Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 25eko 110/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 25

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: VINSA no informa sobre la paralización de una obra de VPO

Exp: 10/383/V

: 110

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo maiatzaren 18an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzean gertatutako gorabeherei buruzko informaziorik ez emateagatik berari nahiz gainontzeko esleipen-hartzaileei.

    Azaltzen zuenez, 2008ko kanpainan babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zioten VINSAk sustatu eta [?] eraikuntza-enpresak eraikitako 84 etxebizitzako eraikin batean.

    Zioenez, obrak sei hilabete baino gehiago zeramatzan geldirik, eta obra geldirik egoteko arrazoiei buruz VINSAn galdetu duten bakoitzean erantzun lausoa jaso dute.

    Haren esanetan, ahalegin handia egin behar du babes ofizialeko etxebizitzaren salerosketa ordaintzeko, bizi den etxearen alokairua ere ordaindu behar duelako hilero aldi berean; horrenbestez, obra geldirik egotearen ondorioak ekonomikoak dira, baina gogo-aldartean ere eragiten diote, VINSAk ez diolako informaziorik ematen obra geldirik egoteko arrazoiei buruz, ezta berriz hasteko epeei buruz ere.

    Amaitzeko, erosi duen babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren egoerari buruzko informazioa eskatzen zuen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    Kontseilariak, joan den ekainaren 17an, txostena igorri zuen. Hartan, ondokoa dio hitzez hitz:

    • “VINSAk sustatu eta [?]-k eraikitzen duen babes ofizialeko etxebizitza baten esleipen-hartzaile [?] andrearen arabera, etxebizitza horren obrak geldirik daude, eta atzerapenak kaltea eraginen liokeelako beldur da.
    • Sustapen horretako obrak atzeratuta doaz aurreikusitakoaren aldean. Halere, VINSAk ez du aurreikusten obra emateko bete beharreko epea ez betetzea.
    • VINSAk akordio bat itxi du [?]-rekin, 84 etxebizitzako sustapen horretako obren kontratua hutsaltzeko.
    • VINSAk kontratua sinatu du lehiaketa horretan bigarren tokian gelditu zen enpresarekin (lehenengo tokia [?]-k lortu zuen), obra egin eta buka dezan.
    • VINSAk [?] enpresarekin eginiko zuzemenek denbora behar dute, ez baitira errazak. Halakoetan, zailtasunak eta hirugarren kaltetuak egon ohi dira: langileak, azpi-kontratistak, eta abar. Ez da ez erraza ez posiblea izan unean uneko informazio osoa ematea gisa horretako arazoei buruz”.

AZTERKETA

  1. Ondotik aztertzen dugun kexa-espediente zehatza ebaztean lehenengo eta behin adierazi beharra dago agerikoa dela Administrazioak ez duela inolako kontraturik urratu, eta ez dagoela VINSAren aldetik gaitzetsi beharreko inolako jarduketarik, etxebizitza izateko herritarrek duten eskubidea arriskuan jartzeagatik. Areago, eraikuntza-enpresak obra gelditu izanaren aurrean VINSAk izandako jokabideak kexa-egilearen nahiz etxebizitzaren gainontzeko eslipen-hartzeileen eskubidea ziurtatzea bilatu du.

  2. Kexaren oinarria, erakunde honen ustez, interesdunak VINSAren informazio-politikarekin duen desadostasunera mugatzen da, [?] eraikuntza-enpresak babes ofizialeko 84 etxebizitza, besteak beste hari esleitutakoa, geldiarazi izanaren ondorioz sortutako egoera anomaloaren aurrean izandako informazio-politikarekikoa.

    Ulergarria da interesduna kezkatuta egotea bere etxebizitza eraikitzeko obra, zergatik ez dakiela, gelditu delako. Kezka horren eraginez, VINSA sozietate publikora jo zuen, etxebizitzaren sustatzailea den aldetik, egoera horren arrazoiez galdetzera, interesdunaren ustez horrek arriskuan jartzen dituelako etxebizitza izateko duen eskubidea eta ahalegin ekonomiko eta pertsonal handiarekin sinatu duen kontratua.

    Ulergarria da, orobat, VINSAren jokabidea, obra kontratu bat hutsaltzeak dakartzan zailtasunak ikusita, nahiago izan duelako zuhurtziaz jokatu, ezustean sortutako arazoa behar bezala bideratzeko beharrezkoa delako haren ustez zuhurtziaz jokatzea.

    Bi jarrera logiko eta ulergarri horien aurrean, erakunde honen ustez, VINSAk jokabide parte-hartzaileago bat izateak neurri batean arinduko luke esleipen-hartzaileen egonezina. Gure ustez, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-hartzaileei gertatutakoa azaletik azaltzeak eta sortutako arazoa behar bezala konpontzeko ahaleginaren eta konpromisoaren berri emateak ez du arriskuan jartzen arazoa konpontzeko gorde beharreko zuhurtzia, eta, halatan, esleipen-hartzaileei egiazko informazioa, lasaigarria, ematen zaie, horretarako eskubide dute eta.

    Horrenbestez, gure ustez, bidezkoa da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea, kasu honetan nahiz honen moduko beste batzuetan, gogoan har ditzan herritar kaltetuak, eta informazioa eman diezaien, egiazkoa eta haien eskubidearen araberakoa, Administrazioak edo etxebizitzak sustatzen dituen sozietate publikoak ezustean gertatutako arazoa konpontzeko eginen duenari buruz.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea informazioa eman diezaien kexa-egileari eta babes ofizialeko 84 etxebizitzen gainontzeko esleipen-hartzaileei, obra geldiaraztearen arazoa konpontze aldera egiten diren jarduketei buruz.

  2. Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia