Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Disconformidad con la desestimación de reclamación de responsabilidad patrimonial por mal estado de un paso de peatones
Exp: 09/327/O
Nº: 130
Herrilanak eta Zerbitzuak
2009ko maiatzaren 13an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Iruñeko Udalaren aurka, ados ez zegoelako ondare-erantzukizuneko erreklamazio bat ezestearekin (DAÑOS B/2006/15 espedientea).
Interesdunak azaltzen zuen 2009ko otsailaren 3an, 18:30etatik 19:00etarako tartean, Pio XII. etorbidearen eta Baiona etorbidearen artean dagoen zebra-bidetik pasatzen ari zela, CIVICANen eraikinetik San Francisco plazarako norabidean. Pasabide horretan, zulo batzuk badaude, eta kexa-egileak eroriko bat izan zuen, oina zulo horietako batean sartuta. Erorikoaren ondorioz, kolpe bat hartu zuen kopetan eta aurpegiaren ezkerreko aldean. Horren ondorioz, hematoma handi bat izan zuen eta betaurrekoak hautsi zitzaizkion. Bertan zeuden pertsonetako batzuek laguntza eman zioten, eta 112ra deitu zuten. Kexa-egileak ezin da pertsona horietako bakarraz ere gogoratu, kolpearen ondorioz durduzaturik zegoelako.
Kexa-egileak adierazten du, gainera, pasabidea gaizki argiztatuta dagoela, eta zuloak ez direla ikusten. Horrenbestez, 2009ko otsailaren 9an, eskabide bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalean. Haren bidez, eskatzen zuen erorikoaren ondorioz pairatutako kalteengatiko kalte-ordaina ordain zekion.
Otsailaren 11n, Udalak erantzun zion eskatuz 10 eguneko epean dokumentazio jakin bat aurkez zezan; aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean zegoen lekukoak aurkezteko beharra. Interesdunak, istripuaren egunean gertalekuan izandako pertsonak gogoratzen ez zituenez, martxoaren 3an, eskabide bat aurkeztu zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, istripuan lagundu zioten pertsonak ezagutu ahal izateko. Gaur arte ez du inolako erantzunik jaso.
Espedientea izapideturik, Udalak ebatzi du aurkeztutako erreklamazioa ezestea, ustezko erorikoa gertatu zeneko inguruabarrak egiaztatu ez direlako, eta kalteak ez zirelako guztiz eta berehalako moduan izan udal zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren zuzeneko ondorioa.
Interesdunak dio bere alegazioen eta aurkeztutako argazkien aurrean, non argi geratzen baita bide publikoan zulo bat badagoela, Udalak erantzun ziola esanez zoladuran ageri direnak hondatze estetikoak direla, benetako zuloak bainoago, eta baieztatzen du kasu horretan hondatzeak gainazalean gertaturiko zartatuak direla, 12 cm luze, 4 cm zabal eta 3 cm sakon direnak, eta haietan ez dela oin bat kabitzen.
2009ko ekainaren 11n, Iruñeko Udaleko Ondare Zerbitzuko arduradunaren txosten bat sartu zen gure erakundean. Hauxe dio, hitzez hitz:
“[?] jaunak, udal erregistroan 2009ko otsailaren 9an aurkeztutako idazkiaren bitartez, kalte-ordainak eskatu zituen Pio XII.a etorbidearen eta Baiona etorbidearen artean dagoen zebra-bidean, CIVICANetik San Francisco plazarako norabidean, izaniko erorikoaren ondorioz jasan zituen kalteengatik. Pasabide horretan zenbait zulo bazeudela, eta [?] jaunak oina zulo horietako batean –oso sakon batean– sartu zuela, eta oreka galdu zuela, eta muturrez aurrera erori zela, eta kolpe bat hartu zuela ezkerreko lokian, eta betaurrekoak hautsi zitzaizkiola, eta hematoma handi bat egin zitzaiola kolpatutako alde guztian. Une hartan, bertan zeuden pertsona batzuek lagundu zioten, eta 112ra hots egin zuten. Ondare Zerbitzutik, espedienteari jarraipena emateko, erreklamazioaren kopia bat igorri zitzaion Iruñeko Udaleko Obra Zerbitzura, gertalekua ikuskatu eta gertatutakoaren balizko arrazoiei buruz informa zezan. Obra Zerbitzuko arduradun nagusiaren txostena erantsi dugu.
2009ko martxoaren 10ean, txosten hori [?] jaunari igorri zitzaion, eta entzunaldia eman zitzaion, bidezkotzat jotzen bazuen alegazioak aurkez zitzan. Une haietan [?] jaunak zuloei buruz lehenago aurkeztuak zituen neurriak zuzendu zituen, eta bideko zartatuei buruzko argazkiak ere aurkeztu zituen.
Espedienteko dokumentazio guztia aztertu ondoren, Toki Ogasunaren Alorreko zuzendariak 2009ko apirilaren 26ko ebazpena eman zuen. Haren bidez, izan ere, kalteengatiko ondare-erantzukizunaren erreklamazioa ezesten zuen, ikusita ez zegoela frogaturik erorikoa non eta noiz gertatu zen, ez eta zein inguruabarretan gertatu zen ere, eta horrenbestez, ia ezinezkoa zela zehaztea kalteen eta bide publikoaren egoeraren arteko kausa-loturarik bazen. Halaber, ebazpen horren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoen berri ematen zaio, eta, halaber, esaten zaio errekurtso horiek zein organo administratibo edo judizialetan eta zein epetan aurkeztu behar diren.
Zerbitzuen funtzionamenduaren ondorioz Administrazioak duen ondare-erantzukizuna, Espainiako Konstituzioko 9. eta 106. artikuluetan jasota dago, segurtasun juridikoaren berme gisa, eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluetan eta hurrengoetan xedatuta dago, bai eta martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuan ere.
Toki administrazioen esparruan, Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 54. artikuluak honakoa ezarri zuen: “Toki entitateek zuzenean erantzunen dute partikularrei beren ondasun eta eskubideetan, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz edo agintari, funtzionario edo agenteen jardueraren ondorioz, eragindako kalte-galerengatik, administrazio-erantzukizunari buruzko lege orokorretan ezarritako moduan”. Eta horrekin bat, Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak, 223. artikuluan, hauxe dio: “Toki entitateek zuzenean erantzunen dute partikularrei, beren ondasun eta eskubideetan, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz edo, beren karguetan ari direla, agintari, funtzionario edo agenteen jardueraren ondorioz, eragindako kalte-galerengatik, administrazio-erantzukizunari buruzko lege orokorretan ezarritako moduan.”
Nafarroako toki entitateei dagokienez, Toki Administrazioko erakundeen eta entitateen ondare-erantzukizuna Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 317.3 artikuluan jasota dago.
Aipatu arauei jarraituz, Toki Administrazioaren ondare-erantzukizuna erantzukizun zuzen eta objektiboa da, eta hartatik ondorioztatzen da kalte-ordainak eman behar izatea partikularrek beren ondasun eta eskubideetan zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz eragindako lesioengatik, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Aipatutako lesioak kalte erreal eta uneko bat eragindakoa izan beharko du, hain zuzen ere ekonomikoki ebaluagarria dena eta indibidualizaturik dagoena, pertsona bati edo pertsona talde bati dagokienez, eta zuzenbidearen aurkakoa izan beharko du; hau da, kaltetuak ez du hura jasateko betebehar juridikoa izanen. Kaltea, gainera, Administrazioari egozteko modukoa izanen da, administrazio-jardunaren kausa-eragina erlazio batean, edo, kasua bada, Administrazioari exijitzekoa zaion jarduera egin ez izanaren ondorioa.
Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna erantzukizun objektiboa da; hau da, modu independentean atzeman beharko da, jardun administratiboan errua dagoen ala ez dagoen alde batera utzita.
Auzitegi Gorenaren epai askotan –esate baterako 2006ko ekainaren 27koan (RJ 2006/4752), jasota ageri da “partikularrek Estatuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, pairatu duten edozein lesio dela kausa, betiere zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondorioz; eta kaltea efektiboa izanen da, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa. Jurisprudentziak zehaztu du, halaber (1992ko martxoaren 24ko epaia, RJ 1992,3386; 1993ko urriaren 5eko epaia, RJ 1993,7192; eta 1995eko martxoaren 2ko eta 22ko epaiak, RJ 1995,1996, guztiak ez aipatzearren), Administrazioaren ondare-erantzukizuna egoteko honako baldintzak bete behar direla:
Aztertu beharreko gaia, kexa-egilearen erreklamazioa ezestea determinatu zuena, da zerbitzu publikoaren eta eragindako kaltearen arteko behar den kausazko lotura egon zen ala ez zen egon. Iruñeko Udalak lotura hori ukatzen du, eta adierazten du ez dagoela ez zuzeneko ez zeharkako frogarik istripuaren dinamikari buruz.
Kausazko lotura izateari dagokionez, jurisprudentziak doktrinak sortutako teorietatik bi erabiltzen ditu: baldintzen baliokidetasunaren teoria eta kausazio egokiarena. Lehenbizikoaren arabera, kaltearen arrazoia hura gertatzen laguntzen duten egitate eta gertaera guztiak dira, halako moduan non haiek gabe kaltea ez baitzen gertatuko. Guztiak, beraz, hura gertatzeko baldintzak dira. Bestalde, kausazio egokiaren teoriaren arabera, egitate bat kaltearen kausatzat hartu ahal izateko, beharrezkoa da berez aproposa izatea hura sorrarazteko, esperientzia komunaren arabera; hau da, bereziki gai izatea lesio-eragina sorrarazteko.
Kasu honetan, interesduna 2009ko otsailaren 9an erori zen, oina sartu zuelako Pio XII. etorbidearen eta Baiona etorbidearen arteko zebra-bideko zulo batean.
Erorikoa gertatu zen lekuko argazkiek erakusten dute pasabide horretan zartadurak badaudela. Itxuragatik, pentsa daiteke ez direla kausa puntual baten ondorioz gertatu berriak. Zoladuraren mantentzean nolabaiteko axolagabekeria gertatu izanari egotz dakizkioke.
Udalak berak aitortu du Herrilanen Zerbitzuko arduradunak eginiko txostenean, “zartatuak badaudela, 12 cm luze, 4 cm zabal eta 3 cm sakon direnak”. Erorikoa gertatu zen tokiko zebra-bidearen egoera hori ikusita, baiezta daiteke, noski, ez zela aproposa.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak, 2002ko ekainaren 18ko epaian (JUR 2002, 232401), honakoa adierazi zuen: “ibiltze normalerako oztopoak ezin dira ontzat eman, behar den bezala seinalatzen ez badira edo prebentziorako behar diren neurriak hartzen ez badira, eta egoera onean mantentzen ez badira normal gara daitezen eta beren xedea bete dezaten. Arreta eta kontu falta hori kaleetan eta tokiko pasealeku publikoetan segurtasuneko gutxieneko eta funtsezko baldintzak mantentzeko, Auzitegi Gorenaren 1994ko azaroaren 10eko epaian (RJ1994,8749) eta 1994ko abenduaren 22ko epaian (RJ 1994,10703) Administrazioaren ondare-erantzukizuntzat hartu izan dira.”
Gogoraraziko dugu auzitegi berak, 2001eko apirilaren 20ko epaian (RJCA 2001, 914), honakoa esana duela: “horrela, udal zerbitzu publikoen barruan dago bide publikoak erabilera segurua izateko moduan kontserbatzea (Toki Araubideko Oinarrien Legeko 25. artikulua); horrenbestez, jo beharra dago lesioa udal zerbitzu publikoari egotzi ahal zaiola. Eta kausa-ondorioa erlazio hori ezin da ahuldu herritar erabiltzaileak ustez egin duen huts-egite batengatik, zeren eta herritarrak, kaletik doala, ahal duen arreta guztia jarri behar baitu ibilgailuen zirkulazioan, oztopoak saihestean edo beste oinezko batzuk egotean, baina ezin zaio exijitu errepidearen erregulartasunari erreparatzea, zeren eta uste izatekoa baita hura aproposa dela eta kontserbazio egoera ezin hobean dagoela. Udalak, aitzakiarik gabe, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako irekitako bide publikoak mantentzeko betebeharra dauka, eta bide horiek halako mantentze egoeran egon behar dute beren berariazko erabilerarako, non haiek erabiltzen dituztenen segurtasuna normalki bermaturik egonen baita. Horrenbestez, oinezkoen nahiz ibilgailuen zirkulazio normalerako oztopoak ezin dira ontzat eman, behar den bezala seinalatzen ez badira edo prebentziorako behar diren neurriak hartzen ez badira.”
Inolako zalantzarik gabe, udalen erantzukizuna da hirietako bide publikoak erabilerarako egoera onean mantentzea. Horixe ondorioztatzen da Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2.b) eta 26.1.a) artikuluetatik –udalari eskumenak aitortzen dizkiote “ibilgailuen eta pertsonen trafikoa hiri bideetan ordenatzeko” eta “bide publikoak zolatzeko”–, bai eta trafikoari eta bide segurtasunari buruzko arauetatik ere.
Horrenbestez, jotzen dugu kausazko lotura argia dagoela espaloiaren egoeraren eta eragindako emaitza kaltegarriaren artean.
Erreklamazio-egileak frogarik aurkeztu ez izateari buruz udalak eman duen argudioari dagokionez, gogorarazi beharra dago interesdunari erorikoa izandako tokian laguntza eman ziotela 112 larrialdietarako zerbitzukoek eta anbulantziaz eraman zutela etxera. Horrenbestez, nahikoa egiaztaturik eta demostraturik gertatu da istripua non gertatu zen, eta espaloiaren egoera ikusi dugun bezala ikusi ondoren, kausazko lotura ere frogaturik dago.
Zehaztu beharra dago kexa-egileak, izandako erorikoaren ondorioz, zorabio bat izan zuela, eta izan zuen durduza-egoera hartan ezin izan zituela hartu bertan zeuden eta erorikoa nola gertatu zen ikusi zuten pertsonen datuak. Inguruabar hori ezin da erreklamazio-egilearen aurka bihurtu, zeren eta auzitegiek onartua baitute egitateak frogatzea, hori praktikan zaila den kasuetan, arrazoizko aztarnetan oinarrituz egin daitekeela, kasu honetan gertatzen den bezala.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari gomendatzea kasu honetan duen ondare-erantzukizuna bere gain har dezan, eta erreklamazio-egileari zuzenbidearen arabera dagokion kalte-ordaina ordain diezaion.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia