Ekainaren 24ko 123/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.
2009 ekaina 24
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Queja por impedirle el acceso al libro de actas del pleno del Ayuntamiento correspondiente al año 1984
Exp: 09/237/D
Nº: 123
Eskubideen Sustapena
AURREKARIAK
- 2009ko apirilaren 2an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Erriberriko Udalak 1984ko osoko bilkuren akta-liburua ikustea eragozteagatik.
Azaltzen zuen alkatetzaren aginduz 1984ko osoko bilkuren akta-liburua ikusteko baimenari ezezkoa eman ondoren, idatziz eskatu zuela hori bera 2007ko maiatzaren 30ean aurkeztutako idazki baten bitartez. Eskabide horri, ordea, ez zitzaion erantzun. 2009ko otsailaren 19an, berriz eskatu zuen 1984ko aipatu akta-liburua ikusi ahal izatea, baina orduan ere ez zaio eskabideari erantzun.
Idazkia bukatzen du eskatuz 1984ko akta-liburu hori kontsultatzeko baimena eman dakion, dokumentazio publikoa baita hori. - Erakunde honek esku hartzeko zituen aukerak zehazteko, hura arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraituz, Erriberriko Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa jasotzeko.
Informazioa bi aldiz eskatu ondoren, azkenean, 2009ko ekainaren 19an, udalaren txosten bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, adierazten zaigu akta-liburua ikusteko baimena edukitzeko eskabidearen arrazoia dela eskatzaileak frogatzea ez dela delitu-egile bat, baina gai horri buruzko zigor arloko epai irmo bat badagoela, eta haren bidez eskatzailea zigortu egin zela udaleko lau langileri buruz kalumniak esategatik. Horrenbestez, eskatzailearen asmoa guztiz ametsezkoa da.
AZTERKETA
- Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidegoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluak honakoa dio, hitzez hitz: “Herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dute eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea, edozein dela ere agirion adierazpidea -idatzia, entzunezkoa nahiz irudizkoa- eta euskarri materiala, espedienteak ikusteko eskaera egiten den egunean espediente horien prozedurak amaituta badaude”. 7. idatz-zatiak ezartzen du partikularrek ezin dutela zerbitzu publikoen funtzionamendua murriztu eskubideaz baliatzerakoan; horrenbestez, aztertu nahi dituzten dokumentuak eskaeran banaka zehazteko beharra ezartzen du. Halaber, 8. idatz-zatiak aipatzen du eskubide horrek esan nahi duela, besteak beste, agirien kopiak edo ziurtagiriak lor daitezkeela.
Estatuko oinarrizko lege horren 35. artikuluak administrazio espediente bat osatzen duten agiriak eskuratzeko eskubide hori indartzen du, agiri horietan interesdunak izan daitezkeen pertsonei dagokienez, eta berariaz aitortzen die espedienteetako agirien kopiak lortzeko eskubidea.
Bestalde, Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 18.1 e) artikuluak herritarrei eskubidea aitortzen die udal administrazioari udaleko espediente eta agiri guzti-guztiei buruzko eskabideak zuzentzeko. Artikulu horren osagarri, 70.3 artikuluak ezartzen du herritar orok eskubidea duela korporazio lokalek hartutako ebazpen eta erabakien, bai eta horien aitzindarien kopiak eta ziurtagiri kreditagarriak eskuratzeko, bai eta udalen artxiboak eta erregistroak kontsultatzeko ere. Lege agindu horietan aipatzen den udal dokumentazioaren barruan, osoko bilkuren liburuak daude, noski.
Azken batean, aipatu legediak, hemen aztergai daukagunari begira, pertsona interesdunei eskubidea aitortzen die administrazio bateko dokumentu guztien –eta horien artean osoko bilkuretako liburuen– kopiak lortzeko. - Kexaren xedea den kasuan, Erriberriko Udalak ezezkoa ematen dio interesdunak osoko bilkuraren liburu batzuk ikusteko egin duen eskariari. Txostenean ezezkoa azaltzeko ematen diren arrazoiak ez dira baliozkoak, eta ez dute ezezkoa justifikatzen. Kexa-egileak bere ohorea eta izen ona birgaitzeko dauzkan aukerak ametsezkoak izan nahiz ez izan, artxibatutako dokumentazio jakin bat eskuratzeko egin duen eskaria guztiz indibidualizaturik dago, eta haren eraginkortasunak ez du ezertan ere nahasten udal zerbitzuen funtzionamendu zuzena. Horrenbestez, ez da inongo arrazoirik atzematen udal dokumentazioa ikusteko duen eskubideaz baliatu ahal izateari ezezkoa emateko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
EBATZI DUT:
- Erriberriko Udalari gogoratzea ezen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 35. artikulua eta Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 70.3 artikulua beti betetzeko legezko betebeharra duela, eta, zehazki, kexa-egileari berehala bidea eman behar diola eskatutako osoko bilkuren akta-liburuak ikusteko, eskatu duen bezala.
- Erriberriko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
- Interesdunari eta Erriberriko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea