Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Disconformidad con acuerdo del Ayto por el que se prohibe estacionar en un tramo de una calle
Exp: 10/422/D
Nº: 105
Zirkulazioa
Aurtengo ekainaren 1ean, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Lizarrako Udalak ez ziolako erantzun aurkeztutako eskabide bati.
Azaltzen zuenez, martxoaren 11n eskabide bat aurkeztu zuen Lizarrako Udalean, informazioa eskatze aldera [?] haur-eskolan lanpostu huts bat betetzeko hautapen-prozesuari buruz. Kexa aurkeztu zuen egunean, erantzunik jaso gabe zegoen oraindik.
Azaltzen zuenez, erantzuna jasotzeko presa zeukan; izan ere, beste lan-eskaintza batzuei ezetz esaten ari zen, euskarako lerroko lanpostu hutsak betetzeko zerrendan zuen lehen postua ez galtzeagatik. Arriskuko haurdunaldi baten baja ordezten ari zen, eta hura bukatzean, ekainaren 8an, kontratu berri bat sinatu beharko zuen. Beldur zen, zeren kontratu berria sinatzen baldin bazuen eta Udalak ez baldin bazuen beste azterketa baterako deialdia egiten, zerrendako hurrengoari dei ziezaioketen kexa-egileari interesatzen zitzaion lanpostu hutsa betetzeko.
Hortaz, Udalari eskatzen zion albait arinen erantzun ziezaion bere eskabideari, lanpostu hutsa betetzeko baliatu beharreko prozesuari buruzko informazioa izateko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lizarrako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Lizarrako alkateak txostena igorri zion erakunde honi 2010eko otsailaren 18an. Hona zer dioen:
“Udal honetan 2010eko martxoaren 11n aurkeztutako eskabideari ez erantzuteagatik [?] andreak aurkeztutako kexari buruz Erakunde horrek igorritako idazkia jasota, ondokoa adierazi behar dugu, ezarritako epearen barruan adierazi ere:
Udal honen menpeko 0tik 3 urtera bitarteko zentroko langile [?] andreak eskabidea aurkeztu zuen, bai, 2010eko martxoaren 11n, informazioa eskatze aldera zentroan sortutako lanpostu huts bat dela-eta baliatuko den prozesuari buruz.
Eskabidea aurkeztu aitzin, langile horrek ahozko informazioa eskatu zuen gai horri buruz. Giza baliabideen alorrak zeukan informazio guztia eman dio uneoro: harik eta unea iritsi arte ez zekitela lanpostuarekin zer gertatuko zen, ikusteke zegoelako, hurrengo ikasturteko matrikula berrien aurreinskripzioaren arabera, zein izanen ziren zentroaren benetako beharrizanak.
Haurren aurreinskripzioa bukatuta, Udalak kasuko neurriak hartu behar ditu orain 2010-2011 ikasturtearen hasierari begira beharrezkoak diren hezitzaileen lanpostuak betetzeko, bai gaztelaniazko lerroan bai euskarazkoan, eta orduan eman ahalko da lanpostu hutsen egoerari buruzko informazioa.
Halere, nabarmendu beharra dago erreklamaziogileak Udalaren bitarteko lan-kontratua duela 2009ko urritik aitzina, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen beste langile bat ordezkatzeko, eta ordezkapen hori egiten ari da gaur ere. Kexan aipatzen duen lanpostu hutsa 2010eko martxoan sortu zen; beraz, entitate horretan lan-kontratua duenez –ez dago aurreikusita noiz bukatuko den–, hura kontratatzea ekarri duen arrazoia desagertzen ez den bitartean nekez eskain dakioke beste lanpostu bat. Gauzak horrela, ordezkapenetarako zerrendako hurrengoari eskaini zitzaion lanpostu hori. Kontratua 2009-2010 ikasturtearen amaieran bukatuko zela ezarri zen, lehen adierazi den legez orduan aztertu behar baitzen zein izanen ziren benetako langile-beharrizanak hurrengo ikasturteari begira.
Adierazi beharra dago ordezkapenen zerrenda hori –erreklamaziogilea zerrenda horretan ageri da– 2004an egin zen hasierako zerrendaren osagarri dela eta hura oraindik dagoela indarrean; horrenbestez, erreklamaziogilea zerrenda osagarri horretako lehena dela argitu beharra dago.
Beste lan-eskaintza batzuei ezetza ematen ari zaiela-eta, esan beharra dago hori bere erabaki pertsonala dela, zeren ez baitzaio sekula ere inolako itxaropenik eman; izan ere, lehen adierazi dugun legez, oraindik ez da erabaki zein izan behar den, heldu den ikasturteari begira, langile-plantilla.
Hortaz, alkate honen ustez, zuhurtziaz, jarraitzen duten ikasleei eta ikasle berriei buruzko xehetasunak eduki arte itxarotea komeni da –txosten horiek une honetan taxutzen ari dira–; hartara, zentroko moduluak artatuko dituzten langile-beharrizanei buruzko kasuko erabakiak hartzen direnean eman ahalko zaio horri buruzko informazioa erreklamaziogileari”.
Ordenamendu juridikoak administrazio publikoetan aurkezten dituzten idazkien edo eskabideen erantzuna jasotzeko eskubidea aitortzen die herritarrei, legez ezarritako epean jasotzekoa hain zuzen ere.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ez dela Administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, Administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Halaber, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak eskubide hori aitortzen du, adieraziz “toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela”, eta, beste epe berariazkoa bat ez dagoenez gero, hiru hilabeteko epe orokorra ezartzen du.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Kexaren xede den kasuan, Lizarrako Udalak 2010eko martxoaren 11n jaso zuen interesdunaren eskabidea, eta gaur arte ez dio erantzunik eman. Erakunde honi igorritako txostenean dio zuhurtziagatik ez diola erantzun, “jarraitzen duten ikasleei eta ikasle berriei buruzko xehetasunak eduki arte itxarotea komeni baita –txosten horiek une honetan taxutzen ari dira–; hartara, zentroko moduluak artatuko dituzten langile-beharrizanei buruzko kasuko erabakiak hartzen direnean eman ahalko zaio horri buruzko informazioa erreklamaziogileari”.
Erakunde honen iritziz, arrazoi hori ez da baliozkoa, Udalak eskabideari erantzun behar ziolako, eta zeukan informazioa eman edo, gutxienez, behar bezala azaldu zer dela-eta ezin zion eman eskatutako informazioa.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Lizarrako Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak aurkeztutakoari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
Bi hilabeteko epea ematea Lizarrako Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia