Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 29ko 15/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 29

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Queja por falta de respuesta a instancia presentada

Exp: 08/634/D

: 15

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

1. 2008ko abenduaren 17an, Iruñean bizitokia duen [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Milagroko Udalaren aurka aurkeztutako eskabide bati erantzunik ez emateagatik.

Azaltzen zuen bere amaginarreba, zeinak mugikortasun arazoak baititu, herri horretako [?] kaleko [?] zenbakian bizi dela. Kale horren zati bat oinezkoentzako kale gisa prestatu da, eta pibota batzuk jarriz eragotzi egin da ibilgailuekin etxe-atarietaraino iritsi ahal izatea.

Agertzen zuen, halaber, bizilagun bati, pasabide baten emakida izateagatik, pibotak desinstalatzeko giltza bat eman diotela, eta horrela aukera eman diotela garajeraino joan ahal izateko.

Alegatzen zuen, horrenbestez, amaginarrebaren bizitokian zama-lanak egin behar izatearengatik, eskabide bat aurkeztu zuela Udalean joan den abuztuaren 5ean, piboten giltza bat eman dakion. Halaber, oinezkoentzako aldeari buruzko arauak eskatzen zituen. Lau hilabete baino gehiago iragan direnean, oraindik ere ez du inolako erantzunik jaso.

2. Abenduaren 22an, erakunde honek Milagroko Udalari gaiari buruzko informazioa eskatu zion.

Erantzun gisa Milagroko Udalak igorritako txostena urtarrilaren 23an sartu zen erakunde honetan. Haren edukia 2009ko urtarrilaren 18an udal agente batek udaleko idazkariari igorritako txostenaren kopia bat da. Honakoa azaltzen du bertan:

“Ibilgailuarekin kotxez iritsi nahi den aldea, oinezkoentzako esparrua da (horregatik dago pibotekin mugatua), eta bertan ezin da kotxea aparkatu. Garajeetarako sarbidea baimendu daiteke bakarrik.

Hala eta guztiz ere, dioen bezala amaginarrebak mugikortasun arazoak baldin badauzka, hobeki irits daiteke bertara esparru hartako beheko aldetik, minusbaliatuentzako arrapala bat baitago (goiko aldean, berriz, hain zuzen ere eskatzen duen aldean, eskailerak daude)”.

AZTERKETA

1. Interesdunak azaldutako gaia da Milagroko Udalak ez diola erantzun 2008ko abuztuaren 5ean aurkeztutako eskabideari.

Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

Kexaren xedea den kasuan, Milagroko Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

Azken batean, Milagroko Udalak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

2. Udalaren txostenaren edukiak erantzun zehatz eta laburra ematen die kexa-egileak joan den abuztuaren 5ean Udalari igorritako eskabidean egindako galderei.

Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [?] jaunari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1.. Kexa eragin duen egitateak urratu duela interesdunak egindako eskabidearen berariazko ebazpena jasotzeko duen eskubidea.

2. Milagroko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidegoaren Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.

3. Milagroko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.

4. Ebazpen hau Milagroko Udaleko alkateari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia