Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 30eko 131/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari gisa aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 30

Kultura

Gaia: Falta de versión en euskera de información turística

Exp: 09/389/C

: 131

Kultura, kirola, gazteria eta elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 5ean Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari [?] jaunak izenpetutako idazki bat aurkeztu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa azaltzen zuen “BIRDING NAVARRA-OBSERVAR AVES EN NAVARRA” webgunearen euskarazko bertsiorik ez izateagatik.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari.

  3. 2009ko ekainaren 26an Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Laburbilduz esaten da “BIRDING NAVARRA-OBSERVAR AVES EN NAVARRA Nafarroako produktu turistiko baten izena dela. Haren funtsa da hegaztiak behatzea, bidaiariaren motibazio nagusi gisa, eta geografikoki oso lokalizatuta dauden merkatu-segmentu batzuei zuzenduta dago (Erresuma Batua, Holanda, Extremadura eta Andaluzia); izan ere, populazio-segmentu horiek elkartetan antolatuta dago. Produktu turistiko hori zabaltzera emateko bi euskarri erabili dira: webgune bat eta berariazko argitalpen batzuk; webgunea, berriz, zeina ekimen turistikoaren komunikazio orokorrerako euskarria baita, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez, ingelesez, holandesez eta alemanez eskaintzen da. Txostenetan esaten da webgune osoa euskarara itzulita dagoela.

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

    Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 42.3 artikuluak dio Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuak gaztelaniaz eta euskaraz egonen direla eta bi hizkuntzen argitalpenak bereizirik egonen direla, herritar bakoitzak egokien jotzen duena erabil dezan.

  2. Aipatu lege aginduen arabera, esan beharrik ez dago euskara Foru Komunitatearen hizkuntza berekia dela, eta Nafarroako lurraldearen zati batean ofiziala dela. Gogoeta horretatik ondorioztatzen dira Nafarroako herritarrek hura ezagutzeko eta erabiltzeko eskubide orokorrak, eta, koerlatiboki, botere publikoentzako betebehar batzuk; izan ere, botere publikoek eskubide hori babestu eta bermatu beharra daukate, euskararen berreskurapena eta garapena babestu behar dute eta haren erabilera Nafarroan sustatu behar dute; hau da, ez Nafarroako zati batean, baizik eta foru lurralde osoan.
  3. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren txostenak adierazten du BIRDING NAVARRA-OBSERVAR AVES EN NAVARRA webgunea ekimen turistikoaren komunikazio orokorrerako euskarria dela. Horrenbestez, kolektibo batzuengan edo merkatuko atal batzuengan pentsatuta diseinatuta dagoela alde batera utzita, Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren herritar guztiei zuzentzen eta eskaintzen zaio, eta herritar horien barruan dauden eskualde euskaldunean eta eskualde mistoan bizi direnak.

    Departamentuaren txostenetan baieztatzen da webgune osoa euskarara itzulita dagoela. Baina hori ez da zehazki horrela. Egia da orrialde nagusiak euskarara itzulita daudela, baina ez da gauza bera gertatzen orrialde horien edukietara sartu nahi denean. Orduan atzeman daiteke euskarazko itzulpena ez dela osoa, partziala baizik, edukietako batzuk euskarara itzulita egon arren beste batzuk ez daudelako itzulita.

    Horrenbestez, ulertu behar da BIRDING NAVARRA-OBSERVAR AVES EN NAVARRA webgunearen euskarazko itzulpena partziala dela eta ez datorrela bat ez euskararen erabilera arautzen duen abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko, ez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko aurreikuspen eta xedapenekin.

    Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari gomendatzea BIRDING NAVARRA-OBSERVAR AVES EN NAVARRA webgune osoa euskarara itzul dezan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari aipatu departamentuari gomendio hori onartu duen eta hura dela-eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia