Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con la adjudicación de una vivienda protegida por no resultar adecuada a su discapacidad
Exp: 09/270/U
Nº: 105
Hirigintza eta etxebizitza
1. 2009ko martxoaren 26an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, bere ezgaitasunerako desegokia zen babes publikoko etxebizitza bat adjudikatzeagatik.
Azaltzen zuen 2006ko babes ofizialekok etxebizitzen kanpainan, mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonentzako % 3ko erreserbaren arabera, [?]-k sustatutako etxebizitza bat adjudikatu zitzaiola.
Kontratua sinatzerakoan, etxebizitzari buruzko gutxi gorabeherako plano bat eskuratu zioten, non egiaztatu baitzuen ezin izanen zituela komunak erabili. Sustatzaileari jakinarazi zion inguruabar hori.
2009ko urtarrilean, lehendabiziko aldiz bisitatu zuen etxebizitza, eta egiaztatu zuen ez zituela betetzen eguneroko bizimodua era autonomoan garatzeko behar ziren baldintzak. Hori zela eta, 2009ko otsailaren 5ean, sustatzailearen bulegoetan atzemandako gabeziak erregistratu zituen.
Bigarren bisitan, 2009ko apirilaren 7an, egiaztatu zuen akats batzuk zuzenduak zituztela, baina beste batzuk ez; esate baterako, ezin zen komunera, dutxara edo bainuontzira iritsi; korridoreak eta geletara sartzeko behar ziren bira-guneak ez ziren behar bezain zabalak maniobra zailak egin gabe bira eman ahal izateko; arrapala zuten ateetako aluminiozko markoak bi zentimetroko plegu bat zuen lurraren parean, eta horrek aulkiarekin iraultzeko edo gurpil bat zulatzeko arriskua zekarren.
Adierazten zuen Etxebizitza Departamentuak esan diola etxebizitza erosi egin behar duela, nahiz eta ezin izanen den dutxatu edo komuna erabili, eta gurpildun aulkiarekin iraultzeko arriskua badu ere: bestela, zehapen bat ezarriko omen diote kontratua ez betetzeagatik.
Harridura erakusten zuen etxebizitza batek irisgarritasunaren kalifikazioa edukitzearekin, horretarako baldintzarik bete gabe.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. 2009ko maiatzaren 19an, kontseilari jaunaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa dio, hitzez hitz:
[?] jaunari adjudikatutako etxebizitzaren proiektuan atzematen denaren arabera, etxebizitza horrek mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonentzako aginduzkoak diren diseinu-arauak betetzen ditu; hori dela eta, etxebizitza horrek aurrena babes ofizialeko etxebizitzaren behin-behineko kalifikazioa lortu zuen eta aurrerago behin betiko kalifikazioa.
Mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsonentzako etxebizitzei buruzko arauak orokorrak dira, eta halako minusbaliotasuna pairatzen duten pertsonen ohiko arazoak konpondu nahi dituzte. Hala eta guztiz ere, minusbaliotasunari berari dagokionez, era skotako muga fisikoak gertatu ahal dira, halako moduan non gerta baitaiteke pertsona ezgaitu batzuek bainugelen edo etxebizitzaren beraren diseinu jakin bat behar izatea, eta ezgaitasun-gradu bera duten beste pertsona batzuek, berriz, guztiz bestelako diseinua.
Egoera horrek berarekin dakar arauen bidez baldintza orokorrak jarri ahal izatea etxebizitzetarako, hain zuzen ere ezgaitu guztientzat egokiak izan daitezen, daukaten ezgaitasunaren arabera, nahiz eta guzti-guztiak ezin diren sartu beheko gorputz-adarretan mugimendu-arazoak dituztenen artean, % 40ko edo gehiagoko ezgaitasunarekin. Izan ere, minusbaliotasun bakoitzarekin loturiko ezaugarrietan aniztasun handia gertatzen baita.
[?] jaunaren inguruabar zehatzetarako egokia ez izatea tamalgarri zaigun arren, aipatu jaunari adjudikatutako etxebizitzak mugimendu-minusbaliotasun larria duten pertsonentzako erreserbaturiko etxebizitzek eduki beharreko diseinu-baldintzak betetzen ditu.
4. Kexa-egileari adjudikatutako Sarrigurengo [?] lursaileko etxebizitzari buruz Nafarroako Minusbaliatu Fisikoen Elkarteko Oztopoak Deuseztatzeko Aholkularitza Teknikoak eginiko txostenaren arabera, gabezia batzuk badaude, mugimendu-ezgaitasun larria duen [?] jaunari eragozten diotenak behar adinako autonomia izatea egoitza batzuetara sartu eta haiek erabili ahal izateko; esate baterako: dutxara sartzeko 12 zentimetroko maila bat gainditu beharra dago, eta hori ezinezkoa da gurpildun aulkia erabiltzen duen pertsona batentzat; bainu-ontzia erabiltzea ezinezkoa da gurpildun aulkia duen pertsona batentzat; tokirik ez dago gurpildun aulkia komuneraino eraman ahal izateko; konketak zeramikazko oina dauka; gainera, tokirik ez dago korridoreetan aulkiarekin bira emateko, armairuetan espazioak gaizki banatuta dago, eta zailtasunak daude gurpildun aulkian ibiltzeko.
1. Nafarroako etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 2ko 8/2004 Foru Legeko zioen azalpenean, honakoa dago jasota: “Foru lege honen helburu nagusia da etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala Nafarroan gauzatzea, Konstituzioaren 47. artikuluak jasotzen baitu eskubide hori”. Xede horretarako, Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko Foru Legeko 18.3.a) artikuluan, sustapeneko etxebizitzen % 3 gordetzen da mugimendu-ezgaitasun larria duten pertsona minusbaliatuei adjudikatzeko. Etxebizitza horien ezaugarri teknikoek, gutxienez ere, Etxebizitza gaietarako ekintza babesgarriak eta bizileku eraikinen sustapena arautzen duen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko dute.
2. Etxebizitzak pertsona ezgaituentzat gordetzea bazterketa positiboari buruzko politiken erakusgarri bat da, eta haren xedea da berdintasun erreal eta efektiboa bermatzea –ez berdintasun formal hutsa– konstituzio-eskubideak lortzeari eta haietaz gozatzeari dagokienez. Azken batean, funtsezko baldintza bat da ezgaitasuna duten herritarrek dauzkaten oinarrizko eskubideez baliatu ahal izateko.
3. Nabarmena den bezala, babes publikoko etxebizitzarako sarbidean minusbaliatu batentzako berdintasun erreal eta efektiboa ez da soilik bazterketa positiboaz onura izatea etxebizitza bat eskuratzeko (% 3ko erreserba). Izan ere, berdintasuna gertatuko da, funtsean, etxebizitza berariaz egokitzen zaionean hura duintasunez eta autonomiaz erabili ahal izateko.
4. Aztergai dugun kasuan, gogora dezagun adjudikazio-hartzaileak ezin dituela erabili komuneko sanitarioetako bakarra ere, eta gurpildun aulkiarekin nekez maniobra dezakeela etxebizitzako gainerako tokietan. Horrenbestez, urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuan ezarritako gutxieneko baldintzak ez betetzeaz gainera –esate baterako, konketan oina izatea–, kexa-egileari ez zaio bazterketa positiborik egin minusbaliatua izateagatik, etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko oinarrizko eskubideaz modu erreal eta efektiboan baliatzea eragotzi baitzaio.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez efektibo bihurtu behar duela kexa-egileak etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko berdintasun erreal eta efektiborako duen eskubidea.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak bultza ditzan adjudikatutako etxebizitza egokitzeko interesdunaren minusbaliotasunak eragindako premien eta eskatutako baldintzei, tokiaren arabera bidezkoa den guztian.
3. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
4. Kexa-egileari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia