Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 24ko 125/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 24

Función Pública

Gaia: Denegación de su derecho a disfrutar las vacaciones pendientes del año 2008, no disfrutadas a causa de su maternidad

Exp: 09/234/F

: 125

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 1ean, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen 2008tik hartu gabe zeuzkan oporrez gozatzeko eskubideari ezezkoa eman zitzaiolako.
    Azaltzen zuen Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kirurgia Zerbitzuko OLTa dela. 2008an, ezin izan zituen 18 opor egun hartu, amatasunaren ondoriozko aldi baterako ezgaitasun baten ondorioz. Azkenik, 2009ko urtarrilean erditu da, eta amatasunarengatiko baja maiatzaren 7an amaitu zaio.
    Hori dela eta, Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren babesean, eta Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuko 6.2 artikuluaren babesean, aurtengo martxoaren 9an eskatu zuen 2008ko 18 opor egun horietaz gozatu ahal izatea, behin amatasunarengatiko baja amaitu ondoren.
    Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria zuzendariaren 2009ko martxoaren 9ko idazkiaren bitartez, ukatu egin zitzaion 2008tik hartu gabe zeuzkan oporrez gozatzeko eskubidearen aitorpena, uste baitu Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua aplikatu behar dela, non xedapen iragankor bakarrean honako esaten baita: Erregelamendu honetan jasotzen diren aurreikuspenak erregelamendua indarrean sartu aurretik hasitako lizentziei eta baimenei aplikatuko zaizkie, baldin eta bukatu gabe badaude indarrean sartzen den egunean, eta soilik lizentzia edo baimena baliatzeko falta den denborarako”.
    Horrenbestez, aipatu zuzendariak uste du ezin dela atzeraeragina aplikatu hartu gabe dauzkan oporrez gozatzeko.
    Interesdunak uste du bere eskariari modu zuzengabean eman zaiola ezezkoa, zeren eta Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuko 6.2 artikuluaren eta Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera opor egun horietaz gozatzeko eskubidea baitu.
  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bana igorri nuen Osasun Departamentura eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura, apirilaren 8an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren, biek ala biek kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
  3. 2009ko maiatzaren 7an, Osasun kontseilariak sinaturiko txostena sartu zen gure erakundean. Honakoa dio, hitzez hitz:
    1. “[?] andreak 2008ko abenduaren 1ean eskatu zuen 2008ko oporrez 2009an gozatu ahal izatea, Berdintasunerako Legearen babesa aipatuz, 2008an zehar izandako haurdunaldiaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna dela-eta ezin izan zituelako opor egun horiek lehenago hartu.
    2. 2008ko abenduaren 9an, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria zuzendariak erantzun zion, eskatutako opor horiei EZEZKOA EMANEZ, hain zuzen ere honako arrazoiengatik:
    3. “Jakitera ematen dizut Nafarroak eskumen osoa duela bere funtzionarioen estatutu-araubidea erregulatzeko, muga bakarrarekin: estatuko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien oinarrizko eskubideak eta betebeharrak errespetatzea (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 49.1.b) artikulua). Eta, hain zuzen ere, martxoaren 22ko 2/2007 Lege Organikoko 59. artikuluan ezarritako baimena ez da oinarrizko eskubide edo betebehar bat; horrenbestez, ez zaie aplikatzekoa Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko funtzionarioei.”
    4. Nolanahi ere, eskatzaileari ez zaio aplikatu behar otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, zeinak Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onetsi baitzuen, hain zuzen ere xedapen iragankor bakarrean xedatutakoarengatik: “erregelamendu honetan jasotzen diren aurreikuspenak erregelamendua indarrean sartu aurretik hasitako lizentziei eta baimenei aplikatuko zaizkie, baldin eta bukatu gabe badaude indarrean sartzen den egunean, eta soilik lizentzia edo baimena baliatzeko falta den denborarako.”
    5. Horrenbestez, baimena emateko irizpidea soilik lizentzia eta baimenei aplikatu behar zaie, eta ez oporrei.”
  4. 2009ko ekainaren 1ean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren idazki bat sartu zen, hitzez hitz honakoa dioena:
    • “1.- Aurkeztutako kexaren arrazoia da Bidekok Ama Birjina Ospitaleko zuzendariak ezetsi izana interesdunak eginiko eskaria, hain zuzen ere 2009an, behin amatasunarengatiko baja amaitu ondoren, 2008tik hartu gabe zeuzkan oporrez gozatzekoa, Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren babesean, eta Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuko 6.2 artikuluaren babesean.
    • Ezezkoa bi arrazoiengatik eman zen: alde batetik, aipatutako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 59. artikulua, non aurreikuspen hori jasotzen baita, ez zaie aplikatu behar Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei, zeren eta berariaz Estatuaren Administrazio Orokorrari buruzkoa den kapituluan baitago; bestetik, administrazio honetako langileei aplikatzekoa zaien opor, lizentzia eta baimenei buruzko erregelamendu berria dago, non aurreikuspen hori jaso baita, baina erregelamendu horrek 2009ko otsailaren 26an hartu du indarra, hain zuzen ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean. Horrenbestez, xedapen iragankorrei dagokienez inongo atzeraeraginik aurreikusi ez denez, ezin zaie aplikatu 2008ko oporrei.
    • 2.- Zuzendaritza Nagusiak horri buruz duen jarrera bat dator adierazitako argudioekin, eta zuen erakundean izapidetutako eduki bereko beste espediente batean –09/20/F erreferentzia duenean– ere azaldu zen. Espediente horri amaiera emateko, Arartekoak ebazpen bat eman zuen, non aitortzen baitu Administrazioak interesdunaren eskariari emaniko erantzuna zuzena dela ikuspuntu juridiko zorrotzetik; oporraldiez gozatzeko eskabideari ezezkoa ematea Zuzenbidearen araberakoa dela, eta, horrenbestez, ez duela urratzen kexa-egilea den langileari antolamendu juridikoak aitortutako inongo eskubiderik. Ondorio hori oinarritzeko azaltzen du interesdunak, Nafarroako Gobernuko funtzionarioa den aldetik, ezin duela bere asmoa juridikoki oinarritu estatuko lege batean xedatutakoan, hori ez baita Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa.
    • 3.- Aurreko guztia gorabehera, Arartekoak ebazpen horretan gomendio bat ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari “baimena eman diezaion interesdunari 2008ko oporraldietako 18 egunez gozatzeko”. Horretarako, ondorioztatzen du, erakunde horren ikuspuntutik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak atzeraeraginez aplika liezaiekeela artikulu hori, foru dekretuak hori berariaz aurreikusten ez duen arren, amatasun bajaren ondorioz 2008an oporrak hartu ez zituzten emakume guztiei.
    • Gomendio horri dagokionez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Arartekoari erantzun dio lege indardunen aplikazioak eragotzi egiten diola langileei aitortzea 2008an hartu gabeko opor egunez 2009an gozatzeko eskubidea.
    • 4.- Horri dagokionez, argigarri gerta daitezke Nafarroako Arartekoak erabilitako argudioak, otsailaren 27ko 40/2009 Ebazpenean (09/33/F espedientea) jasotakoak, aitatasunarengatiko baimenari buruzko kexa bati buruzkoan. Izan ere, kexa horretan, orobat, zalantzan jartzen zen arauek indarra hartzeko unea. Azterketaren 3. atalean, honakoa jasotzen da hitzez hitz:
      • “Hala eta guztiz ere guztiz onartezina da Hezkuntza Departamentuak aplikatzea interesdunak baimena eskatu duen unean onetsi ere gabe zegoen erregelamendu bat.
    • Arau juridikoen derrigorrezko indarrak denbora-muga batzuk dauzka, hain zuzen ere indarraldiaren hasierak eta amaierak markatutakoak. Kode Zibilak, 2.1 artikuluan honakoa ezartzen du –lege xedapen guztietan aplikatzekoa den araua da–:
      • “Legeak indarrean jarriko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratu eta hogeigarren egunean, legeetan euretan besterik xedatu ez bada.”
    • Halaber, aipatu beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 52.1 artikuluan adierazitakoa:
      • Administrazioaren xedapenak, ondorio juridikoak izateko, dagokien aldizkari ofizialean argitaratu behar dira.”
    • Ildo beretik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 57. artikuluak honakoa ezarri zuen:
      • “Ondorio juridikoa izan dezaten, erregelamenduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta osorik argitaratu eta handik hogei egunera hartuko dute indarra, non eta haietako batean ez den bestelako epe bat erabakitzen.”
    • Horrenbestez, argi dago erregelamenduak eraginkorrak direla kasuko aldizkarian argitaratzen direnetik eta aurreikusitako vacatioa iragan denean. Baieztatutakoaren arabera, [...] jaunaren eskabidea egin zen unean aplikatzekoa zen arau juridikoa urriaren 30eko 384/2000 Foru Dekretua zen, hain zuzen ere, abenduaren 18ko 87/2006 Foru Dekretuak aldatutakoa aitatasun baimenari dagokionez. Arau horrek aukera ematen du baimenaz gozatzeko edo jaiotzaren egunetik edo amari ospitalean alta ematen dioten egunetik.
    • Departamentuak aipatzen duen erregelamendu berria, Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2009ko otsailaren 25ean argitaratu zena, ezin da aplikatu modu aurreratuan kexaren xedea den kasuan, zeren eta interesdunak eskabidea egin duen unean ez baitzegoen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argiratuta, eta, horrenbestez, ez zuen indarrik.
    • Argi dago antolamendu juridikoaren oinarrizko printzipioen arabera, arau batek ez duela eragin juridikorik harik eta indarra hartzen duen arte, eta Administrazioak legearen eta zuzenbidearen arabera jardun behar duela.”
    • Argudio horietan oinarrituta, izenpetzen duena bat dator esatean oraingoan ondorioztatu behar dela Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileria Zuzendaritzaren jarduera zuzena izan dela eta, horrenbestez, ezin dela baietsi [?] andreak aurkeztutako kexa.”

AZTERKETA

  1. Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren aitzinsolasean esaten da lege organiko hori Espainiako politika publiko guztietara zabaltzekoa dela, estatu mailakoetara nahiz autonomia eta toki mailakoetara, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen arloko kode-legea izateko bokazioarekin sortzen dela. Horretarako, zenbait determinazio jasotzen ditu, emakume langilearen haurdunaldi, amatasun eta edoskitze egoerei ahal den babes handiena ematera zuzendutakoak, hemen interesatzen zaigunaren ikuspuntutik. Lege xedapen horiek positibo bihurtzearen adibideak topa daitezke, bestak beste, 8. artikuluan, non ezartzen baitu sexuaren arrazoiengatiko zuzeneko bazterkeria dela haurdunaldiarekin edo amatasunarekin loturiko kalterako tratu guztiak; 14.7 artikuluan, berriz, amatasuna babestea ezartzen da botere publikoen jarduteko irizpide orokor gisa, arreta berezia eskainiz gizarteak bere gain hartzeari haurdunaldiaren, erditzearen eta edoskitzearen eraginak; eta 51. artikuluan antzeko ekintzak ezartzen ditu funtzio publikoaren arlorako. Lege agindu horiek ezartzen dute botere publikoek ekintza positiboak egin behar dituztela haurdunaldi, amatasun eta edoskitze egoerak errazteko eta babesteko, eta lege organikoaren testuan, 59. artikuluan, amatasuna errazteko berariaz aurreikusten den neurrietako bat da, egiaztatu dugun bezala, oporraldia haurdunaldiarekin, erditzearekin edo edoskitze naturaleko aldiarekin, edo amatasunarengatiko baimenarekin, edo edoskitzearen ondorioetarako hura luzatzearekin, bat egiten duenean, enplegatu publikoak eskubidea izatea oporraldiaz beste une batean gozatzeko, nahiz eta opor horiei dagokien urte naturala bukaturik egon. Eskubide horretaz beraz gozatuko dute aitatasun-baimena duten pertsonek.
    Hala eta guztiz ere, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Osasun Departamentuaren iritziz, 3/2007 Lege Organikoa, hemen interesatzen zaigunerako, ez da loteslea Nafarroako botere publikoentzat, zeren eta, azken batean, berariaz Estatuko Administrazio Orokorrari buruzko kapituluan kokatuta baitago. Eta hori hala izanda ere, 3/2007 Lege Organikoaren xedeari, irismenari, eduki orokorrari eta testuinguruari erreparatuta, ezin gara interpretazio horrekin ados egon.
    Nafarroako botere publikoek aipatu lege organikoan xedatutakoak aintzat hartzearen ondorioetarako, azpimarratu beharra dago 8. eta 14.7 artikuluak, zeinek aipatutako lege xedapen edo irizpide orokorrak ezartzen baitituzte, azken xedapenetako lehenengoari jarraituz, oinarrizko baldintza batzuen araupetzea direla, eta haien bidez bermatzen dela espainiar guztiek berdintasuna izanen dutela Konstituzioan jasotako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko, Espainiako Konstituzioko 149.1.1.a artikuluaren arabera. Horrenbestez, ez dira printzipio programatiko hutsak, baizik eta zuzenean aplikatu beharreko lege-aginduak, espainiar guztien berdintasunaren oinarrizko baldintzak bermatzen dituzten aldetik. Eta Konstituzio Auzitegiaren doktrinak gogorarazten digu Espainiako Konstituzioko 149.1.1.a artikuluak gaikuntza bat jasotzen duela, hain zuzen ere Estatuak, “oinarrizko baldintza uniformeak” ezarriz (adierazpide hori ez da “oinarrizko legedia” edo “oinarriak” terminoen sinonimoa; izan ere, “oinarrizko baldintzak” Estatuaren eskumen osoa eta esklusiboa dira, eta ezin dira garatu oinarri batzuk balira bezala), autonomia erkidegoetako eskumenen baliatzea baldintza dezan, zertarako eta bermatzeko espainiar guztiek Konstituzioko eskubideez baliatzeko berdintasuna izan dezaten (Konstituzio Auzitegiaren 37/2002 epaia). Azken batean, bi artikuluetan ezarritako premisak –sexuaren arrazoiengatiko zuzeneko bazterkeriatzat jotzea haurdunaldiarekin edo amatasunarekin loturiko kalterako tratu guztiak eta amatasunaren babesa ezartzea botere publikoen jardueraren irizpide orokor gisa, arreta berezia eskainiz gizarteak bere gain hartzeari haurdunaldiaren, erditzearen eta edoskitzearen eraginak– Estatu osorako “oinarrizko baldintza uniformeen” izaera eta irismena duten legezko determinazioak dira, Nafarroan ere guztiz aplikatzekoak direnak eta administrazio publikoentzat lotesleak direnak, Estatuari Espainiako Konstituzioko 149.1.1 artikuluaren bitartez emaniko ahalmen baten adierazpen legitimo bat diren aldetik. Are gehiago, doktrina zientifikoa “oinarrizko baldintza uniforme” horiek konstituzio-eskubideen oinarrizko edukiekin identifikatzen joan da.
  2. Aurrekoa ezarrita, erakunde honek uste du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Osasun Departamentuak egiten duten interpretazioa ez dela bateragarria antolamendu juridikoa oinarrizko eskubideez –berdintasunaz, besteak beste– baliatzeko eta gozatzeko aldekoena den ikuspuntutik interpretatzeko printzipioarekin (Konstituzio Auzitegiaren 76/1987 epaia). Izan ere, printzipio horrek exijitzen du ezen, balizko interpretazio batzuen artean, eta kasu zehatz bakoitzean biltzen diren inguruabar bereziak aztertuta, ukitutako oinarrizko eskubideari eraginkortasun handiena emanen dion konponbidearen alde eginen dela (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 13ko 133/2001 epaia, urtarrilaren 14ko 5/2002 epaia eta urtarrilaren 30eko 26/2006 epaia, eta Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 5eko 2672003 autoa). Hautatutako interpretazioa okerrena da titularrak eskubideaz baliatu ahal izateari begira, eta aipatu lege-aginduekin bateragarria ez den interpretazioa da.
  3. Konstituzio Auzitegiak aukera izan du bere iritzia emateko emakumeak haurdunaldian eta haurdunaldiaren ondoren jaso behar duen babesari buruz. Hauxe esan zuen azaroaren 20ko 324/2006 epaian –RTC 2006/324–: “emakumearen babesa ez da mugatzen haurdunaldian zehar eta haurdunaldiaren ondoren duen baldintza biologikora, ez eta amaren eta seme-alabaren artean haurdunaldiaren eta erditzearen ondoren dagoen harremanetara; izan ere, lan harremanen garapenaren eta gorabeheren esparru zehatzean, enpresaburuaren antolamenduzko eta diziplina alorreko ahalmenak baldintzatzen ditu, saihesteko neurri baztertzaileek emakume langilearen osasunean izan zitzaketen ondorio fisiko eta psikikoak eta finkatzeko, aldi berean, emakumeak, langile gisa, lan arloan dagozkion eskubide guztiak izanen dituela, halako moduan non debekatuta egonen diren emakumearen egoeratik etor daitezkeen kalte guztiak (Konstituzio Auzitegiaren urtarrilaren 30eko 17/2003 epaia [RTC 2003,7], F. ·; urriaren 4ko 161/2004 epaia [RTC 2004, 161], F.·). Horri dagokionez, deklaratu dugu ezen “ emakume langilearen baldintza biologikoaren eta osasunaren babesak bateragarria izan behar duela haren lanbide-eskubideak zaintzearekin, halako moduan non sexuarengatiko zuzeneko bazterkeria baitira haurdunaldiak edo geroko amatasunak sor ditzaketen minusbalioak edo galerak” (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 4ko 182/2005 epaia [RTC 2005, 182], F.4)”.
    Epaiak honakoa esaten du, jarraian: “Konstituzioaren ikuspuntutik legitimoa izan zitekeen eskubideen murrizketa batek, indar handiko kausa batetik heldutakoak, esate baterako langilearen gaixotasunak, betoa dauka sexuarekin hain hertsiki dagoen amatasuna bezalako kausa batekin lotuta badago (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 3ko 214/2006 epaia [RTC 2006, 214], F.4). Amatasunarengatiko baja hertsiki lotuta dago langilea emakume izatearekin. Haren arrazoi nagusia ez da familia babestea, amak babestea baizik. 92/85/CEE zuzentarauaren (LCEur 1992, 3598) hamalaugarren kontuan hartuzkoak dioen bezala, erditu den edo edoskitze aldian dagoen emakume langilearen zaurgarritasuna dela eta, beharrezkoa da amatasunarengatiko baimen bat eskuratzeko eskubidea izatea. Hori dela eta, arrazoi horrengatiko lan-bajak ez dira gaixotasunengatiko bajak bezalakoak. Zerbitzu publikoa antolatzeko beharren justifikazioa, zeina baliagarria izan baitaiteke, lagungarri gisa, gaixotasun kasuetan oporraldietarako eskubidea denboran mugatzeko –are hura galtzeko ere–, ezin da erabili Konstituzioak amei bermatzen dien babesaren aurka. Gaixotasuna ustekabeko gorabehera bat da, zeinak inplikazio batzuk dauzkan langilearen eskubideen ikuspuntutik, baina ez da inolaz ere sexu zehatz batek gizartean eta lan munduan duen posizioarekin lotutako balio konstituzional bat, amatasuna den bezala, bai berez duen balioarengatik, bai emakumearen lan aukeren berdintasunerako dakartzan ondorioengatik ere.
    Zehazki, Europako Erkidegoetako Auzitegiak 2004ko martxoaren 18ko Merino Gómez epaian , C-342/01 gaian, adierazi duen bezala (TJCE 2004, 69), “emakume langile orok aukera izanen du bere urteko oporraldiez gozatzeko amatasun baimenean jasotakoaz bestelako aldi batean”, eta hala izanen da baita baimen horretaz baliatzean oporraldiez gozatzeko muga-eguna iragan denean ere.
    Epai horri amaiera emateko, honakoa dio: “errekurtso-egileak urteko oporraldi ordainduez gozatu ahal izateari emandako ezezkoa, haurdunaldiaren eta geroko amatasunaren unean eta inguruabarretan oinarritu zenez, sexuarengatiko zuzeneko bazterkeria kasua izan zen”.
    Ildo beretik, aipatu behar dira Auzitegi Gorenaren 2005eko azaroaren 10eko eta 2006ko martxoaren 21eko epaiak (RJ/2005/10084 eta RJ/2006/2312). Izan ere, haietan honakoa ezartzen da: “aldi baterako ezintasunaren egoera, zeina sortu baita ezarritako oporraldiaren aurretik eta oporraldi horretaz aipatutako datan gozatzea eragozten baitu, ezin da eragozpen moduan hartu langile orok urteko oporraldi horretaz gozatzeko duen eskubidea neutralizatzeko. Eta komeni da adieraztea, horri dagokionez, bereizi behar direla oporraldiaz gozatzen ari den bitartean sortzen den aldi baterako ezintasunari ematen zaion tratamendua –izan ere, egoera horretan langileak berak bere gain hartu behar duen arrisku bat da– eta oporraldiaren aurretik gertatzen den ezintasuna –azken horrek eragozten du langileak oporraldiaz gozatzea enpresak horretarako ezarri duen egutegiko dataren arabera–. Azken kasu horretan, horixe baita azken batean aurreikusten dena bai errekurtsoa aurkeztutako epaian, bai erreferentziako termino gisa proposatzen denean, bateragarri egin behar dira aldi baterako ezintasunarengatiko baja hori –gaixotasun arruntaz nahiz amatasunaz sortua den begiratu gabe– eta urteko oporraldiaz gozatzeko eskubidea.”
    Horrenbestez, jurisprudentzia hori guztia ikusita, argi dago sexuarengatiko bazterkeria dela kexa-egileari bere garaian haurdunaldiaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran egoteagatik gozatzerik izan ez zituen oporraldiaz gozatzea eragoztea.
  4. Azkenik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen du ez dela aplikatzekoa otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua –2009ko otsailaren 26ko NAOn argitaratu zen–, zeinak onesten baitu Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua, xedapen iragankorretan inongo atzeraeraginik aurreikusten ez delako, eta, horrenbestez ezin zaielako aplikatu 2008ko oporrei.
    Ildo beretik, Osasun Departamentuak uste du eskatzaileari ezin zaiola aplikatu otsailaren 9ko 11/2009 foru Dekretua, zeren eta haren xedapen iragankor bakarraren arabera, baimena emateko irizpidea soilik lizentzia eta baimenei aplikatu behar baitzaie, eta ez oporrei.
    Argudio horiek ikusita, nabarmendu behar dugu ezen interesdunak 2008ko 18 opor egun eskatzen baditu ere, gozatu gabeko opor horiek haurdunaldiarengatiko aldi baterako ezgaitasun batetik heldu direla zuzenean. Haurdunaldi horren ondoren, erditzea iritsi zen, 2009ko urtarrilean, eta, horrenbestez, 2008ko oporrez gozatzeko epea lizentzia baten ondorioz amaitu zen. Ez da, beraz, oporrak urte naturalaren barrenean hartu ez izateari buruzko kasu soil bat, zeren eta zuzeneko lotura bat baitu haurdunalditik heldu den egoera batekin.
    Aipatutako foru dekretuko 6. artikuluak honakoa dio:
    1. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzua hobeki antolatzeko, hurrengo urteko urtarrilaren 15a arte hartzen ahalko dira, gehienez”.
    2. Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, funtzionarioek eskubidea izanen dute oporrak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzien eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren hartzeko, erregelamendu honetan xedatu bezala, opor horien urte naturala bukatu ondoren”.

Aurreko lerroetan azaldu dugun bezala, antolamendu juridikoa oinarrizko eskubideez –berdintasunaz, besteak beste– baliatzeko eta gozatzeko aldekoena den ikuspuntutik interpretatzeko printzipioak exijitzen du ezen, balizko interpretazio batzuen artean, eta kasu zehatz bakoitzean biltzen diren inguruabar bereziak aztertuta, ukitutako oinarrizko eskubideari eraginkortasun handiena emanen dion konponbidearen alde eginen dela (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 13ko 133/2001 epaia, urtarrilaren 14ko 5/2002 epaia eta urtarrilaren 30eko 26/2006 epaia, eta Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 5eko 2672003 autoa).

Jurisprudentzia eta aurreko arauak planteaturiko kasuari aplikatuta, eta foru dekretua aldekoena den zentzuan interpretatuz, erakunde honek uste du interesdunak eskubidea duela haurdunaldiaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran egoteagatik 2008an gozatzerik izan ez zituen opor egunez gozatzeko.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

 

EBATZI DUT:

 

  1. Osasun Departamentuari gomendatzea interesdunari 2008ko 18 opor egunez gozatzeko baimena eman diezaion.
  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia