Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a una petición de información sobre la gestión de un servicio público municipal
Exp: 04/15/O
Nº: 106
Eskubideen Sustapena
2010eko maiatzaren 20an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Barañaingo Udalaren aurka, eskabide bati erantzunik ez emateagatik.
Azaltzen zuenez, 2010eko apirilaren 13an eskabide bat aurkeztu zuen udal erregistroan, udal igerilekuen egoera tekniko eta sanitario eskasa dela-eta, baina Udalak ez dio erantzunik eman.
Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, 2010eko maiatzaren 21ean, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Barañaingo Udalari.
2010eko ekainaren 15ean, Barañaingo Udalak igorritako txostena jaso genuen erakunde honetan; hartan, jasota ageri da Lagunak Udal Zerbitzuaren Kudeatzailetzak kexa-egilearekin biltze aldera telefono bidez nahiz gutun bidez eginiko saiakerek huts egin zutela.
Udal igerilekuen egoera tekniko eta sanitario eskasari dagokionez, Osasun Publikoaren Institutuak 2010eko maiatzaren 31n egindako txostena ere igorri du Udalak; txosten horren arabera, igerilekuek zeharo betetzen dute maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua aldatzen duen maiatzaren 2ko 20/2006 Foru Dekretuan xedatutakoa –foru dekretu horren bidez, erabilera publikoko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren–.
Azaldu den legez, kexa-egileak salatzen du Barañaingo Udalak ez ziola erantzun 2010eko apirilaren 13an aurkeztu zuen idazkiari (hartan, salaketa jarri zuen, udal igerilekuen egoera tekniko eta sanitario eskasa dela-eta).
Barañaingo Udalak, igorritako txostenean, eginiko jarduketen berri ematen du, eta inplizituki onartzen du ez diola idatziz erantzun kexa-egileari, haren ustez aski delakoan Lagunak Udal Zerbitzuaren Kudeatzailetza salaketa-egilearekin (kexa-egilearekin) harremanetan jartzen saiatu izana.
Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak espresuki ebazteko betebeharra jasotzen du.
Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Are gehiago, adierazi beharra dago ezen, Zuzenbide Administratiboan, ez dagoela forma-askatasunik egintzak sortzeko moduari dagokionez. Izan ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeak ezartzen du egintzak idatzizkoak izanen direla, egintza horien izaera dela-eta adierazpide egokiago bat exijitzen edo bideratzen ez den bitartean.
Azken batean, ahozko erantzuna nahiz beste bideren batetik emandakoak (logikoa den bezala, horiek ez dira jasota ageri) ez dira aski, eta Barañaingo Udala behartuta dago legez eskabideei idatziz erantzuteko, berariaz eta formalki.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Barañaingo Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egilearen eskabideari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan. Hortaz, erantzuna eman beharko dio.
Bi hilabeteko epea ematea Barañaingo Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia