Ekainaren 23ko 121/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] de Eulate Mendiluce jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.
2009 ekaina 23
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Denegación de información sobre modificaciones catastrales y al uso residencial de almacén
Exp: 09/109/D
Nº: 121
Eskubideen Sustapena
AURREKARIAK
- 2009ko otsailaren 9an, [?] de Eulate Mendiluce jaunak Desojoko Udalaren aurka aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean, idatziz eskatutako informazio bat ez emateari buruzkoa.
Azaltzen zuen 2008ko urriaren 21eko eskabide batean, informazioa eta erantzunak eskatu zituela udalari zuzendutako aurreko idazki batzuei buruz. Idazki horiek katastroko aldaketei buruzkoak eta [?] poligonoko [?] lursailean dagoen biltegi bat etxebizitza gisa erabiltzeari buruzkoak ziren.
Amaitzeko, gure esku-hartzea eskatzen zuen, udalari eskatutako informazioa lortze aldera. - Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Desojoko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
- 2009ko apirilaren 27an, alkate jaunaren txostena jaso genuen. Txosten horretatik, honako lerrokadak nabarmendu nahi izan ditugu:
[?] de Eulate Mendiluce jaunak 2007ko urriaren 21eko eskabidean eta aurreko beste eskabide batzuetan informazioa eskatu eta 2009ko otsailaren 9ko idazki batez informazio hori ukatu izateari buruz zure erakundeak argibideak eskatu baititu, erreklamazio-egileari 2007ko apirilaren 22tik 2008ko azaroaren 12ra bitartean igorritako erantzunen kopiak bidaltzen dizkizut.
Horri dagokionez, jakinarazi nahi dizut erreklamazio-egilearen idazkietan etengabe aipatzen dela [?] lursaileko eraikina eta haren erabilera-aldaketa legeztatzeko betebeharra, zeren eta eskatzen duena bere idazkietan behin eta berriz errepikatzen baita.
Nire ustez, alkatetza honek nahikoa eta sobra bete du eskatutako informazioa emateko betebeharra, eta, horrenbestez, behin informazioa jaso ondoren, erreklamazio-egilea ados ez badago alkatetzaren jarduerarekin, behar diren errekurtsoak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Arartekoaren erakundeari egiaz bere eskumenekoak diren gaietan jarduten utzita, eta hura engainatu gabe udalak eskuratu dizkion dokumentazioa eta informazioa ezkutatuz. - Zehaztu beharra dago erakundeak alkate jaunarekin izandako bileran jakinarazi zitzaiola igorritako txostenean ez zela ageri kexa-egilearen 2008ko urriaren 21eko idazkiari igorritako erantzuna, ez eta eskatutako informazioa ukatzeko idazkia ere.
Udalak onarpenaren edo ukapenaren ebazpena igortzeko daukan bi hilabeteko epea iragan denez, bidezkoa da gaia daukagun dokumentazioarekin ebaztea.
AZTERKETA
Interesdunak azaldutako gaia da udalak ez diola erantzun 2008ko urriaren 21ean aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Desojoko Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Desojoko Udalak ez zien idazki horiei inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
EBATZI DUT:
- Desojoko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
- Desojoko Udaleko alkate jaunari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
- Ebazpen hau alkate jaunari eta kexa-egile [?] de Eulate Mendiluce jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea