Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Falta de plaza residencial para persona dependiente por razón de enfermedad mental
Exp: 10/301/B
Nº: 102
Gizarte Ongizatea
2010eko apirilaren 7an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, bere alabari egoitza-tokirik ez emateagatik.
Kexaren egileak dioenez, bere alaba [?] andreak autismoa du, eta 2. mailako mendekotasun larria du aitortua, 2008ko irailaren 30etik aurrerako ondorioekin. Aitorpen horrek berekin dakarrenez egoitza-toki bat izateko eskubidea, kexaren egileak eta haren emazteak, alabari etxean ezin diotenez behar bezalako laguntza eman, zentro batean sartzeko eskaria egin zioten Nafarroako Mendekotasun Agentziari.
Halere, kexan adierazten dutenaren arabera, adierazi zieten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez duela batere toki hutsik haren alabaren sarrera baimendu ahal izateko.
Egoera hori ikusita, Nafarroan tokirik ez dagoenez gero, interesdunek, San Adriánen bizi baitira, Logroñon egoitza-toki bat lortzeko aukerari buruzko informazioa eskatu zuten (diotenez, Logroñon badago autistentzako egoitza bat, Errioxako Gobernuarekin itundua, eta han badira toki hutsak). Bertan sartzeko baldintza da lehendik erkidego horretan bizitzea; hori dela eta, Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari esku hartzeko eskatu zioten, haien alaba zentro horretan sartu ahal izateko lankidetza moduren bat bila zezan.
Denbora joan denbora etorri, Nafarroako Mendekotasun Agentziako arduradunekin aldiro harremanetan jarri arren, kexa aurkeztu den egunean konpondu gabe dago arazoa, eta, hortaz, alaba egoitza batean sartzeko toki egoki bat izan gabe jarraitzen dute.
2009ko maiatzaren 20an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa ageri da jasota:
“Mendekotasuna duen bere alaba [?] andreari egoitza-toki publiko bat ez emateagatik [?] jaunak erakunde horretan jarritako kexari erantzunez (10/201/B espedientea), ondokoa adierazi behar dizut:
Espedientea Nafarroako Mendekotasun Agentziari igorrita –hura da, kasuko arloa ikusita, erakunde eskuduna–, honako hau adierazi digute:
Zure idazkian esaten den bezala, kexa aurkeztu duen pertsonak egoitza-toki batean sartzeko eskaria egin zuen. Halere, gisa horretako toki hutsik ez zegoenez gero, Nafarroako Mendekotasun Agentziak hasiera-hasieratik eskaini zion eguneko egonaldia egiteko aukera Lizarrako [?] zentroan, garraio egokitu eta lagundua barne, harik eta egoitza-toki bat egon arte, baina uko egin zion eskaintza horri.
Hautabidez, zerbitzuari lotutako diru-prestazio bat jasotzeko aukera eskaini zitzaion, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa arautzen duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedatuari jarraikiz. Interesdunaren familiak aintzat hartu zuen aukera hori, eta Logroñoko [?] zentroan sartzeko proposamena egin zuen, zentro hori autismoa duten pertsonak artatzen espezializatuta dagoelako eta bere bizilekutik nahiko gertu dagoelako, San Adrianen bizi baita.
Logroñoko [?] zentroari txostena eskatu eta gero –Carmenek bertan ikasi zuen, eta, horrenbestez, zentroak bazuen haren premien berri–, Nafarroako Mendekotasun Agentziak balioetsi zuen proposamen hori zela interesdunarentzako egokiena.
Halere, [?] zentroak Errioxako Erkidegoko Administrazioarekin dituenez itunduta bere toki guztiak, ez dute sarrera pribaturik onartzen, eta eragozpen horrek, hasiera batean, ezinezkoa egiten zuen lehen aipatutako diru-prestazioa baliatzea.
Nafarroako Mendekotasun Agentzia, dena den, [?] zentroa kudeatzen duen [?]-rekin harremanetan jarri zen, akordio batera iristeko asmoz, guztiz prest geundelako tokia ordaintzeko; Errioxako Erkidegoko Administrazioari ere proposatu genion aukera hori, haren ardura delako zentro horretan zer pertsona sartzen diren zehaztea.
Bi administrazioetako departamentu eskudunen arteko hitzarmen indardunek ez dutenez aukera hori aintzat hartzen, Nafarroako Mendekotasun Agentzia harremanetan jarri zen Errioxako Erkidegoko Administrazioko teknikariekin, denon artean egoera horri konponbide bat emate aldera.
Elkarrizketa haietatik atera zen ondorioa izan zen, ordea, ezinezkoa zela Nafarroan bizi den pertsona bat zentro horretan sartzea, nahiz eta zentroan sei toki huts egon eta nahiz eta gure erkidegoak bere gain hartu zerbitzu horri lotutako diru-prestazio bat ordaintzeko konpromisoa eta, areago, nahiz eta interesduna zentro horretan sartzeko baldintza izan Errioxako bizilagunen aldetik eskaririk ez egotea.
Ezezko hori gorabehera, bi administrazioetako teknikariek harremanetan jarraitu dute kasu hori dela eta; halatan, iragan apirilaren 9an telefono bidez izandako elkarrizketan atera genuen ondorioa izan zen familiari gomendatu behar geniola Carmen Errioxan erroldatzeko, horrek ahalbidetuko zuelako berehala sartu ahal izatea zentro horretan.
Egun horretan bertan proposatu genion aukera hori familiari, ados egonez gero izapide hori bete zezan. Apirilaren 15ean fax bidez jaso zen Carmen eta bere ama Aldeanueva del Ebron (Errioxa) erroldatu izanaren agiria. Hilaren 20an espediente osoa igorri genion Errioxako Gobernuko Mendekotasun Laguntzaren eta Gizarte Prestazioen Zuzendaritza Nagusiko Mendekotasuna duten Pertsonen Zerbitzuari, eta organo hori arduratu da harrezkero haren espedienteaz.
Azkenik adierazi beharra dago ezen, kontuan hartuta haren mendekotasun egoera, eta alde batera utzita arestian aipatutako gorabehera guztiak, [?] andreak diru-prestazio bat jaso duela, familian zainketak jasotzeko, 2008ko urriaren 1eik aitzina (2010ean, 390 euro hilean)”.
Adierazi den legez, kexa-egilearen alabak 2. mailako mendekotasun larria du aitortua; hartara, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa arautzen duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan xedatuari jarraikiz, egoitzako laguntza zerbitzua jasotzeko eskubidea du.
Prestazio hori, zorroarekin bat etorriz, “ziurtatuta” dagoenez gero, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean xedatuaren arabera, herritarren eskubide subjektibo gisa exijitzen ahal da, eta baliabide eza edo aurrekontuan dirurik ez egotea ez da eragozpen juridikoki onargarria, hain zuzen ere horretan datzalako prestazio bermatuen birtualtasuna.
Aztertutako kasu zehatz honetan, nahiz eta Nafarroako Mendekotasun Agentzia konponbide zuzen bat lortzen saiatu, argi dago [?] andrearen eskubide subjektiboa ez dela legegileak bilatzen zuen moduan bete. Behar zuen laguntza emateko toki hutsik eta egokirik ez baldin badago, toki gehiago jarri beharko lirateke, zeren, bestela, eskubidearen bermea ezerezean gelditzen baita.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legeko 4.1 artikuluak xedatzen duenez, Europar Batasuneko kide diren estatuetako nazionalitatea izan eta Nafarroako edozein udaletan erroldaturik dauden guztiak eta Nafarroan erroldaturik dauden atzerritarrak izanen dira foru lege honetan ezarritako gizarte zerbitzuen sistemaz baliatzeko eskubidearen titularrak.
Baldin eta interesdunak, Nafarroan bizi den aldetik, aipatu foru legeak taxutzen duen gizarte zerbitzuen sistema baliatzeko eskubidea badu, eta baldin eta sistemak egoitzako laguntzaren prestazioa ziurtatzen badio, argi dago prestazio hori eman beharko litzaiokeela, erroldan inolako aldaketarik egin behar izan gabe horretarako. Halatan, jasotako txostenaren edukia ikusita atera behar den ondorioa da interesduna Errioxan erroldatzeak berak frogatzen duela Nafarroan ez dela behar bezala ase haren eskubidea.
Hortaz, interesdunak, azkenean, egoitza-toki bat lortu ahal izan duen arren Errioxako Autonomia Erkidegoan, erakunde honek ezinbestean jo behar du arrazoizkotzat kexa, eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatu behar dio bere mendekotasunerako egoitza-toki egoki bat eman diezaion interesdunari, halako moduan non, hala nahi baldin badu, Foru Komunitatean jaso ahalko baitu zerbitzua.
Horregatik guztiagatik, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan xedatuarekin bat,
Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea bere mendekotasunerako egoitza-toki egoki bat eman diezaion interesdunari.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia