Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Dilaciones inddeebidas en la autorización para la creación del Colegio Profesional de Técnicos de Radiología
Exp: 10/465/D
Nº: 112
Eskubideen Sustapena
2010eko ekainaren 7an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen [?] jaunak, Nafarroako Erradiologiako Teknikarien Elkartearen izenean, Nafarroako Erradiologiako Teknikarien Lanbide Elkargoa sortzean izandako atzerapen bidegabea dela eta.
Kexaren idazkian azaltzen zuenez, Nafarroako Erradiologiako Teknikarien Elkarteak 2006ko otsailaren 14an aurkeztu zuen lanbide elkargoa sortzeko behar zen dokumentazioa, legeak ezarritako baldintza guztiak beteta. Baina lau urte iragan ondoren ez da deus ere ebatzi, Departamentua bidegabeki ari delako prozesua luzatzen, ez baitu auzia konpondu nahi.
2010eko ekainaren 25ean, Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan, eta bertan honakoa azaltzen da:
“Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 21eko Erabakiaren bidez erabaki du ez baliatzea Diagnosirako Irudiko Goi Teknikarien Nafarroako Elkargo Ofiziala foru lege bidez sortzeko beharrezkoa den legegintzako ekimena –elkargoa sortzeko eskaria Nafarroako Erradiologiako Teknikarien “Anter” Elkarteak egin zuen–; erabakia hartzeko aintzat hartu da Osasun Departamentuaren eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txosten bana; txosten horietan elkargoa sortzearen aurka azaltzen dira, eta Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren babesean ondorioztatzen da ez dela betetzen osasun arloko lanbide bat, tituluduna eta arautua, izateko baldintza, eta elkargoa sortzea ez dagoela behar adina justifikatuta, ez baitago arestiko arrazoi horri indarra kentzeko moduko interes orokorreko arrazoi pisuzkorik.
Nafarroako Gobernuaren erabaki hori eskabidea egin duen elkarteari behar bezala jakinarazi zaio.”
Kexa-egileak salatzen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua gehiegi luzatzen ari dela, bere ustez, Erradiologiako Teknikarien Lanbide Elkargoa sortzeko eskabidea ebaztean.
Espedientean jasota ageri diren datuen arabera, eskabidea 2006ko otsailaren 14an aurkeztu zen, baina eskabidearen karietara irekitako prozedura ez da 2010eko ekainaren 21era arte ebatzi, hau da, lau urte eta lau hilabete igaro arte.
Erakunde honen iritziz, jarraitu den prozedura gehiegi luzatu da. Departamentuaren txostenaren arabera, modu arrazoitu batez ebatzi ahal izateko, ondoko bi txosten teknikoak eskatu eta egin ziren: Departamentuarena berarena bata eta Osasun Departamentuarena bestea. Hortaz, espedientea ez da izapidetzen korapilatsua izan. Bestalde, txostenean ez da justifikatzen gertatu den atzerapena, lau urtetik goitikoa; hortaz, ematen du atzerapen hori espedientean parte hartu duten administrazio unitate edo organoei egotzi behar zaiela.
Konstituzioko 103.1 artikuluaren arabera, administrazio publikoak jarduera-printzipio du eraginkortasuna, eta printzipio hori jaso eta positibizatu zen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3.2.a) artikuluan. Eraginkortasunaren printzipioa lotuta dago herritarrek administrazio egokirako duten eskubidearekin. Eskubide hori, hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan berariaz aitortuta dago, eta ezartzen du Administrazioari dagozkion prozedurak eta gaiak arrazoizko epe batean landu eta konpondu behar direla. Horregatik, hain zuzen ere, arau juridikoek zeharo galarazten dituzte Administrazio Publikoen jardunik eza nahiz luzamendu bidegabeak.
Azken finean, aplikatzekoa den ordenamendu juridiko-administratiboak Administrazio Publiko guztiei ezartzen die administrazio-prozedurak izapidetzeari zor zaizkion azkartasunez eta eraginkortasunez jardun beharra.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela administrazio espedienteak eraginkortasunez eta azkar izapidetzera.
Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia