Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con el requisito de titulación exigido para el puesto de trabajo de Cuidador, por falta de cualificación profesional
Exp: 10/145/F
Nº: 113
Funtzio Publikoa
2010eko otsailaren 22an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile izateko 38 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari buruz.
Azaltzen zuenez, Hezkuntza Departamentuan ari da lanean, D mailako zaintzaile lanpostu batean hain zuzen ere. Haren esanetan, bete beharreko eginkizunak ikusita eta kontuan hartuta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 72. artikuluak xedatutakoa –hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak artatze aldera Administrazio Publikoak profesional kualifikatuak jarri beharra ezartzen du artikulu horrek–, goi mailako gizarteratze-teknikari titulua edo horren baliokidea eskatu beharko litzateke lanpostuan aritzeko. Bere eskakizunari indarra emate aldera, Euskal Autonomia Erkidegoa aipatzen zuen, eta “Hezkuntza-laguntzako espezialista” lanpostu baterako deialdia eransten zion idazkiari.
Zioenez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 14ko 145/2009 Ebazpenaren bidez onetsi zen oposizioari buruzko deialdian ez da berariazko titulaziorik eskatzen zaintzaile lanpostuan aritzeko, aski da eskola-graduatua (lanpostua D mailakoa da).
Kexa-egilearen ustez, oposizioa abiatu gabe zegoenez, jarduketak eten beharko lirateke, harik eta auzia ebatzi arte.
2010eko apirilaren 21ean, Departamentuaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:
“Nafarroako Arartekoak, 2010eko martxoaren 4ko idazkiaren bidez, zaintzaile lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia dela-eta [?] jaunak erakunde horretan aurkeztutako kexari buruzko txostena egiteko eskatu zuen.
Interesdunaren desadostasunaren oinarrian dago haren ustez goi mailako gizarteratze-teknikari titulua exijitu beharko litzatekeela lanpostu horietan aritzeko, eta lanpostua C mailakoa izan beharko litzatekeela.
Kexaren xede den gaiari buruz ondokoa adierazi beharra dago:
Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuak osatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen araubide juridikoari eta ordainsari-araubideari buruzko araudi indarduna.
Estatutuaren testu bategina, egun indarrean dena, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Nafarroako Foru Komunitateak bere zerbitzuko langile funtzionarioen arloko eskumen osoa bereganatu izanetik heldu da lege-testu hori –hasiera batean 1983an onetsi zen– eta hura garatzeko araudia. Eskumen hori, izan ere, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 49. artikuluan dago jasota.
Langileen Estatutuko 12. artikuluak arautzen du funtzionarioak bost mailatan banatzen direla, lanpostua hartzeko eta betetzen dituzten eginkizunak betetzeko eskatzen den titulazioarekin bat.
Lege-testu horretako 19. artikuluak ezartzen duenez, berriz, Nafarroako Administrazio Publikoek beren plantilla organikoak onetsi beharko dituzte eta, haietan, behar bezala sailkatuta aipatuko dira lanpostuak, eta zer mailatakoak diren adieraziko da besteak beste, bai eta, kasua bada, lanpostu horietan aritzeko frogatu beharreko baldintza berariazkoak ere.
Lanpostu batean sartzeko berariazko titulazio bat exijitzeak berekin dakar muga garrantzitsu bat jartzea herritarrak funtzio publikoan sartzeari dagokionez; hortaz, berariazko titulazioa soilik eskatu behar da baldin eta deialdia egiten duen organoak uste badu titulazio hori beharrezkoa dela lanpostu horretako eginkizunak betetzeko.
Titulazio baten curriculuma lanpostu jakin bateko eginkizunekin lotuta egotea ez da nahikoa lanpostu horretan sartzeko titulazio hori exiji dadin. Kasu honetan, lanpostua plantilla organikoan zein mailatakoa den, maila horretako titulazio generikora mugatu behar du deialdiak titulazioaren eskakizuna, eta oposizioko probek erabakiko dute zein diren deialdiko lanpostuetan aritzeko merezimendu eta gaitasun gehien duten izangaiak.
Zaintzaile lanpostuari dagokionez, kontuan hartu beharra dago orobat lanpostu hori Hezkuntza Departamentuan (hezkuntza arloan) nahiz Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan (laguntza arloan) ageri dela plantilla organikoan, eta hortik heldu da lanpostu horrek eginkizun ugari izatea.
2010eko ekainaren 9an, aurreko txostena osatzeko beste txosten bat jaso genuen, erakunde honek informazioa eskatu baitzuen Foru Komunitateko Administrazioak zaintzaile lanpostuari esleitzen dizkion eginkizunei buruz.
Txosten horretan adierazten denez, ez dago lanpostu horren eginkizunak ezartzen dituen inolako araudirik.
Halere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, plantilla organikoan zaintzaile lanpostua duten bi departamentuei informazioa eskatu ondotik, eginkizun horiei buruzko dokumentazioa igorri du (Hezkuntza Departamentuko zerbitzu teknikoek prestatutako jarraibideak eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari atxikitako “San José” zentroko Barne Araudia).
Auzi horri dagokionez, ordenamendu juridikoak jarduteko tarte handia ematen die administrazio publikoei, bere administrazio-egiturak antolatzeko eta taxutzeko eta, zehazki, egitura horietako lanpostuetan aritzeko baldintzak ezartzeko. Halatan, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro esan izan du “administrazio publikoek jarduteko tarte handia dutela bere egiturak sendotu, aldatu edo osatzeko eta bere zerbitzuko langileen estatusa antolaketaren aldetik taxutu edo zehazteko” (Konstituzio Auzitegiaren epaiak, 57/1990, 293/1993 eta 9/1995).
Orobat adierazi beharra dago ezen, ulergarria bada ere administrazio publikoen artean lanpostuei eta horietan aritzeko baldintzei buruzko konparazioak egitea, arlo horretan egon litezkeen ezberdintasunak ez direla zuzenbidearen aurkakoak. Konstituzio Auzitegiak berak epai horietan beretan adierazten duenez, “Konstituzioaren arabera posible da antzeko egoeren gaineko arauak ezberdinak izatea administrazio publiko batean edo bestean; izan ere, Estatua osatzen duten lurralde enteen autonomia Konstituzioan dago onarturik, eta horren ondorioz entitateek beren administrazio publikoa dute eta horrekin batera auto-antolaketarako behar dituzten eskumenak ere”.
Kasu honetako lanpostuari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko plantilla organikoak D mailan sartzen du, bai, lanpostu hori, eta kexaren xede den deialdiak, erabaki horretatik abiatuta, ez du berariazko titulaziorik exijitzen; halatan, plantillan ezarritako mailari dagokion titulazioa duten pertsona guztiei ematen die lanpostu horretan aritzeko aukera).
Lanpostu horri buruz egindako hautua –D mailakoa izatea eta Lanbide Heziketako berariazko titulaziorik ez eskatzea, alegia– ez da, ez, zuzenbidean egin litekeen hautu bakarra, baina ezin da ondorioztatu antijuridikoa denik eta eskubide konstituzionalen kalterakoa denik, eta horiek dira Arartekoak begiratu beharrekoak.
Hortaz, erakunde honen ustez, kexaren xede den deialdia ez da, aztertutako alderdiari dagokionez, antijuridikoa, eta ez dugu uste gora jotzeko errekurtso bat jartzeak prozedura etetea ekarriko zuenik ere. Azken asmo hori dela-eta adierazi beharra dago Administrazio Zuzenbideko arau orokorra dela egintzen eragingarritasuna berehalakoa izatea, halako moduz non horien aurkako errekurtsoak jartzeak ez duen berez ekartzen horiek etetea. Halatan, ezin da esan deialdiak bere ohiko bidea jarraitu izanak ordenamendu juridikoak aitortzen dituen eskubideak urratzen dituenik.
Hori esanda, orobat adierazi behar dugu lanpostuan aritzeko exijitu beharreko prestakuntzari buruzko erabaki zehatza hartu aurretik lanpostuaren eginkizunen azterketa bat egin behar dela, eta kontuan hartu behar dela eman beharreko zerbitzu publikoari buruzko legedian xedatutakoa.
Halatan, egia da Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak berariazko aurreikuspen bat egiten duela hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin lan egin behar duten langileen kualifikazioari buruz. Zehazki, 72.1 artikuluak xedatzen du hezkuntza-administrazioek espezialitateetako irakasleak, profesional kualifikatuak eta ikasleei arreta egokia emateko beharrezkoak diren baliabideak eta materialak jarriko dituztela.
Horren antzeko aurreikuspena aurki daiteke Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko Legean ere (arau horrek berariaz ukitzen ditu Nafarroako Menpekotasunaren Agentziak emandako zerbitzuak, eta horren plantillan ere badira zaintzaile lanpostuak). Lege-arau horretako 36. artikuluan profesionalen eta zaintzaileen prestakuntza eta kualifikazioa jasotzen dira. Manu horretan ezartzen da mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten zaintzaileen eta profesionalen oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza etengabeari aurre egin beharra, eta hartara xedatzen du botere publikoek zehaztuko dutela zein diren kualifikazio profesional egokienak 15. artikuluan ezarritako zerbitzuen katalogoarekin bat datozen eginkizunak betetzeko (zerbitzu horien artean daude zahar-etxeetan nahiz mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako bestelako zentroetan emandakoak).
Agerikoa da lege-aurreikuspen horiek ez daudela bideratuta soilik administrazio publikoek bere langileen bidez emandako zerbitzuen esparrura, eta, jakina, ez dute aldez aurretik ezartzen zein izan behar duen horien plantilla organikoen taxuketa zehatza edo zerbitzu horiek emateko dauden lanpostuetan aritzeko exiji daitekeen prestakuntza.
Gure ustez, ordea, lege-aurreikuspen horien atzean badago egiaztapen bat, ondokoa hain zuzen ere: pertsona horiek ezaugarri bereziak dituztenez eta behar duten laguntza berezia denez (zaharrak edo mendekotasun egoeran dauden ezgaituak dira, hezkuntza-premia bereziak dituzten adingabeak...), horiekin lan egiten dutenek behar bezalako kualifikazioa behar dute. Eta ezin da ahantzi, ez, lege-aurreikuspen horien azpian –batez ere aipatutako bigarren legearen azpian– badela, gisa horretako zerbitzuei buruzko ikuskeraren garapenarekin batera garatua, esparru horretan lan egiten dutenen prestakuntza areagotzea sustatzeko helburua.
Hori horrela, erakunde honen ustez, komeni da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, funtzio publikoaren alorreko eskumena harena izaki, zaintzaile lanpostuaren eginkizunei buruzko azterlan bat egin dezan, ezartze aldera ea lanpostu horretan aritzeko gaur egun egokitzat jotzen den prestakuntza baino prestakuntza berariazkoagoa exiji daitekeen (gaur egun aski da eskola-graduatua izatea), horrek ezertarako ere baldintzatu gabe lanpostua zein mailatan kokatu behar den.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan bada beste lanpostu bat –“zaintzaile gerontologikoa”, pertsona zaharrei laguntza emateko–, eta haren eginkizunak eta zaintzaile lanpostuarenak oso antzekoak dira (ezgaitasuna duten pertsonei eta hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei laguntzea); izan ere, bai kasu batean bai bestean, bere egoerarengatik arreta berezia behar duten pertsonei ematen zaie zerbitzua eta laguntza, baina lehenengo kasuan baino ez da eskatzen berariazko prestakuntza: Lanbide Heziketako Erizaintzako Zainketa Lagungarrien teknikari titulua, Osasunaren lanbide arlokoa, Laguntza Soziosanitarioko teknikari titulua, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen lanbide arlokoa, edo titulu baliokide bat, Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 3ko 152/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiarekin bat.
Egiaz, ez du ematen zaharrei laguntzeko behar den prestakuntza baino berariazko prestakuntza txikiagoa behar denik ezgaituei edo hezkuntza-premia bereziak dituzten adingabeei laguntzeko, nahiz eta lanpostu baten eta bestearen eginkizunen artean berezitasunen bat egon, zein bere aldetik hartzea edo, are, bakoitzean titulazio bat exijitzea justifikatzen duenik.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzea zaintzaile lanpostuaren eginkizunei buruzko azterlan bat egin dezan, ezartze aldera ea lanpostu horretan aritzeko gaur egun egokitzat jotzen den prestakuntza baino prestakuntza berariazkoagoa exiji daitekeen hemendik aurrera egiten diren deialdietan.
Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia