Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Denegación de la financiación del coste del servicio del transporte sanitario
Exp: 09/272/S
Nº: 126
Osasuna
2009ko apirilaren 21ean, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardun okerrarengatik.
Azaltzen du bere seme [?](e)k, Altsasun bizi denak, istripu bat izan zuela motorrarekin 2008ko maiatzaren 22an. Horren ondorioz, anbulantziaz etorri behar izan du Iruñera, errehabilitazioa egitera.
Kexa aurkeztu da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezezkoa eman diolako gaixoak erabilitako osasun garraioaren zerbitzuari dagokion kostua ordaintzeari. Ibilgailuaren aseguruak istripuaren kostua bere gain hartu zuen osasun laguntzaren bermeari zegokion mugaraino (3.000 euro). Kopuru horretatik gorako kostuari dagokion zatirako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren finantziazioa eskatu da, baina eskabide horri ezezkoa eman zaio, zeren eta garraio horrek aldez aurretik baimenduta egon behar baitzuen.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.
2009ko ekainaren 2an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:
“Zerbitzu honetan dauden datuen arabera, 2008ko ekainaren 16an eta uztailaren 29an, [?] jauna Nafarroako Ospitaleko kontsultara joateko osasun garraioaren eskabideak ezetsi ziren, zeren eta [?] jaunak pairatutako lesioak 2008ko maiatzaren 22an izandako trafikoko istripu batetik heldu baitziren, eta, horrenbestez, aseguru-konpainiak osasun-laguntzaren gastuak bere gain hartu behar baitzituen.
2009ko martxoaren 3an, aseguru-hartzaileak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eskatu zion Baztán-Bidasoa anbulantzien enpresak igorritako fakturak ordain zitzan, zeren eta 2009ko otsailaren 17an Allianz aseguru-konpainiak jakinarazi baitio osasun-laguntzarengatiko 3.000 euroko zenbatekoa ordaindu ondoren, bermearen muga agortuta dagoela.
2009ko martxoaren 6an, Prestazio Zerbitzuak gaixoari erantzun zion esanez ezin zituela ordaindu osasun garraioko enpresa batek eginiko fakturak, modu pribatuan eskatutako leku-aldatze lan batzuei zegozkionak, zeren eta, prestazio hori emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kontratu bat egina baitu enpresa horrekin, non ezarrita baitago, besteak beste, garraio-lan programatuak Prestazio eta Itun Zerbitzuak baimendu behar dituela, eta gaixoak enpresa adjudikazio-hartzaileari 24 orduz lehenago jakinarazi beharko diola anbulantzia bat erabili behar duela.
Allianz aseguru konpainiaren idazkiaren arabera –espedienteari erantsi zaio–, 2008ko irailaren 24an lesiodunaren legelari partikularrari jakinarazi zitzaion 3.000 euroko mugara iritsita osasun laguntzaren bermea bukatuko zitzaiola.
Hori guztia dela eta, konpainiak xehetasun horri buruz informatu zuen unean, asegurudunak beharrezko bideetatik eskatu behar zuen prestazioa, zerbitzua modu pribatuan erabiltzen jarraitu beharrean. Hori egin ondoren, ezinezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartzea aipatutako fakturak, hain zuzen ere ezagutzen ez zuen eta aldez aurretik baimendu gabeko zerbitzu bati zegozkionak. Izan ere, zerbitzu hori ez dago baimendurik eta osasun-garraioaren adjudikazio-hartzailea den enpresarentzako ordainketa ez da zerbitzu bakarraren sistemaz egiten, baizik eta kostu finkoaren sistemaz.
Txosten honetan, eginiko jarduerei buruzko dokumentazioaren kopia erantsi dugu.
Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera, osasun garraioak erabilerraza izan behar du ezgaitasuna duten pertsonentzat. Osasun garraio hori datza gaixoak toki batetik bestera eramatean arrazoi guztiz klinikoengatik, baldin eta gaixo horiek, beren egoerarengatik, garraiobide arrunta erabiltzerik ez badute.
Prestazio horren finantziaziorako eskubidea dute pertsona gaixoek edo istripu bat izandakoek, baldin eta Osasun Sistema Nazionalaren osasun laguntza jasotzen badute eta ezintasun fisikoarengatik edo beste arrazoi guztiz kliniko batzuengatik garraio arrunta erabiltzerik ez badute osasun etxe batera joateko edo beren etxera joateko, kasuko osasun laguntza jaso ondoren, betiere premia hori justifikatzen duten arrazoiek beren horretan jarraituz gero. Lagunduta joan ahalko dira, gaixoaren adinarengatik edo egoera klinikoarengatik halakorik behar denean.
Arauak berak, berariaz osasun garraioari buruz ari dela, honakoa ezartzen du: ordaintzera behartutako hirugarren bat dagoenean, kasuko osasun administrazioak egindako zerbitzuen zenbatekoa erreklamatuko dio. Aurreikuspen horri dagokionez, Zerbitzu Komunen Zorroko IX. eranskinak arau batzuk aurreikusten ditu osasun laguntzari buruz, eta ezartzen du laguntza horren zenbatekoa ordaintzeko betebeharra duten hirugarrenei erreklamatuko zaiela. Horri dagokionez, xedatzen du osasun zerbitzu publikoek ordaintzeko betebeharra duten hirugarrenei zuzenean pertsonei emandako osasun-laguntzen edo -prestazioen zenbatekoa erreklamatuko dietela. Honakoak sartzen dira horren barrenean: osasun garraioa, larrialdiko laguntza, laguntza espezializatua, oinarrizko osasun laguntza, laguntza farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen bidezko prestazioak eta errehabilitazioa, arauan aurreikusitako kasu desberdinetan, zeinen artean, hemen interesatzen zaigunari begira, nahitaezko aseguruak baitaude.
Igorri zaigun informazioa ikusita, jada 2008an kexa-egilearen semeak, trafikoko istripua izan ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari osasun garraioaren zerbitzua eskatu zion. Hala eta guztiz ere, azaldu zaigunaren arabera, eskatzaileari ukatu egin zitzaion, lesioak trafikoko istripu batean sortu zirelako, eta kostu hori aseguru konpainiak hartu behar zuelako bere gain.
Behin konpainiak interesdunari jakinarazi zionean bermatutako zenbatekoa agortua zuela, interesdun horrek berriz jo zuen Administraziora eta zerbitzua ordaintzeko eskatu zuen, hain zuzen ere aseguruaren muga gainditzen zuen zenbatekoari zegokionez, enpresa kudeatzaileak egindako fakturak bere kargu hartzeko. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, berriz, eskatutakoa ezetsi zuen, zeren eta zerbitzua erabiltzeko aldez aurretiko baimen administratiboa behar baita. Zehazki, ezezkoa emateko ebazpenean, honako argudioak erabiltzen dira:
“Osasun-garraioaren zerbitzua eskubide horren titularrak diren herritarrei emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kontratuak dauzka anbulantzien enpresekin. Kontratu horien baldintzetan prestazioa lortzeko bete beharreko baldintzak eta beharkizunak arautzen dira.
Horien artean dago, garraio-lan programatu bat egiteko aurretik Prestazio eta Itun Zerbitzuaren baimena behar dela. Gainera, hori eskatzen duen gaixoak garraioaren premia hori komunikatu beharko dio enpresa itunduari 24 orduko aurrerapenarekin. Baimenaren eta abisua emateko beharraren baldintza horiek bete gabe, gaixoak ezin izanen du osasun-garraio publikoa erabili Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargura”.
Gure iritziz, planteaturiko kasuan Administrazioak izan duen jokabidea ez da bat etorri antolamendu juridikoan ezarritakoarekin, zeren eta herritarraren bizkar uzten baitu berari ez dagokion zama bat, alegia, zerbitzua eskatzea aseguru-konpainia ezarritako mugara iristen den une berean. Eta horrexek, nabarmena den bezala galera ekonomiko bat ekarri dio interesdunari.
Zerbitzu Komunen Zorrotik ez da ondorioztatzen ordaintzera behartutako hirugarren bat dagoenean Administrazioak osasun-garraioaren zerbitzua ukatu behar duenik. Zerbitzu hori baimentzea edo onartzea inguruabar horretatik independentea da.
Hain zuzen ere, aipatutako errege dekretuak ezartzen duena da Osasun Administrazioak (ordaintzera behartuta dagoen hirugarrenari) erreklamatuko diola egindako zerbitzuen zenbatekoa”. Arau hori ezarrita dago bai osasun garraioari buruzko VIII. eranskinean, bai ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei erreklamatu beharreko osasun laguntzari buruzko IX. eranskinean ere.
Hori dela eta, zerbitzua eskatu zen lehenbiziko unean (2008. urtea), baimendu egin behar zen (gutxienez ere ez zen ukatu behar emandako arrazoiarengatik), alde batera utzita Administrazioak gero ordaintzera behartutako hirugarrenari kasuko diru-kopurua erreklamatzea, eta ez zuen interesdunaren bizkar utzi behar aseguru-entitateak egin beharreko ordainketak kontrolatzeko zama.
Are gehiago, ez gaude ados zerbitzu publikoa emateko enpresa kudeatzailearekin edo enpresa kudeatzaileekin izenpetutako kontratuaren klausulak izatearekin herritarrek zerbitzu hori eskuratzeko baldintzak determinatzen dituztenak.
Praktika hori nabarmenki Zuzenbidearen aurkakoa da, zeren eta herritarrak ezin baitaitezke lotuta egon Administrazioak eta enpresa kontratistek izenpetzen dituzten kontratuekin. Horietan, izan ere, aldeen betebeharrak ezartzen dira, baina ezin zaie erga omnes efekturik aitortu, haien klausulek zerbitzua eskatzen duten herritarrak lotzeraino.
Bai muga daiteke edo baldintza daiteke zerbitzu hori edo beste zerbitzu publiko batzuk eskuratzea, eta horretarako behar den arau juridikoa onetsi beharko da, eta hura ofizialki eman beharko da argitara, eta argitaratu ondoren herritarrak lotuko ditu. Baina ezin dira, espediente honetan egin den bezala, Administrazioak hirugarren batekin duen kontratu baten klausulak erabili herritarraren asmoa ukatzen duen ebazpen bat emateko.
Aurrekoa ez da formalismo hutsa,, baizik eta, besteak beste, Konstituzioko 9. artikulutik heldu den betebeharra; izan ere, hartan ezartzen da herritarrak legeari eta antolamendu juridikoaren gainerakoari lotuta daudela, eta zenbait printzipio ezartzen ditu: esate baterako, arauen publizitatea eta segurtasun juridikoa.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea kexa-egilearen semeari aitor dakion osasun zerbitzua erabiltzeko eskubidea, eta enpresa kudeatzaileak igorritako fakturen zenbatekoa ordain dezan.
Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duen edo hura ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia