Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 30eko 20/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 30

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Queja por la comunicación de inicio de una actuación inspectora en relación con el ICIO respecto de seis viviendas unifamiliares y garajes

Exp: 08/534/U

: 20

Hirigintza eta Etxebizitza

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 3an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat egiten zuen [?] herrian egindako familia bakarreko sei etxebizitzen eta haien garajeen eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga dela-eta ikuskapen bat eginen zaiela jakinaraztegatik. Jakinarazpen horretan eraikuntza-lan horiei buruzko dokumentu batzuk exijitzen zaizkio.

Azaltzen zuen 2004an [?] herrian etxebizitzen promozio bat entregatu zuela, lehen okupaziorako behar den lizentzia lortu ondoren eta udalak berak emititzen duen tasen autolikidazioa ordaindu ondoren. Hala eta guztiz ere, orain ondoko dokumentazioa berriz aurkezteko eskatzen zaio: a) Udalari jada entregaturiko dokumentu batzuk (obra amaierako ziurtagiria; amaiera-ziurtagiria (diru zenbatekoa); hamar urteko asegurua eta obra berriaren eskritura eta jabetza horizontalaren banaketa); b) kontabilitateari buruzko dokumentazioa eta datu ekonomikoak: obra hasi zenetik obra amaitu zen urtera arteko ekitaldietako –biak barne– kontabilitateari buruzko liburu ofizialak; obrako ekitaldietako eta obra bukatu zen urteko Liburu Nagusiaren 602. kontutik 607. kontura bitarteko fotokopiak, biak barne; obra ekitaldietako eta obra bukatu zen urteko erregulazio- eta itxiera-idazpenak; c) obra-kontratua, kontratistak izenpetua, eta behin betiko obra-harreraren akta.

Kexa-egileak uste du Administrazioak ezin diola administratuari eskatu jada bere eskuetan den dokumentazioa, eta halakoak dira a) atalean azaldutako dokumentuak. +Bestetik, haren ustez, ez da ulertzekoa udal batek bereizkuntzarik gabeko sarbidea izatea enpresa pribatu baten dokumentazio ekonomikora, zeinak, gainera beste enpresa edo partikular batzuen informazio ekonomikoa baitu. Izan ere, horiek datu pertsonalen babesari buruzko legeetan babestutako datuak dira. Zalantzan jartzen du, halaber, diru-bilketaren xede hutsarekin, jada itxita dauden hirigintza-lizentzien espedienteak berrikusteko aukera. Amaitzeko, salatzen du ikuskapen- eta kontrol-lanak udalak kontrataturiko enpresa pribatu batek egiten dituela.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, 2008ko azaroaren 6an Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiei buruz informazioa eman zezan. Eskatutako informazioa emandako epean jaso ez genuenez, 2009ko urtarrilaren 12an beste idazki bat igorri genion udalari, eta hartan hamar egun balioduneko azken epe bat eman genion eskatutako txostena bidaltzeko.

3. Azkenik, 2009ko urtarrilaren 27an, Iruñeko Udalaren txostena sartu zen erakunde honetan. Hartan, luze eta zabal azaltzen dira Toki Ogasunak bere jarduera justifikatzeko izan zituen arrazoiak. Arrazoi horien berri azterketan zehar emanen dugu, bidezkoa denean.

AZTERKETA

1.. Kexa-egilearen ustez Administrazioak ezin du eskatu jada badaukan dokumentazioa, alegia, obra amaierako ziurtagiria, amaiera-ziurtagiria (diru zenbatekoa), hamar urteko asegurua eta obra berriaren eskritura eta jabetza horizontalaren banaketa, lehendik ere eskuratu zitzaizkiolako.

Udalak, bere txostenean aitortzen du eskatutako dokumentazioaren zati bat bere garaian eskuratu zitzaiola (LIO 2002/1714 espedientea, lizitazio-aurrekontu orokorraren laburpena, eta exekuzio materialaren aurrekontua; LIA 2005/726 espedientea, obra zuzendaritzaren amaiera-ziurtagiria). Horrenbestez, dokumentazio hori jada bazeukan. Ez da berdin gertatzen eskatutako gainerako dokumentazioarekin, zeina ez baitago lehendik azaldutako espedienteetan.

Akatsa onartu ondoren, Iruñeko Udalak jakinarazi digu ikuskapen-jarduera horien hasierako komunikazio-idazkiaren ereduan hemendik aurrera zehaztuko duela ez dela beharrezkoa jada udalaren eskuetan dagoen dokumentazioa aurkeztea.

Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35 f) artikuluan ezarrita dago herritarrek esku hartzen duen administrazioak jadanik dituen agiriak ez aurkezteko eskubidea dutela. Horrenbestez, ahalmena ematen dio herritarrari jadanik administrazioak dituen dokumentuak aurkezteari uko egiteko, eta administrazioari haiek eskatzeko debeku korrelatiboa ezartzen dio.

Erakunde honen irizpidea da lege-agindu hori zuzen aplikatzeak exijitzen duela organo administratibo jarduleak, herritarrari dokumentuen zerrenda jakin bat eskatu aurretik, ikertu beharra duela dokumentu horietako batzuk jada administrazioaren eskuetan badauden, haiek aurkeztu beharreko dokumentuen zerrendan ez sartzeko. Udalak proposaturiko konponbidea ez da guztiz egokia, zeren eta hartzaileari –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan– zama bat ezartzen baitio, alegia, erabakitzea eskatutako dokumentuetatik zein dauden jadanik administrazioaren eskuetan. Gainera, esan beharrekoa da hartzaileak ez duela beti zertan hori jakin (enpresetan langileak aldatu direlako eta abar). Administrazioak jadanik dituen dokumentuak zein diren aztertzea eta determinatzea beti administrazioak berak –eta ez administratuak– egin beharreko zerbait izan beharko litzateke.

2. Bigarrenik, kexa-egilearen ustez udalak ezin duela izan bereizkuntzarik gabeko sarbidea ordezkatzen duen merkataritza-enpresaren dokumentazio ekonomikora, zeinak, gainera beste enpresa edo partikular batzuen informazio ekonomikoa baitu. Izan ere, horiek datuen babesari buruzko legeetan babestutako datuak dira.

Kontabilitate-dokumentaziorako bereizkuntzarik gabeko sarbidea dela-eta egiten den egozpenari dagokionez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 132. artikulura eta Tributu Ikuskaritzaren Erregelamenduko 37. artikulura jo beharra dago.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 132. artikuluak, “Dokumentazioa aztertzea” izenburua duenak, honakoa ezartzen du:

“Tributudunaren liburuak eta dokumentazioa, zergagaiarekin zerikusia duten programa informatikoak eta euskarri magnetikoko artxiboak barne, Tributu ikuskatzaileek aztertuko dituzte, hura edo hark izendatzen duen pertsona bertan dela.

Dena den, interesatuak edo haren ordezkariak adostasuna agertu ondoren, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko bulegoetan aztertzen ahalko dira. Kasu guztietan Tributu ikuskatzaileek aipatutako liburu eta agirien kopiak beren bulegoetan aztertzen ahalko dituzte.”

Eta Nafarroako Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduko 37. artikuluak, berriz, ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaz onetsitakoak, honakoa ezartzen du:

1. Egiaztapen nahiz ikerketa jarduketetan, tributupekoek tributu ikuskapenaren esku jarri beharko dituzte (Merkataritza Kodearen 45. artikuluan agindutakoaren arabera) liburuak, fakturak, gutunak, agiriak eta gainerako ziurtagiri guztiak, enpresa nahiz lanbide jarduerari buruzkoak, euskarri magnetikoan dauden programak eta artxiboak ere barne, enpresak datuak prozesatzeko ekipo elektrikoak erabiltzen dituenean. Era berean, tributu ikuskapenari, beharrezko agiri edo aurrekari guztiak aurkeztu beharko dizkiote, adierazpenetan jasotako egitateak eta gertaerak frogatzeko eta euren zerga egoeraren egiaztapena errazteko.

2. Jarduketa horiek garatzeko, tributu ikuskapenak komenigarritzat jotzen dituen baliabide guztiak erabili ahal izango ditu, besteak beste honako hauek:

a) Interesatuak edozein zergari buruz egindako aitorpenak.

b) Subjektu pasiboaren edo tributupekoaren kontabilitatea; horren barruan, kontabilitateko erregistro eta euskarri guztiak sartuko dira, baita egindako oharren nahiz ohar horien aurretiazko edo gehigarrizko orrien ziurtagiriak ere, eta zergen arloan garrantzitsuak diren kontratuak eta agiriak ere bai. Kontabilitateko egoerekin batera, beharrezko banakatzeak eta iruzkinak egin beharko dira, finantzako informazioa behar bezala ulertu ahal izateko.

c) Beste pertsona edo erakunde batzuetatik zuzen nahiz zeharka lorturiko datuak edo aurrekariak, horiek subjektu pasiboarengan eragina dutenean.

d) Lankidetza betebeharraren eta salaketa eskubidearen ondorioz lorturiko datuak edo txostenak.

e) Administrazioko beste organo edo erakunde batzuetatik lorturiko informazioa.

f) Legez lor daitezkeen datu, txosten eta aurrekari guztiak.

3. Tributu Ikuskapenak artikulu honetan aipaturiko agiriak eta gainerako elementu guztiak aztertu ahal izango ditu; behar izanez gero, horiek pantailan ikustea edo euskarri informatikoetan artxibaturiko zerrendak inprimatzea eskatu ahal izango du. Halaber, eragileen bitartez, kontabilitateko oharrak beharrezkotzat jotzen diren gainerako datu guztiak idatzi ahal izango ditu, eta horien kargurako kopiak lortu ahal izango ditu, baita euskarri magnetikoan ere, artikulu honetan aipaturiko datu edo agiri guztiei buruz.

Transkribatutako tributuen arloko arauen arabera, Iruñeko Udalak uste du guztiz justifikatuta dagoela kexa-egilea den enpresaren dokumentazio ekonomikorako sarbidea izatea, eta sarbide horretaz baliatu zen tributuen egiaztapena egiteko. Izan ere, transkribatutako arauak ikusita, erakunde hau ere uste berekoa da. Horri dagokionez, Auzitegi Konstituzionalaren apirilaren 26ko 1990/76 epaia gogoratu beharra dago. Hartan, izan ere, honakoa seinalatu zuen: “kontabilitateari buruzko dokumentuak zergadunaren egoera ekonomiko eta finantzarioa egiaztatzeko elementuak dira; eta egoera hori agertzera eman beharra dago tributu-betebeharraren balizko betetzea eta haren ikuskapena gauzatu ahal izateko.”

Hala eta guztiz ere, interesdunak balizko esku-sartzea oinarritzeko, ez du tributu-legedia aipatzen, baizik eta enpresari buruzko eta beste enpresa eta partikular batzuei buruzko informazio ekonomikoa, zeina datuen babesari buruzko legeetan babestuta baitago.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, 3.a) artikuluan honela definitzen ditu datu pertsonalak: “identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoei buruzko informazio oro.” Bestalde, legea garatzen duen erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak, 5.1.f) artikuluan, honela definitzen ditu datu pertsonalak: “identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoei buruzko informazio oro, numerikoa, alfabetikoa, grafikoa, argazki bidezkoa, entzutezkoa edo beste edozein motatakoa”.

Arau horiei jarraituz, Datuak Babesteko Lege Organikoak eta hura garatzeko erregelamenduak babesten dituztenak datu pertsonalak dira, pertsona fisikoei –eta ez juridikoei– buruzkoak. Horrenbestez, ez da haren babes-esparruan sartzen pertsona juridikoen (merkataritza enpresak eta abar) datu ekonomikoak babestea. Datuak babesteari buruzko arauen aplikazioaren esparru subjektiboaren oinarria da datu pertsonalen babesa pertsonen eta familien intimitateari dagokiola, eta, horrenbestez, ezin da enpresetara edo haien jarduera ekonomikora aldatu, zeren eta haiek ez baitute intimitaterako aipatu eskubidea. Are gehiago, Espainiako Datuak Babesteko Agentziaren irizpidearen arabera profesionalak eta enpresaburu gisa jarduten duten pertsona fisikoak Datuak Babesteko Lege Organikoaren aplikazio esparrutik kanpo daude, eta Datuak Babesteko Lege Organikoaren babesean egon daitezke soilik bere esparru pribatuan dihardutenean.

Laburbilduz, transkribatutako legedia ikusita, bai tributu arlokoa bai datuen babesari buruzkoa, ezin dugu atzeman toki ogasunak gehiegikeriaz jokatu duenik eskatutako eta, kasua bada, aztertutako dokumentazio eta informazio ekonomikoa eskatzerakoan. Alde batetik, datu horiek ez daude Datuak Babesteko Lege Organikoan babesturik, eta bestetik tributu arloko legeek behar adinako gaikuntza ematen diete tributu-ikuskatzaileei haiek eskatzeko eta aztertzeko, betiere –argi dago– haien gainean isiltasuna gordez.

3. Jarraian, interesdunak zalantzan jartzen du diru-bilketaren xede hutsarekin, jada itxita dauden hirigintza-lizentzien espedienteak berrikusteko aukera.

Egozpen horri buruz, jada itxita zegoen lizentzia dela eta, udalak adierazi digu ez zela lizentziaren tasa ikuskatzen ari, baizik eta EIOZa. Eransten du zergaren behin betiko likidazioaren ondorioetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 171.2 artikuluari jarraituz, behar diren egiaztapenak egin ahalko direla soilik eraikuntza bukatu denean eta, horrenbestez, obra amaieratik ikuskapenaren edo egiaztapenaren hasierari buruzko komunikazioaren jakinarazpenera arte 4 urte baino gehiago iragan ezean, Administrazioak jarduera horiei ekiteko eskubidea duela.

Eta, horrenbestez, dauden datuek erakusten dute udalaren jarduera ez dela obren lizentzien arlokoa, baizik eta EIOZaren kudeaketaren arlokoa. Kudeaketa hori, nolanahi ere, aipatu foru legeko 171. artikuluan arautu zen. Horrenbestez, ezin da atzeman jarduera horretan inolako gehiegikeriarik egin denik.

4. Amaitzeko, interesdunak salatzen du ikuskapen- eta kontrol-lanak udalak kontrataturiko enpresa pribatu batek egitea.

Udalak horri buruz adierazi digu ez dela enpresa pribatu bat ikuskapen eta kontrol-lanak egiten ari dena; aitzitik, udal ikuskatzaileak (funtzionarioak) direla lan horretan ari direnak, eta udalak kontratatua duena bere jardueren arloan aholkua eta laguntza materiala emanen dion enpresa bat dela.

Jurisprudentziak guztiz onartu du subjektu pribatuek, laguntza teknikoko kontratuen bitartez, ikuskapen eginkizunak betetzea, baldin eta haietan aginteaz baliatu beharrik ez badago eta jarduera lagungarrietan aritzen badira (Gaztela-Mantxako Auzitegi Nagusiaren 2005eko azaroaren 23ko epaia). Ulertu behar da entitate pribatu laguntzaileen jarduera hori Administrazioren jarduera delegatua dela, eta jarduera materialera edo teknikora mugatzen dela; horrenbestez, ez du Administrazioa ordezten botere-egintzak eska ditzaketen eginkizunetan.

Ezin da atzeman, horrenbestez, irregulartasunik izan denik toki ogasunak egindako ikuskapen lanetan, jarduera materialetan edo egiaztapeneko jarduera teknikoetan enpresa pribatu baten laguntza izateagatik.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1.. Ulertzea kexa-egilea den entitateari jadanik udalaren eskuetan zeuden dokumentuak aurkezteko eskatzerakoan jadanik administrazioaren eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko eskubidea urratu dela, hain zuzen ere Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan aitortutakoa.

2. Kexa-egileak planteaturik gainerako gaiei dagokienez, jotzea ez dela antolamendu juridikoak babesturiko inongo eskubiderik urratu.

3. Iruñeko Udalari gogoraraztea administratuei legez aitorturiko eskubidea bete behar duela, hain zuzen ere Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan aitortutakoa. Horretarako, dokumentuak aurkezteko eskatu baino lehen, ikertu beharko du eta zehaztu beharko du Administrazioak zein dokumentu dauzkan, haiek aurkeztu beharreko dokumentuen zerrendan ez sartzeko.

4. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari egindako legezko betebeharren gogorarazpena onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

5. Iruñeko Udalari eta kexa-egileari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia