Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 24ko 109/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 24

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Tardanza del Servicio Municipal de Aguas en comunicarle el consumo desproporcionado de agua producido en un plazo concreto de tiempo

Exp: 10/400/O

: 109

Zerbitzu Publikoak

AURREKARIAK

  1. Aurtengo maiatzaren 25ean, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, San Adriango Uraren Udal Zerbitzuak izandako jokabideari buruz.


    Azaltzen zuenez, 2010eko otsailean, San Adriango Uraren Udal Zerbitzuko langile batek adierazi zion bere etxebizitzako ur kontsumoa izugarri igo zela azken hilabeteetan. Kontagailua ongi zegoela egiaztatuta, ikasi zuten matxura ura eramateko hodien sarean gertatu zela, [?] jaunaren jabetzan lurperatutako hoditeriaren puntu zehatz batean hain zuzen ere.


    Interesdunak azaltzen zuenez, kontagailuaren irakurketa 2009ko abenduaren 23an egin zen, eta, beraz, orduan geratu zen agerian kontsumoan desberdintasun handia zegoela aurreko hilabeteen aldean. Matxuraren abisua, ordea, 2010eko otsailaren 1ekoa da, eta epe horretan 550 m3-koa izan zen uraren kontsumoa, eta faktura, berriz, 548 eurokoa. Hortaz, kexa-egilearen ustez, Uraren Udal Zerbitzua da, neurri batean, 2010eko urtarrilean izandako kontsumoaren erantzulea, ez ziolako 2009ko abenduko kontsumo neurrigabetik ondoriozta zitekeen matxuraz ohartarazi.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, San Adriango Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.


    Alkateak txostena igorri zuen ekainaren 21ean. Uraren Udal Zerbitzuaren esleipen-hartzaile Aguas del Norte, S.A.k eginiko txosten horrek ondokoa dio hitzez hitz:


    “Nafarroako Arartekoaren Bulegoak igorritako gutunean ongi azaltzen denez gero, erreklamazioa barne-jario baten ondoriozko ur kontsumo handiari buruzkoa da, eta, zehazki, kaltetuak alde honi egozten dion erantzukizunari buruzkoa, irakurketa egin zen unean anomaliaz ez ohartarazteagatik.

    Horri dagokionez, aintzat hartu beharreko ondoko hausnarketak egin nahi ditugu:

    1. Egindako irakurketak eta kalkulatutako kontsumoak ez dute okerrik, eta erabiltzaileak kontsumitu eta onartutako benetako ur-bolumena da horrako hori.

    2. Kontsumoaren iturburua, jabeak onartzen duen legez, barne-jario batean dago, eta instalazio partikularren mantentze-lana jabeei ez beste inori dagokie. Hortaz, gertatutakoak ez du San Adriango Uraren Udal Zerbitzuarekin eta enpresa honekin zerikusirik.

    3. Irakurketa egiten den unea eta kontsumo handiaz eta jarioa egon daitekeelako usteaz ohartarazteko unea ez datoz denboran bat. Erreklamazio-egileak oker ateratako ondorioa da hori. Kontsumoa ustez handiegia dela ondorioztatzeko, irakurketa egiteaz gain kontsumoa kalkulatu beharra dago, azken irakurketarekin eta higiezin horren kontsumoen historikoarekin alderatuta. Halatan, 2009ko abenduaren 23an, Aguas del Norte, S.A.k kontagailuan ageri zen irakurketa jaso besterik ez zuen egin; kontsumoaren kalkulua eta historikoekiko konparazioa faktura egin aurretik egiten dira, hau da, ordainagiriak igorri aurretik, San Adriango kontagailuen irakurketa jasotzen bukatu ondotik. Hori da irakurketa egiten denetik abisua eman arte igarotzen den denboraren arrazoia. Erreklamazio-egileari igorritako gutunean azaldu genion legez, fakturazioa egin aurretik begiratu egiten dira baliatzen diren aplikazio informatikoetan ageri diren historikoekiko koherentziarik ez duten kontsumoak, aplikazio horiek ohartarazten baitute egon litezkeen anormaltasunez edo akatsez. Balizko gorabehera horiek langile batek aztertu zituen, eta une horretan egiaztatu zuen langile horrek irakurketa okerrik gabea zela eta gehiegizko kontsumoaren iturburua barne-jario bat zela, eta orduan eman zitzaion abisua kontratuaren titularrari.

    4. Alde honek ez du irakurketa “anormal edo inkoherenteak” egiaztatzeko obligaziorik, eta fakturazioan akatsak ekiditeko xedez egiten da soilik, horrek eragozpenak sortzen dizkielako zerbitzuari nahiz erabiltzaileei (ordainagiriak itzultzea, fakturak aldatzea, behar ez bezala kobratutako kontsumoak konpentsatzea, eta abar).

    5. Alde honi ez dagokio inolaz ere kontsumo-ohiturak zuzentzea, herritarrek esparru pribatuan egiten dituzten kontsumoak eta praktikak aztertzea edo ur-hornikuntzako instalazio partikularren osotasuna zaintzea.Alde honek fede txarrez jardun izanari buruzko susmo oro ekiditeko, jasota utzi nahi dugu San Adriango ur-hornikuntzaren zerbitzua emateagatik Ansa enpresari ordaindutakoa ez dagoela ezertarako ere lotuta herritarrei fakturatutako ur-bolumenarekin, eta, horrenbestez, aipatutako inguruabarrek ez diotela inolako irabazirik ematen alde honi”.

AZTERKETA

  1. Kexa-espedientea dator [?] jaunari guztiz gehiegizkoa den ur kontsumo baten fakturazioa, 2009ko laugarren hiruhilekoa, iritsi izatetik (227 m3, hiruhileko baten kontsumoa gutxi gorabehera 9 m3-koa izaten zuenean; 913,02 euroko faktura ekarri du kontsumo horrek).

    Hainbesteko fakturazioaren arrazoia izan zen interesdunaren jabetzan, ura eramateko instalazioan, matxura bat –jario bat– egotea.

    Interesdunak Uraren Udal Zerbitzuari egozten dio zabarkeriaz jardun izanaren erantzukizuna, eta horregatik aurkeztu du kexa. Haren ustez, Uraren Zerbitzuak 2009ko abenduaren 23an izan zuen fakturazio gehiegizkoaren berri, baina ez zion horren berri eman 2010eko otsailaren 1era arte. Hori dela-eta, 2009ko abenduaren 23tik 2010eko otsailaren 1era bitarteko gehiegizko kontsumoaren erantzule egiten du Uraren Udal Zerbitzua –548 euro gutxi gorabehera–.

    Arestiko puntuan transkribatutako udal txostenean behar bezala justifikatzen da, erakunde honen iritziz, zer dela-eta iragan behar izan den epe hori kontagailuaren irakurketa egin zenetik (2009ko abenduaren 23a), kontsumo inkoherenteak eta historikoak egiaztatu, langile batek gehiegizko kontsumoaren arrazoia egiaztatu eta erabiltzaileari jakinarazi arte (2010eko otsailaren 1a).

    Azken finean, erakunde honen ustez, San Adriango Uraren Udal Zerbitzuak ez du zabarkeriaz jardun; aitzitik, gure ustez, kontsumo inkoherenteak eta historikoak aldiro egiaztatzeak eta ondoren zergadunari abisua emateak hobetu egiten du herritarrari ematen zaion zerbitzuaren kalitatea, nahiz eta aplikatzekoa den araudiak horretara behartu ez.

  2. Kexa-egilearen eta Uraren Udal Zerbitzuaren artean finkatu den harreman juridikoa zerbitzu publiko bati dagokiona da, eta, funtsean, udal araudiak berak ezarritakoaren araberakoa da.

    Erakunde honen iritziz, uraren hornikuntza publikoari buruzko tarifa indardunen aplikazio zorrotz eta hitzez hitzekoa egin bada ere, lortutako emaitza –haren bidez, interesdunari ohikoa dena baino ia hamar aldiz handiagoa den ur kontsumoa egozten zaio, eta argi dago egiaz ez duela kopuru hori kontsumitu– prestazioen eta kontraprestazioen proportzionaltasuna eta oreka bezalako printzipioen aurkakoa da. Izan ere, horiek dira Administrazioa eta herritarrak lotzen dituen zerbitzu publikoaren harreman juridikoaren buruan egon behar duten printzipioak.

    Egia da jabetza partikularreko instalazioen mantentze-lana jabearen eginbeharra dela, eta, horrenbestez, jabe horrek instalazioen egoera ona zaindu behar duela. Dena den, ez dugu uste horrek ezinbestez ekarri behar duenik kasu honetan gertatu dena bezalako emaitza bat, zeinak berarekin ekarri baitu guztiz gehiegizkoa den kontsumo bat egoztea erabiltzaileari, izan diren ondorioak interesdunarentzat bidegabeak eta kaltegarriak izan direla uler baitaiteke.

    Hartara, adierazi behar dugu kasu honetan aplikatutakoaren antzekoak diren ordenantza batzuk badaudela, halako kasuak aurreikusten dituztenak. Horien abiapuntua da fakturazio automatikoak halako babesgabetasun bat eragin diezaiokeela erabiltzaileari, eta bidea ematen dute instalazio partikularretan matxuraren ondoriozko “birfakturatzea” egiteko, baldin eta proportziorik gabeko zenbatekoaren arrazoiak –gehiegikeria justifikatzen dutenak; besteak beste hodiak haustea– objektiboak badira eta jabearen borondateaz kanpokoak eta akatsa zuzentzeko neurriak hartzea justifikatuta badago, antzeko egoerak berriz gerta ez daitezen.

    Esate baterako, Oviedoko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren otsailaren 26ko 93/2007 epaian jotzen da bidezkoa dela faktura arintzea, ur horniduraren zerbitzua emateko tasari buruzko ordenantza fiskalean xedatutakoa betetzen baita; izan ere, ordenantza horretan tasa bat ezartzen da proportziorik gabeko kontsumoetarako, hain zuzen ere probatuta dauden eta kontagailutik aurrera sortu diren ihes edo matxurek eragindakoetarako (horrenbestez, erabiltzailearen kargura izatekoak ziren), baldin eta azterlanak egin eta ondoren ikusten bada erabiltzaileak behar den dilijentziarekin jokatu duela matxura atzeman eta konpontzeko garaian.

  3. Erakunde honek herritarren konstituzio-eskubideak zaindu behar ditu ikuspuntu materialetik, eta saihestu behar du arauen hitzez hitzeko aplikazio hutsak emaitza bidegabe eta kaltegarriak eragitea, batez ere erregelamendu-arauen kasuan.

    Kasu honetan, erakunde honen irizpidea da bidezkoa dela fakturazioa zuzentzea; izan ere, egotzitako kontsumoa guztiz gehiegizkoa eta proportziorik gabea da, eta, horrenbestez, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buruan egon behar duten printzipioen aurkakoa.

    Gomendatzen dugu udal arauetan aipatutakoak bezalako aurreikuspenak sartzea, baina uste dugu konponbide puntuala aurreikuspen horiek sartu gabe ere aplika daitekeela, zeren eta hura fede ona, proportzionaltasuna eta prestazioen eta kontraprestazioen oreka bezalako printzipioen ondorioa besterik ez baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Kasu jakin honetan, gomendatzea kexa-egileari eginiko fakturazioa berrazter dadin, eta erreferentziako aldian erabiltzailearen urteko gainerako hiruhilekoetako batez besteko kontsumoa edo ohiko kontsumoa aplika dadin.

  2. San Adriango Udalari iradokitzea azter dezan udal arauetan sartzea instalazioetako matxuren ondoriozko gehiegizko kontsumoen kasuetarako fakturazioa arinduko duten aurreikuspenak.

  3. San Adriango Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta San Adriango Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia