Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 1eko 96/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 01

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Deficiencias en vivienda protegida y falta de respuesta a las reclamaciones presentadas

Exp: 10/266/U

: 96

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 23an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen, akats bat sortu zelako bere titulartasuneko etxebizitza babestuan.

    Interesduna Sarrigurengo [?] kaleko [?] zenbakian dagoen prezio tasatuko etxebizitza baten jabea da. Bere etxebizitzan hezetasunen ondorioz orban bat agertu zela ikusita, behin eta berriro jo du VINSAra, hura baita etxebizitzaren sustatzailea, akats hori konpon dezaten eskatuz.

    Dioenez, sei idazki aurkeztu ditu azken hilabeteotan, eta beste bide batzuk ere erabili izan ditu egoera salatzeko: telefono-deiak, e-mailak, faxak.

    VINSAren erantzunik eza ikusita, erakunde honetara jo du, aurkeztu dituen erreklamazioei erantzunik ematen ez zaienez bere burua babesgabe ikusten duelako. Orobat dio hezetasun-orban hori pixkanaka handitzen ari dela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu genion Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso genuen; bertan, ondokoa ageri da jasota:

“2009ko abenduaren 30ean, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen Departamentuan, bere etxebizitza babestuaren barruan hezetasun-orban bat zeukalako. Babes ofizialeko etxebizitzaren behin betiko kalifikazioaren egunetik (2006-06-20) hiru urte baino gehiago iragan direnez gero, adierazi genion berak azaldutako akats hori ezin zela administrazio-salaketa gisa izapidetu, Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko 36.22 artikuluan xedatuarekin bat; halere, 2010eko urtarrilaren 4an, VINSA premiatu genuen auzia konpon zezan.

2010eko maiatzaren 3an, VINSAk jakinarazi du akordio ekonomiko bat lortu duela [?] jaunarekin, bere etxebizitza barruko balizko akatsak konpontze aldera, honekin batera doan dokumentazioan jasotzen den moduan.”

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak, VINSA sozietate publikoak sustatutako etxebizitza babestu bat erosi baitzuen, hezetasunak eragindako arazoa dela-eta aurkeztutako erreklamazioaren aurrean VINSAk ezer ez egitea salatzen du.

    Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako erantzuna eta erantzunari erantsitako dokumentazioa ikusita, zehaztu beharra dago ezen VINSAk eta kexa-egileak maiatzaren 3an izenpetutako akordioak –kexa aurkeztu ostekoa da akordioa– helburu duela interesdunari kalte-ordaina ematea bere etxebizitzaren barruan agertutako akatsak direla-eta (akordio horren eranskinean azaltzen dira akatsak). Agertutako hezetasun-orbana, aldiz, ez dago akordio horretan jasota.

  2. VINSAk jabeari 2010eko apirilaren 28an igorritako idazkian ondokoa esaten da kexaren xede den auzi zehatzari dagokionez, arestian aipatutako transakzio-dokumentua izenpetzearekin bukatu zen prozesu negoziatzailearen esparruan:

    “Salatutako hezetasun-orbanei buruz, berriz, ondokoa jakinarazi behar dizugu: Jabeen Erkidegoa, bere ordezkariek eta teknikariek eta ordezkari prozesalek jasotako informazioaren arabera, VINSAren aurkako demanda bat jartzekotan da Iruñeko Lehen Auzialdiko kasuko Epaitegian; demandan, seguruenik, demandatu gisa agertuko dira eraikina eraikitzen parte hartu zuten gainontzeko agenteak (arkitektoak, aparejadoreak, etxegileak, ingeniariak, eta abar), eta urbanizazioko nahiz eraikinaren osagai komunetako akats guztiak konpontzeko erreklamazioa eginen da bertan, hezetasuna eraikineko osagai komunetan sortzen baita.

    Hortaz, uste dugu guztiz bidegabea eta inkoherentea dela osagai komunetan sortzen diren akatsak konpontzea orain, jabeen erkidegoak epaitegietan demandatuko duelako akats horiek berehala konpon daitezen, eta litekeena denez etxea eraikitzen parte hartu zuten agente guztiak azaltzea demandan, egiaz zehaztu ahalko da akatsik dagoen, zein den horien jatorria, larritasuna edo arintasuna eta arduradunak. VINSAk une honetan konponketaren bat egingo balu, zailagoa gerta liteke akatsen jatorria, eta balizko arduradunak, ikertzea, eta zailagoa izango litzateke, orobat, VINSAk arduradunei konponketa horien kostua ordainaraztea, arduradunek, jakina, alegatuko luketelako babesgabe gelditu direla, konponketak egiaz gertatutakoa ezkutatzean.

    Orobat jakinarazten dizugu ezen, ordezko kalte-ordaina onartzeko agiria sinatzeak ez duela esan nahi, dokumentuaren testuan jasotzen den legez, uko egiten diozunik txostenean adierazten ez diren akatsak direla-eta aurrerago erreklamazioak egiteari, nahiz eta, jakina, horrek erakutsi ados zaudela txostenean jasotzen diren akatsak direla-eta emandako konpentsazio ekonomikoarekin.”
    Azken finean, [?] jaunak behin eta berriro salatu badu ere bere etxebizitza barruan hezetasun-arazo bat daukala, oraingoz ezer ez egitea erabaki du VINSAk, uste duelako arazoa eraikinaren osagai komunetan sortzen dela eta Jabeen Erkidegoak, ustez, auziari buruzko demanda jarriko duelako.

  3. Erakunde honek ezinbestean jo behar du arrazoizkotzat kexa. Herritarrak bere etxebizitzan hezetasunak eragindako arazo bat baldin badauka (hori da, hain zuzen ere, salatzen duena) VINSAk bere erreklamazioari erantzun bat eman behar dio, harekin ez beste inorekin egin zuelako kontratua. Eta hori hala da, arazoaren jatorria eraikineko osagai komunetan egon ala ez eta Jabeen Erkidegoak demanda judizial bat jartzeko asmotan egon ala ez.

    Erkidegoak demanda jartzeak ez ditu ezertan ere galarazten kontratua sinatu zutenekin VINSAk dituen betebeharrak , bera baita sustatzailea.

    Balizko prozesu judizial batean etxea eraikitzen parte hartu zuten beste agente batzuk ere azaltzea ezin da ezer ez egiteko arrazoi gisa onartu; izan ere, haiek, parte hartu baldin bazuten, sustatzaileak zuzenean nahiz zeharka aginduta parte hartu zuten.

    Finean, herritarrak eskubide osoa du harekin kontratua sinatu zuen sustatzaileari eskatzeko bere etxebizitzan azaldu diren akatsak konpon ditzan, eta auziari buruzko demanda judizial baten aurreikuspena edo beste agente batzuk prozesuan azaltzeko komenigarritasuna ezin dira oztopo juridiko gisa baliatu, kaltea konpontzeko betebeharrari ez erantzuteko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. VINSAri gomendatzea kexa-egilearen erreklamazioa aintzat har dezan, salatutako arazoaren jatorria zehatz dezan eta egin beharreko konponketa-lanak egin ditzan, alde batera utzita balizko prozesu judizialak eta entitate publiko horren eta etxea eraikitzen parte hartu zuten gainontzeko agenteen arteko barne-harremana.

  2. Bi hilabeteko epea ematea VINSAri gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. [?] jaunari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia