hartu dituzten adierazitakoaren bidetik, edo bestela halako neurriak ez hartzeko izan dituzten arrazoiak azal diezazkioten. Halaber, ohartarazten diet hala egiten ez badute, kasua jasoko dugula Nafarroako Parlamentuari igorri beharreko urteko txostenean, erakunde hau arautzen duen legean ezarritako moduan.
5. Interesdunari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eta Barañaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia