Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 10eko 101/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 10

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Inadmsión de recurso de alzada frente a expediente sancionador en materia de tráfico, por falta de acreditación de la representación

Exp: 10/355/I

: 101

Zirkulazioa

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 5ean, [?] jaunak eta [?] andreak sinaturiko idazki bat sartu zen erakunde honetan, zeinaren bidez, kexa bat aurkeztu zuten Tuterako Udalaren eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurka.

    Nafarroako Administrazio Auzitegiaren apirilaren 26ko 3181. ebazpenaren bidez agindu zen artxiba zitezen Tuterako Udalak trafiko arloko zehapen baten karietara eman zuen premiamendu-probidentzia baten aurka [?] jaunak jarritako gora jotzeko errekurtso baten gaineko jarduketak. Ebazpena apirilaren 26an jakinarazi zitzaien interesdunei, eta horren ondorioz aurkeztu zuten kexa.

    Interesdunek bere desadostasuna adierazi zuten, bai Tuterako Udalaren jokabidea dela-eta (zehapen espedientea eta ondoko diru-bilketako jarduketa) bai Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erabakia dela-eta.

    Azken erabaki horri dagokionez, kexan adierazten da 2006ko apirilaren 11ko eta uztailaren 17ko probidentzietan aipatzen diren ez-egiteak zuzentzeko epea agortu izana duela oinarri ebazpenak. Probidentzia horietan, [?] jaunari eskatzen zitzaion –berak sinatu zuen errekurtsoa– froga zezan berak ordezkatzen zuela [?] andrea –bere emaztea eta errekurritutako probidentziaren jasotzailea–, bai hori frogatzeko dokumentazioa igorrita bai aipatu andrea Auzitegira joanda, ordezkaritza apud acta emateko.

    Horri dagokionez, kexan adierazten da ezen, 2006ko apirilaren 24an, lehen errekerimendu horri erantzute aldera, idazki bat aurkeztu zela Nafarroako Administrazio Auzitegian, zeinaren bidez [?] andreak ordezkaritza hori eman baitzuen (2006/158745 agiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Tuterako Eskualdeko Bulegoko Erregistroan aurkeztua). Orobat adierazten da ez zitzaiela sekula ere jakinarazi Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenean aipatzen den 2006ko uztailaren 17ko probidentzia, zeinaren bidez eman baitzitzaien ez-egitea zuzentzeko azken epea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txostena egiteko eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
  3. 2010eko maiatzaren 17an jaso zen aipatu departamentuak igorritako txosten hori, Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakariak sinatua. Bertan, honakoa ageri da jasota:

    “2006ko martxoaren 20an, [?] jaunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi honetan, trafiko-isun baten zenbatekoa betearazpen-bidetik kobratze aldera Tuterako Udalak emandako premiamendu-probidentzia baten aurka. Errekurtsoarekin batera, probidentziaren kopia ere aurkeztu zuen. Aipatu errekurtsoari 06-1599 zenbakia eman zitzaion erregistroan.

    Errekurtsoa aztertzean ikusi genuenez, [?] jaunak aurkeztu zuen gora jotzeko errekurtsoa, eta aurkaratutako premiamendu-probidentzia, berriz, [?] andrearen aurkakoa zen; 2006ko apirilaren 11ko probidentziaren bitartez egoera hori jarri zen agerian, eta [?] jaunari hamar egun balioduneko epea eman zitzaion, “Auzitegi honetan froga dezan bere buruari esleitzen dion ordezkaritza, [?] andrea Auzitegi honetako idazkaritzan bertaratuta, [?] jaunaren aldeko ordezkaritza “apud acta” emate aldera”. Orobat ohartarazi zitzaion ezen, frogatu ezean, jarduketak artxibatuko zirela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea hein batean garatzen duen Erregelamenduko 11. eta 12.1 artikuluetan –maiatzaren 24ko 173/1999 Foru Dekretuaren bidez emandako idazketaren arabera– xedatuarekin bat.

    Probidentzia horri erantzunez –probidentzia 2006ko apirilaren 21ean jakinarazi zen–, 2006ko apirilaren 24an idazki bat aurkeztu zuen [?] andreak; bertan, bere senarrari, [?] jaunari, eman zion ordezkaritza.

    Idazki hura ikusita, eta errekurtsogileari ohartarazitako ez-egitea konpontzen ez zuela iritzita, 2006ko uztailaren 17ko probidentziaren bidez akats horren berri eman zitzaion interesdunari, eta bost egun balioduneko beste epe bat eman zitzaion, “Auzitegi honetan behar bezala froga dezan bere buruari esleitzen dion ordezkaritza, bai emandako notario-ahalordea igorrita, bai [?] andrea Auzitegi honetako idazkaritzan bertaratuta, [?] jaunaren aldeko ordezkaritza “apud acta” emate aldera”. Berriz ere adierazi zitzaion jarduketak artxibatzeko agindua emanen zela baldin eta ez-egitea zuzentzen ez bazuen.

    2006ko uztailaren 17ko probidentzia hori jakinarazi zen, espedientean jasota ageri denez, 2006ko urriaren 11ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (10958. orrialdea) eta Tuterako Udaleko iragarki oholean 2006ko urriaren 4tik azaroaren 4ra ediktuak argitaratuta; izan ere, probidentzia etxean jakinarazteko alferreko bi saiakera egin ziren 2006ko uztailaren 20ko 12:00etan eta uztailaren 24ko 11:00etan, eta jakinarazpena iritsi izanaren oharra utzi zitzaion postontzian, baina ez zuten Posta Bulegotik jaso.

    Iragandako denbora gorabehera, errekurtsogileak ez zuen akatsa zuzendu, eta, horrenbestez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak jarduketak artxibatzeko agindua eman zuen apirilaren 26ko 3181/2010 Ebazpenaren bidez. Aipatu ebazpena 2010eko apirilaren 30ean jakinarazi zaio toki entitateari, eta 2010eko maiatzaren 3an, berriz, errekurtsogileari, ohartaraziz horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

    Azkenik, 2010eko maiatzaren 13an, Nafarroako Administrazio Auzitegian [?] andrearen idazki bat sartu zen. Bertan azaldutako arrazoiak direla-eta, ondokoa “ESKATZEN DU: Arren, arestian adierazitako guztia aintzat hartu eta egin bedi OFIZIOZKO BERRIKUSPENA, edo, subsidiarioki, BERRIKUSPEN-ERREKURTSO BEREZIA.”

AZTERKETA

  1. Kexa nola aurkeztu den ikusita, ezer baino lehen adierazi beharra dago erakunde honek ezin dituela ikuskatu kexa eragin zuten Tuterako Udalaren jarduketak (zehapen nahiz diru-bilketa arlokoak), 2004ko azaroaren eta 2006ko martxoaren artean gertatu zirelako.

    Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezartzen duenez, kexak urtebeteko epean aurkeztu beharko dira gehienez ere, interesdunek kexaren xede diren gertakarien beri izan dutenetik hasita zenbatuta.

    Horrenbestez, kexaren xede diren udal-jarduketa zehatzei dagokienez, epe hori luzaz iragan denez gero, erakunde honek ezin du horri buruz deus ere esan, baina hori ez da eragozpen kexaren egileek, egoki iritziz gero, bidezkoen jotzen duten ekintza abiaraz dezaten gertakariak ikuskatze aldera, baldin eta uste badute zuzenbidean erabat deusezak direla edo zuzentzeko moduko akats materialak dituztela.

  2. Aitzitik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak kasu horretan izan duen jokabidea aztertu beharra dago, kexaren xede den ebazpena 2010eko apirilaren 26koa delako, eta kexa hura jakinarazi ondotik aurkeztu zelako. Ebazpen hartan –Tuterako Udalaren premiamendu-probidentzia baten aurka [?] jaunak 2006ko martxoaren 20an aurkeztutako idazki baten ondorioz abiarazitako prozedurari buruzkoa da premiamendua–, jarduketak artxibatzeko agindua eman zen, ez zirelako behar bezala bete akatsak zuzentze aldera Auzitegiak bere garaian egindako errekerimenduak, Rodrigo jaunak [?] andrea ordezkatzeko ahalmena zuela frogatu beharrari buruzkoak.

    Errekurtsoa aurkeztu zenetik hura ebatzi arte iragandako denbora ikusita (lau urtetik gora), eta kontuan hartuta erakunde honen eginkizunen artean dagoela herritarrek Administrazioari zuzendutako eskaerak eta errekurtsoak behar den denboran eta moduan berariaz ebatz ditzan zaintzea, erakunde honek legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio Nafarroako Administrazio Auzitegiari, agerikoa delako, kasu jakin honetan, prozedura arrazoizkoa dena baino gehiago luzatu dela, areago ikusita azken erabakia izan dela errekurtsoa ez onartzea, auziaren muinari buruz ezer adierazi gabe.

    Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 338. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak sei hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta kasu honetan luzaz gainditu da epe hori. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluak, berriz, aitortzen du herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea dutela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa osatzen duten organoek arrazoizko epe batean artatu behar dituztela herritarren aferak.

    Hortaz, erakunde honen ustez, ikusita prozedura hori zenbat luzatu den, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du behar bezala ziurtatu legediak herritarrei aitortzen dien eskubidea, administrazio egokia izatekoa, eta hori dela-eta bidezkoa da auzitegi horri gogoraraztea legez behartuta dagoela errekurtsoak sei hilabeteko epean ebaztera gehienez ere, hau da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako epean.

  3. Adierazi bezala, kexaren xede den Nafarroako Administrazio Auzitegiaren egintzak ez zuen [?] jaunak aurkeztutako errekurtsoa onartu (jarduketak artxibatzeko agindua eman zuen); izan ere, aurkaratutako premiamendu-probidentziaren hartzailea [?] andrea zen, eta [?] jaunak ez zuen frogatu hura ordezkatzeko ahalmena zuela.

    Auziak badu zerikusirik administrazioaren ordenamendu juridikoak interesdunei ordezkari baten bitartez jardute aldera ematen dien ahalmenarekin eta ordezkaritza hori, zenbait jarduketetarako, frogatu beharrarekin, besteak beste errekurtsoak jartzeko. Auzi hori aipatzen dute administrazio prozedura erkideari buruzko araudi orokorrak (Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 32. artikulua) eta, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoei zehazki dagokienez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea hein batean garatzen duen Erregelamenduak.

    Aipatu erregelamenduak –Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeak xedatzen duen gauza bera xedatzen du– 6. artikuluan xedatzen du jarduteko gaitasuna duten interesdunek ordezkari baten bidez jardun ahalko dutela eta “zuzenbidearen arabera balioduna den edozein baliabide fidagarri erabiliz edo interesduna bera bertaratuta egindako deklarazioaren bidez frogatu ahalko dela ordezkaritza”.
    Kasu honetan, errekurtsoa aurkeztuta, akatsa zuzentzeko errekerimendua egin zen probidentzia bidez; probidentzian, akatsaz ohartarazteaz gain, adierazten zen izapide hori ordezkaritza frogatzeko dokumentazioa igorrita egin zitekeela, eta baita interesduna Auzitegiko Idazkaritzan bertaratuta ere, ordezkaritza apud acta emate aldera. Errekerimendua jasota, interesdunak agiri bat aurkeztu zuen; hartan, haren datu pertsonalak eman ondotik, errekurtsoa sinatzen zuenarekin ezkonduta zegoela adierazi zuen, eta bien nortasun agirien eta Familia Liburuaren kopiak aurkeztu zituen, eta aipatu errekurtsoan bere ordezkaritza eman zion.

    Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ustez, agiri hark ez zuen akatsa zuzentzen, eta beste errekerimendu bat egin zion, zeinaren bidez premiatu baitzuen notario-ahalordea aurkeztera edo interesduna Auzitegian aurkeztera. Errekerimendua modu ofizialean eman zen argitara, zuzenean jakinarazteko saiakerak huts egin ondoren.

  4. Espedientetik ondoriozta daitekeenez, eta bigarren errekerimenduaren edukia ikusita (notario-ahalordea aipatzen da bertan), Auzitegiaren ustez, ordezkaritza ematen duen agiri pribatu bat aurkeztea ez da nahiko ordezkaritza frogatutzat emateko.

    Egia da Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Administrazio Auzitegian gora jotzeko errekurtsoak arautzen dituen erregelamenduak esaten dutela, ordezkaritza frogatzeaz ari direlarik, “fidagarria” izan behar duela, eta hortik heldu da agiri pribatu baten bidezko ahalordeek, Kode Zibilaren arabera aldeen artean eragingarriak izan arren, eraginik ez izatea hirugarrenen aurrean (kasu honetan, Administrazioaren aurrean).

    Erakunde honek hori horrela dela aitortzen du, baina orobat uste du ezen, administrazio prozedurak oinarri duen antiformalismoaren edo pro actione printzipioari jarraikiz, eta kontuan hartuta Nafarroako Administrazio Auzitegiak izapidetutako prozeduretan ez dela beharrezkoa abokatu batek edo prokuradore batek esku hartzea, arreta berezia jarri beharko litzatekeela oztopo formalak direla-eta onartzen ez diren errekurtsoak ahalik eta gutxien izan daitezen.

    Ideia nagusi honekin bat, ematen du komenigarria dela herritarrari zehaztea, egiten diren errekerimendu guztietan, zer agiri jotzen den baliozkotzat ordezkaritza frogatzeko, ez baita harritzekoa interesdunek pentsatzea, egin zen lehen errekerimendua ikusita, akatsa konpon zitekeela, beste agiri serioagorik aurkeztu behar izan gabe, aurkeztu zuten agiriaren gisako bat aurkeztuta. Jokabide hori hobeki ezkonduko litzateke pro actione printzipioarekin, eta hobeki erantzunen lioke azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.g) artikuluan xedatuari, zeinak ezartzen baitu herritarrek argibideak eta aholkuak lor ditzaketela, hain zuzen ere, indarrean dauden xedapenen arabera, proiektuak, jarduna edo eskabideak egiterakoan zein baldintza juridiko eta tekniko bete behar dituzten jakiteko.

Horregatik guztiagatik, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan xedatuarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Administrazio Auzitegiari gogoraraztea legez behartuta dagoela Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako epean ebaztera gora jotzeko errekurtsoak.

  2. Nafarroako Administrazio Auzitegiari iradokitzea, gora jotzeko errekurtsoak jartzeko ordezkaritzarako kreditazio-eza konpontze aldera herritarrei igortzen dizkien errekerimendu guztietan, zehatz dezan zein diren haren ustez “zuzenbidearen arabera balioduna den edozein baliabide fidagarri”, eta, kasua bada, herritarrei informazioa eta orientazioa eman diezaien gora jotzeko errekurtsoa paratzeko duten eskubidea baliatu ahal izateko eskakizun juridiko egoki edo nahikoei buruz.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Administrazio Auzitegiari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. Ebazpen hau kexa-egileei eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraztea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea


Partekatu edukia