Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Queja por la negativa del servicio social de base a dar acceso a un expediente de menores y por no resolver el Ayuntamiento en plazo
Exp: 09/68/B
Nº: 62
Gizarte ongizatea
2009ko urtarrilaren 28an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Eguesibarko Udalaren jardunaren kontra.
Idazki horretan azaltzen du 2008ko uztailaren 17an Eguesibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak espediente bat hasi zuela, haren seme-alabak ustez arrisku egoeran zeudela eta.
Jardun horren berri izatean, gurasoak Oinarrizko Gizarte Zerbitzura joan ziren. Han, espedientearen ardura zuen gizarte langilearekin hitz egin zuten, eta espedientearen kopia eskatu zioten. Alabaina, kexa-egileak adierazi du ez ziela gizarte langileak kopiarik eman nahi izan.
Hori ikusita, gurasoek idazki bana aurkeztu zuten Udalean (2008ko uztailaren 29an eta abuztuaren 25ean), espedientea eman ziezaiela eskatzeko.
Bost hilabete geroago, artean beren eskabidearen inguruko erantzun espresik jaso gabe zeudela, alkatearekin eta udal legelariarekin hitz egin zuten, eta, horren ostean, espedienteko zenbait dokumentu eman zizkieten. Alabaina, kexa-egileak adierazi du ez dietela utzi zenbait datu ikusten (zer gertaera salatu diren eta salaketa nork jarri duen), eta gizarte langileak adierazi diela ez dizkietela datu horiek emango.
[?] jaunak uste du espedientea eskuratzeko duen eskubidea urratzen ari direla eta Udalak ez duela bete aurkeztutako espedienteari erantzun espresa emateko duen betebeharra.
Kexa aztertuta, erakunde honek, zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Eguesibarko Udalari.
Eskatutako txostena erakunde honetan jaso dugu. Honakoa jasotzen da bertan:
" 1. Aipatutako eskabideari erantzunez, honako hau jakinarazten dugu:
1.3. 2009ko urtarrilaren 27an, goizean goiz, udaletxera etorri zen [?] jauna, eta lege aholkulariarekin hitz egin zuen. Hark adierazi zion aztertuko zuela espediente hori, 2008ko uztailaren 29an eta abuztuaren 25ean sartutako eskabide horien gainean ebazteko, eta goizeko azken orduan pasa zitekeela, haren eskabideen gaineko erantzuna zein zen jakiteko.
Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari espedientea eskatu zitzaion, eta hango dokumentazioa ikusirik, horren fotokopia egin zen. Fotokopia hori, zer dokumentu emango zitzaizkion adierazten zuen ofizio batekin batera, [?] jaunari emateko prestatu zen.
2009ko urtarrilaren 27an bertan, goizeko azken orduan, [?] jauna udaletxera itzuli zen, eta kopiaren edukia aztertu ostean, esan zuen ez zuela kopia hori eramango eta ez zuela sinatuko ezer jaso zuela adierazten zuen idazkirik ere, haren ustez kopia horretan ez baitzeuden berari interesatzen zitzaizkion datuak, hau da, salaketa-jartzailearen izena.
Espedientean zegoena eman zitzaiola azaldu bazitzaion ere, uko egin zion kopia eta haren gaineko ofizioa jasotzeari, eta alkatearekin hitz egin nahi zuela adierazi zuen. Alkatearekin zegoela, lege aholkularia ere bertan zelarik, [?] jaunak berriro adierazi zuen salaketa-jartzailearen izena jakin nahi zuela, datu hori ez zela agertzen eman zioten kopian eta osatu gabe zegoela. Alkateak eta udaleko lege aholkulariak jakinarazi zioten kopian agertzen zen hori besterik ez zegoela espedientean eta ezin ziotela eman espedientean agertzen ez zenik. Nolanahi ere, adierazi zioten ados ez bazegoen Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura jo zezakeela, hara bidali baitzuten gizarte langileak egindako txostenaren kopia. Hori horrela, [?] jauna ez zen batere konforme joan udaletxetik.
Salaketa-jartzailearen datuei dagokienez, alde batera utzita ez zirela espedientean agertzen, bi ohar hauek egin behar dira:
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 69.1. artikuluaren arabera, salaketa da administrazio prozedura ofizioz hasteko moduetako bat. Salaketatzat hauxe ulertu behar da: herritar batek administrazio organo eskudunari gertaera batzuen berri eman diela, hala badagokio prozedura bat ofizio has dezan, betiere salatutakoa egia dela frogatzen duen oinarri arrazional bat bada.
Horretarako, salaketa jaso duen organoak, espedienteari hasiera emateko erabakia hartu aurretik, aldez aurreko informaziorako izapideak agindu ditzake. Informazio horrexeri buruz ari da, oro har, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 69. artikulu horretako 2. idatz-zatia. Informazio horretatik sortuko da prozedura hastea aginduko duen administrazio egintzaren izapidea, edo salaketa artxibatzea aginduko duena, salatutakoak araurik hausten ez duela uste bada.
Hori esanda, kontuan hartuta salaketa herritar batek jarri duela prozedura jakin bat ofizioz has dadin, salaketa-jartzaileak berak ere ez du prozeduran eskubiderik. Beraz, ez zaio zertan entzunaldirik eman, ez zaio zertan onartu errekurtsoa jartzeko bidezkotasunik (ikus Auzitegi Gorenak 1992ko abenduaren 16an emandako epaia; Arz. 9692), eta salatuari ere ez zaio zertan adierazi salaketa-jartzailea nor den; izan ere, espedientea ofizioz hasi du Administrazioak, eta berdin dio gertaeraren berri nola jakin duen, identifikatutako zein identifikatu gabeko (salaketa anonimoa) herritar batek jarritako salaketaren bidez, udal zerbitzuek egindako ikuskatze lanaren bidez, edo nornahik zuzenean jakin duelako eta hala adierazi diolako, formalki edo modu ofiziosoan, bere eskumenak baliatuz bidezko jardunak egitera behartuta dagoenari (Udalari).
Egiaz, salatuak ez du beldurrik izan behar egoki jarduten badu, eta hala egiten ez badu, dagokionari erantzukizuna eskatuko zaio, Administrazioaren ikuskatze lanaren emaitza gisa. Onik ez litzaioke egingo herritarrek Administrazioari laguntzeko duten betebeharrari, baldin eta salatuari salaketa-jartzailea nor den adieraziko balitzaio.
Honekin batera bidali dizugu, jakinaren gainean egon zaitezen, espedientearen kopia emateko egin genuen eta [?] jaunak jaso eta sinatu nahi izan ez zuen ofizioaren kopia.
Lehenik eta behin, honako hau aztertu behar da: Eguesibarko Udalak bere betebeharra bete ote zuen edo ez, kexaren egileak espedientea eskuratzeko egin zion eskabidearen inguruan erantzun espresa emanda eta hartutako erabakia jakinarazita.
Horri dagokionez, adierazi behar da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen diela administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori, gainera, aplikatzekoa den araudiak gehienez emandako epeetan bete den aztertu behar da (aurreikuspen zehatzagorik ezean, hiru hilabeteko epea dago, adierazitako legeko 42.3. artikuluak xedatzen duenaren arabera).
Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Ondorioz, [?] jaunak 2008ko uztailaren 29an espedientea eskuratzeko eskabidea aurkeztu zuelarik, interesdunak eskubidea zuen horri buruzko ebazpena epe barruan eman eta jakinarazi ziezaioten. Eskubide horrek, eta horren ondorioz Administrazioak duen betebeharrak, ez dauka zerikusirik ebazpenaren edukiarekin, hau da, sortutako auziaren funtsarekin.
Espedientetik ondorioztatzen denez, Eguesibarko Udalak ez zuen bete prozedura epe barruan izapidetzeko eta ebazteko duen betebeharra, eta interesdunak itxaron egin behar izan zuen, bistan denez, zuzenbidearen aurka. Alde horretatik, 2009ko urtarrilera arte ez zaio erantzun kexa-egilearen eskaerari, orduan jarri baita espedientea haren eskuetan. Erantzuna, bistan denez, berandu etorri da. Eta, gainera, gure iritziz, eztabaida piztu zuen funtsaren gaineko erantzun espresa eman behar zuen, hau da, [?] jaunak bere seme-alaben ustezko babesgabetasuna nork salatu zuen jakin nahi zuela-eta sortu zen eztabaidaren gainekoa; izan ere, eztabaida hori, Administrazioak bidali digun txostenetik ondorioztatzen denez, jadanik sortu zen kexaren egilearen eta udal zerbitzuen artean izandako harremanetan, bai eta 2008ko abuztuaren 25ean aurkeztutako idazkian ere. Hala, bada, kontu honi dagokionez, adierazi behar dugu herritarraren kexak baduela funtsik, eta urratu egin zaiola espedientea eskuratzeko eta salaketa nork jarri duen jakiteko eskabideari buruzko erantzun espresa garaiz eta forman jasotzeko duen eskubidea, haren asmoa baietsi edo ezetsi behar ote zen alde batera utzita.
Aurrekoa gorabehera, gure iritzia eman behar dugu eztabaida piztu duen funtsaren inguruan, hau da, esana dugun bezala, [?] jaunak salaketa nork jarri zuen jakin nahi zuela-eta piztu den eztabaidaren inguruan. Kontu honi zer irizten diogun zehaztu aurretik, adierazi behar dugu Eguesibarko Udalak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez egindako jarduketarekin —bi adingabe arriskuan ote zeuden ikertu zuen—, haurrendako eta nerabeendako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean jasotako aginduak bete zituela. Administrazio publikoek ikerketak egin ditzaten exijitzen du legeak, adingabeak babesik gabe ote dauden erabakitzeko. Ikertzeko ahalmena ofizioz erabil daiteke, baina horrela egiten diren funtzio gehienekin gertatzen den bezala, jardun publikoa herritarren abisu batek susta dezake, administrazio organoari esku hartzeko modukoak diren gertaera batzuen berri eman bazaio.
Alde horretatik, orain aztergai duguna kontuan hartuz, ikusten dugu abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 4.3. artikuluak behartu egiten dituela pertsona eta agintari guztiak, eta bereziki lanbidez adingabeekin jarduten dutenak, agintaritza eskudunak edo eragile hurbilenekoak jakinaren gainean jartzera, baldin eta adingabe bat arriskuan edo ustez babesik gabe dagoela antzemanez gero, neurririk egokienak har daitezen. GFuntzio publikoa baliatuz herritarren laguntzeko printzipioa modu espezifikoan gauzatzea dakar aurreikuspen horrek, eta horrexekin lotuta dago Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ahoz jaso zuen eta ikerketa abiarazi zuen adierazpena. Jakina, egia da salatuari salaketa nork jarri zuen esatea, salaketa-jartzaileak halakorik nahi ez izateaz gain (intimitaterako eta bere datu pertsonalak babesteko eskubidea aldarrikatuko du, bai eta bere datuak isilpean gordetzeko betebehar ondoriozkoa ere), eragozgarri eta kaltegarri gerta daitekeela legegilearen asmoa betetzeko, zeina ez baita herritarren laguntza sustatzea besterik. Bestalde, ulertzen dugu salatuak salaketa nork jarri duen jakin nahi izatea. Asmo hori espedientea eskuratzeko eskubidea baliatuz gauzatzen da, eta, zenbait kasutan, defentsarako eskubideari eragin diezaioke.
Gatazka hala agertuta, ikusten dugu horren gainean ez dutela esanbidez ebazten ez alorretako legeriak eta ez administrazio prozedura erkidegoari buruzkoak. Ez dago onartua, funts propioz, salatuak salaketa nork jarri zuen jakiteko eskubidea. Gure iritziz, ez da espedientea eskuratzeko eskubidearen halabeharrezko eskakizuna ere. Izan ere, ez da ahaztu behar azken hori muga daitekeela interes publikoko arrazoiengatik edo hirugarren batzuen interesengatik.
Batzuen eta besteen eskubide eta interesak elkarren aurkako izan daitezkeen kasurik gehienetan gertatzen den bezala, inguruabarra haztatu behar da, eta arrazoizko konponbide bat eman, haztatze hori egin ondoren. Alde horretatik, hauxe da salatuari salaketa nork jarri zuen adierazi behar zaion edo ez erabakitzeko gakoa: datu hori jakiteak zer ondorio izanen dituen bideratzen den administrazio prozeduran, haren eskubide eta interesak aldezteko aukerei dagokienez.
Auzitegi Gorenak, 2000ko urriaren 9ko epaian, zerga arloari buruz ari bada ere, adierazten du araudiak “saihestu egiten duela salatuak salaketa nork jarri duen jakiteko eskubidearen gaineko aipamen oro”. Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki hori berresten du 2002ko urtarrilaren 17an emandako epaian, eta hauxe adierazten du: “Salatua babesik gabe uzteko debekuaren baieztapen gisa, haren eskubidea ager daiteke, eta zenbait kasutan salaketa nork jarri duen jakinaraztea exiji dakioke Administrazioari, bestela babesik gabe utz bailiteke salatua, gertaerak indargabetzeko baliabide egokirik ezin erabiltzeagatik”.
Adierazi dugun bezala, erabaki horiek ez dira espezifikoki ari orain aztergai dugun auziari buruz, baina horien azpian dauden bi ondorioak (salaketa nork jarri duen jakiteko eskubidea berariaz onartuta ez egotea eta datu hori Administrazioaren ekintzaren aurrean defendatzeko eskubideari eragiten dionean soilik eman ahal izatea) aplika daitezke, eta ahal dela zuhurrago, adingabeen babesaren arloan ere.
Hemen aztergai dugun kasuan, jakinarazi digutenez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, ofizioz, ahozko adierazpen baten ondorioz, ikertzeko duen ahalmena baliatu zuen. Udalak adierazi du kexa-egilearen eskura jarri duela espedientea, eta kexa-egileak erreklamatutako informazioa ez zela espediente horren parte, kontuan hartuta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari nola eman zitzaion gertaeraren berri. Bestalde, guk dugun informazioaren arabera,
Administrazioak, kexa jarri duenari dagokionez, zenbait ikerketa izapide besterik ez du egin, eta horiek, berez, ez diote eragiten adingabeen estatusari (gisa honetako ikerketak behin-behineko prozedura baten aurreko jardunen zati dira, eta, behin eta berriz emandako jurisprudentziaren arabera, fase honetan, administrazio egintza baten tresna eta prestakuntza gisa balio baitu, ez zaio erasan herritarren eremu juridikoari.
Azken batean, Administrazioak adierazi duelarik jadanik jarria duela espediente osoaren kopia kexa-egilearen eskura, ez dugu uste funts propioko eskubiderik badenik ere salaketa nork jarri duen jakiteko, ez dugu ulertzen beste eskubide batzuei ezinbestean lotutako eskakizun bat denik, eta ez zaigu iruditzen, kasuaren inguruabarra kontuan hartuta, datu hori jakitea exijitzeko modukoa denik kasu konkretu honetan.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Eguesibarko Udalari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen 30/1992 Legeko 42. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikulua betetzea, herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta forman ebatzita.
Nolanahi ere, piztutako auziaren funtsari dagokionez, ulertzea aipatutako Udalak ez dituela urratu kexa-egilearen konstituzio eskubideak, ezin baitu pentsatu hark eskubiderik duenik Oinarriko Gizarte Zerbitzuari ikerketaren xede diren gertaerak nork jakinarazi dizkion jakiteko.
Bi hilabeteko epea ematea Eguesibarko Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia