Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Incorrecta actuación del departamento en relación a la falta de notificación de una deuda contraída por su padre durante su estancia en un centro de la tercera edad
Exp: 09/238/B
Nº: 128
Gizarte ongizatea
Aurtengo apirilaren bian, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak izandako jokabidearen aurka, ez baitzioten jakinarazi bere aitak hirugarren adinekoentzako zentro batean izandako egonaldian sortutako zorra.
Azaltzen du bere aita, [?] jauna, 6 hilabetez egon zela hirugarren adinekoentzako egoitza batean, eta egonaldi horretan 3.462,05 euroko zorra sortu zuela. 2002ko abenduaren 19an, haren senideek eskabide bat aurkeztu zuten departamentuan, eskatzeko zor hori meta zezaten haien ama, [?] andrea, sortzen ari zen zorrarekin (doc.2002/281480) Gizarte Gaietako Departamentutik, telefonoz, erantzun zioten inolako arazorik ez zegoela eta halaxe eginen zutela.
2007ko urrian ama hil zen eta azaroan Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak bi eskutitz igorri zizkien senideei, bata aitaren zorrari buruzkoa eta beste amaren zorrari buruzkoa (doc.2007/448863). Ondoren, interesdunak Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 756/2008 Ebazpena jaso zuen; haren bidez, izan ere, amak sortutako zorra kitatzeko erreklamatzen zitzaion.
Aitak sortutako zorra zela-eta ezer ez zutelako esaten harrituta, interesdunak Ogasuneko bulegoetara joan zen amaren zorra ordaintzera. Bertan jakinarazi zioten aitaren zorra besterik ez zela ageri han, eta bide exekutiboan zegoela jada, eta, horrenbestez, berandutza-interesak ere bazituela.
Urriaren 8an, interesdunak aitaren zorra ordaindu zuen. Hala eta guztiz ere, adierazten du ez zaiela zor horri buruz ezertxo ere jakinarazi borondatezko ordainketaren aldian. Horrenbestez, eskatzen du interes eta berandutza-kargu gisa kobraturiko 736 euroak itzultzeko, zeren ez baitu ulertzen zergatik hartu behar dituen berak bere gain Administrazioak egindako akatsak.
2009ko maiatzaren 11n, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak izenpetutako idazkia jaso genuen. Hartan adierazten digu [?] andrearen jaraunspen jaso gabearen aurkako premiamenduzko probidentzia 2008ko abuztuaren 22an jakinarazi zela 2008ko abuztuaren 6ko 96. NAOn argitaraturiko ediktuaren bitartez, behin haren jakinarazpena hildakoaren helbide fiskalean, [?] kaleko [?] zenbakian, egiten saiatu ondoren.
Ekainaren 8an, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak izenpetutako txosten bat sartu zen erakunde honetan. Hartan, [?] jaunak sorturiko zorraren kobrantzaren kudeaketa dela-eta borondatezko aldian egindako jarduera guztiak azaltzen dira.
Espediente honetako gai nagusia da egiaztatzea ea zuzen jakinarazi zaion interesdunari bere aitak hirugarren adinekoentzako egoitzan emaniko denboran sorturiko zorra, bai borondatezko aldian, bai exekuzio aldian ere.
Gizarte Gaietako Departamentuak igorritako dokumentaziotik eta interesdunek emaniko informaziotik, honako jarduerak atera daitezke, borondatezko aldiari dagokionez.
[?] jauna 2001eko urtarrilaren 7an hil zen.
2001eko azaroaren 6an, [?] kaleko[?] zenbakira gutun bat igorri zen, zorraren berri emanez; gutuna itzuli egin zen, banaketaren unean, 2001eko azaroaren 15ean, hura hartzeko inor ez zegoelako.
2002ko urtarrilaren 31n, helbide berera Familia eta Zerbitzu Sektorialen zuzendariordetzaren ebazpen proposamena igorri zen; haren bidez, 3.462,05 euroko zorra eskatzen da. Dokumentu hori berriz itzuli zen, banaketaren orduan inor ez zegoelako.
2002ko abenduaren 4an, [?] andreari berriz igorri zitzaion ebazpen proposamen hori, eta Mutiloako [?] egoitzan jakinarazi zitzaion.
2002ko abenduaren 19an (doc.2002/281480), interesdunek ama sortzen ari zen zorra aitak jada sorturiko zorrarekin metatzeko eskatu zuten. Departamentutik, telefonoz, baietz erantzun zieten, bi zorrak metatu eginen zituztela.
2004ko otsailaren 23an, [?] andreari Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 5eko 563/2004 Ebazpena jakinarazi zitzaion; haren bidez, aitak sortutako zorra kitatzeko eskatzen zaio.
2007ko azaroaren 9an eta abenduaren 5ean, Manuela andreari eta [?] andreari [?] jaunarekin eta [?] andrearekin lotutako zorrak gogoratzeko elkarren antzeko bi gutun igorri zitzaizkien.
2008ko otsailaren 12an, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak aitari zegokion espedientea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari igorri zion, bide exekutiboan erreklama zezan.
2008ko maiatzaren 13an, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentutik, Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 728/2008 Ebazpena jakinarazi zieten; haren bidez, amak sorturiko zorra, 37.331,79 eurokoa, erreklamatzen zieten. Amaren zorra besterik ez zelako ageri harrituta, interesdunek departamentura deitu zuten, eta bertatik jakinarazi zieten ez kezkatzeko, bi zorrak batera zeudela hor.
Interesdunek Ogasunera jo zutenean amaren zorra ordaintzera, egiaztatu zuten zor hori ordaintzeko borondatezko aldian zeudela oraindik ere, baina ez zela gauza bera gertatzen aitaren zorrarekin, zeina bide exekutiboan baitzegoen; ordurako, 736 euroko interesak sortuak zeuzkan.
Exekuzio aldiari zegokionez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak jakinarazi digu premiamenduzko probidentzia [?] kaleko [?] zenbakian jakinarazteko ahaleginak egin zirela, hura baitzen hildakoaren helbide fiskala, baina ez zutela jakinaraztea lortu. Azkenean, abuztuaren 22an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Aurreko jardueretatik ondoriozta daiteke egiazki 2004an, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 5eko 563/2004 Ebazpenaren bitartez interesdunei beren aitak sorturiko zorra kitatzeko erreklamatu zitzaiela. Hala eta guztiz ere, espedientean ez da ageri interesdunek, 2002an eskatua zutenik zor hori ama sortzen ari zen zorrarekin metatzeko. Eskari horren idatzizko erantzunik ez da ageri. Hala eta guztiz ere, ahoz, departamentuko langileek jakinarazi zieten horixe eginen zutela, alegia, zorrak metatu eginen zituztela.
Interesdunaren ama 2007ko urrian hil zen, eta ondoren bi gutun berdin igorri zitzaien, bata aitak sortutako zorrari buruzkoa (doc.2007/448863) eta bestea, modu berekoa, amak sortutako zorrari buruzkoa (doc.2007/448863). Bi gutunetan interesdunei jakinarazi zitzaien Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atalak zorra ordainarazi behar zuela, eta zorra kitatzeko prozedurak ahal den enbarazu txikiena egiteko, senideei eskatzen zaie departamentuko bulegoetara joateko edo hara telefonoz deitzeko, zor hori erregularizatzeko prozeduraren berri izateko.
Interesdunek diote departamentuarekin izandako elkarrizketa guztietan, jakinarazi zitzaiela bi zorrak batera izapidetuko zirela. Behin amak sortutako zorraren erreklamazioa jaso ondoren ere (2008ko maiatzean), interesdunek berriz ere deitu zuten departamentura, eta bertatik berriz ere ez kezkatzeko esan zieten, bi zorrak metatuta zeudelako. Hala eta guztiz ere, data horretarako, aitaren espedientea Ekonomia eta ;Ogasun Departamentuaren eskuetan zegoen.
Zorra metatzeko eskabidea ezesteari buruzko erantzunik eman zenik inon jasota ez dagoenez, 2007an eskutitz bera igorri baitzen amarengatik eta aitarengatik, eta interesdunen esanetan uneoro jakinarazi zitzaienez zorraren izapidetzea batera gauzatzen ari zela, erakunde honen ustez zuzena da interesdunen jarrera, alegia, uste izatea bi zorrak borondatezko aldian zeudela uste izatea.
Eta hala diogu zeren eta kasu honetan guztiz aplikatzekoa baita Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikulua; administrazioaren jardun oro gidatu behar duten printzipio orokorrak jasotzen ditu artikulu horrek, eta lehenengo artikuluko bigarren lerrokadan honakoa jasotzen du: “Administrazio publikoek fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioak errespetatu beharko dituzte bere jardueran”.
Auzitegi Gorenak, printzipio horiei buruz ari dela, 1990eko ekainaren 8ko epaian, eta berrikiago 1997ko otsailaren 17ko epaian ere, honakoa adierazi du: “jarduera administratiboaren legezkotasun zorrotzaren eta hartatik ondorioztatzen den segurtasun juridikoaren artean sortzen den gatazkan, azken horrek izanen du lehentasuna, herritarrak administrazioaren jardunean duen konfiantza legitimoa babestearen printzipioa aplikatzearen ondorioz. Horixe bereganatu du Europako Erkidegoko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak, eta printzipio hori aplikatzekoa da, ez soilik partikularrarengan konbikzio psikologiko subjektiboaren edozein mota gertatzen denean, baizik eta, baita ere, konfiantza hori Administrazioak sorturiko zeinu edo egitate muturrekoetan oinarritzen denean ere, horiek behar bezain erabakigarriak direnean herritarrak arrazoiz konfiantza izan dezan administrazio jarduera zehatz baten legezkotasunaren itxuran; hartara, herritarrak bere borondatea makurtu ahal du zenbait ekintza eta baliabide pertsonal eta ekonomikoen inbertsioak egitera, baina horiek, finean ez datoz bat Administrazioak geroan eginen dituen ekintzen benetako ondorioekin, are gehiago legezkotasunaren itxura horrek, interesduna nahasarazi zuenak, praktikan interesdun horri juridikoki jasan beharko ez lituzkeen kalte edo galera batzuk eragin zizkionean.
Hori dela eta, erakunde honek uste du interesdunek ez dutela zertan ordaindu bide exekutiboan sorturiko interesak, zeren eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentutik behin baino gehiagotan adierazi izan baitiete bi zorren izapidetzea batera egiten ari zela, eta, horrenbestez, bi zorrak ordaintzeko borondatezko aldian zeudela uste zuten.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea interesdunei itzul diezazkien bide exekutiboan sorturiko interesengatik ordaindu dituzten 736 euroak.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia