Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 28ko 111/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 28

Función Pública

Gaia: Irregularidades en provisión de plaza de director del colegio de Puente La Reina

Exp: 10/351/E

: 111

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 4an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, Garesko Ikastetxe Publikoko zuzendaritza hautatzeko prozesuan izandako zenbait irregulartasunen berri ematen zuen. Prozesu hartan, kexa-egilea beste pertsona batekin lehiatu zen.

    Kexarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenen eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren 2010eko apirilaren 23ko txostenaren kopia aurkeztu zuen; txostenean, hautapen prozesu osoaren balorazioa egin ondotik adierazten zen prozesu osoa baliogabetzeko moduko irregulartasunak gertatu izanaren zantzuak egon zitezkeela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zitzaion 2010eko maiatzaren 6an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

    2010eko maiatzaren 26an, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen erakunde honetan. Haren edukia aldiro aipatuko dugu ebazpen honetan egiten den azterketan.

  3. Ondoren, 2010eko maiatzaren 31n, erakunde honek Hezkuntza Departamentuari eskatu zion hautapen prozesuaren espediente osoaren kopia igor zezan, Ebaluazio Batzordeko kideek izenpetutako agiri guztiekin batera.

    2010eko ekainaren 16an, Hezkuntza Departamentuaren idazkia jaso zen erakunde honetan, hautapen prozesuari buruz eskatutako dokumentazioaren kopiarekin batera.

AZTERKETA

  1. Hona, oro har, Garesko HLEIPko zuzendaria hautatu eta izendatzeko baliatutako prozesua:

    • Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 548/2009 Ebazpenaren bidez onetsi zen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketa arautzeko deialdia (horien artean, Garesko HLEIPkoa).
    • Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 81/2010 Ebazpenaren bidez onetsi zen Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda. Garesko HLEIPko zuzendaritzarako ondoko bi hautagaiak aurkeztu ziren, ebazpen horretako eranskinean ageri den legez: [?] andrea eta [?] andrea.
    • Abenduaren 1eko 548/2009 Ebazpeneko bosgarren oinarriarekin bat, Garesko HLEIPko zuzendariak Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendariari jakinarazi zizkion ikastetxeak Ebaluazio Batzordean zituen ordezkarien eta ordezkoen izenak, ebazpen horretan ezarritako prozedurari jarraikiz zozketa bidez hautatuak.
    • Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 103/2010 Ebazpenaren bidez izendatu ziren Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketen Ebaluazio Batzordeak, eta horien artean Garesko HLEIPko zuzendaria hautatzeko Ebaluazio Batzordea, ebazpenaren eranskinean ageri direnek osatua.
    • 2010eko martxoaren 10ean eratu zen Garesko HLEIPko zuzendaria hautatzeko Ebaluazio Batzordea. Jarraian, eratze-aktan ageri denez, bi hautagaiek aurkeztutako Zuzendaritza Proiektuak banatu zitzaizkien Ebaluazio Batzordeko kideei, eta erabaki zen 2010eko martxoaren 24an aurkeztu eta aldeztuko zituztela nork bere Zuzendaritza Proiektua.
    • 2010eko martxoaren 24an egin zen bi hautagaiek Zuzendaritza Proiektuak aldezteko eta horiek baloratzeko ekitaldia. Ebaluazio Batzordeak, sekretuan, ondoko puntuazioa eman zien izangaiei:
      • [?] andrea: 10, 10, 8, 6, 6 eta 5 puntu.
      • [?] andrea: 9, 8, 7, 2, 0 eta 0 puntu.
    • Ebaluazio Batzordeko lehendakariak, emaitzak ikusita, irregulartasunen bat egon zitekeela ikusi zuenez eta ekitaldiarekin jarraitu behar zuen ala ez erabakitzeko irizpiderik ez zuenez, ekitaldia eten zuen, harik eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak jarraibide zehatzak eman arte.
    • 2010eko martxoaren 25ean, Administrazioak Garesko HLEIPko zuzendaria hautatzeko Ebaluazio Batzordean zituen ordezkariek, [?] jaunak eta [?] andreak, idazki bat aurkeztu zioten Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari; idazkian, hautapen prozeduran izandako zalantzei buruz eta zuzendari lanposturako hautagaien balorazioa egitean gertatutako ustezko irregulartasunei buruz informatzen zuten, eta gertatutakoa aztertu eta eman beharreko jarraibideak emateko eskatzen zuten.
    • 2010eko martxoaren 26an, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak idatziz jakinarazi zien Administrazioak Ebaluazio Batzordean zituen ordezkariei berehala ekin behar zitzaiola prozedurari, Ebaluazio Batzordeko lehendakariaren erabakiz eten zen puntuan berrekin ere. Ebaluazio Batzordeko kide guztiek sinatu zuten abstentzioa eragin dezakeen kausarik ez dutela deklaratzeko agiria.
    • Jarraian, Ebaluazio Batzordeko lehendakariak batzordeko kideei dei egin zien, hautapen prozesua burutzeko xedez. Bilera 2010eko martxoaren 29an egin zen. Ebaluazio Batzordeko kide guztiek sinatutako bileraren aktan, hautatutako izangaiaren aldeko proposamena ageri da: [?] andrea. Aktan orobat ageri dira bi izangaiek lortutako puntuazioak. Hona:

    Izangaiak

    Puntuazioa

    I. atala

    Merezimenduak

    Puntuazioa

    II. atala

    Zuzendaritza Proiektua

    Puntuazioa, guztira

    Gai/Ez gai

    [?]

    4,55

    7,5

    12,05

    GAI

    [?]

    9,38

    4,25

    13,63

    EZ GAI

    • Abenduaren 1eko 548/2009 Ebazpeneko 7.3 oinarriarekin bat, [?] andrea hautapen prozesutik bazterturik gelditu zen; izan ere, oinarri horrek ezartzen duenez, Zuzendaritza Proiektuaren balorazioan –baremoko II. atala– bostera iristen ez diren izangaiek ez gai kalifikazioa jasoko dute.
    • 2010eko martxoaren 29an, [?] andreak Ebaluazio Batzordeko hiru kide –[?] andrea, [?] andrea eta [?] jauna– errekusatzeko idazkia aurkeztu zuen, haren aurkako ezinikusia agerikoa zela alegatuta. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak interesdunei helarazi zien idazki hori. Idazkia ikusita, errekusatutako kideek agiri bana sinatu zuten, [?] andreak errekusazioan zerabiltzan arrazoiak ukatuz.
    • Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 148/2010 Ebazpenean –haren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendari lanpostuak betetze aldera hautatutako izangaien zerrenda eman zen argitara–, [?] andrea ageri da Garesko HLEIPrako hautatua.
    • Azkenik, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 198/2010 Ebazpenaren bidez ezetsi egin zen [?] aurkeztutako errekusazio eskaria, haren idazkian azaldutakoa ez frogatzeagatik.
  2. Hautapen prozesuan zehar gertatutako guztitik ondoko gertakariak eta jokabideak nabarmendu beharra dago, kexaren xedea aztertzearen, hau da, kexa-egileak azaldutako okerren ondorioetarako:
    • Ebaluazio Batzordea eratzeko bilkuraren amaieran, Garesko ikastetxeak klaustroan dituen bi irakasle ordezkariek [?] andreari buruzko balorazio erabat negatiboa egin zieten ahoz Administrazioaren ordezkariei; zehazki, ikastetxerako oso kaltegarria zela adierazi zieten, klaustroaren gehiengoa haren aurka zegoela, eta ekidin behar zela hura zuzendari hautatzea.
    • Ikastetxeko ikuskatzaileak, Ebaluazio Batzordeko lehendakaria ere badenak, bere harridura adierazi zuen hori entzutean; izan ere, [?] andrea ikastetxe horretako ikasketaburua izan da azken hamalau urteotan, eta klaustroak ez dio sekula kexarik aurkeztu haren aurka.
    • Zuzendaritza Proiektua baloratzeko prozesuan ez zen erabili Administrazioak Ebaluazio Batzordean zituen ordezkariek aurretiaz prestatutako zuzenketa-txantiloia; izan ere, irakasleen ordezkariek adierazi zuten emaitza erabakita zutela eta ez zela beharrezkoa hausnartzeko tarte bat hartzea.
    • Arestian azaldutakoak izan ziren hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza proiektuei sekretuan emandako kalifikazioak. Klaustroaren ordezkari ziren bi irakasleek eman zituzten bi zuzendaritza proiektuen gehieneko eta gutxieneko puntuazioak.
    • Ebaluazio Batzordeko lehendakariak, puntuazioak eta emaitza ikusita, irregulartasunen bat egon zitekeela ikusi zuenez, prozesua eten zuen, eta jarraibide zehatzak eman zitzan eskatu zion Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari.
    • Administrazioak Ebaluazio Batzordean zituen ordezkariek, berriz, hautapen prozeduran izandako zalantzei buruz eta ustezko irregulartasunei buruz informatu zuten.
    • [?] andreak Ebaluazio Batzordeko hiru kide errekusatzeko idazkia aurkeztu zuen, “ageriko ezinikusiarengatik”. Klaustroan zeuden bi irakasleak eta Eskola Kontseiluko ordezkari [?] andrea errekusatzeko hain zuzen ere. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ez zuen onartu errekusazioa, [?] andrea martxoaren 31ko 148/2010 Ebazpenaren bidez izangai izendatu ondotik aurkeztu zena.
    • Merezimenduen atalean, I. atalean, lortutako puntuazioan halako aldea egotean –[?] andreak 4,55 puntu eta [?] andreak 9,38 puntu–, [?] andreak Zuzendaritza Proiektuaren atala, II. atala, ez gainditzeak berekin zekarren [?] andreak irabaztea. 0, 0 eta 2ko puntuazioak berekin zekarren [?] andreak ariketa ez gainditzea eta baztertuta gelditzea.Hautapen prozesua ikusita eta, zehazki, gertakari horiek aintzat hartuta, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenen eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak txostena egin zuen 2010eko apirilaren 23an; txostenean, prozesuan izandako gorabeherak zorrotz aztertu ondotik, irregulartasun-zantzuak zeudela zioen, eta, horrenbestez, [?] andreak eginiko errekusazioak onartzeko eta hautapen prozesua atzera eramatea edo baliogabetzea proposatzen zuen.
  3. Hautapen prozesua azalduta eta izandako gorabeherak nabarmenduta, jarraian doaz Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean prozesuari buruz egiten diren hausnarketak.

    Hezkuntza Departamentuak gertakariak aztertu eta gero atera duen ondorioa da hautapen prozesuan ez dela irregulartasunik gertatu. Izan ere:

    • Klaustroaren ordezkari diren bi irakasleek Ebaluazio Batzordeko gainontzeko kideei esandakoek –alegia, [?] andrea ikastetxerako oso kaltegarria zela eta klaustroaren gehiengoa haren aurka zegoela– ez dute nahitaez esan nahi gainditu ez zuen izangaiaren aurkako ezinikusia zutenik, haien abstentzioa edo errekusazioa justifikatzeraino.
    • Klaustro osoa [?] andrearen aurka zegoelako azalpenaren aurrean Ebaluazio Batzordeko lehendakariak –ikuskatzaileak– erakutsitako harridurari buruz –izan ere, hamalau urtean ez zuen horri buruzko kexarik jaso–, txostenean adierazten da hortik ezin dela ondorioztatu irakasleek esandakoa egia edo gezurra den, eta hori ez litzatekeela garrantzitsua izanen hautapen prozesuaren ondorioei begira.
    • Garrantzi gutxikoa da orobat Klaustroaren ordezkari ziren irakasleek Zuzendaritza Proiektuetako zuzenketa-txantiloia erabiltzeari uko egin izana; izan ere, ezin da irregulartzat hartu Administrazioren ordezkariek proposatutako jarraibideak eta txantiloiak erabili gabe baloratu nahi izatea Ebaluazio Batzordeko zenbait kidek proiektuak, abenduaren 1eko 548/2009 Ebazpenak aukera hori ematen duelako.
    • Azkenik, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zuzendaritza Nagusiak egindako baieztapenari buruz –alegia, ez dela batere arrazoizkoa [?] andrearen Zuzendaritza Proiektuari 0 puntu ematea eta horren atzean hark suspenditzea eta horrenbestez hura baztertzeko asmoa dagoela–, txostenean adierazten da erabaki horiek diskrezionalitate teknikoaren esparrukoak direla, eta epaimahaiak ez direla nor esparru hori kontrolatzeko, non eta ez den arbitrariotasunik egiten. Eta arbitrariotasunik egin ez zela egiaztatzearen ondorioetarako, Ebaluazio Batzordeko kideei eskatu zitzaien nork bere puntuazioak justifika zitzan, eta denek justifikatu zituzten, modu arrazoituan, emandako puntuazioak, baita 0 puntu eman zituztenek ere.
  4. Erakunde honek egin beharreko azterketaren ondorioetarako, Klaustroaren ordezkari ziren kideek eginiko adierazpenak balioesten hasi beharrik gabe, hautapen prozesuaren zuzentasuna edo zuzentasunik eza argitzeko funtsezko osagaia da [?] andreak aurkeztu eta defenditutako Zuzendaritza Proiektuari Ebaluazio Batzordeko hiru kideek emandako puntuazioa (0, 0 eta 2 puntu, hurrenez hurren), horrek eragin zuelako batez besteko puntuazioa 4,25ekoa izatea eta, horrenbestez, hautagaia bazterturik gelditzea, gutxieneko mugara ez iristeagatik. Kontua da, beraz, argitzea ea puntuazio horiek arrazoizkoak eta behar bezala arrazoituak izan diren ala, aitzitik, justifikaziorik izan ez duten eta, horrenbestez, ezin diren sartu organo kalifikatzaileen diskrezionalitate teknikoaren aterpean.

    Azterketa hori egiteko, hasteko, gainditu gabeko Zuzendaritza Proiektuaren edukia azaltzea komeni da. Proiektuak sei atal ditu.

    Lehenengoaren arabera –“Proiektuaren Justifikazioa”–, proiektua tresna egokia da ikastetxeko zuzendaritzak garatu nahi dituen planteamenduak taxutzeko eta zehazteko.

    Bigarrena –“Ikastetxearen ezaugarriak”– ondoko azpiataletan banatzen da: 1. Testuinguru sozioekonomikoa (gain-gainetik azaltzen dira Garesko herriaren testuinguru geografiko eta soziala). 2. Ikastetxearen egoerari buruzko azterketa. Ikasleria, irakasleria eta langileria deskribatzen dira, bai eta ezarritako bideen bitartez gurasoek duten parte-hartzea ere. Azpiatal honetan parte-hartze hori hobetzeko lau puntu adierazten dira: Eskola Kontseilua, Klaustroa, Tutoretzak; Zikloko ekipoak, eta Koordinazio Pedagogikoko Batzordea. Organo horiei dagokienez, bakoitzaren funtzionamenduaren alde onak eta txarrak identifikatu eta deskribatzen dira. Proiektuaren egilearen ustez, horien funtzionamendua ona da oro har. Halere, organo horiek hobetzeko zenbait proposamen egiten ditu eta eduki beharreko baliabideak aipatzen ditu (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak egokien garatzeko proposamen bat egiten du), ikastetxeko instalazioak deskribatzen ditu (ikastetxeak 2000tik aitzina izandako bilakaera azaldu ondoren, hurrengo urteetan ustez egin beharko diren handitzeak aztertzen ditu), eta, azkenik, zerbitzu osagarrien –jantokiaren eta garraioaren– beharrizanei buruzko azalpena eta azterketa egiten du, eta bi horien alde onak eta ahuleziak nabarmentzen ditu.

    Hirugarrena –“Helburuak”– lortu nahi den ikastetxe motaren ezaugarriez ari da, eta ikastetxearen ezaugarri horiek erdieste aldera hartu beharreko neurriez. Hauek dira planteatzen dituen helburuak: bizikidetasun-eskola, eskola parte-hartzailea, kalitatezko eskola berritzailea, eskola integratzailea, aniztasunari aurre egiten diona, baliabide trebeekiko eskola, errealitate berrien hartzailea, eskola ekologista.

    Laugarrenak “Jarduketa ildoak” du izenburu. Atal honek taula luze bat jasotzen du. Taula horretan, ikastetxean hobetu beharreko zazpi puntu deskribatzen dira bata bestearen ondotik, eta puntu horietako bakoitzean garatu beharreko jarduketa zehatzak ematen dira (zenbait puntutan, 25 jarduketa jasotzen dira), jarduketak burutu behar dituzten organoak, aplikatu beharreko baliabideak, jarduketaren ebaluazio etengabearen prozesua eta jarduketa bakoitza egiteko epea.

    Bosgarrenean –“Proiektuaren ebaluazioa”–, Zuzendaritza Proiektuaren aplikazioa ebaluatzeko eginen diren urratsak eta lortutako emaitzen azken ebaluaziorakoak deskribatzen dira.

    Seigarrenean –“Pertsona bakarreko gobernu organoei buruzko proposamena”–, ikastetxearen etorkizuneko gobernu taldearen osaera deskribatzen da.

  5. Zuzendaritza Proiektuaren edukien azalpena egin ondotik, komeni da besterik gabe gogoraraztea zer jurisprudentzia dagoen probak –kasu honetan zuzendaritza proiektuak– ebaluatzean diskrezionalitate teknikoaren esparruari eta norainokoari buruz merezimenduen lehiaketa bidezko hautapen probetan.

    Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 6ko 34/1995 Epaiak ondokoa ezarri zuen Administrazioaren organoen diskrezionalitateari dagokionez, egindako jardueraren izaerak eskatzen dituen ezagutza espezializatuetatik heldu diren irizpideak sustatzen eta aplikatzen dituztenez gero: “egiazkotasunaren edo arrazoizkotasunaren presuntzioa du bere jardun administratiboan, eta horretarako bermea da kalifikazioa emateko ezarritako organoen espezializazioa eta inpartzialtasuna”; eta ondokoa zehazten du: “iuris tantum erako presuntzioa da hori, zeina aldaraz baitaiteke egiaztatzen bada arau-hausteren bat gertatu dela edo ez dela ezagutzen organo kalifikatzaileak ustez izan behar zuen arrazoizko jokabidea izan duen, dela botere-desbideratzearengatik, dela arbitrariotasunarengatik, dela erabilitako irizpideek inolako justifikaziorik ez izateagatik”.

    Auzitegi Gorenaren doktrinak ere behin eta berriro azpimarratu du organo kalifikatzaileen diskrezionalitate teknikoa administrazioaren jardunaren egiazkotasunaren edo arrazoizkotasunaren presuntziotik heldu dela, eta horretarako bermea dela kalifikazioa emateko ezarritako organoen espezializazioa eta inpartzialtasuna, “iuris tantum” erako presuntzioa da hori, zeina aldaraz baitaiteke egiaztatzen bada arau-hausteren bat gertatu dela edo ez dela ezagutzen organo kalifikatzaileak ustez izan behar zuen arrazoizko jokabidea izan duen, dela botere-desbideratzearengatik, dela arbitrariotasunarengatik, dela erabilitako irizpideek inolako justifikaziorik ez izateagatik (Auzitegi Gorenaren 2009ko irailaren 15eko Epaia –RJ/2010/806); hartara, botere publikoen arbitrariotasun-debekuaren bermea aplikatuta (Espainiako Konstituzioko 9.3 artikulua) hautapen-erabaki baten baliozkotasuna akastuntzat jo beharra dago baldin eta frogatuta badago ez dagoela arrazoizko zioen bidez justifikatuta, edo, emandako zioek ez badute baliatu beharreko datu objektiboetan oinarri materialik, edo agerikoa baldin bada ez dela ez egiazkoa ez arrazoizkoa. Auzitegi Gorenak zehazten du « ...diskrezionalitatean ezin direla bidezko zioak kontrolatu, baina zioak ezagutu beharra dagoela, hain zuzen ere aztertu ahal izan dadin erabakia arrazoizko diskrezionalitatearen fruitu den ala funtzionarioen apetaren edo aldartearen fruitu den; azken finean, diskrezionalitatearekin edo diskrezionalitaterik gabe, Administrazioak bere jardunaren bidez soilik bila dezake interes orokorrari zerbitzurik onena ematea, eta, hortaz, jasota utzi behar ditu xede hori abalatzen duten eta bestelako edozein bidegabekeria baztertzen duten arrazoiak». Auzitegi Gorenaren 1994ko maiatzaren 5eko Epaia –RJ/1994/3781–.

  6. Ondokoak dira, laburbilduz, “0”, “0” eta “2” puntu eman izana justifikatze aldera Ebaluazio Batzordeko kideen arrazoiak:
    • Izangaiak dio Eskola Kontseiluan bizkor hartzen direla erabakiak, guraso elkartearekiko harremana arina eta erraza delako, eta hori ez da egia; orobat dio Klaustroaren funtzionamendua dinamikoa eta parte-hartzailea dela, eta hori ere ez da egia; ikastetxeak eskualdeko biztanleen eskariari erantzun diola dio, eta hori ere ez da egia; azaletik eta behar bezalako argitasunik gabe azaltzen ditu ikastetxearen ebaluazioa eta jarduketa ildoak. Egin zitzaizkion galderak erantzutean, aipatu gabe utzi ditu zenbait alderdi, ez du argi erantzuten eta ez da konbentzitzeko moduan ari.
    • Ez du zehaztasunez deskribatzen ikastetxearen errealitatea, ez dituelako aipatzen zenbait datu garrantzitsu; ikastetxearen egoeraren azterketa egitean, ikastetxean bizi diren bizikidetasun-arazoak saihesten ditu, ukatu egiten ditu, harremana ona dela esatean; ez ditu helburuak ezartzen bizikidetasun-arazoak konpontzeko; ez die erantzun egokirik ematen eskolatzearen arloan biztanleek dituzten eskariei; proiektu berri bat, egungoaren ordezko bat, aldeztu beharrean, gaur egungo zuzendaritzaren proiektua garatu du batik bat.
    • Betetzen zail diren helburuen zerrenda luzea egiten du; erabili beharreko baliabideen azalpen eskasa egiten du; proiektuan ezarritako helburuetarik bat bere pentsamolde ideologikoaren aurka doa; hasiera batean ematen du proiektua ona dela, baina gaur egun oso erraza denez “moztu eta itsatsi” egitea, ez da fidagarria; Eskola Kontseiluari buruzko galdera bati erantzutean, gurasoei egozten die Eskola Kontseiluan dagoen giro txarraren errua, esanez ez dakitela galtzen edo beste jarrera batzuen aurrean amore ematen.
  7. Hezkuntza Departamentuaren txostenaren arabera, Ebaluazio Batzordeko hiru kideek modu arrazoituan justifikatu dute puntuazio txikienak jarri izana. Erakunde honek, ordea, ezin du iritzi horrekin bat egin, izan ere:

    Zuzendaritza Proiektuaren egitura bat dator abenduaren 1eko 548/2009 Ebazpenean ezarritako parametroekin. Ikastetxearen ezaugarrien azalpena nahikoa da, haren alde positiboak eta negatiboak identifikatzen baititu. Erdietsi beharreko helburu zehatzak eta jarduketa ildo ugari jartzen ditu, modu errealista eta zehatzean, eta beharrezkoak diren bitartekoak eta baliabideak aipatzen ditu, jarduketak egiteko epeak ezartzen, eta abar. Finean, Zuzendaritza Proiektua osoa da, eta atalez atal behar bezala garaturik dago. Hortaz, erakunde honen iritziz, ikusita proiektuaren xede diren osagaiak eta edukiak, proiektua irakurtzean ederki identifikatzen direnak, ez dago inolaz ere justifikatuta gutxieneko puntuazioa, hau da, 0 puntu, eman izana. Adibidez, nekez ulertzen da 0 puntu emateko erabilitako argudioetako bat izatea proiektuak azaletik eta behar bezalako argitasunik gabe azaltzen dituela ikastetxearen ebaluazioa eta jarduketa ildoak. Erakunde honen ustez, aitzitik, proiektua arretaz irakurri ondoren, eta alde batera utzita proiektuan ematen diren jarduketa ildo ugariekin bat etorri ala ez, ez da arrazoizkoa esatea jarduketa ildoak azaletik eta behar bezalako argitasunik gabe ematen direla. Esan beharra dago beste proiektuak, oro har, ez duela azalpen zabalago edo zehatzagorik ematen, eta, halere, gehieneko puntuazioa eman zaiola.

    Bestalde, Zuzendaritza Proiektuari gutxieneko puntuazioa emate aldera Ebaluazio Batzordeko kideek darabiltzaten arrazoi gehienak ez dira objektiboak, baizik eta izaera subjektibokoak, eta proiektuan berean baino areago oinarritzen dira proiektuaren egilearen nortasunaren ezagupenean, eta eztabaidagarriak dira, nork bere iritzia izan dezakeelako ikastetxearen zuzendaritza bere gain hartze aldera proiektuaren egileak izan dezakeen gaitasun profesionalari buruz, ikastetxearen errealitateari buruz, ikastetxearen beharrizanei buruz eta etorkizuneko jarduketei buruz. Halatan, lan baten ebaluazio teknikoaren oinarrian egon behar duten irizpide objektiboetatik urrun samar daude zenbait iritzi, adibidez helburuak betetzen zail direla, edo bere pentsamendu ideologikoaren aurkako helburuak ezartzen dituela. Proiektuaren egileak dio ikastetxeko zuzendaritza organoen funtzionamendua eta ikastetxeko parte-hartzea onak direla, eta Ebaluazio Batzordeko kide diren irakasleak ez daude horrekin ados, baina horrek ez du nahitaez erakusten proiektuaren egilearen ikuskera okerra edo faltsua denik, ez behintzat haien erabateko gaitzespena merezi izateraino. Betiere, proiektuan ikastetxearen funtzionamenduari buruzko iritziak edo jarrerak behar adina garatuta eta azalduta datoz, eta 0 baino puntuazio hobeagoa merezi du.

    Ebaluatzaile bakoitzak arloari buruz duen ezagupen teknikoan oinarrituta egiten duen azterketa tekniko eta arrazoituaren arabera, Zuzendaritza Proiektuak puntuazio handiagoa edo txikiagoa merezi ahalko du, baina proiektua zeharo arbuiatzea eta 0ko puntuazioa ematea ezin da jo, erakunde honen iritziz, ebaluatzaileen jokabide arrazoizkotzat. Jokabide horrek ez du balorazioaren ondorioetarako baliatu beharreko datu objektiboetan oinarri materialik. Alegia, ebaluatzaileek emandako arrazoiak ikusita, argi esan daiteke haiek emandako kalifikazioak ez duela arrazoizko ziorik; izan ere, hain puntuazio zorrotz eta negatiboa justifikatzeko arrazoiak ez dira oinarritzen datu objektibo eta neurgarrietan, hartutako erabakiaren arrazoizkotasuna ikusteko modukoetan.

  8. Funtzio publikoaren esparruko hautapen eta sustapen prozesuekin lotuta dagoen orok exijitzen dio kasuan kasuko administrazioari, eta zehazki epaimahai kalifikatzaileei, ahalegin handia egitea objektibotasunari eta inpartzialtasunari dagokienez. Halaber, hautapen prozesu batean alderdikeriaz edo modu irregularrean jardun izanari buruzko zalantza edo susmo orok exijitzen diote Administrazioari irizpide-araztasun handienarekin jardun dezan eta neurriak har ditzan, prozesu horren garbitasun-maila onargarriena gordetze aldera.

    Kasu honetan, zalantza edo susmoa duen bakarra ez da suspenditutako izangaia soilik, Ebaluazio Batzordeko lehendakari eta ikastetxeko ikuskatzaileak eta Ikuskapenen eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ere –hau da, ikastetxeak ikuskatzeko ardura duten funtzionario publikoak– ohartu direlako gutxieneko puntuazioak eman dituzten Ebaluazio Batzordeko kideen jokabideaz, eta horren berri eman dute idatziz.

    Zalantza eta susmo horiek aski dira berez hautapen prozesu bat bertan behera uzteko eta neurri zorrotzak hartzeko (beste Ebaluazio Batzorde bat izendatzea barne), izangaiei eman beharreko tratu berdintasuna eta Administrazioaren objektibotasuna ziurtatzeko.

  9. Hortaz, erakunde honek bat egiten du Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenen eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak 2010eko apirilaren 23an egindako txostenean jasotzen den irizpidearekin, guk ere ikusten dugulako irregulartasunak gertatu direla hautapen prozesuan. Ondorioz, hautapen prozesuaren araztasuna eta objektibotasuna ziurtatze aldea, gomendagarria da, ofizioz berrikusi eta, kasua bada, baliogabetu beharreko egintzak baliogabetu ondotik, prozedura atzera eramatea eta beste Ebaluazio Batzorde bat izendatzea, Zuzendaritza Proiektuak ebaluatzeko eta puntuatzeko eta kasuko izendapen proposamena egiteko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea Garesko HLEIPko zuzendaria izanedatzeko prozesua ofizioz berrikusi eta, kasua bada, baliogabetu beharreko egintzak baliogabetu ondotik, prozedura atzera eramatea eta beste Ebaluazio Batzorde bat izendatzea, Zuzendaritza Proiektuak ebaluatzeko eta puntuatzeko eta kasuko izendapen proposamena egiteko.
  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia