Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Incumplimiento de las condiciones básicas de accesibilidad y no discriminación de personas con discapacidad
Exp: 09/176/B
Nº: 106
Gizarte ongizatea
1. Aurtengo martxoaren 6an, Iruñeko Zabalguneko Auzo Elkarteko [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, oinezkoek Iruñeko kaleak zeharkatzeko duten denbora eskasa dela eta.
Azaltzen zuen elkarte horrek txosten bat aurkeztu zuela Iruñeko Udaleko Mugikortasunaren Alorrean. Haren bidez, Nafarroako Behereko etorbidea – Oliveto kontea – Armada etorbidea – Pio XII.a etorbidea ardatza aztertu eta honako ondorioa ateratzen zen: aztertutako oinezkoen 30 pasabideetatik 20k ez dute betetzen Oztopo fisikoei eta zentzumenekoei buruzko ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua –zeinak 4/1988 Foru Legea garatu baitzuen–, ezin direlako zeharkatu segundoko 0,7 metroko abiaduran.
Bestalde, gehitzen zuen ezgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasuneko eta bazterketa-ezeko oinarrizko baldintzak ezarri zituen apirilaren 20ko 505/2007 Errege Dekretuak, 13.4 artikuluan, ezartzen duela semaforoak zeharkatzeko denbora behar adinakoa izanen dela mugikortasuna murriztua duten pertsonek haiek guztiz zeharkatu ahal izateko.
Udal ordezkariekin izandako hartu-emanetan, elkarteko kideei adierazi izan zaie udalak ez duela erregelamendua interpretatzen elkarteak interpretatzen duen modu berean. Aldea da Iruñean ez dagoela definituta zein diren oinezkoen ibilbide intentsiboak edo ertainak, eta, horrenbestez, ezin dela segundoko 0,7 m-ko abiadura aplikatu oinezkoentzako iraganbide horietan, formalki ez daudelako halakotzat harturik. Hala eta guztiz ere, erregelamenduak berak, 4. artikuluan, ezartzen du ibilbide ertainak eta ibilbide intentsiboak hirigintza-planeamenduan definitu eta identifikatu behar direla. Gainera, ibilbide intentsibotzat sailkatu beharko liratekeen eremuak dira, zeren eta oinezkoen araubidearen komunikazioetako egitura nagusia baitira, hain zuzen erregelamenduak adierazten duen moduan.
Adierazten du, gaur arte ez zaiola justifikazio teknikorik eman denbora hori luzatzea eragozten duenik. Eransten du bere helburua ez dela autoei pasatzeko denbora kentzea, baizik eta, proportzioari eutsita, oinezkoentzako denbora handitzea, 10 segundotan handitu ere kasurik okerrenetan. Horrela, gurpildun aulkietan mugitzen diren pertsonak ez ezik, itsuek, adineko pertsonek, haurrek, aulkitxoak daramatzaten amek, erosketa-gurdiak daramatzaten gurasoek eta abarrek ere onura aterako lukete.
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.
Maiatzaren 12an, Mugikortasunaren Alorreko zuzendariak idatzitako txosten bat sartu zen gure erakundean. Honakoa jasotzen zuen:
“Oztopo fisikoei eta zentzumen oztopoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea garatzeko eta aplikatzeko erregelamendua onetsi zuen ekinaren 29kko 154/1989 Foru Dekretuak, 1. eta 2. kapituluetan, bere “Xedea” eta “Aplikazio esparrua” ezartzen ditu. Horren arabera, jo beharra dago aipatu erregelamendutik heldu diren arau teknikoak obra berrietan eta eraikinak handitu, konpondu, egokitu, hobetu eta erabileraz aldatzeko lanetan aplikatu behar direla. Horri dagokionez, hiri finkatuak eraikuntza-ezaugarri batzuk badauzka, eta ezaugarri horiek, batzuetan, aldatzen zailak dira, eta beste batzuetan, arrazoi ekonomikoengatik, interes sozialeko arrazoiengatik edo arrazoi kultural edo historikoengatik, besteak beste, ez da gomendagarria haiek egokitzea. Egokitze hori, bestalde, denborari dagokionez, ez dago finkaturik. Azken alderdi hori Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko 4/1988 Foru Legean bertan dago aurreikusita. Hala eta guztiz ere, idazkian aipaturiko erregelamendua aintzat hartzen da, eta, gainera, haren aplikazio esparruaren arabera ukituta dauden jarduera guztietan bete beharrekoa da.
Udalak ongi daki zeinen garrantzitsua den erregelamendu hori, eta horregatik obra ugari egin ditu irisgarritasuna dela-eta, ezgaitasunen bat duten pertsonak ez daitezen baztertuak izan eremu publikoetarako sarbideetan eta erabileretan. Horri dagokionez, eta bakarren bat aipatzearren, honakoak adierazten dira:
Oinezkoen pasabideetan behar den abiadurari dagokionez, honakoa dio: “Bi dira oinezkoek galtzada zeharkatzeko behar duten denbora zenbatesteko aintzat hartu beharreko alderdiak. Bata martxaren abiadura bera da, eta bestea argi berdea agertzen denetik oinezkoek ibiltzen hasteko behar duten denbora. Horri buruz, honakoa esan beharra dago:
Behin oinezkoen pasabideei buruzko analisiaren txostena jaso ondoren, haren edukia aztertu eta erregulatzaileen programazio-datuekin egiaztatu zen. Halaber, 154/1989 Foru Dekretuaren betetze-maila aztertu zen. Halere, dekretu hori 1989koa da eta aipatutako semaforo-instalazioak, berriz, lehenagokoak dira.
Semaforodun pasabideak hiriaren komunikazio ardatz nagusietako batean kokatuta daude; izan ere, bertatik egunero 40.000 ibilgailu baino gehiago iragaten dira, eta haien artean garraio publikoko ibilgailuak.
Aztergai dugun zirkulazio-ardatzak, aztertutako 30 pasabideak dauzkan tartean, 22 bidegurutze semaforodun dauzka, eta 61 pasabidetan dute eragina. Instalazio horiek bide nagusiarekin lotuta daude, eta herritarren mugikortasun premia erregulatzen dute, bai oinezkoei dagokienez, bai motordun ibilgailuei dagokienez ere. Instalazio horiek herritarren premien arabera egokitu behar dira, eta horretarako haien arteko sinkronismo bat badago. Sinkronismo hori, betiere, aldakorra da eta egunean 11 aldiz aldatzera ere iristen da batzuetan (trafikoko plan aldakorrak). Hori dela eta, instalazio horiek 19 erregulatzaileri konektatuta daude eta erregulatzaileak, berriz, ordenagailu zentralari.
Erregulatzaileak denbora errealean konektatuta daude, eta beren instalazioak halako moduan sinkronizatzen dituzte non, bide nagusietarako, uhin berdeak ezartzen baitira; hau da, semaforoen arteko sinkronizazioa, hartatik doazen ibilgailuen fluxu egokia eta jarraitua lortzeko. Alderdi hori bide nagusiarekin konektatutako bideei ere aplika dakieke.
Aurretik azaldutako guztia gauzatzeko, aldien banaketa bat egiten da. Aldi horiek eragina dute bai oinezkoengan, bai ibilgailuengan ere. Kontuan hartu beharra dago pasabide jakin baten gainean jarduteak berarekin dakarrela sistema guztiak berriz programatu behar izatea, eta berriz programatze hori konplexua eta zaila izan daiteke, zeren eta banaketak egitean beste pasabide batzuk kontrako zentzuan aldatuko baitira. Aipatutako pasabide guzti-guztiak aztertzerakoan, atzeman daiteke mediana edo babeslekua dutela, eta arestian aipaturiko 154/1989 Foru Dekretuak haiek irlatxo izenaz aipatzen dituela. Irlatxo horiei esker, arrazoi fisikoengatik, gaixotasunarengatik edo adinarengatik mugikortasuna murriztua duten pertsonek, edo behin kalea zeharkatzeko aldia hasi eta ondoren pasatzen hasi diren pertsonek, aukera daukate iraganaldia bi alditan edo denboratan egiteko. Horrekin, izan ere, pasatzeko behar den abiadura segundoko 0,7 metro baino askoz beherago dago.
Hala eta guztiz ere, udal honek, helburu duenez denboren banaketan oreka egokia lortzea eta herritarrei konponbide egokia ematea, foru dekretuak adierazi bezala, segundoko 0,7 metroko gehienezko abiadura ezarri du semaforo-instalazioen kalkuluetarako.
2008an, semaforo-instalazioen mantentze-lanetarako kontrata aldatu zen, eta horrek berarekin ekarri du erregulatzaile guztiak aldatzea. Hitzez bilera batean baino gehiagotan jakinarazi zitzaien Zabalguneko Auzo Elkarteko kideei gertatzen ari ziren aldaketa teknologikoekin ezin zirela programazioak sakonki aztertu, eta behin aldaketa bukatu ondoren, hura hobetzeko modua aztertuko zela.
Azaldutako guztiaren ondoren, izenpetzen duenak agertzera eman nahi du gaiak arazo batzuk badakartzala, zeren eta konpromisoa baita puntu egoki bat bilatzea, non oinezkoen ibilbideak egoki egonen diren aztergai dugun bideko –eta, azken batean, hartara jotzen duten gainerako bideetako– trafikoaren fluxu egokia kaltetu gabe. “
1. Espainiako Konstituzioak 9.2 artikuluan jasotzen duenez, botere publikoen betebeharra da beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau sartzen den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen; horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan hiritar guztiek parte har dezaten erraztea. Testuinguru horretan, 49. artikuluaren arabera, botere publikoek aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze politika eginen dute gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoei dagokienez; beharrezkoa duten laguntza espezializatua emanen diete eta bereziki babestuko dituzte Konstituzioko I. Tituluak herritarrei ematen dizkien eskubideak gozatu ahal izan ditzaten.
Ezgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasuneko eta bazterketa-ezeko oinarrizko baldintzak ezarri zituen apirilaren 20ko 505/2007 Errege Dekretuak, 13. artikuluko 4. idatz-zatian, ezartzen du [?] semaforoak zeharkatzeko denbora behar adinakoa izanen dela mugikortasuna murriztua duten pertsonek haiek guztiz zeharkatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen da baldintza horiek nahitaez bete beharrekoak izanen direla 2010eko urtarrilaren 1etik eremu publiko urbanizatu berrietan, eta 2019tik, berriz, zentzuzko doikuntzak egin daitezkeen espazio publiko urbanizatuetan eta lehenagoko eraikinetan.
2. Bestalde, Nafarroan, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeari buruzkoak, helburu gisa du behar diren determinazioak ezartzea minusbaliotasun organiko edo noiznolako bat daukaten pertsonei erraztasunak emateko gizartearen ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko eta erabiltzeko, eta saihestea joan-etorri normalak eragozten edo zailtzen dituzten oztopo edo eragozpen fisiko edo zentzumenezkoak ager daitezen, bai eta daudenak ken daitezen sustatzea ere.
Legea garatzeko, ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua onetsi zen. Haren 6. artikuluko bosgarren idatz-zatian xedatzen da semaforoetako argia berde jartzen deneko tartea erregulatuko dela bidea segundoko 0,7 metroko abiaduran zeharkatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, 2. artikuluaren arabera, erregelamendu hori aplikatzekoa da eraikin berriak egin, edo handitu, eraberritu, egokitu, hobetu edo erabilera aldatzeko lanak diseinatu eta gauzatzeko, betiere jendeak erabili edo ibili beharreko eraikinak edo lokalak badira, bai titularitate edo jabari publikokoak, bai pribatukoak.
Aurreko arauetatik ondorioztatzen da oso garrantzitsua dela oztopo fisikoak deuseztatzeaz gainera, pertsona guztiek erabili eta ibiltzeko moduko inguruneak sortzea, halako moduan non bermatu eta aitortuko baita minusbaliotasuna duten pertsonek esparru guztietan aukera-berdintasunerako eskubidea dutela.
3. Iruñeko Udalak irisgarritasuna dela-eta obra batzuk egin ditu, ezgaitasunen bat duten pertsonek errazago izan dezaten eremu publikoetan sartzea eta haiek erabiltzea; obra horien artean daude espaloiak beheititzea, semaforo akustikoak jartzea, atzera kontua duten kontagailuak jartzea eta abar.
Oinezkoen pasabideetako pasatzeko denborari dagokionez, udalak igorritako txostenaren arabera, udalak, helburu duenez denboraren banaketan oreka egokia lortzea eta herritarrei konponbide egokia ematea, segundoko 0,7 metroko gehienezko abiadura ezarri du semaforo-instalazioen kalkuluetarako. Gehitzen du 2008an, semaforo-instalazioen mantentze-lanetarako kontrata aldatu zela, eta horrek berarekin ekarri duela erregulatzaile guztiak aldatzea. Behin aldaketa egin ondoren, haiek hobetzeko zer aukera dauden aztertuko da.
4. Hori dela eta, erakunde honek uste du askatasuna eta berdintasuna izateko, ezinbestekoa dela neurri orokorrak hartzea ezintasun edo urritasun fisikoren bat edo zentzumen urritasunen bat duten pertsonak integratu eta haien eskubideak berdintzeko; ildo horretan, herritar horien garapena eta parte-hartzea eragozten duten oztopo arkitektonikoak eta bestelakoak desagerrarazi behar dira.
Zabalguneko Auzo Elkarteak, 2008ko urtarrilaren 17an, oinezkoen pasabideei buruzko txosten luze bat aurkeztu zuen Iruñeko Udaleko Mugikortasunaren Alorrean. Txostena aurkeztu zuenetik urte eta erdi baino gehiago iragan denean, erakunde honen iritziz, Iruñeko Udalak ez du itxaron behar erregulatzaileak aldatzen bukatu arte semaforoetako instalazioetan egin litezkeen hobekuntzak aztertzeko; izan ere, gure ustez, ahal den bezain azkar behar diren lanak egin beharko ditu, zertarako eta oinezkoek pasabideetan behar adina denbora izan dezaten galtzada guztiz zeharkatzeko, ez soilik mugikortasuna murriztua duten pertsonen kasuan, baizik eta herritar guztien kasuan, askotan estu eta larri ibiltzen baitira oinezkoen pasabideetan, behar adina denbora ez edukitzeagatik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Iruñeko Udalari gomendatzea semaforoak programa daitezen halako moduan non oinezkoek kalea zeharkatzeko denbora nahikoa izanen baita mugikortasuna murriztua duten pertsonek kalea guztiz zeharkatu ahal izateko.
2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer neurri zehatz ezarri behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia