Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Deficiente estado de una escollera que provoca corrimientos de tierra
Exp: 09/152/O
Nº: 107
Herrilanak eta Zerbitzuak
1. 2009ko otsailaren 26an, [?] jabeen erkidegoaren izenean aurkeztutako kexa bat sartu zen erakunde honetan. Kexa aspalditik salatu izan den egoera baten aurrean Iruñeko Udalak ezer ez egiteari buruzkoa da.
Azaltzen da aipatu erkidegoaren eraikinaren aurrean dagoen harri-lubetak eusten dion lurretan, luiziak izaten direla, eta, horrenbestez, dauden pasabideetako barandak hondoratzen eta hausten direla. Pasabide horiek, izan ere, etxe-atarietatik oinezkoentzat dagoen irteera bakarra dira. Salatzen dute txikizioak arrisku handi bat izaten direla auzoen eta oinezkoen segurtasunerako.
Adierazten dute egoera behin eta berriz salatu dutela udalean (azken idazkia 2008ko azaroaren 4an aurkeztu zuten), baina aurkeztatutako eskabideei ez zaiela erantzunik eman, eta ez dela salatutako arazoari konponbidea emateko neurririk hartu.
2. Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Iruñeko Udalari.
Eskatutako txostena, Hiri Kontserbazioaren Alorreko zuzendariak sinatua, joan den maiatzaren 25ean jaso genuen erakunde honetan. Honakoa jasotzen da bertan:
1. Azaldu den bezala, kexa-egileak salatu du udalak ezer ez duela egin erreferentziako arazoaren aurrean (egonkortasun falta aipatutako jabeen erkidegoaren higiezinaren aurrean dauden lurretan). Horri dagokionez, kexan adierazten zen erantzunik ez zitzaiela eman aurkeztutako eskabideei (jarduera-ez formala), eta ez zirela behar ziren neurriak hartu planteatutako gaiari konponbidea emateko (jarduera-ez materiala).
Hasteko, kexaren alderdi formalari dagokionez, adierazi beharra dago zerbait egin dezan eskatzeko Administrazio Publikora jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak ebazteko betebeharra jasotzen du.
Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Azken batean, planteaturiko gaiak ukituta dauden herritarrek egoera salatu baldin badute eta konponketa-jarduerak eskatu baldin badituzte, erantzun bat jasotzeko eskubidea dute, eta igorri zaigun txostenaren arabera, ez dugu atzeman Iruñeko Udalak eskubide horren birtualtasunari dagokion legezko betebeharra bete duenik.
2. Sakonean planteatzen den gaiari dagokionez, berriz, ez dirudi salatutako arazoa, lurren egoera txarra, zalantzazkoa denik, errealitatean egiaz gertatzen baita, haren norainokoa handiagoa edo txikiagoa den –hau da, pertsonentzat gaur egun arriskua dagoen edo ez dagoen– alde batera utzita (horri dagokionez, txostenean aipatzen da lurren urbanizazioa egin ondoren konponketa obra batzuk egin zirela, dirudienez emaitza positiborik izan ez zutenak, eta bukatzeko esaten da gaia, daukan dimentsio teknikoa dela eta, Iruñeko Udaleko Proiektuen Alorrak kudeatu beharko lukeela).
Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legeak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako eskumenen indarrez, Iruñeko Udalari dagokio behar diren neurriak ezartzea Mendillorriko aipatutako lurren egoera egokia bermatzeko. Lur horiek, gainera, titularitate publikokoak dira. Hori ez da oztopoa beste entitate bat izateko –VINSA, kasu honetan– urbanizazio lanak egin dituena, zeren eta behin Udalak obra horiek hartu dituenean, herritarrek udalari exijitu ahal diote bere eskumenaz balia dadin (alde batera utzi gabe jabearen eta urbanizazio-lanen kudeatzaileren artean egon daitezken barne-harremanak, hau da, Iruñeko Udalaren eta VINSAren artekoak, zeinek ez baitute eraginik herritarrek administrazio eskudunaren aurrean izan dezaketen jarreran).
Azkenik, igorri zaigun txostenaren edukia ikusita (bertan esaten da Proiektuen Alorrak kudeatu beharko lukeela auzia), adierazi beharra daukagu, halaber, erakunde honen ikuskapen-funtzioaren ondorioetarako, garrantzirik ez duela Iruñeko Udaleko zein organok jardun behar duen. Udala da, nortasun juridiko bakarrarekin jarduten baitu, gaiaren erantzukizuna duen entitatea, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarri bezala, eta behar diren neurriak zein organo zehatzek hartu behar dituen toki entitatearen beraren barrenean argitu beharreko kontua da.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, 2008ko azaroaren 4ko kexa-idazkiari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
2. Iruñeko Udalari gomendatzea berandu gabe teknikoki egokiak diren neurriak har ditzan kexan aipatzen den lursailaren egoera txarrari konponbidea emateko.
3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
4. Kexa-egileari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia