Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Queja por el carácter privado de los sorteos para la adjudicación de plazas en centros de Educación Infantil
Exp: 09/210/E
Nº: 112
Hezkuntza Departamentua
1. Aurtengo martxoaren 24an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasle postuen adjudikaziorako zozketak izaera pribatua izateagatik.
Azaltzen zuen matrikulazio prozesua, ikastetxe itundu baten kasuan, non postuen eskaria handiagoa baita, ikastetxeak berak garatutako eta Hezkuntza Departamentuak onetsitako baremoa aplikatuz gauzatzen dela, eta eskaera gehiegi baldin badago zozketa bat egiten dela. Zozketa hori, aztergai dugun kasu zehatzean, Eskola Kontseiluak ateak itxita egin zuen, eta ez zitzaien inplikatutako gurasoei aukerarik eman bertara joateko, nahiz eta lehenengo unean, aurrez izena emateko unean hain zuzen, publikoa izanen zela jakinarazi zitzaien.
Kexa-egileak zioen egoera horrek erabateko babesgabetasuna eragiten diela gurasoei, zeinek ikusten baitute beren seme-alaben etorkizuna ateak itxita egiten denez inongo bermerik ez duen zozketa baten bidez erabakitzen dela. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zien Eskola Kontseiluarentzat aukerakoa dela zozketa jendaurrekoa izateari buruzko erabakia, eta organo horri etika bat aurresuposatzen zaiola, zeren eta jada ikastetxean dauden ikasleen gurasoek eta irakasleek osatuta baitago.
Galdetzen da zergatik ikastetxeek erabakitzen duten zozketak modu pribatuan egitea, ezkutatzeko ezer ere ez baldin badute. Alabarentzat hautatutako ikastetxetik kanpo geratzeak dakarren dezepzio handiari zozketaren legezkotasunari buruzko zalantza gehitu behar zaio.
2. Kexa jasota, Hezkuntza Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko apirilaren 22an, gure erakundera iritsi zen txosten hori. Honakoa dio, besteak beste:
“[..]
Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ez da zehazten zozketak publikoa izan behar duenik; hori dela eta, ez da arauaren ez-betetzerik gertatu eta alde horretatik eskatzaileak ez du arrazoirik.
Bestalde, zozketa ikastetxeko Eskola Kontseiluak egiten du, eta eskola kontseiluak ikastetxeko sektore guztietako ordezkariek osatzen dituzten organoak dira; bestalde, eskola kontseiluek ikasle guztien zerrenda baremodunak argitaratu behar dituzte, haiek jakitera ematearren.”
3. Apirilaren 24an, interesdunak berriz ere erakunde honengana jo zuen, bere kexa-idazkiaren edukia zabaltzeko. Zehazki, agertzen zuen [?] ikastolako onarpen prozesuan ez zirela bete jada aipaturiko 31/2007 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horregatik, hauxe eskatzen zuen:
- Aurrez izena emandako 89 haurren baremoaren aplikazioa berrikustea.
- Egiaztatzea zozketarako onartutako 10 haurren eta 4 punturekin onartutako 26 haurren arteko diferentzia ote den ikastolara 2 urtekoen gelara joan izana.
- Egiaztatzea kanpoan geratu diren 13 haurren artean ba ote dagoen baten bat 2008/2009 ikasturtean 2 urtekoen gelara joandakoa.
- Ateak itxita egindako zozketa deuseztatzea, eta hura errepika dadin eskatzea, interesdunek –4 puntu dituzten 39 haurren gurasoek– joateko aukerarekin.
Maiatzaren 7an, beste idazki bat igorri genion Hezkuntza kontseilariari, planteaturiko gaiei buruzko informazioa eskatzeko. 2008ko maiatzean, Hezkuntza kontseilariak beste txosten bat igorri zion erakunde honi, eta bertan honakoa zioen hitzez hitz:
“Maiatzaren 22ra ikastetxera eginiko bisitaldian, Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuak honako informazioa egiaztatu du:
Ikasleak onartzeko prozesua Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera gauzatu da.
Barematzea aipatu foru dekretuko 6. artikulutik 13. artikulura bitartekoetan eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak sortzeko apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuko 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera egin da.
Irizpide osagarriak erabili dira lehentasunezko irizpideen aplikazioa nahikoa izan ez denean ikasleak ikastetxean onartzeko lehentasunezko hurrenkera ezartzeko.
[?] Ikastolan, ikasleak onartzeko irizpide osagarriak dira familia ugaria izatea –horregatik puntu bat ematen da– eta ikasle ohiaren edo bazkide kooperatibistaren seme-alaba izatea –horregatik puntu bat ematen da–. Ikastetxeak irizpide horiek jendaurrean jarri eta Eskolatze Batzorde Nagusiak onetsi zituen ikasleak onartzeko prozesua baino lehen.
Lehentasunezko irizpideak eta, kasua bada, irizpide osagarriak aplikatu ondoren, berdinketak bere horretan zirauen, eta hura ebazteko Eskola Kontseiluak zozketa egin zuen martxoaren 23an, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 15.2 artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz (horren aktaren kopia bat Ikuskapen Zerbitzuaren erregistroan dago).
Eskolako postu hutsak esleitzeko prozesua bukatu ondoren, ikastetxeko Eskola Batzordeak, martxoaren 24an, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenda argitaratu zuen, eta azken horiei behar zen informazio zehatza ematen zitzaien jarraitu beharreko prozesuari buruz. Hasiera batean onartutako ikasleen zerrenda beren puntuazioarekin argitaratu ez bazen ere, akats hori zuzendu zen, apirilaren 22an onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenda puntuazioa eta guzti argitaratu baitzen.
[?] Ikastolan ikasleak onartzeko prozesua berrikusi ondoren, ondorioztatzen da zuzena eta lege indardunen araberakoa izan dela. Zerbitzu honek aztertutako dokumentazioan egiaztatzen da aurrez izena emandako 89 ikasleen barematzea zuzena izan dela.”
1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, II. tituluko III. kapituluan, honakoa ezarri zuen: “Hezkuntza arloko administrazioek halako moduan arautuko dute ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua, non bermatuko baitira hezkuntzarako eskubidea eta gurasoek edo tutoreek berdintasunez eta askatasunez ikastetxea hautatu ahal izatea. Nolanahi ere, laguntzarako berariazko premia duten ikasleak ikastetxeetan modu egoki eta orekatuan banatuta egotea bilatuko da”.
Aipatu lege organikoak lehentasunezko irizpideak jasotzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan, behar adina postu ez dagoen kasuetarako:
- Ikastetxean matrikulatutako anai-arrebak egotea edo gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.
- Gurasoen edo legezko tutoreen bizitokia edo lantokia hurbil egotea.
- Familia batasunaren urteko errentak, haiek kalkulatzeko familia ugariei aplikatzen zaizkien berezitasunekin.
- Ikaslea edo gurasoetako edo anai-arrebetako bat ezgaitua izatea.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarri zituen aldaketa handiak direla eta, eta ikasleen onarpena arautzeko hezkuntza arloko administrazioei uzten zaien tartea dela eta, Nafarroak apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretua onetsi zuen, zeinak arauak ezartzen baititu unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko edo itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko.
Foru Dekretuko 15. artikuluak honako irizpide osagarriak ezartzen ditu:
- Ikastetxean matrikulatutako anai-arrebak edo ikastetxean lan egiten duten gurasoak edo tutoreak izateagatik puntuazio handiagoa izatea.
- Behar bezala kreditatutako ezgaitasun egoera.
- Bizilekuaren hurbiltasunarengatik puntuazio handiagoa izatea.
- Familia batasunaren urteko errenten atalean puntuazio handiagoa izatea.
- Eskatutako ikastetxeko eskola kontseiluan zozketa egitea.
Bestalde, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak 86.2 artikuluan aurreikusten du Hezkuntza arloko administrazioek batzordeak edo ikasleen onarpenei buruzko berme-organoak sor ditzaketela ikasleak onartzeko prozesuak gainbegiratzeko, batzordearen jarduera-esparruaren barruko ikastetxeren batean eskatutako postuak eskaintzen direnak baino gehiago direnean.
Nafarroako Foru Komunitateak, apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren bitartez, Eskolatze Batzorde Nagusia sortu zuen, Hezkuntza Administrazioaren organo gisa –erabakitzeko, kontrolatzeko eta jarraipena egiteko eginkizunak izanen ditu–, eta tokiko eskolatze batzordeak, ikasleak onartzeko prozesuan aholkua eta bermea emateko organo gisa.
2. Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean adierazten du [?] Ikastolako ikasleak onartzeko prozesua zuzena izan dela, lege indardunen araberakoa izan delako.
Horri dagokionez, erakunde honek suposatzen du [?] Ikastolan ikasleak onartzeko prozesua zuzen gauzatu dela, hain zuzen ere apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Halaber, uste izatekoa da barematzea aipatu foru dekretuaren arabera eta apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren arabera egin dela.
Hala eta guztiz ere, Hezkuntza kontseilariaren txostenean bertan adierazitakoaren arabera, behin lehentasunezko irizpideak aplikatuta, eta, kasuan kasu, irizpide osagarriak, berdintasunak bere horretan iraun zuen. Berdintasun hori ebazteko, Eskola Kontseiluak, martxoaren 23an, zozketa egin zuen, arestian aipatutako apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ezarritako irizpideei jarraituz.
Egia da arauek ez dutela zehazten zozketak publikoa izan behar duenik, zozketa hori ikastetxeko Eskola Kontseiluak egiten duela eta eskola kontseiluak ikastetxean inplikaturiko sektore guztien ordezkariek osaturiko organoak direla, baina kontuan hartu behar da gardentasuna dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduteko eta funtzionatzeko irizpide orokorretako bat. Horrelaxe jasota dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 3. artikuluko h) letran, non esaten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa eta funtzionamendua honako printzipio honen arabera gidatuko dela: “jarduketa administratibo gardena eta publikoa, antolamendu juridikoak herritarrei onartzen dizkien eskubideak benetan erabili ahal izateko berme gisa, legeak ezartzen dituen salbuespenetan izan ezik”.
Zozketak publikoak izateak gardentasun handiagoa emanen lioke ikasleak onartzeko prozesuari, eta nahi duten gurasoei, bestalde, bidea emanen lieke ekitaldi horretan egoteko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren erregelamenduzko aldaketak edo behar ekintzak egin ditzan haur hezkuntzako ikastetxeetako postuak adjudikatzeko prozesuetako zozketak publikoak izan daitezen.
2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia