Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 25eko 129/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 25

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Disconformidad con la desestimación de una reclamación de responsabilidad patrimonial

Exp: 09/377/D

: 129

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 29an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Lizarrako Udalaren aurka, ondare-erantzukizunaren erreklamazio bat ezesteagatik.

    Azaltzen zuen bere hirugarren semea jaio ondoren, Lizarrako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura jo zuela “familiarentzako laguntza” eskuratzeko aukerari buruzko informazioa jasotzeko. Udalaren gizarte zerbitzuak jakitera eman zion bateragarriak zirela ordaintzeko laguntzak eta eszedentziarengatiko aldizkako ordainketarako laguntza. Gizarte zerbitzuko arduradunak informazio hori bera berretsi zion.

    2007ko martxoan, ordainketa bakarraren prestazioa eskatu eta eman egin zioten.

    2007ko irailean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bitartez, eszedentziarengatiko laguntzaren eskaria izapidetu zuen. Laguntza hori Familia, Haur eta Kontsumo zuzendaritza nagusiaren apirilaren 22ko 567/2008 Ebazpenaren bidez ezetsi zitzaion. Horretarako arrazoi hau erabili zen ebazpenean: “Ekainaren 27ko 242/200 Foru Dekretuko 2. artikuluan jasotako laguntza ekonomikoak bateraezinak dira, eta interesdunek bi modalitateetako bat hautatu behar dute”.

    Gehitzen du Lizarrako Udalak, Familia Zuzendaritza Nagusiari 2007ko azaroaren 8an zuzendutako idazki batean, aitortzen duela akats larri bat egin dela laguntza horien bateragarritasunari buruzko informazioa ematerakoan.

    Gero, kexaren sustatzaileak ondare-erantzukizunarengatiko erreklamazio bat aurkeztu zion Lizarrako Udalari. Eskari horretan, izandako kalte-galerengatiko kalte-ordaina eskatzen du. Alkatetzaren 2009ko apirilaren 16ko dekretu batez ezetsi zen erreklamazioa.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lizarrako Alkatetzari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. 2009ko ekainaren 22an, Udaleko alkatearen txostena jaso genuen. Bertan, honakoa dio, hitzez hitz:
    • 2007ko azaroaren 8an, Lizarrako Udaleko alkateak txosten bat egin zuen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak bi familiari emandako informazio okerrari buruz, hain zuzen ere hirugarren seme-alabaren jaiotzarengatiko laguntzak direla-eta.
    • Txosten horretan ez da akatsa larritzat hartzen, Arartekoaren idazkian hori baieztatzen den arren.
    • Alkatetzaren txostenean jaso den bezala, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileek hitzezko informazioa eman zuten laguntza mota desberdinak eskatzeko baldintzei buruz, baina informazio okerra eman zuten.
    • Langile berek eskura eman zizkieten bi familiari hirutarren seme-alabaren jaiotzarengatiko prestazioen eskabideari dagozkion inprimakiak. Inprimaki horien atzeko aldean, hitzez hitz eta letra lodiz honakoa ageri da: "... ”... zeren eta biak bateraezinak baitira.”
    • Arartekoaren idazkian baieztatzen denaz bestera, [?] andreari emandako informazio okerra ez zuen zerbitzuko arduradunak sekula berretsi.
    • Bi eskatzaileek eskabide-inprimakiak, egiazko informazioarekin, hartu zituzten, eta haiek bete eta berriz ekarri zituzten Oinarrizko Gizarte Zerbitzura, eta bertatik igorri ziren Nafarroako Gobernura.
    • Gizarte Zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeko 30. artikuluan ageri den bezala –oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizunei buruzko artikulua da–, zerbitzu horien eginkizunetako bat da “Herritarrei gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea”.
    • [?] andreak udal honetan aurkeztutako erreklamazioa ikusita, espedientea izapidetu zen, eta interesdunari entzunaldia eman zitzaion, eta azaldutakoan oinarrituta ebatzi zen egindako erreklamazioa ezestea.
  4. Ebazteko aurkeztu zaigun gaia egoki ebatz dezagun, komeni da zenbait egitate edo aurrekari aipatzea, halako moduan non ez kexa-egileak, ez Udalak, ez eta erakunde honek ere, ez duten zalantzarik izanen haiei buruz, egiazkoak eta ezin auzitan jartzekoak izateagatik. Honakoei buruz ari gara:
    1. Lehena.- Udalaren txostenean hauxe ageri da, hitzez hitz: “Txosten horretan ez da akatsa larritzat hartzen, Arartekoaren idazkian hori baieztatzen den arren” (alkatearen 2007ko azaroaren 8ko txostenaz ari da). Bada, alkate andrearen 2007ko azaroaren 8ko txosteneko 13., 14., 15. eta 16. lerroetan, honakoa azaltzen da hitzez hitz: "Une honetan, zerbitzu horretatik egiaztatzen da akats larri bat egin dela, zeren eta laguntza horien bateragarritasunaz informatu baita, eta horrek kalte ekonomikoa ekarriko baitie familiei”.
    2. Bigarrena.- Udalaren txostenean hauxe ageri da, hitzez hitz: “Arartekoaren idazkian baieztatzen denaz bestera, [?] andreari emandako informazio okerra ez zuen zerbitzuko arduradunak sekula berretsi.” Lizarrako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile [?] jaunaren 2009ko urtarrilaren 13ko txostenaren bigarren puntuan, ordea, hauxe azaltzen da, hitzez hitz: “Alkatetzaren txostenean jaso den bezala, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileek hitzezko informazioa eman zuten laguntza mota desberdinak eskatzeko baldintzei buruz, baina informazio okerra eman zuten”.

AZTERKETA

  1. Informaziorako eskubidea honakoetan jasota dago: Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Administrazio eta Prozedura Legea) 35. artikuluan eta ondokoetan; Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 69. artikuluan eta ondokoetan; eta Toki korporazioen antolaketa, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko erregelamenduko 227. artikuluan eta ondokoetan.

    Aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko g) lerrokadaren arabera, informazio orokorra, nahitaez eman behar zaiena herritarrei, herritarrek egin gogo dituzten proiektu, jarduketa edo eskabideei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoei buruzkoa da, eta halaber prozeduren tramitazioari, zerbitzu publikoei eta prestazioei buruzkoa, bai eta herritarrek administrazio publikoekin edo haien jarduketa esparruren batekin dituzten harremanetan ezagutu beharrekoei buruzkoa.

    Kasu horretan orokorra dei dezakegun informazioa denez, administrazio publikoa materialki beharturik dago herritarrei laguntzeko beren eskubideez baliatzen, eta horretarako, egiazko informazioa eman behar dio prestazio jakin bat eskuratzeko –kasu honetan, laguntza ekonomiko jakin bat, beste bat baino diru gehiagokoa– baldintzei, bateraezintasunei eta behar den dokumentazioari buruz.

    Kexa-egileak jaso zuen informazioa okerra izan zen: bi laguntza ekonomiko jasotzeko eskubidea zuela esan zioten. Aitzitik, aplikatzekoa den arauaren arabera bata ala bestea aukeratu beharra dago. Interesdunaren jarduerak, informazio okerraren ondorioz, eskatu zuen lehenengo laguntza ekonomikoa jasotzera eraman zuen, hain zuzen ere zenbateko txikiena zuena (zuzeneko ordainketa). Osotara askoz ere diru kopuru handiagoa ekarriko liokeen bigarren laguntza ekonomikoaren eskariari (hileroko ordainketa, eszedentziarengatik), berriz, Administrazioak erantzun zion ezin ziola eman, bi laguntzak bateraezinak zirelako.

    Interesdunak bi laguntzetatik edozein eskatzeko baldintzak betetzen zituen. Argi dagoenez, informazio okerra jaso izan ez balu, onuragarrien zitzaiona eskatuko zuen, hau da, diru zenbateko handiagoa biltzen zuena.

    Kexa-egileak Lizarrako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura jo zuen. Hain zuzen ere, zerbitzu horren eginkizunetako bat da “herritarrei gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea”, eta, gainera, zuzeneko laguntza ekonomikoen eskariak aurkezten zaizkion organoa da, hain zuzen neurri osagarri gisa, langileen laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko eta jaiotze-tasa sustatzeko zuzeneko laguntza ekonomikoei buruzko 242/2000 Foru Dekretuan erregulatutakoak.

    Kexa-egileak, sen onez, pentsatuko zuen zerbitzu horrek ematen zion informazioa bat zetorrela egitateen eta Zuzenbidearen errealitatearekin.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikuluak administrazioaren jardun oro gidatu behar duten printzipio orokorrak jasotzen ditu, eta lehenengo artikuluko bigarren lerrokadan honakoa jasotzen du: “Administrazio publikoek fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioak errespetatu beharko dituzte bere jardueran”,

    Administrazioaren jarduera inspiratu behar duten bi printzipio horiek Administrazio eta Prozedura Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean sartu ziren; izan ere, lege horrek zioen azalpenean jaso zuen printzipio horiek segurtasun juridikoaren ondorioa direla. Horrenbestez, Administrazio Publikoak legearen arabera jardun beharko du, baina fede onaren, konfiantza legitimoaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak ere bete beharko ditu.

    Auzitegi Gorenak, printzipio horiei buruz ari dela, 1990eko ekainaren 8ko epaian, eta berrikiago 1997ko otsailaren 17ko epaian ere, honakoa adierazi du: “jarduera administratiboaren legezkotasun zorrotzaren eta hartatik ondorioztatzen den segurtasun juridikoaren artean sortzen den gatazkan, azken horrek izanen du lehentasuna, herritarrak administrazioaren jardunean duen konfiantza legitimoa babestearen printzipioa aplikatzearen ondorioz. Horixe bereganatu du Europako Erkidegoko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak, eta printzipio hori aplikatzekoa da, ez soilik partikularrarengan konbikzio psikologiko subjektiboaren edozein mota gertatzen denean, baizik eta, baita ere, konfiantza hori Administrazioak sorturiko zeinu edo egitate muturrekoetan oinarritzen denean ere, horiek behar bezain erabakigarriak direnean herritarrak arrazoiz konfiantza izan dezan administrazio jarduera zehatz baten legezkotasunaren itxuran; hartara, herritarrak bere borondatea makurtu ahal du zenbait ekintza eta baliabide pertsonal eta ekonomikoen inbertsioak egitera, baina horiek, finean ez datoz bat Administrazioak geroan eginen dituen ekintzen benetako ondorioekin, are gehiago legezkotasunaren itxura horrek, interesduna nahasarazi zuenak, praktikan interesdun horri juridikoki jasan beharko ez lituzkeen kalte edo galera batzuk eragin zizkionean.

    Ildo bereko erabakiak hartu ditu Auzitegi Gorenak 1990eko otsailaren 1eko edo 1991ko urriren 7ko epaietan. Azaldutakoa kasu zehatz honetan aplikatuz gero, ondoriozta daiteke Lizarrako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emaniko informazioak berarekin ekarri zuela interesdunak modu arrazionalean sinestea adierazten zitzaionaren egiazkotasuna. Horrenbestez, geroan Nafarroako Gobernuak bigarren laguntza ekonomikoaren eskariari (eszedentziarengatiko hileroko ordainketa) ezezkoa eman zionean, hain zuzen ere lehenengo laguntza ekonomikoarekin (zuzeneko ordainketa) bateraezina izateagatik, litekeena da fede onaren, konfiantza legitimoaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak urratu izana, horiek izaki Administrazioaren eta herritarren arteko jarduera oro inspiratu behar dutenak.

  2. Udalaren ondare-erantzukizuna Konstituzioko 106.2 artikuluan zehaztuta dago, honela baitio:

    Lege-igorpena Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak babesten du, honela ezartzen baitu 139. artikuluan: “Ezinbesteko kasuetan izan ezik, herri-administrazioek ordaindu egin behar dizkiete herritarrei beren ondasun eta eskubideetan eragindako kalteak, beti ere, izandako kaltea zerbitzu publikoen jarduera on edo txarraren ondorioz sortu bada. Nolanahi ere, alegatutako kalteak benetan gertatutakoa izan behar du, diru aldetik zenbagarria eta pertsona edo pertsona-talde bati mugatua”.

    Jurisprudentziak zehaztu du erantzukizunik badagoela atzemateko honako baldintzak bete behar direla: a) Kaltearen edo galeraren errealitate efektiboa, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa, pertsona baten edo pertsonen talde bati dagokionez; b) erreklamazio-egileak ondarean pairatutako kaltea edo lesioa zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondoriozkoa izatea, kausa-ondorioa erlazio batean,kausaren loturaren aldaketan eragin dezaketen elementu arrotzik izan gabe; c) ezinbestekorik ez gertatzea; eta d) erreklamazio-egileak ez edukitzea bere jokabidearengatik berarengatik kaltea jasateko betebehar juridikoa.

    Aztergai dugun kasuan, ekonomikoki ebaluagarria den kalte bat eragin zaio pertsona zehatz bati, zeren eta (kausaren lotura) informazio akats “larri” bat izan baita, Administrazioak berak aitortua, ezinbestekorik ez zegoenean; eta kexa-egileak ez du hura jasateko betebehar juridikorik.

  3. Lizarrako Alkatetzaren apirilaren 15eko 166/2009 zenbakiko dekretuak, zeinak kexa-egileak pairatutako kalte-galerengatiko kalte-ordainaren erreklamazioa ezesten baitu, informazio okerraren eta laguntza ekonomikoaren eskabideen arteko kausa-loturarik ez dagoela dio,

    Erakunde honen iritziz, ordea, kexa-egilearen jokabideak ez du behar adinako entitaterik erruak batera gertatu zirenik esan ahal izateko. Kalte ekonomikoa eskainitako informazio okerraren ondorioa da “guztiz”, zeren eta inprimakian laguntzak bateraezinak zirela zehazten bazen ere, ulertzeko modukoa da interesdunak jarraibide gisa hartzea inprimakia eskuratzen dion zerbitzuak emandako informazioa (inprimakia eta araua interpretatzen duena), zerbitzu hori eskuduna izaki, gainera, interesdunak prestazioa eskuratzeko erraztasunak emateko.

    Besterik litzateke Administrazioak demostratzea kexa-egileak “fede txarrez” jokatu zuela bi laguntza ekonomikoak eskatzerakoan; hau da, bazekiela bi laguntzak bateraezinak zirela eta informazioa okerra zela, eta hala eta guztiz ere biak eskatu zituen. Halakorik ez da inolaz ere alegatu; aitzitik, Administrazioaren jardunbidea ikusita, ondoriozta daiteke kexa-egileak beti “fede onez” jokatu duela.

  4. Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz ezarria du gure sisteman nagusi dela pairatutako kalte integrala konpontzeko printzipioa, hura jasateko betebehar juridikoa ez dagoenean –elkartasun printzipioarekin lotuta dago hori–, eta kaltea konpontzeko printzipio hori, horrenbestez, kaltetutakoak alegatutako eta probatutako kalte guztietara zabaldu beharra dagoela.

    Kexa-egileak Lizarrako Udalean ondare-erantzukizunarengatiko kalte-ordainak eskatzeko aurkeztu zuen idazkian, eskatzen du 12.013,80 euroko kalte-ordaina aitor dakion, hain zuzen ere ordainketa bakarreko laguntza kendu ondoren ateratzen den zenbatekoa: alegia, eszedentziarengatiko laguntzarengatik jasoko zukeen 14.416,56 euroko zenbatekoari (36 hilabete bider 400,46 euro) 2.402,76 euro kentzearen emaitza. Edo, subsidiarioki, 2008ko ekainera arte pairatutako kaltearengatiko 4.004,60 euroko zenbatekoa, gehi hilero 400,46 euroko ordainketa jasotzeko eskubidea, 2010eko otsailera arte (hilabete hori barne), pairatzen jarraituko duen kaltearengatik. Dirudienez, 4.004,60 euroko zenbatekoa honela lortu du: hileroko 400,46 euro bider 16 (16 hilabete, hau da, 2007ko martxotik –hirugarren semearen jaiotzaren hilabetetik– 2008ko ekainaren 30era arte) berdin 6.407,36 euro; 6.407,36 euro ken ordainketa bakarrarengatik jasotako laguntza –2.402,76 euro– berdin 4.004,60 euro.

    Erakunde honen ustez, kalte-ordainak, kasua bada, 2007ko irailaren 1etik hasi eta 2008ko uztailaren 30era bitarteko aldian jaso behar zuen laguntzari ordainketa bakarrarengatik jasotako laguntza kendu ondorengo zenbatekoa baizik ezin du hartu (10 hilabetez hilabeteko 400,46 euroko kopurua ken jada jasotakoa, 2.402,76 euro, berdin 1.601,84 euro). Interpretazio hori bat dator Neurri osagarri gisa, langileen laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko eta jaiotze-tasa sustatzeko zuzeneko laguntza ekonomikoak erregulatzen dituen ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuko 2. artikuluan ezarritakoarekin:

    Laneko eszedentzia laguntza hori jasotzeko baldintza bat da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Lizarrako Udalari gogoratzea ezen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 139. artikulua eta ondorengoak beti betetzeko legezko betebeharra duela, eta kexa-egileari kalte-ordainerako eskubidea aitortu behar diola ebazpen honetan azaldutako moduan.
  2. Lizarrako alkateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Ebazpen hau alkate andreari eta kexa-egile [?] andreari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia