Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Irregularidades en el proceso selectivo de provisión de una plaza de Licenciado en Psicología
Exp: 09/140/F
Nº: 115
Funtzio publikoa
1. 2009ko otsailaren 18an [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Psikologiako lizentziaduna (Prebentzio-diziplinak: Ergonomia eta Psikosoziologia) izateko lanpostu baten hautapen prozesuari buruz.
Zehazki, kexa-egileak epaimahaiaren jokabidea salatzen du; izan ere, bere iritziz, inongo justifikaziorik gabe kendu zion deitutako lanpostu hori eskuratzeko aukera.
Interesdunak epaimahai horren zenbait ekintza agertzen ditu, hain zuzen ere ondorio horretara eramaten dutenak:
a) Lehenengo ariketari dagokionez, hura gainditu zuen pertsona bakarra izan ondoren, bi galdera deuseztatu zituzten, eta erabaki horren bidez beste izangai batek azterketa gainditu zuen eta onuradun atera zen.
b) Bigarren ariketa egin ondoren –berak bakarrik bukatu zuen–, atzematen du irakurketa publikoaren ekitaldirako adierazitako egunean arestian aipatutako beste izangaia epaimahaiko kideekin batera eta bestera zihoala Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bulegoetan barna; pertsona hori irakurketarako aretoan zegoela epaimahaiko hiru kideekin kexa-egilea bertara iritsi zenean; eta haren senideak ekitaldira sar zitezen eragozten saiatu zela; horrek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari kontsulta bat egin behar izatea eragin zuen.
c) Ariketa horretako behin-behineko emaitzak 2008ko abenduaren 19an argitaratu ziren, eta “ez gai” kalifikazioa lortu zuen. Kalifikazio hori, bere iritziz, guztiz zuzengabe eta arbitrarioa da.
d) Kalifikazio hori ikusita, interesdunak epaimahaiari informazio zehatz bat eskatu zion, hain zuzen ere alegazioak aurkeztu ahal izateko beharrezkoa zitzaiona (zehazki, ariketako atal bakoitzaren balorazioa, epaimahaikide bakoitzak emaniko puntuazioak, kalifikazioaren arrazoia eta aktaren kopia). Halere, adierazitakoaren arabera, informazio hori eman gabe, 2009ko urtarrilaren 21ean, epaimahaiaren erabaki bat argitaratu zen, non hartutako erabakia berretsi egiten baitzuen.
Egun batzuk geroago, interesdunak epaimahaiaren jakinarazpen bat jaso zuen. Bertan dei egiten zioten urtarrilaren 30ean joan zedin, “egindako ariketa aztertzeko eta haren kopia bat jasotzeko”.
Zita horretan, epaimahaiko lehendakaria eta idazkaria egon ziren. Interesdunak esandakoaren arabera, bere ariketaren kopia bat besterik ez zioten eman (ukatu zizkioten kalifikazioari buruzko arrazoiak ematea, ariketako bi gaien emaitzari buruzko idatzizko jakinarazpena, hautapen-organoaren kide bakoitzaren puntuazioak eta egin beharrekoa zen aktaren kopia).
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, espedientea izapidetzen ari ginen bitartean informazio batzuk eta espediente administratiboari buruzko dokumentazioa eskatu genizkion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
Eskatutako informazioa erakunde honetara igorri du departamentuak; azken txostena eta espediente administratiboaren kopia 2009ko ekainaren 1ean iritsi ziren.
1. Kexa-idazkian aipatzen den hautapen prozedura Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 15eko 39/2008 Ebazpenarekin hasi zen. Haren bidez, izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Psikologiako lizentziaduna izateko (Prebentzio-diziplina: Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua) lanpostu baterako oposizioaren deialdia onetsi zen (2008ko apirilaren 28ko 53. NAO).
Azaldu den bezala, interesdunak bere kexa azaldu zuen hautapen prozesuan gertatutako egitate batzuk direla-eta epaimahaiak izandako jardunaren aurka; egitate horiek, hain zuzen ere, funtzio publikoan berdintasun baldintzetan sartzeko zeukan konstituzio-eskubidea kaltetu zuten (Konstituzioaren 23.2 artikulua).
Zehazki, hautapen prozesutik kanpo utzi zuen egintza bigarren ariketan eman zioten kalifikazioa izan zen. Hala eta guztiz ere, kexan aipatzen diren gainerako egitateak edo omisioak ere aztertu behar dira, kontuan hartu behar baita guztiek eragina dutela hautapen prozesuaren erregulartasunean edo interesdunak bere defentsarako dauzkan aukeretan.
2. Interesdunak adierazten du, izan ere, hasiera batean bera izan zela bakarrik lehenengo ariketa (“test erakoa”) gainditu zuena, baina beste izangai batek eginiko erreklamazioaren ondorioz, ariketako bi galdera deuseztatu zituztela, eta horrekin beste izangai horrek ere ariketa gainditu zuela.
Bi galdera horiek deuseztatzeko arrazoiei buruz, Administrazioak, apirilaren 30ean, honako informazioa igorri zigun:
”Ariketako lehenengo galdetegiko bi galdera deuseztatzeko epaimahai kalifikatzaileak eman zuen ebazpenaren kontra –behar bezala arrazoitua ez egoteagatik– [?] andreak aurkeztu zuen inpugnazioa dela eta, epaimahaiak azaltzen du galdetegiko 18. eta 19. galderak deuseztatzeko erabakia hartu zela Hezkuntza Departamentuaren zerbitzu juridikoen aholkua jaso ondoren, zerbitzu horiek uste izan baitzuten bi galdera horiek, 2007-2012 urteetarako Europako Batasunaren Estrategiari buruzkoek, deialdian “Lanaren arloko segurtasunari eta osasunari buruzko Europako zuzentarau nagusiak” gaian eskatutakoa gainditzen zutelakoan. Horrenbestez, ondorioztatu zen, arlo horretako zuzentarau garrantzitsuenak ezagutzea besterik ezin zela exijitu.
Bi galdera horiek deuseztatzearekin, lau izangaik gainditu zuten ariketa, eta [?] andrearen kalifikazioak 0,83 puntutan egin zuen gora; horrenbestez, epaimahaiaren erabakiak onura ekarri zion”.
Aurrerago, ekainaren 1ean, aurrekoa osatzen duen informazio bat jaso genuen:
“Bi galdera horien enuntziatuan “2007-2012 urteetarako Europako Batasunaren Estrategiaren” edukia aipatzen da, eta delako estrategia enuntziatuan berariaz adierazita ez badator ere, Europako Batasunaren Zuzenbidearen osagai bat, eta gaitegiko I. ataleko 16. gaian jasota dago.
Hala eta guztiz ere, [?] andreak aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, eztabaida zabala gertatu zen epaimahaiko kideen artean, funtsean “Europako Batasuneko Zuzenbidea” epigrafeari buruz. Europako Kontseiluaren 2007ko ekainaren 25eko Ebazpena, laneko osasunaren eta segurtasunaren arloko estrategia komunitario berri bati buruzkoa (2007-2012 urteetarako), Europako Batasuneko Kontseiluaren Ebazpen gisa, 2007ko ekainaren 30eko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta “Europako erkidegoko zuzenbidetzat” hartu beharra dago. Halere, honako zalantza planteatu zen:
1.- Enuntziatuan Europako Batasuneko arau-elementu desberdinak ezagutzea eskatzen ote den (itunak, zuzentarauak, erregelamenduak, gomendioak, ebazpenak...), edo
2.- Asmo askoz zabalago bat ba ote dagoen, arau guzti-guztien edukia ezagutzea eskatzen duena.
Lehenengoa aukera defendatzen zuten epaimahaiko kideek beren arrazoia oinarritzeko 16. gaiko hurrengo epigrafea aipatzen zuten: “Laneko segurtasunaren eta osasunarena arloko Europako zuzentarau nagusiak”. Izan ere, bazirudien izenburu horretatik ondoriozta daitekeela soilik eskatzen dela segurtasunaren eta osasunaren arloko Europako zuzentarauak ezagutzea, eta haietatik soilik garrantzitsuenak.
Epaimahaikideen gehiengoa ados jartzerik izan ez zenez, lehendakariak Hezkuntza Departamentuko zerbitzu juridikoetako langileen aholkua eskatu zuen, eta haren arabera, aipatutako bi galderak deuseztatzeko erabakia hartu zuen.
18. eta 19. galderak deuseztatuta, aurkeztutako 14 izangaien puntuazioak birkalifikatzeari ekin zitzaion, emaitza handiena hainbanatuz galdera baliodunen guztizkoan. Horretatik atera ziren puntuazioak NAPIri eskuratutako espedientean ageri dira.
Ariketa gainditu zuten izangaien zerrenda eta haien emaitzak Nafarroako Gobernuko iragarkien oholean eta ariketa egin zen tokian argitaratu ziren.
Jarduera horren ondorioz, lau izangaiek emaitza handiagoa lortu zuten; horien artean, [?] andrea zegoen, zeinak azterketa gainditu baitzuen, eta [?] andrea, 10,28 puntu izatetik 11,11 puntu izatera pasa zena”.
Arrazoiketa horiek, adierazi digutenaren arabera, kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa dela-eta epaimahai kalifikatzaileak egindako txostenean jasota daude. Txostena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eskatu zuen.
Oro har, adierazi beharra dago, hautapen prozesuetan hartutako gisa horretako erabakietan –batzuen onerako eta beste batzuen kaletarako izan daitezke–, ekintza administratiboari eusteko printzipioak exijitzen duela deuseztatzea soilik gertatu behar dela epaimahaiak sinisten duenean nekez baiezta daitekeela ekintza deialdiaren araberakoa izatea. Halakoetan, epaimahaiaren deuseztatze erabakia babesteko arrazoiketa berariaz txertatu beharra dago jatorrizko espedientean, behar diren arrazoiak emanda, lehenagoko ekintza administratibo bat berrikusten ari baita, alde batek eskatuta bada ere.
Planteatutako kasuan, atzematen dugu deuseztatzea gertatu zela ez galderak edo erantzunak gaizki formulatu zirelako, baizik eta ulertu zelako edukia ez zetorrela bat deialdiko gaien zerrendaren arabera exijitu behar zenarekin (aipatzen da zalantzan jarritako edukia ez zegokiola “Lanaren arloko segurtasunari eta osasunari buruzko Europako zuzentarau nagusiak” epigrafeari). Eta, gainera, igorri zaigun espediente administratiboa ikusita, ez dugu atzeman hartan behar adinako motibazioa jaso denik. Horri dagokionez, bai 2008ko azaroaren 13ko lehen ariketaren behin betiko emaitza argitaratzeko ekintzan, bai aurretiko aktan, 18. eta 19. galderak deuseztatzea aipatzen da “gai zerrendaren araberakoak ez izateagatik”, baina ez da berariaz aipatzen ondorio horretara iristeko jarraitu den arrazoiketa (aktan, epaimahaiaren barruan izandako desadostasunak eta Hezkuntza Departamentuaren zerbitzu juridikoen iritzia aipatzen dira, baina ez da behar adinako motibazioa erabiltzen, deuseztatzeak oinarria duela jo ahal izateko).
Gure aldetik, uste dugu erabilitako arrazoiek ez zutela deuseztatzeko erabakia behar bezala oinarritzen. Aipagai ditugun galderak lanaren arloko segurtasunari eta osasunari buruzko Europako Batasunaren estrategiari buruzkoak dira, eta, horrenbestez, gure ustez, ederki eska daitezke Psikologiako Lizentziaduna (Prebentzioaren arloa) izateko lanpostu baten deialdian, haren gai zerrendan Europako Batasunaren Zuzenbidea aipatzen baita. Eztabaidagarria izan daiteke horrelako galderak egitea egokia den ala ez den, baina ez dugu legez kontrakotasuneko arrazoirik ikusten deuseztatzeko erabakia babesteko, zeren eta halako galderak exijitutako gai zerrendan ahokatzen baitira, eta gainera, lotura dute bete nahi den lanpostuaren ezaugarriekin eta mailarekin. Horrenbestez, lehentasuna eman behar zitzaion ekintzari eusteko printzipioari.
Gainera, azaldu dugun bezala, jatorrizko espediente administratiboan ez dugu atzeman behar adinako motibazioa zegoenik, nahiz eta a posteriori, errekurtsoaren eta aurkeztutako kexaren karietara, erabaki hura oinarritzeko erabili ziren sakoneko arrazoiak azaldu dizkiguten.
Nolanahi ere, galdera horiek deuseztatzeak ez zuen eraginik izan prozeduraren amaierako emaitzan, baina ezin dugu onartu epaimahaiak baieztatutakoa, alegia, Soria andreak erabaki horretatik onura atera zuela, bere puntuazioak gora egin zuelako; izan ere, hautapen prozesu batean interesdunentzako onura edo kaltea ezin da gisa horretara neurtu, galderak deuseztatzeko erabakia hartu aurretik aipatu andrea baitzen ariketa gainditua zuen bakarra; erabakiaren ondoren, aldiz, ez.
3. Kexan aipatzen da epaimahai kalifikatzailearen eta lehenengo ariketa azkenean gainditu zuen beste izangaiaren artean zegoen “gehiegizko hurbiltasuna” (esan den bezala, izangai hori bigarren ariketa egiten ari zela erretiratu zen). Izan ere, irakurketa publikoaren ekitaldirako adierazitako egunean ikusi zuen arestian aipatutako beste izangaia epaimahaiko kideekin batera eta bestera zihoala Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bulegoetan barna; pertsona hori irakurketarako aretoan zegoela epaimahaiko hiru kideekin kexa-egilea bertara iritsi zenean; eta haren senideak irakurketa-ekitaldira sar zitezen eragozten saiatu zela. Horrek, gainera, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari kontsulta bat egin behar izatea eragin zuen.
Erakunde honek ezin ditu zalantzan jarri edo baloratu herritarren jokabideak, baina bai ikuskatu beharra dauka Administrazio Publikoaren organoen –esate baterako, epaimahai kalifikatzailearen– jarduera.
Ikusita kexa nola planteatu zen, gure ustez egokia zen Administrazioari galdetzea izangaia aldi baterako kontratatuta ote zegoen edo dagoen erreferentziako oposizioaren xede den lanpostuan. Igorritako txostenean adierazten zaigu epaimahaiko idazkariari behar zen galdera egin ondoren, hark adierazi zuela egiazki pertsona hori aldi baterako kontratatuta zegoela erreferentziako oposizioaren xedea zen lanpostuan, eta gaur egun ere lanpostu horretan kontratatuta jarraitzen duela. Halaber, aipatzen da unitate organiko berean beste izangai bat ere aldi baterako kontratatuta dagoela, eta epaimahaiak azpimarratzen du horrek ez zuela inolako eraginik izan emandako kalifikazioetan.
Galdetu genuen, halaber, ea kexan azaldutako egitateak bigarren ariketa irakurri aurretik gertatu ote ziren. Horri dagokionez, igorritako txostenean honakoa adierazten da:
“Ariketaren irakurketa publikoaren ekitaldiari dagokionez, egia da eta hala jaso zen zegokion aktan, berandu hasi zela epaimahaikide batek planteatutako zalantza batengatik, alegia, beharrezkoa zen ala ez zen irakurketa publikora doazen hautapen prozesutik kanpoko pertsonak identifikatzea.
Baina ez da egia, eta hori azaltzeko betebeharra sentitzen dugu, [?] andreak argudiatu zuenik irakurketa-aretoan ezin zirela sartu errekurtso-egilearen bi senide; izan ere, une hartan bertan zeuden epaimahaikideetako bakarrak ere ez zion halako argudiorik entzun aipatu izangaiari.
Halaber, aktan jaso zen [?] andrea (epaimahaikidea) ekitaldian izangaia irakurketan aurrera samar zebilela sartu zela aretoan. Sartu zenean, idazkariak [?] andreak eginiko ariketaren kopia bat eskuratu zion”.
Argi dago erakunde honek ezin duela zehaztasunez jakin salatutako egitateak nola gertatu ziren.
Ez digute ezer esan salatutako ondoko xehetasunari buruz: “beste izangaia epaimahaiko kideekin batera eta bestera zihoala Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bulegoetan barna; pertsona hori irakurketarako aretoan zegoela epaimahaiko hiru kideekin kexa-egilea bertara iritsi zenean”. Hori egia bada, eta berriz diogu horren aurka ezer ez zaigula adierazi, gure ustez jokabide hori nabarmenki desegokia da hautapen organo baterako, objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioen arabera jokatu behar baitu. Horrek berarekin dakar, ariketak kalifikatzeko orduan neutrala izateaz gainera, arrazoizko distantzia berdin zale bat mantentzea izangaiekin hautapen prozesuko ekitaldietan zehar, printzipio horien betetzea eragotz dezaketen jokabideak alde batera utzita. Epaimahai kalifikatzaileek inpartzialak izan behar dute, baina, aldi berean, zergatik ez esan, inpartzialak iruditu behar dute. Eta horrekin guztiarekin bat, ez dugu ulertzen, bakarrik kexa-egilea deituta baldin bazegoen bigarren ariketa irakurtzeko ekitaldira, beste izangaia zergatik zegoen irakurketa-aretoan interesdunari irakurtzeko deitu zitzaionean.
Bestalde, ez zaigu batere argi geratu, ezta ere, epaimahai kalifikatzailearen zalantzak ote ziren kexa-egilearen bi senideak irakurketa publikoko ekitaldian egon ote zitezkeen (hala adierazia du kexa-egileak), edo bertaratutakoak identifikatu behar ote ziren (horixe adierazita dator Administrazioak igorritako txostenean). Nolanahi ere, erakunde honek ez du ongi ulertzen epaimahaikideek horrelako zalantzak izatea. Ariketen irakurketa publikoak –eta hori jende orok daki– berarekin dakar edozein pertsona bertaratu ahal izatea, identifikatzeko izapiderik nahiz bestelako baldintza berezirik gabe. Nolanahi ere, egokia dirudi hautapen organoei aldez aurretik gisa honetako gaiei buruzko jarraibideak ematea, gertatutakoak bezalako gorabeherak gerta ez daitezen. Izan ere, halakoek mesfidantza eragin diezaiekete inplikatutako herritarrei.
4. Kexa-egilea hautapen prozesutik kanpo utzi zuen egitatea bigarren ariketari emandako kalifikazioa izan zen. Interesdunaren ustez, kalifikazio hori zuzengabea eta arbitrarioa da, egindako ariketari erreparatuta.
Erakunde honek ezin du zehaztu egindako ariketari kalifikazio bat edo beste eman behar zitzaion, zeren eta erabaki hori funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetako epaimahai kalifikatzaileen berezko erabakia baita. Izan ere, epaimahai horiek zuhurtziarakotasun tekniko zabala daukate, jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duen bezala eta Administrazioak igorritako txostenean gogoratzen den bezala. Egiazki, ongi ezaguna eta errepikatua da justizia auzitegiak ezin direla bilakatu bigarren epaimahai kalifikatzaileak, aurkatzen diren lehiaketa eta oposizio guztiak berrikusten dituztenak, beren kalifikaziorako irizpide propioekin ordeztuz zuhurtziarakotsun teknikoaren arabera hautapen probak epaitu behar dituen epaimahaiari dagozkion irizpideak. Doktrina hori bera Administrazioaren jarduna ikuskatzen duen Nafarroako Arartekoa bezalako erakunde bati ere aplika dakioke.
Aurrekoa gorabehera, ordea, aurrekoa ulertu beharra dago zuhurtziarakotasunezko jarduera ororen mugak betetzeko beharraren gainean egin beharreko kontrola ezertan gutxitu gabe, zertarako-eta saihesteko babesgabetasuna, arbitrariotasuna eta boterearen desbideratzeak gerta daitezen (besteak beste Auzitegi Gorenaren 1992ko urriaren 20ko, 1994ko irailaren 21eko eta 1995eko martxoaren 10eko epaiak).
5. Muga horiek gainditzen ez direla bermatzeko, epaimahai kalifikatzaileek beren erabakien arrazoiak eman behar dituzte, eta aukera eman behar diete izangaiei haien oinarriak ezagut ditzaten, zeren eta ezagutze hori beharrezkoa baita babesgabetasunik gerta ez dadin. Horri buruz, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarri zuen hautapen prozesuei eta norgehiagoka prozesuei amaiera ematen dieten ekintzen motibazioa deialdiak erregulatzen dituzten arauen arabera eginen direla, eta, nolanahi ere, hartzen den erabakiaren oinarriak prozeduran kreditatu beharko direla.
Auzitegi Gorenak, 2008ko urtarrilaren 22ko epaian, honakoa adierazi zuen: “motibazio egokiak exijituko du espedientean epaimahai kalifikatzailearen azalpen bat ager dadin, hain zuzen ere argitzeko zein urrats egin diren eta zein arrazoi ponderatu dauden balorazioak kuantifikatzeko amaieran eman diren zenbatekoetara iristeko... izan ere, hori baita bide bakarra egiaztatzeko egindako balorazio-epaia deialdiak ahalbidetzen zuen estimazio-tartearen barruan egin zela, eta balorazio horren gida deitutako lanpostuari hobekien egokitzen zitzaizkion ahalmen, ezagupen eta esperientziak bilatzera zuzendutako arrazoiak izan zirela, eta, paraleloki, boluntarismo edo arbitrariotasun hutsak bazter daitezkeela”.
Murtziako Auzitegi Nagusiaren 1997ko urtarrilaren 22ko epaiarekin bat, honakoa adieraz daiteke motibazioaren helburua dela eta: “helburu du arbitrariotasuna saihestea, halako moduan non, administrazioaren zuhurtziarakotasuna errespetatuta, administrazio jardunbidearen arrazoiak ahal den guztian justifikatuko diren, izangaien babesa eta epaimahaien behar bezalako kontrola bideratuz”.
Motibaziorik ez izatea, jarraitutako irizpide eta arrazoiak ez azaltzea, ez datoz bat gardentasun eta objektibotasun bermeekin, ez eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioekin ere. Motibatzeko betebeharraren norainokoari dagokionez, Galiziako Auzitegi Nagusiak, 2003ko martxoaren 5eko epaian, balorazio irizpideen aplikazioari buruzko azalpen zehatza eskatzen du, eta haren arabera ez da nahikoa puntuazioak emate hutsa. Aipatu epaian aitortzen da horrek zailtasunak badauzkala izangai ugari daudenean, “baina ezin alda daitekeena da behin ados ez dagoen norbaitek erreklamazioa jarri duenean, behar diren azalpen guztiak eman behar izatea emandako puntuazioari buruz eta balorazio irizpideak aplikatzeko xehetasunei buruz”.
6. Hemen aztergai dugun kasuan, kexa-egilea izaki bigarren ariketa osatu zuen izangai bakarra, 2008ko abenduaren 19an, behin behineko emaitza argitaratu zen, eta “ez gai” kalifikazioa eman zitzaion, zehaztu gabe ere azaldu zituen bi gaiei zegokien puntuazioa. Bidenabar, alegazioak aurkezteko aukeraren berri ematen zitzaion.
Nabarmena da informazio horrek ez ziola izangaiari inongo biderik ematen inolako defentsarik artikulatzeko. Hori dela eta, emaitza argitaratu ondoren, interesdunak epaimahaiari eskatu zizkion ariketako atal bakoitzaren balorazioa emateko, kalifikazio-organoko kide bakoitzak emaniko puntuazioak, kalifikazioaren arrazoia eta balorazio-aktaren kopia.
Bada, eskabide horri ez zitzaion erantzunik eman, eta ez zitzaion eskatutako informazioa eman. Kalifikazioa behin betiko bilakatu zen eta jasota geratu zen (2009ko urtarrilaren 20an) inongo izangaik ez zuela azterketa gainditua eta ez zela bidezkoa prozedurarekin aurrera jarraitzea. Egun berean, interesdunari dei egin zitzaion geroan eginen zen bilera baterako. Bilera urtarrilaren 30ean egin zen, eta hartan egindako ariketaren kopia bat eskuratu zitzaion eta hitzez adierazi zitzaion bi gaietan zenbateko puntuazioa lortua zuen (4,70 eta 3,25 puntu).
Hori dela eta, eta igorri zaigun espediente administratiboa ikusita, non ez baita ageri “ez gai” amaierako kalifikazioa eta gai bakoitzari emaniko puntuazioa besterik (6. akta eta 7. aktaren bidezko berrespena), ez dugu atzeman epaimahaiak hartutako erabakia oinarritzeko betebeharra bete zuenik, ez eta interesdunak biderik izan zuenik ere ezagutzeko hautapen prozeduran aurrera jarraitzea eragotzi zion kalifikazioa emateko kontuan hartu ziren irizpideak. Adierazi dugun bezala, epaimahai kalifikatzaileek zuhurtziarakotasunerako tarte zabala daukate, baina modu arrazoituan oinarritu behar dituzte beren erabakiak eta ukitutakoei bidea eman behar diete oinarri horiek ezagutzeko, haiekin ados egon nahiz ez egon. Motibazio hori ez dagoenez, prozeduran erabakiaren oinarriak egiaztaturik ageri ez badira, berariaz urratzen ari da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean adierazitako agindua, herritarren defentsa aukerak kaltetzen dira eta erabakiak jada legezkotasunaren presuntzioa galtzen du, arbitrario bilakatzen baita.
7. Kexa aurkeztu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak txosten bat igorri dio erakunde honi, non [?] andreari emandako puntuazioak eta horretarako jarraitutako irizpideak justifikatzen baititu. Txosten horren edukia ezin dugu zalantzan jarri, zuhurtziarakotasun teknikorako gordeetako esparruari baitagokio.
Hala eta guztiz ere, adierazi dugun bezala, motibazioa izapidetu zen espediente administratiboan sartu behar zen, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak exijitzen duen bezala, baina ez dugu atzeman, jasotako dokumentazioaren arabera, halakorik egin zenik, eta, nolanahi ere, interesdunak hura ezagutzeko bidea eman beharra zegoen.
Motibazioa prozeduran txertatzea ez da ordena kontu huts bat, eragina baitu zuhurtziarakotasun teknikoaren erabilera egokia kontrolatzeko aukeretan eta interesdunaren defentsarako eskubidean.
8. Azaldutako guztia dela eta, erakunde honen ustez interesdunaren kexak oinarria badu. Gure irizpidearen arabera, epaimahai kalifikatzaileak hautapen prozesuan zehar antolamendu juridikoarekin bat ez datozen jarduerak egin ditu, jarduera desegokiak funtzio publikora sartzeko prozedura bat gidatu behar duten printzipioak bermatzeari begira, eta haiekin batera objektibotasuneko eta inpartzialtasuneko printzipioekin nekez uztartzen diren jokabideak ere izan ditu. Finean, kexa-egilea oinarririk gabe utzi da hautapen prozesutik kanpo, espedientean horretarako arrazoiak azaldu gabe eta defentsarako zuen eskubidea kaltetuz.
Hori dela eta, kasuan eramatea interesdunaren ariketa baloratzeko unera arteraino, eta balorazio hori izapidetutako prozeduran metatzen diren inguruabarrak ikusita, gure ustez komenigarriena eta egokiena da jarduerak atzera jardun duenaz beste organo kalifikatzaile batek egitea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea agindu dezan prozedura atzera eramateko kexa-egilearen bigarren ariketa baloratzeko unera arteraino, eta balorazio hori egiteko erreferentziako hautapen prozeduran jardun zuenaz beste organo kalifikatzaile bat izenda dezan.
2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia