Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Falta de atención en euskera en el teléfono de atención del hospital Virgen del Camino
Exp: 09/296/C
Nº: 110
Elebitasuna
1. 2009ko apirilaren 28an, Behatokiko […] […] jaunaren idazki bat aurkeztu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Osasun Departamentuaren aurka, herritar bati euskaraz ez erantzuteagatik.
Azaltzen zuen joan den urtarrilaren 4an, 10:30ean, Altsasuko herritar batek Bideko Ama Birjina Ospitalera hots egin zuela eta arreta euskaraz emateko eskatu zuela. Hala eta guztiz ere, ezin izan zen bere eskubideaz baliatu, funtzionario edo langileetako bakarrak ere ez zekielako hizkuntza horretan hitz egiten.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. 2009ko maiatzaren 6an, Osasun Departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoko zein lanpostu —Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakaskuntzako langileak salbu— eskuratzeko den beharrezkoa euskara jakitea —jakintza-maila zehaztuta— edo euskara merezimendu gisa hartzea, beste batzuen artean.
Horren arabera, Iruñeko “Bideko Ama Birjina” Ospitaleak ez du lanpostu bakar bat ere esleitua non euskara nahitaezko baldintza nahiz merezimendua den.
Nolanahi ere, “Bideko Ama Birjina” Ospitaleak ez du telefono-gunean euskaraz dakien langilerik, eta, horrenbestez, ezin izan zitzaion euskaraz erantzun kexan azaltzen den Altsasuko herritarrari”.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz euskara erabiltzeko Nafarroako Gobernuaren telefonogunean, zeina eskualde mistoan baitago, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.
Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.
4. Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.
Kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan du “Bideko Ama Birjina” Ospitaleko telefono-gunera deituta, eta komunikazio hori ezin izan zen hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubide urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez, eskualde mistoko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko ospitaleetan eta gainerako zerbitzuetan, herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.
2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia