Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Inadmisón de responsabilidad patrimonial por daños sufridos en chaqueta de profesora en el CP. Principe de viana de Olite
Exp: 10/352/O
Nº: 104
Zerbitzu Publikoak
Aurtengo maiatzaren 4an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen, Erriberriko Príncipe de Viana haur-eskola publikoan jantzi batean izandako kalteengatiko ondare-erantzukizuna ez onartzeagatik.
Azaltzen zuenez, Erriberriko Príncipe de Viana haur-eskola publikoari atxikitako irakasle funtzionarioa da. 2009ko ekainean, ikastetxe horretan eskolak ematen ari zen bitartean, tutoretzako gelako esekitokian utzi zuen jaka; izan ere, ikastetxearen funtzionamendu normalerako guneak falta direnez, gela hori haur hezkuntzako ikasleei laguntza-eskolak emateko erabiltzen da. Jaka jaso zuenean, ikasle batek guraizeekin jaka hondatu zuela ikusi zuen. Hori dela eta, eta kalte horiek bere gain hartzeko betebehar juridikorik ez duela uste duenez, ondare-erantzukizuneko erreklamazioa aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuan, haren ustez Administrazioaren funtzionamenduaren ondorio direlako kalte horiek. Orain dela gutxi, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 40/2010 Foru Aginduaren bidez, haren erreklamazioa ezetsi zen.
Haren ustez, Administrazioa bere eskumeneko esparruan gertatzen den ororen bermatzailea da, eta, horrenbestez, bere erreklamazioa ezetsi beharrean, izapidetu egin behar zukeen, “frogaldia luzatuta eta gertakariak izan diren eskola publikoarekin harremanetan jarrita”.
Kexa jasota, Hezkuntza Departamentura jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2010eko ekainaren 1ean, Departamentuaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:
“Nafarroako Arartekoak idazki bat igorri du 2010eko maiatzaren 12an, Erriberriko Príncipe de Viana haur-eskola publikoan jantzi batean izandako kalteengatiko ondare-erantzukizuna ez onartzeagatik [?] andreak 10/352/0 espediente zenbakiarekin aurkeztutako idazkiaren ondorioz. Horri dagokionez, ondokoa adierazi behar dizut:
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 40/2010 Foru Aginduan berariaz jasota ageri dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 81. artikuluan aurreikusten den ondare-erantzukizuneko erreklamazioaren eskabidea ez onartzeko arrazoiak. Honekin batera foru aginduaren kopia doa.
[?] andreak 40/2010 Foru Aginduan xedatutakoaren aurkako aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu du 2010eko apirilaren 28an. Errekurtsoa ebazteke dago, aztertzeko fasean.
Interesdunak adierazten du ez dagoela ados aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioa ez onartzearekin; haren iritziz, izan ere, Administrazioak eskabidea izapidetu behar zukeen, “frogaldia luzatuta eta gertakariak izan diren eskola publikoarekin harremanetan jarrita”.
Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 81. artikuluan xedatutakoa darabil erreklamazioa ez onartzeko; izan ere, artikulu horrek xedatzen duenez, organo eskudunak prozeduraren hasiera ez onartzeko deklarazioa eginen du eta interesdunari jakinaraziko dio, ebazpen arrazoitu baten bidez, “Erreklamazioa argi eta garbi eduki edo funtsik gabekoa denean, ezer eskatzeko oinarrizko baldintzak betetzen ez dituelako eta, ondorioz, organo eskudunak ez badu beharrezkotzat hartzen erreklamazioaren edukiaren inguruan erabaki bat ematea”.
Hortaz, argitu behar dena da ea erreklamazioa argi eta garbi eduki edo funtsik gabekoa den ala, aldiz, erreklamazioaren edukiari buruzko erabaki bat ematea justifikatuta zegoen.
Konstituzioko 106.2 artikuluak ezartzen du partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izanen dutela kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero.
Konstituzioaren agindu hori Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluan eta hurrengoetan garatuta dago. Izan ere, artikulu horiek Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunari buruzkoak dira.
Doktrina zientifikoarekin eta behin eta berriz eman den jurisprudentziarekin bat (Auzitegi Gorenaren 1999ko urtarrilaren 28ko eta 1999ko urriaren 25eko epaiak eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2000ko uztailaren 26ko epaia), ondoko baldintzak bete behar dira Administrazioaren ondare-erantzukizunarengatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izateko:
Ondare-lesioa kaltearen edo galeraren baliokidea izatea, lortu gabeko irabaziaren nahiz sortutako kaltearen modalitate bikoitzean. Kaltea egiazkoa eta eraginkorra izan behar da, sekula ez potentziala edo etorkizunekoa, diru aldetik zenbakarria izan behar du eta pertsona edo pertsona talde bati mugatua.
Lesioa kalte antijuridiko gisa definitzen da; alegia, pairatzen duenak ez du hura jasateko betebehar juridikorik.
Lesioa Administrazioari egoztea, zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondorioz.
Ezinbestekorik ez gertatzea.
Ondare-erantzukizun hori erantzukizun objektiboa da, eta berdin dio administrazioaren jarduna normala ala anormala izan den; izan ere, erantzukizuna deklaratzeko aski da kaltea –eraginkorra, diru aldetik zenbakarria eta pertsona bati mugatua– administrazioaren jardunaren ondorio zuzena izatea.
Interesdunak kexa-idazkiarekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasota ageri da haur hezkuntzako irakasle laguntzaileak sinatutako idazki bat, zeinetan honela kontatzen baitira gertakariak: “eskolan ginen une batean, haurra aulkitik altxatu zen, eta eskuetan zituen guraizeekin nahita moztu zuen jaka. Haurrak guraizeak zeuzkan, egiten ari ginen jarduera egiteko guraizeak behar zituelako. Haurrak gertatutakoa aitortu zuen, eta egindakoa azaldu zidan. Irakaslea bere jaka hartzera joan zenean ohartu ginen gertatutakoaz”. Dokumentazioan orobat ageri da jasota zenbait jantziren faktura bat, horien artean 135 euroko jaka batena.
Hortik ondorioztatzen da egon badagoela kalte bat, diruz zenbakarria eta pertsona bati mugatua. Argitzeke dago kaltea hezkuntza-zerbitzuei egozten ahal zaien. Hezkuntza Departamentuak ezetz dio.
Kontuan hartu beharra dago urtarrilaren 7ko 1/1991 Legearen bidez aldatutako Kode Zibileko 1903. artikuluak ezartzen duenez, pertsona edo erakundeak goi mailakoaz besteko irakaskuntza-zentroen titularrak badira, erantzukizuna dutela, euren ikasle adingabeek eragiten dituzten kalte-galeren gain, horiek gertatu badira ikasleok zentroko irakasleen kontrol edo zaintzapean dauden bitartean, eta eskolako nahiz eskolatik kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien ondorioz.
Ildo beretik, Estatu Kontseiluaren irizpen ugaritan eman dira irakasleek aurkeztutako ondare-erreklamazioak onartzeko erabaki proposamenak, haien objektu pertsonalak ikastetxe bereko ikasleek kaltetu dituztenean (horren adibide ona da, esaterako, maiatzaren 12ko 529/1998 irizpena). Kasu horietan guztietan, Estatu Kontseiluak adierazi du Hezkuntza-administrazioak bere gain hartu behar dituela bere titulartasuneko ikastetxeetan gertatutako ekintzen ondorioz hirugarrenei eragindako kalteak.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea interesdunak aurkeztutako erreklamazio-eskabidea izapide dezan, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 82. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat, eta erreklamazioaren edukiari buruzko erabaki arrazoitua eman dezan.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia