Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Error informático en la formalización de la matrícula en la EOI
Exp: 09/328/E
Nº: 113
Hezkuntza Departamentua
1. 2009ko maiatzaren 23an, kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan, [?] andreak aurkeztua. Haren bidez azaltzen zuen 2009ko otsailaren 27an Hizkuntza Eskola Ofizialari transferitu ziola ingeleseko maila aurreratuan (antzinako 5. maila) matrikula librea egin izanari zegokion tasaren zenbatekoa.
Jarraitzen du azalduz bere aldetik eta egun berean, bere amak matrikula egin zuela internet bidez, baina, dirudienez, posta elektronikoko mezua ez zela behar zen tokira iritsi. Horrenbestez, ez diote uzten ekainean azterketa egiten. Hizkuntza Eskolan proposatzen diote matrikularen zenbatekoa itzultzea, baina interesdunak ez du halakorik onartzen.
Gehitzen du Irache Kontsumitzaileen Elkarteak Hizkuntza Eskolara jo duela azaldutako kasuari buruz interesatzeko, komunikazioaren teknologietan gerta daitezkeen kasuek ez daitezen izan kontsumitzailearen kalterako. Gaurkoz, kontsumitzaileen elkarte horrek ez du Administrazioaren erantzunik jaso.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. 2009ko ekainaren 2an, aipatu departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Nafarroako Arartekoak informazioa eskatzen du [?] andrearen amak internet bidez Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean egin zuen matrikula libreari buruz. Dirudienez, matrikula hori ez zen behar zen tokira iritsi.
Hezkuntza Departamentuan harremanetan jarri gara Hizkuntza Eskola ofizialeko zuzendariarekin, Nafarroako Arartekoak interesa duen kasu honi buruzko informazioa eskatzeko.
[?] jaunak horren berri Eskolako administrazioaren bitartez jakin zuen. Izan ere, administrazioan esan diote [?] andreak matrikularako ezarritako zenbatekoa ordaindu zuela, baina ezin izan zuela agiri bidez frogatu internet bidez matrikula egina zuela. Horrenbestez, ezin izan zitzaion matrikula onartu.
BBehin behineko zerrendan ez-onartuen artean agertzen ziren ikasleek behar zen dokumentazioa aurkezteko zabaldu zen epean, interesdunak ez zuen ezer ere aurkeztu.
Eskolako zuzendariak berak [?] andreari sakelako telefonora deitu zion, baina ez zuen erantzunik jaso (lekukoak badaude). Horrenbestez, mezu bat utzi zion erantzungailuan.
2009ko maiatzaren 13an, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendariak Irache Kontsumitzaileen Elkarteari erantzun zion. Horri buruzko pdf gisako dokumentua erantsi da”.
4. Planteaturiko auzia hobeki ulertzeko, Hizkuntza Eskola Ofizialak Irache Kontsumitzaileen Elkarteari 2009ko maiatzaren 13an igorritako idazkiaren testua transkribatu dugu hemen:
“Matrikula otsailaren 9tik 27ra bitartean egin behar zen. [?] andreak 27an egin zuen ordainketa, baina ez zuen inolako dokumentaziorik aurkeztu eskolan. Ez zegoen, ezta ere, inon jasota internet bidezko matrikula egin zuenik. Matrikula horiek programa informatikoan geratu ohi dira, baina horretarako amaierara arte iritsi behar da eta “aceptar”tekla sakatu. Kasu guztietan, frogagiri bat inprima daiteke. Ez dago jasota inongo frogagiririk erakutsi denik.
Martxoaren 2an, [?] andreak matrikularen gutun-azala aurkeztu zuen administrazioan, arratsaldeko ordutegian. Gutun-azala hartu egin zitzaion, baina biharamunean jakinarazi zitzaion ezin zela matrikula hori onartu epez kanpo egin zelako.
Apirilaren 24an interesdunari sakelako telefonora deitu zitzaion, eta mezu bat utzi zitzaion eskolarekin harremanetan jar zedin, internet bidezko matrikularen ziurtagiriren bat aurkezteko. Ez dugu [?] andrearen berri izan.
Azkenik, baieztatzen zuena egiaztatzeko inongo dokumentaziorik aurkeztu ez zuenez, ez da [?] andrearen matrikula onartu, eta gaur egun ikasturteko matrikula librean onartu ez den ikaslea da.” .
5. Halaber, honakoa adierazi beharra dago:
Lehena.- 2008-2009 ikasturtean ikasle libre moduan matrikulatzeko epea otsailaren 9ko 9:00etatik hasi eta otsailaren 27ko 19:00etara bitartekoa zela.
Bigarrena.- Internet bidez matrikulatutako ikasleek bost eguneko epea zutela eskatutako dokumentazio guztia aurkezteko.
Hirugarrena.- Apirilaren 14an onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu zela, eta bertan kexa-egilea baztertuen artean zegoela “matrikula epez kanpo egiteagatik”.
Laugarrena.- Behin-behineko zerrendan baztertutakoek alegazioak aurkezteko epea 2009ko apirilaren 14tik 28ra bitartekoa izan zela.
Bosgarrena.- Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan, 2009ko apirilaren 29an argitaratutakoan, kexa-egilea baztertuen artean ageri zela, “matrikula epez kanpo egiteagatik”.
1. Kexa-egileak Hizkuntza Eskola Ofizialean ingeleseko maila aurreratuan matrikulatzeko zuen borondatea erabatekotasunez adierazita dago otsailaren 27an matrikularen tasa ordaindu izatearekin eta gainerako dokumentazioa internet bidezko matrikula egin eta hurrengo bost egunen barruan aurkeztu izatearekin, matrikulaziorako baldintzetan ezarritako moduan.
Jatorrizko arrazoia alde batera utzita, matrikularen eskaria, internet bidezkoa, ez zen Hizkuntza Eskola Ofizialera iritsi ezarritako epean.
Azken batean, Administrazioak atzeman zuen kexa-egileak, epearen barruan, matrikula osatzen duten baldintzetatik bi beteak zituela, tasaren ordainketa eta gainerako dokumentuak aurkeztea, eta horren bidez ezagutzen zituen eskatzailearen izen-abizenak, eskabidearen arrazoia, tokia eta data, matrikulatzeko borondatea eta matrikula hori zein organori zuzenduta zegoen.
Hala eta guztiz ere, hirugarren baldintza falta zen: matrikularen beraren eskaria. Inguruabar horren aurrean, Hizkuntza Eskola Ofizialak erabaki zuen onartuen behin-behineko zerrendatik kanpo uztea. Hala eta guztiz ere, Administrazioak ez zion eskatu interesdunari, aurretik, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen 30/1992 Legeko 71.1 artikuluari jarraituz, hurrengo 10 egunetan matrikularen eskaria aurkeztu ez izatea zuzen zezan, kontuan izanda, arauzko agindua alde batera utzita, interneteko bideak, sustatzaileak eskabidea aurkezteko hautatutakoak, ez duela bere baitan biltzen behar adinako segurtasun teknikoa baieztatu ahal izateko eskabidea iritsi ez bazen akatsa eskatzaileari egotzi behar zitzaiola; izan ere, litekeena da hartzailearengan ere, kasu honetan Hizkuntza Eskolan, arazoren bat izatea.
Aurreko guztia dela eta, beharrezkoa zen Administrazioak, eskabidea aurkeztu ez izana ikusita, interesdunari eskatzea akats hori legezko epean zuzen zezan. Izan ere, soilik eskatze horri ez erantzunez gero, eman zezakeen eskabidea ezetsitzat eta eskatzailea onartuen behin-behineko zerrendan sartu.
2. Erakunde honen ustez, martxoaren 3an Hizkuntza Eskola Ofizialak kexa-egileari eginiko komunikazioak ez ditu bere baitan biltzen behar diren baldintzak arestian aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan aipatzen den akatsak zuzentzeko eskabide formaltzat hartua izateko. Bi arrazoi daude hori esateko: lehenengoa, komunikazio hori ez zen idatziz egin, eta ez zen inon jasota geratu hura egin izana; eta bigarrena, ahozko komunikazioaren helburua ez zen akatsa zuzentzea, baizik eta interesdunari onartu ez izatearen berri ematea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan ezarritakoa zorrotz betetzeko legezko betebeharra duela; horrenbestez, departamentuak eskatzaileari eskatu behar dio ingeles aurreratuko matrikularen eskabidean eginiko akatsa zuzen dezan.
2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
3. Kexa-egileari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia