Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Queja por el no otorgamiento de la puntuación correspondiente a la antigüedad ininterrumpida en el empadronamiento
Exp: 08/650/U
Nº: 17
Hirigintza eta Etxebizitza
1. 2008ko abenduaren 24an [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, “erroldatzean etenik gabeko antzinatasunari” dagokion puntuazioa ez diotelako ematen.
Azaltzen du beldur dela egungo etxebizitza babestuko kanpainan, alokairuko etxebizitzen aurreko kanpainan gertatu zitzaion bezala, ez diotela erroldatzearen antzinatasunari buruzko puntuazioa emanen.
Adierazten du 2002an NUPek zuzendutako “Erasmus” programan sartu zela, eta Wageningengo (Holanda) Unibertsitatera joan zela. Bertan, 2004ra arte egon zen. Ikasturtea bukatuta (karrerako proiektua egin ondoren) Iruñeko bere ohiko helbidera itzuli zen.
Gehitzen du 2004ko hauteskunde orokorretan eta 2005eko otsaileko Europako Konstituzioari buruzko erreferendumean boto-eskubideaz baliatu ahal izateko, Espainiak Amsterdamen duen kontsulatuan erroldatu zela. Bi gertakari horiek iraganda eta berriz ere bere etxebizitzan bizitzen ari zela, 2005eko martxoaren 7an Iruñeko Udaleko udal erroldan eman zuen izena.
Zuzengabetzat jotzen du etenik gabeko antzinatasunaren baldintza ez baloratzea eta uste du horrek Konstituzioaren 42. artikulua urra dezakeela.
Azkenik eskatzen du erroldan etenik gabeko antzinatasuna eman dakion, hain zuzen ere 7 urtez gorakoa.
2. Abenduaren 30ean, erakunde honek Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
Departamentuak erantzuna emateko txostena urtarrilaren 16an sartu zen erakunde honetan, eta honakoa zioen hitzez hitz:
“8/2004 Foru Legeak onetsitako erreserbak eta baremoa aplikatzeak berarekin dakar eskatzaile batzuei lehentasuna ematea etxebizitza babestua esleitzeko orduan, inguruabar pertsonal batzuei erreparatuta. Deialdi publiko batean, non eskatzaile guztien arteko “norgehiagoka” prozedura erabiltzen baita, esleipen-hartzaile suertatzea ala ez suertatzea zenbait baldintzaren araberakoa izaten da: eskatzailea zein erreserbatan kokatuta dagoen, errentan zein tarte dagokion eta, azkenik, 8/2004 Foru Legeko 22. artikuluan aurreikusitako baremoa aplikatzearen ondorioz lortzen duen puntuazioa. Horrenbestez, etenik gabeko erroldatzearen puntuak emateak ala ez emateak ez du aurretik determinatzen etxebizitza babestuaren hartzaile suertatzea. Beraz, emaitza erreserba berean lehian dauden gainerako eskatzaileek lortzen dituzten puntuen eta errenta-tartearen araberakoa izanen da.
Nafarroan Etxebizitza Publikoa Babesteari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko 22.4 artikuluak adierazten du 20 puntu emanen zaizkiela Nafarroako udalerri batean edo batzuetan erroldaturik etenik gabe 7 urte baino gehiagoko antzinatasuna dutenei eskariak aurkezteko epea bukatzen den unean. Horri dagokionez, 8/2004 Foru Legea argia da etenik gabeko erroldatzea exijitzerakoan, eta ez du inolako bereizkuntzarik egiten. Hau da, ez du inongo kasurik aurreikusten erroldatzean etenik ez dela egon suposatzeko, esate baterako eskatzaile batek formalki Nafarroako udalen batean erroldaturik egoteari utzi dionean Espainiak atzerrian duen kontsulatu bateko erregistroan izena emateko, aztertzen ari garen kasuan gertatu den bezala.
Are gehiago, ez dugu ahaztu behar ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriak, itzuli diren emigranteei buruz ari dela, honakoa ezartzen duela: “Atzerrian diren emigrante espainiarrak, azken erroldatzea Nafarroako udalerriren batean egina badute, ez dira loturik egonen foru lege honen 13. artikuluko 5. zenbakian ezarritako erroldatze beharkizunari. Ondorio horietarako soilik, udalerri horretan erroldatutzat hartzen dira, baina ez zaie erroldako antzinatasunik kontatuko”.
Bestalde, adierazi behar dizut zuzentzen dudan departamentuak ongi dakiela Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeko 1.1 artikuluak honakoa ezartzen duela printzipio gisa: “atzerrian diren herritar espainiarrei Konstituzioak ezarritako eskubideak eta betebeharrak bermatzea, nazioko lurraldean bizi diren espainiarrekiko berdintasun baldintzetan”. Halaber, eta etxebizitzaren arloari dagokionez, departamentu honek badaki lege horren 26.4 artikuluak honakoa ezartzen duela: “Botere publikoek sustatuko dute itzultzen diren emigranteek etxebizitza eskuratu ahal izatea, kolektibo horren premia bereziak aintzat hartuta, administrazio eskudunen bitartez eta itzulitakoen elkarteekin batera lan eginez”.
Erakunde horrek jada ongi dakien bezala –beste batzuetan ere horri buruzko informazioa eman baitiote–, kontseilari honek Nafarroako Parlamentuari proposatu nahi dio 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aldatzeko, etenik gabeko erroldatzearen aurreikuspena itzulitako emigranteen interesekin bat etor dadin, gisa horretan Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legean jasotako aginduaren interpretazio zabala eginez. Hala eta guztiz ere, behar diren arau-aldaketak egiten ez diren bitartean, indarra duen foru araua aplikatzen jarraituko dugu, eta, horrenbestez, bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, hain zuzen ere erroldatzean antzinatasunik ez aitortzeko atzerrian diren emigrante espainiarrei, azken erroldatzea Nafarroako udalerriren batean egindakoei”.
Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluak honakoa ezartzen du politika sozial eta ekonomikoaren printzipio zuzendari gisa: “Estatua bereziki arduratuko da atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeaz, eta langile horiek itzultzea izango du jomuga bere politikan”.
Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeak, Konstituzioaren aipatu artikulua betetzeko, emigrazioari eta itzulerari buruzko politika integral bat ezarri zuen, emigranteen eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeko eta haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko.
Legea, azken xedapenetako bigarrenean ezarri bezala, Espainiako Konstituzioko 149. artikuluko 1. idatz-zatiko 2. zenbakiaren babesean egin zen, hain zuzen ere, Estatuari emigrazioaren arloko eskumen osoa aitortzen baitio.
Horrenbestez, lege horren xedea da Estatuak, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta toki korporazioekin batera, politika integral bat sustatzea atzerrian bizi eta Nafarroako jatorria dutenen itzulera errazteko (26.1 artikulua), eta, aldi berean, 26.4 artikuluan botere publikoei (Nafarroako Gobernua) agintzen die itzuli diren emigranteen etxebizitzarako sarbidea susta dezaten, kolektibo horretakoen berariazko premia kontuan hartuta.
Halaber, lege horren 1.1 artikulua argia da horri buruz ari dela, eta printzipio gisa ezartzen du “atzerrian diren herritar espainiarrei bermatzea Konstituzioko eskubideez eta betebeharrez baliatu ahal izatea Espainiako lurraldean bizi diren espainiarrekiko berdintasun baldintzetan”. Konstituzioko eskubide horien artean, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea dago (Espainiako Konstituzioko 47. artikulua).
Atzerrian dagoen espainiarra eta nazioko lurraldean geratzen dena berdin tratatzeari buruzko printzipio hori bera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 5.2 artikuluan jaso zen. Agindu horren arabera, atzerrian bizi eta azken etxebizitza administratiboa Nafarroan eduki duten espainiarrek Nafarroan bizi direnen eskubide politiko berberak (eskubide politiko subjektiboak uler bedi) eduki beharko dituzte.
Ezinezkoa da egoera okerragoan egotea eta eskubide gutxiago izatea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Erasmus” programari atxikita, kualifikazio akademiko hobea lortzeko, Holandara emigratu behar izan zuen herritar bat, kontuan hartuta emigratu aurretik erroldatzean 7 urtez gorako etenik gabeko antzinatasunari zegokion puntuazioa lortzeko behar ziren baldintzak betetzen zituela eta, gainera, itzultzean Iruñeko bere etxebizitzan erroldatu zela, eta funtsean udal erroldatik kanpo egon den denbora bat datorrela Holandan egin zuen egonaldiarekin.
Bestalde, azpimarratu beharra dago erakunde honen ustez Atzarrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legearen edukia, Estatutuko legedi esklusiboa den aldetik, autonomia erkidego guztietan zabaltzekoa eta aplikatzekoa dela, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriaren tokia ere hartzeraino.
Azken batean, babes ofizialeko etxebizitza bat izateko aukera emanen dion puntuazioa emateari begira, Nafarroan azken bizitoki administratiboa izan duen espainiar bati atzerrian eman duen denbora erroldako antzinatasunaren ondorioetarako ez zenbatesteak, Holandan bizitzen (zentzu zabalean uler bedi) egon izate hutsarengatik, antolamendu juridikoak konstituzio-eskubideez baliatzeko orduan atzerrian den espainiarraren eta nazioko lurraldean bizi den espainiarraren artean ezarritako berdintasun printzipioa urratzen du, eta, horrenbestez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak aldarrikatutako berdintasun printzipioa urratzen du. Era berean, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak etxebizitza duin eta egokia izateko ezarritako eskubidea ukatzen du.
Hori dela eta:
1. [?] andreari “de facto” babes ofizialeko etxebizitza bat eskura dezan eragoztea, Iruñean azken urteetan egoitza efektiboa eta etenik gabea izateari buruzko puntuazioa ez emateagatik, emigrantea izan delako, “Erasmus” programako ikaslea Holandan, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan ezarritako printzipio bat urratzea da, hain zuzen ere legearen aurreko berdintasunari buruzkoa, emigrantea izatearen inguruabar pertsonalaren ondoriozko bazterkeria nagusitu delako.
2. Deklaratzen dugu hautsi egin direla Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluan ezarritako printzipio konstituzionalak, hain zuzen ere atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeari buruzkoa eta 47. artikuluan ezarritakoa, etxebizitza duin eta egokia izateari buruzkoa.
3.- Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuari gogoraraztea legez Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeko 1.1 artikulua eta harekin lotutakoak zorrotz bete behar dituela.
4. Ulertzea behar adinako oinarri juridikoa badagoela aitortzeko, interesdunak eskatuz gero, ondare-erantzukizunaren ondoriozko kalte-ordain edo kalte-ordain egoki edo objektibo bat, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuaren funtzionamendu administratibo okerrarengatik, Espainiako Konstituzioko 106.2 artikuluan eta azaroaren 26ko 20/1992 Legeko 139. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako moduan.
5. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari egindako legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura direla-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko egokitzat jotzen dituen arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legeko bigarren atalean ezarritako moduan.
6.- Ebazpen hau [?] andreari eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuari jakinaraztea, eta adieraztea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia