Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 30eko 132/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofizialeko [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 30

Gizarte ongizatea

Gaia: Queja frente al procedimiento de designación de los vocales del Consejo Navarro de Bienestar Social

Exp: 09/104/B

: 132

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 9an, [?] jaunak, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargoaren izenean, izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideak izendatzeko prozedurari dela eta.

    Azaltzen du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren azaroaren 19ko 269/2007 Foru Agindua argitaratu ondoren –haren bidez garatzen da aipatu kontseiluko kideak izendatzeko prozedura–, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargoak, ezarritako epearen barruan, hautagaitza bat aurkeztu zuela (zehazki 2007ko abenduaren 13an, 2007/498753 dokumentuaren bitartez).

    Elkargoak adierazten du ez duela Administrazioaren inongo erantzunik jaso eta zenbait bidetatik jakin duela Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua jada eratuta dagoela eta bildu ere bildu dela.

    Kexa-egilearen ustez, aurreikusitako hautapen-prozedura ez da bete, eta Terapeuten Elkargoari kontseiluan parte partzeko aukera kendu zaio.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

    2009ko ekainaren 8an, eskatutako txostena jaso genuen. Txostenean jakitera ematen zaigu azaroaren 19ko 269/2007 Foru Aginduko 1. artikuluaren edukia –foru agindu horren bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren kideak izendatzeko prozedura garatzen da–. 269/2007 Foru Agindua Nafarroako lanbide elkargoetako kide ordezkariak izendatzeko prozedurari buruzkoa da. Halaber, jakitera ematen zaigu zein den hautapen prozedura horren emaitza.

    Kexaren xedeari berariaz dagokionez, honakoa azaltzen du:

    “Foru aginduaren edukian akats bat atzemanda, hautagaitzak aurkezteko hasierako epea bozketak egiteko aurreikusitako eguna iragan eta gero bukatzen baitzen, hura zuzendu egin zen, eta hautagaitzak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izan beharrean zazpi egunekoa izan zen. Horrenbestez, hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 7an bukatu zen, eta bozketa egiteko egunari eutsi egin zitzaion; hain zuzen ere, 2007ko abenduaren 10ean (1. deialdia) eta abenduaren 11n eta 12an (2. eta 3. deialdiak) egin zen.

    Foru aginduaren zuzenketa argitaratzeaz gainera (2008ko urtarrilaren 16ko 7. NAO), telefonoz jakinarazi zitzaien Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuan aurreikusitako lanbide elkargoei.
    Espedientean jasota dago Lan Terapeuten Elkargoak 2007ko abenduaren 13an aurkeztu zuela bere hautagaitza, baina hautagaitza hori, aurkeztu zen egunarengatik, ezin izan zen kontuan hartu bozketak egiteko unean”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

    Berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

    Edozein dela ere Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak sakoneko gaiari buruz duen iritzia, egia da Lan Terapeuten Elkargoak parte hartzeko aurkeztutako eskabideari, hautagaitza-proposamenari, erantzuna eman behar zitzaiola. Departamentuaren ustez epez kanpo aurkeztua bazen, horixe jakinarazi behar zion elkargoari, eta ezezkoa emateko arrazoiak azaldu behar zizkion, eta erabaki horren aurka aurkez zezakeen errekurtsoaren edo aurkez zitzakeen errekurtsoen berri ere eman behar zion.

    Zuzenbidearen aurkakoa da, nolanahi ere, beharrezko erantzuna emateko betebeharra ez betetzea.

  2. Aurrekoa alde batera utzita, kexaren sakoneko gaiari buruz daukagun iritzia eman behar dugu. Izan ere, gertatu baita Lan Terapeuten Elkargoak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluan ordezkaritza izateko eskubidea bidegabeki mugatu dela. Organo hori, izan ere, gizarte zerbitzuen arloko kontsultarako eta parte-hartzerako organoa da, abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitakoa. Ekainaren 18ko 50/2007 Foru Dekretuan xehetasun gehiagorekin araututa dago.

    Aipatu xedapenetan ezarritakoa aplikatuz, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren 269/2007 Foru Aginduaren bitartez, aipatu organoko kideak izendatzeko prozedurarako arauak onetsi ziren, zehazki lanbide elkargoetako ordezkariak diren kideen izendapenerako arauak.

    Foru agindua 2008ko azaroaren 30eko NAOn argitaratu zen, eta xedatzen zuen hamabost egun naturaleko epe bat zabalduko zela hautagaitzak aurkezteko. Halaber, lehendabiziko bozketarako eta, kasua bazen, ondorengo bozketetarako datak ezartzen ziren, baina kongruentziarik ez zegoen, zeren eta data horiek hautagaitzak aurkezteko epea bukatu aurrekoak baitziren.

    Egoera horren aurrean, bozketak egiteko egunak atzeratu beharrean, jasotako txostenean adierazten da departamentuak hautagaitzak aurkezteko epea zuzendu zuela, eta hamabost egunekoa izatetik zazpi egunekoa izatera murriztu zuela. Horrenbestez, abenduaren 7an bukatu zen.

  3. Geroan, 2007ko abenduaren 13an, Lan Terapeuten Elkargoak bere hautagaitza aurkeztu zuen, eta egia da hautagaitzaren aurkezpen hori gertatu zela une horretara arte argitaraturik zegoen ekintza administratibo bakarrean (azaroaren 19ko 269/2007 Foru Agindua) aurreikusitako epearen barruan.

    Aurrerago (2008ko urtarrilaren 16an), 269/2007 Foru Aginduaren akats-zuzenketa bat argitaratu zen, eta haren bidez epea zazpi egunetara murrizten zuen. Zuzenketa hori, ekintzaren argitalpenean ageri denez, organo eskudunak (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilaria) erabaki zuen abenduaren 18an, hau da, zuzendutako foru aginduan ageri zen jatorrizko epea iragan ondoren.

    Erakunde honen ustez, zuzenketa horrek inolaz ere ezin du kaltetu aurkezpenaren unean zegoen arau bakarraz bere hautagaitza aurkeztu zuena, zeren eta horrela jokatzeak berarekin ekarriko bailuke onartzea akats administratiboa hain zuzen ere hura egin ez zuenak pairatu beharra duela.

    Akatsak zuzentzeko ekintza Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoaren menpean dago. Arau horiek, izan ere, muga batzuk ezartzen dituzte aukera horri dagokionez, zeren eta zuzentzea egintza administratiboak berrikusteko ahalmenaz baliatzeko modalitate bat –txikia bada ere– bait-baita.

    Zuzentzea zuzendu nahi den egintza eman zuen organo berari dagokio, eta, gainera, zuzenketarako jakinarazpenaren edo argitaratzearen izapide ber-bera jarraitu beharko da (abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legeko 55. artikulua).

    Horiexek dira zuzenketa-egintza balioduna eta eraginkorra izateko formazko betebeharrak. Horrenbestez, 269/2007 Foru Agindua argitaratu ondoren, ezin ziren hirugarrenentzako eragin juridikoak bilatu harik eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak onetsitako zuzenketa argitaratzen zen arte. Hori dela eta, ustez egin ziren telefono bidezko komunikazioak, arrazoizkoak izan badaitezke ere, garrantzi gabeak dira planteaturiko gatazka ebazteko.

    Bestalde, zuzenketaren eraginkortasuna hura argitaratzearen menpean baldin bazegoen, ezinezkoa da interesdunentzako atzeraeragin kaltegarriak izatea. Ondorio hori Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 57. artikulutik heldu da. Eta horixe izan zen gertatu zena, zeren eta behin hautagaitzak aurkezteko hasieran aurreikusitako epea iraganda, formalki onetsi eta argitaratu baitzen zuzenketa bat, zeinak aipatutako epea murrizten baitzuen, eta horren guztiaren ondorioz ez zen onartu Lan Terapeuten Elkargoak aurkeztutako hautagaitza.

  4. Horrenbestez, erakunde honen ustez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren jokabidea, kexari dagokion kasuan, ez zen zuzenbidearen araberakoa izan, eta segurtasun juridikoaren printzipioaren eta egintza administratiboen atzeraeraginari buruzko arau orokorraren aurkakoa izan zen; arau orokor horrek, bestalde, salbuespenak aurreikusten ditu interesdunentzako aldeko eraginak sortzen badituzte. Eta jarduketa horrek determinatu du Lan Terapeuten Elkargoak aurkeztutako hautagaitza ez onartzea, baina elkargo horri ezin zitzaion, Zuzenbidearen arabera, exijitu onetsia zegoen eta geroan argitaratuko zen epearen murrizketa ezagutzea.

    Horrenbestez, erakunde honek gomendatu beharra dauka jarduerak atzera ekartzea eta lanbide elkargoek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluan izanen dituzten kideak izendatzeko ekintza berriz egitea, eta ekintza horretan Lan Terapeuten Elkargoaren hautagaitza onartzea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoratzea legez berariazko erantzuna eman behar diela herritarrek egindako eskabideei, eta, zehazki, kexa-egileak aurkeztutako hautagaitza-eskabideari.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea jarduerak atzera ekar ditzan eta lanbide elkargoek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluan izanen dituzten kideak izendatzeko ekintza berriz gauza dezan, eta ekintza horretan Lan Terapeuten Elkargoaren hautagaitza onar dezan.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutakoaren ildotik neurri egokiak hartzen dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia