Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Cobro del transporte escolar de alumnos de enseñanza bilingüe entre Buñuel y Tudela
Exp: 10/346/E
Nº: 95
Hezkuntza eta irakaskuntza
2010eko apirilaren 29an, [?] andreak eta beste batzuek, [?] HLHIPko Eskola Kontseiluaren izenean eta hura ordezkatuz, kexa bat aurkeztu zuten, “British” programako ikasleen eskola-garraioa dela eta.
Azaltzen zutenez, Buñuelgo HLHIP gaur egun Cortesko DBHIari atxikirik dagoenez, ikastetxeko ikasleen familia gehienen erabakiz eta bertako Eskola Kontseiluaren onespenarekin, Buñuelgo ikasle guztiak onartu zituzten Cortesko Institutuan, ikastetxe horrek eskaintzen dituen aukerako irakasgaiak hautatu eta gero.
Jarraian azaltzen zuten DBHn urtero dagoela ikasle kopuru bat irakaskuntza elebiduna hautatzen duena; gaur egun, ordea, Cortesko DBHIk ez du irakaskuntza-eredu hori eskaintzen, eta, hori dela-eta, beste herri batzuetara joan beharra dute.
Egoera horren aurrean, haien ustez, Hezkuntza Departamentuari dagokio esku hartzea, ikasle horiek eragozpenik gabe baliatu ahal izan dezaten eredu elebiduna, zehazki “British” programa, ematen duten ikastetxeetara joateko duten eskubidea, hezkuntza baldintza beretan irits dadin ikasle guztiengana Nafarroako Foru Komunitatea osoan.
Hortaz, [?] HLHIPko Eskola Kontseiluaren osoko bilkurak bere haserrea adierazi zuen; izan ere, Buñuelgo ikasleen familiei eskola-garraioa kobratzen zaie baldin eta hezkuntza-sistema aukeratzeko eskubidea baliatzeagatik irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten eskualdeko beste institutu batera joan behar badute derrigorrez.
Nafarroako Arartekoak idazki bat igorri zuen 2010eko maiatzaren 11n Hezkuntza Departamentura, “British” programako ikasleen eskola-garraiorako laguntzak direla-eta [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako idazkiaren karietara (10/346/E espedientea). Hona erantzuna:
Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 319/2009 Ebazpenak, 2009-2010 ikasturtean eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituenak, 1.4 artikuluan, eskola-garraioaren onuradun izatetik salbuesten ditu beste ikastetxe batera joan behar duten ikasleak, baldin eta orokortu gabeko eskaintza batean matrikulatzea aukeratu badute. Ebazpena 2009ko abuztuaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Hori da, hain zuzen ere, Cortesko HLHIPko British ereduaren kasua, bai eta eredu hori eskaintzen duten gainontzeko ikastetxeena ere. Eredu horren ezarpena ez dago orokortuta, eta, hortaz, eredu horretan matrikulatzeak ez du sortzen eskola-garraioa –antolatua eta Hezkuntza Departamentuak finantzatua– izateko eskubidea, aurreko ikasturteetan ere ez baitu eskubide hori sortu.
Kontuan har bedi Irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskara sartzea eta erabiltzea arautzen dituen maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuak ondoko hizkuntza-eredu hauek ezartzen dituela: A, B, D eta G ereduak.
Horrenbestez, argitu beharra dago British hezkuntza-programa ez dela berez hizkuntza-eredu bat, baizik eta programa eleaniztun bat, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 21eko 401/2009 Ebazpenaren bidez arautua. Ebazpen horrek Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako A eta G ereduetan programa eleaniztunak emateko oinarriak ezarri zituen, 2009-10 ikasturterako
Ondorioz, programa eleaniztunaren karietara lekualdatutako ikasleak ez dira hizkuntza-ereduaren karietara lekualdatutako ikasleak, eta, beraz, ezin zaizkie aplikatu garraio- eta jantoki-zerbitzuei dagozkien onurak.
Kexa honek xede du Buñuelgo ikasleei eskola-garraioa finantzatu ez izana, nahitaez joan behar baitute beste herri batzuetara ikasketak “British” hezkuntza-programan egitera.
Kexa-egileek azaltzen dute Hezkuntza Departamentuari dagokiola esku hartzea, ikasle horiek eragozpenik gabe baliatu ahal izan dezaten eredu elebiduna, zehazki “British” programa, ematen duten ikastetxeetara joateko duten eskubidea, hezkuntza baldintza beretan irits dadin ikasle guztiengana Nafarroako Foru Komunitatea osoan.
Hezkuntza Departamentuaren txostenean ohartarazten denez, berriz, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 319/2009 Ebazpenak, 2009-2010 ikasturtean eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituenak, 1.4 artikuluan, eskola-garraioaren onuradun izatetik salbuesten ditu beste ikastetxe batera joan behar duten ikasleak, baldin eta orokortu gabeko eskaintza batean matrikulatzea aukeratu badute. Eta hori da, hain zuzen ere, “British” programaren kasua, programa hori ez baita “hizkuntza-eredu bat”, baizik eta “programa eleaniztun bat”.
Irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskara sartzea eta erabiltzea arautzen dituen maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuan xedatuarekin bat –ezarpen orokortuko hizkuntza-ereduak ere ezartzen ditu–, “British” programak ez du ezarpen maila hori, hau da, ez da ezarpen orokortuko hizkuntza-programa edo -eredu bat; hortaz, Hezkuntza Departamentua ez dago programa hori ezartzera behartuta ikasleak eredu hori hautatzen duen herrian, ez eta, ezarri ezean, eredua ezarrita dagoen herrirainoko eskola-garraioa finantzatzera ere. Abuztuaren 21eko 401/2009 Ebazpenaren arabera, eredu eleaniztun bat da, eta A eta G eredua duten haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan emanen da, eta ez dago hura ezartzeko obligaziorik. Araudi horren interpretazioaren arabera, hortaz, Hezkuntza Departamentuak ondorioztatzen du ez duela nahitaez finantzatu behar hezkuntza-programa hori libreki hautatu eta programa ezarria dagoen herri batera joan behar duten ikasleen eskola-garraioa.
Horrenbestez, aldeen jarrerak azalduta eta auzia hezkuntza-ereduei eta eskola-garraioari buruzko araudiaren aplikazioaren ikuspuntutik aztertuta, ez dugu ikusten Hezkuntza Departamentuak araudiaren aplikazioan eta interpretazioan abusuz edo zabarkeriaz jardun duenik.
Halere, arestian adierazitakoa gorabehera, azterketa jarraitu behar dugu esanez ezen, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuak adierazitakoa, hau da, “British” izeneko irakaskuntza “hizkuntza-eredua” ala “programa eleaniztasuna” ote den, egia dela, errealitatean, “British” izeneko irakaskuntza bi hizkuntzatan kudeatutako irakaskuntza bat dela –gaztelania eta ingelesa–, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa den gisan. Alegia, ezberdintasun juridiko hori ez da errealitatean gertatzen, bai hizkuntza-ereduak bai programa eleaniztunak helburu bera dutelako: ikaslea gutxienez ere bi hizkuntzatan heztea.
“British” eredua edo programa Nafarroako Foru Komunitateko ikasle guztiei eskaini zaienez gero, erakunde honen ustez neurriak ezarri beharra dago, ikasleei tratu bidezko bat ziurtatze aldera, gaztelaniaz eta euskaraz garatzen den hezkuntzako ikasleen egoera bertsuan baliatu ahal izan dezaten bere hezkuntza-eskubidea “British” eredua hautatzen duten ikasleek, nahiz eta eredu orokortu bat ez izan.
Horrek guztiak, kexa honen ondorioetarako, berekin ekarri beharko luke eskola-garraioa zama ekonomiko bat ez izatea, baldin eta Hezkuntza Departamentuak eskainitako irakaskuntza elebiduna –gaztelania eta ingelesa– hautatzen bada.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea eskola-garraioaren finantzaketa “British” hezkuntza-programako ikasleei ere luza diezaien, baldin eta bizi diren herritik beste herri batera joan behar badute hezkuntza-programa hori hautatu dutelako.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko iradokizun hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia