Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 27ko 13/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 27

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Queja frente al Ayuntamiento por la tardanza en entrega de ayuda concedida

Exp: 08/593/D

: 13

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 26an Mendaviako [?] Bizilagunen Elkarteko lehendakari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten du herriko alkatearen jarduna dela eta.

Kexa-egileak azaltzen du aurtengo azaroaren 20an Udaleko Osoko Bilkurak tratu txarren eta generoko indarkeriaren aurkako mozio bat onetsi zuela. Elkarte horretako kideek adierazi nahi izan zuten mozio horren alde zeudela, eta horretarako hitza eskatu zuten eskarien eta galderen txandan. Hala eta guztiz ere, interesdunak adierazitakoaren arabera, alkateak ez zien hitza eman, jada bilkura amaituta zegoen aitzakia emanez. Interesdunak adierazi du bigarren aldia dela parte hartzeko aukerarik ematen ez zaiela, eta horregatik jotzen dute erakunde honengana, etorkizunean jokabide hori zuzen dadin.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Mendaviako Udalari.

Igorritako txostenean, laburbilduz, esaten da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 80.2 artikuluaren arabera, herritarrek ez dutela eskubiderik udalbatzako bilkuretan esku hartzeko, baina lehendakariak ahalmena duela udalaren intereseko gai jakin batzuetan parte hartzeko aukera emateko. Bestalde, azaltzen du, udal horretako lehendakariaren iritziz, elkartea, sortu zenetik, entitate pribatu bati dagozkion funtzioez harantzagoko eginkizunak bereganatu nahi izan dituela, eta udal bizitza kudeatu nahi izan duela.

AZTERKETA

1. Planteatutako gaia kokatzeko, adierazi beharra dago Konstituzioaren 23. artikuluak aitortzen duela herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea dutela, bai zuzenean, bai aldizkako hauteskundeetan hautaturiko ordezkarien bitartez. Oinarrizko eskubide hori dela eta, doktrinan, ia aho batez, adierazi izan da gure Konstituzioak bururaino eraman duela funtsean ordezkaritzan oinarrituriko demokrazia mota bat.

Horrekin esan nahi da herritarrek zuzenean parte hartzeko bideak alde batera uzten ez diren arren –izan ere, horiek aurreikusi ere egiten dira–, funtsean gai publikoak zeharka kudeatzen direla, hau da, udal hautetsien bitartez.

Planteaturiko auziari buruzko aipamen zehatza egin aurretik, uztartu beharreko bi baldintza utzi behar ditugu argi, hemen aztergai dugun arloan jarraibide gisa erabili behar direnak eta Konstituziotik eta lege indardunetatik heldu direnak:

a) Alde batetik, baieztatu beharra dago demokratikoki hautatutako ordezkariak (alkatea eta zinegotziak, kasu honetan) direla udal bizitza zuzenean kudeatzeko eginkizuna esleitua dutenak, eta herritarrek hori ezagutu beharra daukatela.

b) Bestalde, eta aurrekoa ezertan kendu gabe, agintari publikoek ahal den guztian sustatu behar dute herritarren parte-hartzea, arestian aipaturiko konstituzio-zuzenbideak eta toki entitateen jardunari buruzko printzipioek horixe ezartzen dutelako.

2. Esparru horrexetan ulertu behar da planteaturiko auzia, hain zuzen ere ustez Mendaviako alkateak kexa-egileari gai publikoetan parte hartzeko eskubideari bidegabeko mugak jartzeari buruzkoa. Zehazki, adierazten du Udaleko Osoko Bilkurako bi saiotan eskarien eta galderen txandan hitza ukatu zaiola.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da, Udalak ongi dioen bezala, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 80.2 artikuluak Osoko Bilkurako saioetan parte hartzeari buruz ezarritakoa. Horren arabera, izan ere, “ikus-entzuleek ezin izanen dute eztabaidetan parte hartu, ez eta bilkuretan esku hartu ere. Hala eta guztiz ere, osoko bilkura amaitu ondoren, lehendakariak erabaki ahalko du bertaraturiko jendeak eskari eta galderak egin ahal izateko txanda bat egon dadila, udal-esparruko interesekoak diren gai zehatzei buruzkoa. Alkateari dagokio txanda hori antolatu eta ixtea”.

Izan ere, txostenak dioen bezala, arauak ahalmen bat ematen dio alkateari, hari gaikuntza ematen baitio, zuhurtziarakotasunezko tarte argi batez, herritarrei aukera emateko udalaren intereseko gaietan parte-hartze ordenatua izan dezaten. Hala eta guztiz ere, ahalmen hori gauzatzeko arestian aipaturiko konstituzio-zuzenbidea hartu beharko da kontuan eta, ahal den guztian, herritarren parte-hartzea sustatu behar da, antolamendu juridikoak, bere osotasunean, horixe ezartzen duelako. Gauzatze horretan, halaber, berdintasunaren eta arbitrariotasun kasuetako interdikzioaren printzipioak errespetatu beharko dira, halako moduan non parte-hartzearen mugatzeak –zeina zilegi izan baitaiteke– ez dituen herritar batzuk baztertuko, eta mugatze hori, gainera, ez den erabakiko arrazoi subjektiboak direla medio, baizik eta hura justifikatzen duten arrazoi objektiboen ondorioz.

Azken batean, egoki eta modu sistematikoan ulertuta, aipatu arauak bilatzen duena da ez hainbeste alkateari ahalmen aske eta erabakigarria ematea herritarren parte-hartzeari buruz, baizik eta aukera ematea parte-hartze hori modu arrazoizkoan eta ordenatuan gerta dadin.

Ulertu beharra dago, dena den, zailtasunak badaudela, ezintasuna ez bada, egiaztatzeko nola gertatu zen zehazki salatutako egitatea eta zein inguruabarretan gertatu zen. Horrenbestez, erakunde honek ezin du egiaztatutzat jo Konstituzioak babesturiko eskubide bat urratu zenik. Alde batetik legeak ez du ezartzen beti eskarien eta galderen txanda bat irekiko denik; baina bestetik ez dio alkateari eragozten, arrazoi objektiboengatik edo ordena ezartzeko, parte-hartzea muga dezan.

Hala eta guztiz ere, herritarren eskubideak eraginkortasun handiagoz babesteko, bidezkotzat jotzen dugu lege-arauaren interpretazioari buruz esandakoa kontuan har dadin, eta Udalari gomendatzen diogu aurrerantzean ahal den guztian herritarrek bilkuretan parte hartzeko aukera bidera dezan, eskarien eta galderen txandan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1.. Mendaviako Udalari gomendatzea ahal den guztian susta dezan herritarrek gai publikoetan parte hartzeko konstituzio-eskubidea gauzatu ahal izatea, bilkuretan eskariak eta galderak egiteko txandarako ezarritako atalean, ezertan kendu gabe atal hori antolatu egin beharko duela eta arrazoi objektibo eta justifikatuengatik hura, batzuetan, mugatu ahalko duela.

2. Bi hilabeteko epea ematea Mendaviako Udalari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

3. Interesdunari eta Mendaviako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia