Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con la denegación de una solicitud de permiso por lactancia maternal acumulada en jornadas completas
Exp: 09/383/F
Nº: 127
Funtzio Publikoa
2009ko ekainaren 2an, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen bularra emateko baimena lanaldi osotan pilatzeko egin zuen eskaria ezetsi zitzaiolako.
Kexa-egilea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko funtzionarioa da, [?] lanpostu batean, eta Bideko Ama Birjina Ospitaleari atxikita dago. Azaltzen du 2009ko martxoaren 3an, baimena pilatzeko eskaria aurkeztu zuela, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan oinarrituta. Zehazki, ordaindutako baimen bat eskatu zuen, 74 lanordu hartzen zituena. Egun kopuru hori 2009ko otsailaren 26tik hasi (aipatu foru dekretua argitaratu eta biharamuna) eta 2009ko ekainaren 29ra bitarte (semeak hamabi hilabete beteko dituen eguna) kontatzearen emaitza da hori. Metatutako orduak urte hartako ekainaren 11tik 26ra hartu ahal izatea eskatzen zuen.
Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendariaren martxoaren 20ko 2445/2009 Ebazpenaz eskaria ezetsi egin zen. Ezesteko ekintzan hitzez hitz esaten denaren arabera, ezezkoaren oinarria da “2009ko ekainaren 11n bularra emateko baimenetik 10 ordu baizik ez zaizkiola geratzen”.
Interesdunaren ustez, erabaki hori ez dator bat gaiari buruzko arauekin, eta baimena pilatuta hartzeko eskubidearen aurkakoa da, eta horregatik gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan.
“[?] andreak 2009ko martxoaren 3an eskatu zuen alde batetik 2009ko ekainaren 29ra arte luzatzea ordura arte bularra emateko zeukan baimenaz gozatzeko aldia, eta, bestetik, bularra emateko baimenaz orduak lanaldi osotan pilatuta gozatu ahal izatea, data zehatzik aipatu gabe, eta horretarako otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan oinarritzen da. Izan ere, dekretu horren bidez Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zen.
2009ko martxoaren 13an, interesdunak beste idazki bat aurkeztu zuen, non adierazten baitu jakin duela aurreko eskarian jasotako asmoak baietsiko zaizkiola, hain zuzen ere aipatu eskaria egin zuen egunetik kontatzen hasita, eta eskatzen du kontatzen hasteko otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik, hain zuzen ere 2009ko otsailaren 25etik.
Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria zuzendariaren martxoaren 20ko 2445/2009 Ebazpenaren bitartez, ezezkoa eman zitzaion bularra emateko baimen ordainduko orduak lanaldi osotan pilatzeko eskariari, “2009ko ekainaren 11n bularra emateko baimenetik 10 ordu baizik ez zaizkiolako geratzen”.
Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria zuzendariak bularra emateko baimeneko orduen gutizko kontaketa egin zuen, pilaturik gozatzeko modalitateari zegokionez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak emaniko jarraibideei jarraituz, hain zuzen ere arestian aipatutako opor, lizentzia eta baimenei buruzko erregelamendu berria argitaratzearen ondorioz; izan ere, erregelamendu horren berritasunetako bat da bularra emateko baimenaz gozatzeko modalitate hori.
Horri dagokionez, lehendabiziko unean zuzendaritza nagusi honek interpretatu zuen bularra emateko baimenaren ordez kasuko denbora lanaldi pilatuetan hartzeko baimenerako kontatu beharreko orduen kontaketa egin behar zela aipatu baimenaz gozatzeko hasierako egunetik haurrak hamabi hilabete betetzen zituen egunera arteko denbora hartuta, hain zuzen ere lan egun bakoitzeko ordubete kontatuz. Bada, arau indardunaren testua berriz aztertu ondoren, honako ondorioetara iritsi ginen:
Lanaldi pilatuetan metatu beharreko bularra emateko baimen ordainduko orduen kontaketa egiteko, hasiera gisa interesdunak eskaria egin zuen eguna jarri behar da, eta bukaera gisa, berriz, haurrak hamabi hilabete betetzen dituen eguna; ez dira inolaz ere kontatu behar eskabidearen aurreko aldiei dagozkien orduak. Horren arrazoia da erreferentziako arauak baimena ematen duela bularra emateko baimenaz egunero baliatzeko modalitatearen ordez, baimen ordaindu bat hartzeko, zeinean lanaldi pilatutan metatuko baita kasuko denbora; bada, modalitate baten ordez bestea hartzeak ez du nahitaez berarekin ekartzen baimen orduen guztizko kopurua bat etortzea baimenaz baliatzeko bi modalitateetan; horrenbestez, bularra emateko baimenaz eguneroko modalitatearen arabera baliatzeko interesdunak eskatu behar baldin badu, eta eskatzen duen unetik ematen baldin bada, baimenaz orduak pilatuta baliatzeko metatu beharreko orduen guztizko kopurua eskaria egiten den egunetik kontatu beharko da. Bestela, ez ginateke modalitate baten ordez bestea jartzen ariko; aitzitik, bestelako baimen bat ematen ariko ginateke, eguneroko modalitatekoa baino luzeagoa. Eta hori arauak dioenaren aurkakoa da.
Aurreko kontaketaren ondoriozko lanaldi osoez gozatzea modu jarraituan egin behar da, hain zuzen ere interesdunak eskatzen duen unetik hasita, betiere muga-egun gisa jarrita semeak hamabi hilabete betetzen dituen eguna.
[?] andreari bularra emateko baimena eman behar zaio, lanaldi osotan metatua, eta baimen horrek iraunen du kontaketa 2009ko martxoaren 3an hasi –egun horretan egin baitzuen hasierako eskaria– eta haurrak hamabi hilabete betetzen dituen egunera arte.
Ez da baietsi behar interesdunak eskatu duena, alegia, orduen kontaketa egitea 2009ko otsailaren 25etik edo 26tik hasi –erregelamendu berria argitaratu zen eguna eta indarra hartu zuen eguna, hurrenez hurren– eta martxoaren 2ra arte –interesdunaren eskariaren aurreko eguna–, zeren eta 2009ko martxoaren 3an eskatu baitzuen orduak pilatzeko, eta, gainera, egun horretara arte bularra emateko baimenaz gozatu baitzuen, eguneroko modalitatean.
Baimenaz gozatzeko aldia eman behar da interesdunak eskatu duen egunetan, betiere Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak horri buruz emandako jarraibideen arabera pilatu beharreko orduen guztizko kopurua bat baldin badator interesdunak egindako kalkuluarekin.
Ezer baino lehen, erakunde honek atzematen du kexa-espediente hau izapidetzeko aldian, hura determinatu zuen ekintza nabarmen aldatu dela.
Adierazi digutenaren arabera, Administrazioak aplikatzekoa den arauari buruz erabiltzen zuen interpretazio-irizpidearekin, interesdunak eginiko eskabidea ezetsi egin zen. Irizpide hori berraztertu ondoren, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria zuzendariak ekainaren 16ko 6284/2006 Ebazpena eman zuen, eta haren bidez [?] andrearen kexa eragin zuen ezespen ekintza aldarazi zuen.
Aldaketa horren ondorioz, interesdunari aukera eman zaio bularra emateko baimenaz lanaldi osotan pilatuta gozatzeko, eta baimenaz baliatzeko aldia aurrekarietan adierazitako moduan finkatu da. Irizpidea berraztertzeak aurrekoa baino aldekoagoa den ekintza administratibo bat ekarri badu ere, [?] andrea ez dago ados Administrazioak baimenaz baliatzeko zehazki determinatu duen aldiarekin, horrek berarekin dakarrelako baimen-ordu efektiboak galtzea. Galera horren arrazoiak bi dira: alde batetik, gozatzeko aldian sartzea ebazpen berria eman eta jakinarazi zen eguna bera; bestetik, lan egutegiaren arabera interesdunari aldi horretan lan egitea dagokion aldia laburragoa da nolabait esateagatik “ordu-kreditua” sortzen den aldi horretan konta daitezkeen orduak baino.
Planteaturiko gai horren izaera kontuan izanda, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamenduak jada bere txostena egin duenez, non Osasun Departamentuaren jardunbidea ere aipatzen baita, bidezko jotzen dugu gure iritzia ematea gehiago geroratu gabe.
Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua aplikatu behar da kasu honetan; izan ere, haren bidez, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horren 17. artikuluko lehenengo idatz-zatian, honakoa ezarri zen: “Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko”.
Artikulu bereko bosgarren idatz-zatiak honakoa dio: “Bularra emateko denboraren ordez bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen soldatadun bat eskatzen ahalko dute interesdunek”.
Xedapen horren bokazioa argi dago: funtzionarioei bidea ematea beren seme-alaben bizitzako lehendabiziko urtean lantokitik lekutzeko hain zuzen ere arauak berak ezartzen duen denboran. Denbora hori ordubete da egunero, baina interesdunek aukera dute denbora hori modu metatuan hartzeko; hau da, dagozkien ordu guztiak batuz eta ordu horiez guztiez lanaldi osotan gozatzeko.
Kexa-egileak adierazi du orain baimenaz baliatzeko determinatutako aldian, esleituta daukan lan ordutegia kontuan hartuta, prestazio-ordu gutxiago sartzen direla orduak pilatzeko eskabidea egin zuen egunetik semeak hamabi hilabete betetzen dituen egunera arteko aldian lekutzeko baimena izanen lukeen ordu guztiak pilatuta egokituko litzaizkiokeenak baino.
Ez dakigu zehazki Administrazioak nola egin duen orduen kalkulua eta baimenaz baliatzeko aldiaren zehaztapena, ez eta zein den desadostasuna eragin duen arrazoi zehatza: aldeetako baten akats materiala ala orduen kontaketari buruz eta baimenaz baliatzeko aldiari buruz jokatzeko modu desberdina.
Nolanahi ere, bidezkotzat jotzen dugu baieztatzea baimenaren denbora hartaz baliatzeko modalitatetik independentea izan behar duela; horrenbestez, lanpostutik lekutzeko baimendutako orduen kopuruak bera izan behar du, orduak pilatzearen alde egin nahiz ez egin.
Horrenbestez, orduak pilatzeko eskatuta, baimenaz baliatzeko aldian interesdunak zerbitzua eman beharreko orduen kopuruak (zeina ebazpenean sei ordu eta berrogei minututan finkatzen baita ekainaren 16tik 29ra) bat etorri behar du eskabiderik egin izan ez balu baliatzeko izanen lituzkeen orduekin (hain zuzen ere martxoaren 3tik ekainaren 29ra lekutzeko baimena izanen lukeen orduekin).
Aurrekoaren abstrakzioa eginez, interesdunak adierazi du baimen ematea eta haren jakinarazpena haiek hasi behar zuten egun berean egin zitzaizkiola (ekainaren 16an), jada lanean ari zenean, eta horrek egun horretan bertan baimenaz gozatzeko aukera kendu ziola.
Egiazki, atzeman dugu aurrekoa aldatzeko ebazpena ekainaren 16an eman zela, eta bertan ezartzen dela egun horretatik bertatik hasi eta ekainaren 29ra bitartean izanen duela indarra.
Orduak pilatzearen helburua baldin bada interesdunari modua ematea lanaldi oso batzuetan lanera ez joateko, ezin gara ados egon baimena emateko ekintza administratiboa jakinarazten den eguna baimen-egun gisa hartzearekin.
Interesdunari ekintza jakinarazteko unea baino lehen baimen-orduak iragan izateak Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean ezarritakoa urratzen du; izan ere, lege horren 57.2 artikuluan ezartzen da azaldutakoa bezalako ekintzen eraginkortasuna haiek jakinaraztearen menpe dagoela.
Horrenbestez, bidezkoa da, gure iritziz, baimena alde horri dagokionez aldatzea, eta baimenaz gozatzeko aldiari ekainaren 16ko orduak kentzea, data horretan eman eta jakinarazi baitzen ebazpena.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Baimenaz baliatzeko alditik kanpo gera dadin baimena eman eta jakinarazi zen eguna.
Baimenaz gozatzeko aldia halako moduan determina dadin, non baimendutako lekutze-orduak interesdunak orduak pilatzearen alde egin izan ez balu gozatu izanen zituen berak izan daitezen, kopuruari dagokionez.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duten eta azaldutakoaren ildotik zer neurri hartuko dituzten, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea erabaki hau onartzen ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Osasun Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia