Ekainaren 23ko 122/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.
2009 ekaina 23
Gizarte ongizatea
Gaia: Imposibilidad de coger un taxi habilitado para silla de ruedas
Exp: 09/170/B
Nº: 122
Gizarte ongizatea
AURREKARIAK
- 2009ko martxoaren 3an, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkezten zuen lehengo otsailaren 25ean, 23:50ean, bere etxera itzultzea ezinezkoa izan zitzaiolako Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdi Zerbitzutik atera zenean.
Interesdunak azaltzen zuen mugimenduzko ezgaitasun baten ondorioz, gurpil-aulkia erabili behar izaten duela joan-etorrietarako. Joan den otsailaren 25ean, 16:00etan, semearekin batera, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura joan behar izan zuen. Handik atera zenean, 23:50ean edo, lehendabiziko aldiz deitu zuen taxi zerbitzura. Esan zioten, ibilgailu egokitu bakarra zebilela lanean, baina une hartan urrun zegoela. Minutu batzuk iraganda, berriz deitu zuen, eta ibilgailurik batere ez zegoela esan zioten.
Egoera horretan, interesdunak anbulantzia bat edo ibilgailu egokitu bat eskatu zuen Bideko Ama Birjina Ospitalean, [?] kaleko bere etxera joan ahal izateko. Ezezko erantzuna eman zioten, gaixo bat ez zelako. Hori dela eta, Udaltzaingora deitu zuen, eta han adierazi zioten ezin ziotela inongo konponbiderik eman. 112 telefonora deitzea gomendatu zioten. Larrialdiak kudeatzeko zentroan adierazi zioten han ere ezin ziotela konponbiderik eman. Azkenean, Foruzaingora deitu zuen, eta kidego horretako patruila batek eraman zuen bere etxeraino.
Interesdunak agerian utzi nahi du bizitako egoeran erabateko babesgabetasuna pairatu zuela, eta bere pertsonarenganako tratu iraingarria jasan zuela. - Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bana igorri nien Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Osasun Departamentuari, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
2009ko apirilaren 2an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, mankomunitate horretako Garraio Departamentuak eginiko txostena igortzen zigun. Hartan, honakoa zioen, hitzez hitz:
“Iruñerriko Mankomunitateak, 2008ko ekainaren 19an, Taxiaren Jarraipen Batzordea eratu zuen, hain zuzen ere taxi zerbitzuaren zenbait alderdi hobetzeko eta inplementatzeko. Batzorde hori, gaur egun, honakoek osatzen dute: taxiaren sektorea ordezkatzen duten elkarteek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek, mugikortasun urria duten pertsonen ordezkariek eta Iruñerriko Mankomunitateak.
Taxiaren Jarraipen Batzordearen lehendabiziko bileran, 2008ko urriaren 1eko eratze bilkuraren ondoren egindakoan, Iruñerriko Mankomunitateak batzordeari jakinarazi zion zerbitzuak okerrera egina zuela, Mankomunitatean bertan telefono bidez hitzartutako eurotaxi-zerbitzuei buruz jasotako erreklamazioen bitartez atzemandakoaren arabera, eta gogorarazi zuen eurotaxiek eurotaxi-ibilgailu bat eskatzen duten mugikortasun urriko pertsonei lehentasunezko zerbitzua eman behar dietela. (Taxiaren Jarraipen Batzordearen 2008ko urriaren 1eko bileraren akta erantsi da I. eranskinean). [?]elkarteak (Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko eremuko eurotaxi guztiak biltzen ditu) eta [?] elkarteak beren zalantzak agertu zituzten. Hori dela eta, honako eginbeharrak ezarri ziren:- “Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoari kontsulta egitea, zehazteko lehentasunezko erabiltzaile bat zer den edo zein erabiltzailek eska ditzaketen horrelako ibilgailuak, eta “lehentasunezko zerbitzua” ematea zer den. (II. eranskinean, batzordekide guziei eskuratutako amaierako txostena erantsi dugu).
- Teletaxi zerbitzuak bere telefonogunean telefonoa hartzen lan egiten duten pertsonei horren berri emanen die, mezu okerrak eman ez ditzaten (“ezin da zerbitzu hori eman, kasuko eremuan ez egoteagatik”) edo gaizki ulertuak ahal den guztian saihesteko protokolo bat egon dadin.
- Corminek bera osatzen duten elkarteei eta elkarte horiek beren elkartekideei ere horren berri emanen diete, zerbitzu guztiak aldez aurretik erreserbatzea komeni dela jakinarazteko, arreta hobea eman ahal izatearren. "
Taxiaren Jarraipen Batzordeko hurrengo bileran, 2009ko urtarrilaren 14an egindakoan, azaldu zen telefono bidez hitzartutako eurotaxi-zerbitzuetan erreklamazioek behera egina zutela. Bai taxilarien elkarteak bai mugikortasun urrituko pertsonen elkarteak pozik agertu ziren ezarritako neurrien emaitzekin, eta nabarmendu zuten haien arteko akordioa indartzen jarraitu behar zutela.
2009ko otsailaren 26an, Iruñerriko Mankomunitateak, Bezeroarentzako Laguntza Zerbitzuan, Nafarroako Arartekoak administrazio honi martxoaren 20an igorritako erreklamazioa jaso zuen. Gainera, data horietan, beste erreklamazio batzuk ere jaso ziren, egitate berak biltzen zituztenak baina beste entitate batzuei igorri zirenak (Foruzaingoa, Iruñeko Udaltzaingoa, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, Iruñerriko Mankomunitatea). Taxi zerbitzuari buruzko erreklamazioetarako ezarritako prozedurari jarraituz, erreklamazio bat igorri zitzaion [?] elkarteari 2009ko martxoaren 3an. Aldi berean, erreklamazio zehatz hori Taxiaren Jarraipen Batzordeko 2009ko martxoaren 18ko bilerarako gain zerrendan sartu zen.
Taxiaren Jarraipen Batzordearen 2009ko martxoaren 8ko bileran, Iruñerriko Mankomunitateak kasu zehatz hau azaldu zuen. [?] Elkartetik azaldu zuten “inguruabarren eta gaizki ulertuen metaketa baten ondorioa” izan zela. Azkenik, Iruñerriko Mankomunitateak proposatu zuen zerbitzua antolatzea eta erregulatzea, halako moduan non eurotaxien zerbitzua 24 ordutan bermatuko den, printzipioz guardiak ezarriz. Ibilgailuen antolaketa eta plangintza hori ezartzeko, Mankomunitateak bilerak egin zituen [?] elkartearekin (eurotaxi-ibilgailu guztiak biltzen dituen elkartea da), eta neurriak epe laburrean ezarri behar dira Taxiaren Jarraipen Batzordearen 2009ko ekainaren 17ko bileran haien emaitzak ebaluatu ahal izateko. Planteamendu hori positibotzat jo zuen Irache Kontsumitzaileen Elkarteak; mugikortasun urritua duten pertsonak ordezkatzen dituen Cormin Elkarteak, berriz, adostutako amaierako neurrietatik kanpo geratzea nahiago izan zuen
Azkenean, gaurkoz, ez da [?] elkarteak erreklamazio zehatz honi buruz emandako erantzuna jaso, eta jasotzen den erantzunaren arabera baloratuko da berariazko zehapen espediente bat irekitzen den kasu zehatz honengatik, era erabiltzaileari hartu beharreko neurrien berri emanen zaio.
Horren guztiaren ondorioz:
Iruñerriko Mankomunitateak, [?] elkartearekin batera, eurotaxien zerbitzua erregulatuko du, zerbitzua 24 orduz bermatzeko helburuarekin. Jarduera horiek epe laburrean ezarriko dira eta haien emaitzak Taxiaren Jarraipen Batzordearen 2009ko ekainaren 17ko bileran ebaluatuko dira.
Bestalde, [?] elkarteak erreklamazio zehatz honi ematen dion erantzunaren zian gaude. Erantzun horren arabera, izan ere, baloratuko da zehapen espediente bat irekitzeko aukera, eta erabiltzaileari hartu beharreko neurrien berri emanen zaio.
2009ko apirilaren 17an, Iruñeko Udalaren txostena jaso zen. Bertan, honakoa azaltzen da:
“Iruñeko Udaltzaingoak ez du pertsona ezgaituak garraiatzeko egokitutako ibilgailurik. Patruilatze lanetarako erabiltzen diren ibilgailuen ezaugarriak bestelakoak dira: furgoi zelularra, atxilotuak garraiatzeko toki batekin, eta gai ez direnak gurpil-aulki bat sartzeko, ez aurreko aldean, ez atzeko aldean ere.
Oro har, ez da Udaltzaingoaren eginkizuna bidaiariak garraiatzea, are gutxiago pertsonak segurtasunez garraiatzeko eskura ez dauzkagun baliabideak eta bitartekoak behar direnean. Horrenbestez, nire ustez, Udaltzaingoaren jokabidea zuzena izan zen, eskatzailea 112 telefonora bideratu baitzuen.”
Azkenik, ekainaren 2an, Osasun Departamentuaren txostena sartu zen. Honako informazioa dakar, hitzez hitz:
“Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuen irailaren 15eko 1020/2006 Errege Dekretuak, VIII. eranskinean, osasun garraioaren prestazioa arautzen du, eta ezartzen du prestazio horren finantziaziorako eskubidea dutela pertsona gaixoek edo istripu bat izandakoek Osasun Sistema Nazionalaren osasun laguntza jasotzen dutenean, ezintasun fisikoarengatik edo beste arrazoi guztiz kliniko batzuengatik garraio arrunta erabiltzerik ez dutenean.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Baztan-Bidasoa anbulantzien enpresarekin –hura baita Iruñeko eskualdean osasun-garraioaren zerbitzua emateko enpresa adjudikazio-hartzailea– izenpetutako kontratuak ezartzen du gaixo bat bere etxera bueltan eramatea ospitaletako larrialdi zerbitzuetatik ez dela ez presako garraioa ez garraio programatua, eta osasun zentroek eskatu behar dutela.
Larrialdiko Osasun Garraioko Sareko anbulantzia baten mugiaraztea Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa-SOS Nafarroak koordinatzen du, larrialdiko edo emergentziazko egoera bat gertatzen denean.
[?] andreak planteaturiko egoera ezin da kasu horietan sartu, zeren eta, Nafarroako Arartekoaren idazkian adierazten den bezala, ez baita berarentzat osasun laguntza eskatu duen pertsona bat, bere semea laguntzen zegoen pertsona bat baizik.”
AZTERKETA
- Aurrekarietan azaldu den bezala, espedientearen jatorria da interesduna, gurpil-aulkia erabili beharrean dagoen pertsona bat ezin izan zela bere etxera itzuli Bideko Ama Birjina Ospitaleko larrialdi zerbitzutik atera ondoren, joan den otsailaren 23an 23:50ean, semea laguntzen ari zela, eta administrazioek bere egoerarako egokia zen garraio bide bat jartzeari emandako ezezkoa.
- Espainiako Konstituzioko 49. artikuluaren arabera, botere publikoek aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze politika eginen dute gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoei dagokienez; beharrezkoa duten laguntza espezializatua emanen diete eta bereziki babestuko dituzte herritarrei emandako eskubideak gozatu ahal izan ditzaten. Agindu hori “berdintasun materialaren printzipioa” deitutakoaren berariazko islatze bat da, Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluak ezarritakoa. Haren arabera, izan ere, botere publikoen betebeharra da beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau partaide deneko taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen; horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan herritar guztiek parte har dezaten erraztea.
Konstituzioaren aipatu printzipioekin lotuta, ezintasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukerei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako eskubidea bermatu eta egiazko bihurtu nahi du, eta administrazio publikoei orientabideak ematen dizkie ekintza positiboko neurriak hartzeko, pertsona horiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean guztiz parte hartzeko dauzkaten desabantailak saihestearren edo berdintzearren (1.1 artikulua).
Legearen funtsean dauden printzipioen artean nonahi ibiltzeko aukerari dagokiona dago. Honela definitzen da: “inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izan behar dute, segurtasun eta erasotasun baldintzetan eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere” (2. artikulua, Legeko 10. artikuluarekin lotutakoa).
Lege-araua ezgaitasunaren arloko politikak oinarritu behar dituen zeharkakotasun printzipioari dagokio, eta arlo desberdinetan aplikatzekoa da; besteak beste, garraioen arloan (3. artikulua). - Interesdunak, bere kasa ibiltzeko ezintasuna dela eta, taxi zerbitzura deitu zuen, eta handik jakinarazi zioten ez zegoela ibilgailu egokiturik batere.
Horri dagokionez, nahitaez jo behar dugu Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeko 22., 23., 34. eta 44. artikuluetara –bertan arautzen da taxi zerbitzua ibilgailu egokituekin nola emanen den– eta Iruñerriko Mankomunitatearen Taxi zerbitzuari buruzko Ordenantzako 33. artikuluko bosgarren idatz-zatira. Artikulu horren arabera, Mankomunitateak behar diren neurriak ezarriko ditu ibilgailu egokituen gutxieneko zerbitzu bat bermatzeko, ibilgailu horiek antolatzeko eta ibilgailu horiek 24 orduz zerbitzua eman ahal izateko, betiere lehentasunezko arreta emanez mugikortasun urrituko erabiltzaileei.
Egiaztaturik geratu da zerbitzu hori ez dela bermatu. Hori dela eta, Mankomunitateak adierazi du interesdunaren erreklamazioa Tele Taxi San Fermín elkarteari igori diola, eta jasotako erantzunaren arabera berariazko zehapen espedientea irekitzeko aukera baloratzen ari direla. Aldi berean, erreklamazioa Taxiaren Jarraipen Batzordeari aurkeztu zitzaion 2009ko martxoaren 18ko bilkuran. Gehitzen du zerbitzua antolatzea eta erregulatzea proposatu dela, guardien zerbitzu bat ezarriz eurotaxien zerbitzua 24 orduz bermatzeko. Helburu horiek lortzeko, [?] elkartearekin bilduko dira, eta neurri horiek epe laburrean ezarriko direla bermatzen dute.
Horrenbestez, eta kexa-egileari bere garaian zerbitzu zuzena eman ez bazitzaion ere, Mankomunitatearen erantzunak kasuari buruz duten interesa eta ezarri diren neurriak azaltzen ditu, planteatutakoa bezalako egoerak berriz gerta ez daitezen. Nolanahi ere, erakunde honetatik gogorarazi behar dugu arestian transkribatutako 33. artikulua betetzeko betebeharra dagoela. - Bestalde, Osasun Departamentuak jakitera eman digu Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuen irailaren 15eko 1020/2006 Errege Dekretuko VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera, osasun garraioak erabilerraza izan behar duela ezgaitasuna duten pertsonentzat. Osasun garraio hori datza gaixoak toki batetik bestera eramatean arrazoi guztiz klinikoengatik, baldin eta beren egoerarengatik garraio bide arrunta erabiltzerik ez badute. Interesdunak osasun laguntzarik behar ez zuenez, semea laguntzen ari baitzen, Departamentuaren ustez ez zegokion garraio zerbitzuaren prestazioa.
Izan ere, irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuenak, xedatu zuen prestazio horren finantziaziorako eskubidea dutela pertsona gaixoek edo istripu bat izandakoek, Osasun Sistema Nazionalaren osasun laguntza jasotzen dutenean eta ezintasun fisikoarengatik edo beste arrazoi guztiz kliniko batzuengatik garraio arrunta erabiltzerik ez dutenean osasun etxe batera joateko edo beren etxera joateko kasuko osasun laguntza jaso ondoren.
Planteaturiko kasuan, ez da egiaztaturik geratu interesdunak ezintasun fisikoarengatik nahiz arrazoi klinikoarengatik garraio arrunta erabiltzeko ezintasuna duenik. Izan ere, aurreko lerroetan azaldu den bezala, interesdunak taxian bidaia zezakeen, baina une hartan gertatu zen ez zegoela haren inguruabarretarako egokitutako ibilgailu bakarra ere.
Azken batean, eta gertatutako egoera tamalgarria izan dela aitortuta ere, adierazi beharra daukagu Osasun Departamentuak, osasun garraioaren zerbitzua ukatzerakoan, lehenago azaldutako arauen arabera jokatu duela. - Azkenik, eta Iruñeko Udaltzaingoaren jarduerari dagokionez, igorritako txostenak adierazten du ez duela pertsona ezgaituak garraiatzeko egokitutako ibilgailurik. Gehitzen du “oro har, ez dela Udaltzaingoaren eginkizuna bidaiariak garraiatzea”.
Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23eko 8/2007 Foru Legeak polizia kidegoen eginkizun gisa jasotzen du biztanleriari laguntza eta zerbitzuak errazteari dagokiona, eta haien jardueraren oinarrizko printzipioa da herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatzea beti, eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahalegintzea.
Egia bada ere, oro har, ez dela udaltzaingoaren eginkizuna bidaiariak garraiatzea, egia da inguruabar zehatzetan kasu guztiak aztertu beharko direla, eta herritarrei laguntza ematearen printzipioen barrenean, gerta daiteke gurpil-aulkian ibili beharrean aurkitzen den pertsona bat garraiatu behar izatea. Hori dela eta, ez dugu ulertzen nola Iruñeko Udaltzaingoak ez duen egokitutako ibilgailu bakarra ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
EBATZI DUT:
- Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea Taxi Zerbitzua arautzen duen Ordenantzako 33. artikuluko bosgarren idat-zatia bete behar duela.
- Iruñeko Udalari iradokitzea Udaltzaingoari bitarteko materialak eman diezazkion, eta zehazkiago egokitutako ibilgailu bat, mugikortasun urritua izatearen ondorioz beren eskubideez baliatzeko zailtasun bereziren bat daukaten pertsonei lagundu ahal izateko.
- Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari legezko betebeharren gogorarazpen hau eta iradokizun hau onartu dituztela eta horiek direla-eta zer urrats egin behar dituzten jakinaraz dezaten, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzaten. Halaber, ohartarazten diet hala egiten ez badute Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
- Interesdunari, Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea