Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Inadmisión en el nuevo sistema de derechos pasivos por no contar con periodos de cotización a la Seguridad Social en el sector privado, sino solo en el sector público
Exp: 08/564/F
Nº: 12
Funtzio Publikoa
1. 2008ko azaroaren 12an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistema berrian ez onartzeari buruz.
Azaltzen zuen orain dela zenbait urte hautatu zuela 10/2003 Foru Legean aurreikusitakoaren aurretik zegoen eskubide pasiboen sistemarekin jarraitzea. Hala eta guztiz ere, sistema berria ekonomikoki onuragarriagoa zela ikusita, hartara bildu ahal izatea eskatu zuen. Berriki, 2008ko urriaren 6an, Nafarroako Gobernuak hala erabakita, eskariari ezezkoa eman zitzaion, “sektore pribatuan gizarte segurantzari kotizatutako aldiak ez edukitzeagatik, eta kotizatutako guztia sektore publikoan kotizatu izateagatik”. Interesdunak azaltzen zuen funtzionarioa izan baino lehen, aldi baterako kontratatu gisa lan egin zuela Administrazioan. Hori guztia dela eta, eta ikusita bere lankideekiko desberdintasun egoeran zegoela, haren egoera azter zedin eskatu zuen.
2. Kexa jasota, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txostena eta dokumentazioa eskatzeko. 2009ko urtarrilaren 13an, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“Aurkeztutako kexa dela eta, bidezkoa da Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak honako gogoetak egitea:
1.- 2008rako Nafarroako Aurrekontuei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legeak, bigarren xedapen gehigarrian, baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari beste epe bat emateko, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritako eskubide pasiboei buruzko sistema berrian sartzeko aukera izan dezaten lanean edo alta emanda baleude bezala dauden funtzionarioak, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sisteman jarraitu nahi izan zutenak eta sektore pribatuan lan egitearen ondorioz Gizarte Segurantzan kotizatu dutenak.
Horrenbestez, foru legearen bitartez aukera egiteko zabaldutako beste epe hori ez da bere garaian martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritakoaren aurreko eskubide pasiboen sisteman geratzearen aldeko hautua egin zuten funtzionario guztientzat, baizik eta honako egoera zehatzean daudenentzat: sektore pribatuan Gizarte Segurantzari kotizatutako aldiak edukitzea.
Aipatu xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko, maiatzaren 19ko 52/2008 Foru Dekretuaren bitartez, aukera egiteko beste epe bat zabaldu zen, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistema berria aplikatzearen ondorioz. Foru dekretu hori 2008ko ekainaren 4ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
3.- Eskariak aurkezteko epea bukatuta, eta haiek aztertu ondoren, Nafarroako Gobernuak, 2008ko urriaren 6an eginiko bilkuran, erabaki bat hartu zuen, maiatzaren 19ko 52/2008 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean aurkezturiko eskabideak ebazteko. Izan ere, maiatzaren 19ko 52/2008 Foru Dekretuak prozedura bat arautu zuen martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistema berriaren alde hautu egiteko eskubide berriaz baliatu ahal izateko.
Horrenbestez, eta [?] andreari dagokionez, ez da haren eskaera onartu, ez baitu kreditatu eskatutako baldintzak betetzea; eta zehazki, sektore pribatuan Gizarte Segurantzari kotizatutako aldiak ez edukitzeagatik, beti sektore publikoan kotizatu baitu.
4.- Aurretik azaldutakoa ikusita, ondoriozta daiteke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez duela behar den gaikuntzarik [?] andreak eginiko eskariari erantzuteko –hain zuzen ere, eskatzen duena da martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistema berrian sartzea–, administrazio ekintza horrek ez lukeelako behar den lege-babesik izanen.
[?] andrearen eskaria ez onartzea ezin da berez berdintasunaren printzipioaren aurkakotzat jo, dirudienez interesdunak, aurkeztutako kexa-idazkian, adierazten duen bezala.
Horri buruz adierazi behar da Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz interpretatu duela Konstituzioaren 14. artikuluan aitortutako berdintasun-printzipioa, eta azaldu duela hura aplikatzeko pertsonen, kategorien edo taldeen arteko bazterkeriaren preskripzioaren edo interdikzioaren oinarria behar dela. Hori dela eta, berdintasuna urratzen da desberdintzea ez dagoenean arrazoi objektiboetan oinarrituta; ez da urratzen, berriz, desberdintasuna arrazoi arrazionalean eta behar adinakoetan oinarritzen denean.
Azken batez, berdintasunaren printzipio hori dela eta, izatezko kasu berdinen aurrean, herritarrei tratu berdin-berdina eman behar zaie beren egoera juridikoetan. Horrenbestez, legeetan edo legeen aplikazioetan tratu-desberdintasun guztiak ez dira Konstituzioaren 14. artikuluaren urratze bat; artikulu hori urratuko dute soilik berdintzat jo daitezkeen egitatezko egoeretan desberdintasun bat sartzen dutenak, justifikazio objektibo eta arrazoizkorik izan gabe.
Aurreko doktrina aztergai dugun kasuan aplikatuz gero, jo behar dugu martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sisteman sartzeko beste epe bat zabaltzea, zenbait baldintzarekin (zehazki, aukera hori mugatuz sistema zaharraren aldeko hautua egin eta Gizarte Segurantzari sektore pribatuan kotizatu izan zutenei), konponbide egokia eta arraizkoa izan daiteke Nafarroako Parlamentuak onetsitako lege-aldaketaren ondorioz sortutako egoera bati konponbidea emateko, hain zuzen ere martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako borondatezko erretiroari dagokionez. Konponbide horren arabera, 2007ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legeko hogeita seigarren xedapen gehigarriaren bidez martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko 29. artikulua aldatzen da”.
1.. 2008rako Nafarroako Aurrekontuei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legeak, bigarren xedapen gehigarrian, baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari beste epe bat emateko, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritako eskubide pasiboei buruzko sistema berrian sartzeko aukera izan dezaten bere garaian Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitakoaren aurreko eskubide pasiboen sisteman jarraitzeko hautua egin eta lanean edo alta emanda baleude bezala dauden funtzionarioek, betiere sektore pribatuan lan egitearen ondorioz Gizarte Segurantzan kotizatu baldin badute.
Hautu hori egiteko beste epe bat ezartzearen arrazoia martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aldaketa da, hain zuzen ere 2007ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarriaren bidez eginikoa. Haren bitartez, izan ere, beste idatz-zati bat gehitu zitzaion 29. artikuluari, honako edukiarekin: “Gizarte Segurantzako edozein araubide publikori edo haren ordezkori funtzionarioak kotizatukotzat aitorturik dituen urteak, baldin eta, kasua bada, zerbitzu aitortuak sorrarazi dituen lana ez bada administrazio publiko batean emandako zerbitzu baten aldi berean gertatu.”
Bigarren xedapen gehigarri horretan xedatutakoa betetzeko, maiatzaren 19ko 52/2008 Foru Dekretuaren bitartez, hautu egiteko beste epe bat ezarri zen aipatutako bi baldintzak betetzen zituzten funtzionarioentzat: aurreko sistemaren aldeko hautua egin izana eta sektore pribatuan Gizarte Segurantzari kotizatu izana.
2. Kexa lege-parametro horietatik aztertuta, nahitaez ondorioztatu behar da baieztatuz Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren erabakia –interesdunaren eskaria ezestea sektore pribatuan Gizarte Segurantzari kotizatu izanari buruzko egiaztagiririk ez aurkezteagatik– guztiz Zuzenbidearen araberakoa dela. Horrenbestez, ebazpen horrek ez du kexa-egilearen inongo eskubiderik urratu.
3. Aurrekoa ezarrita ere, adierazi beharra daukagu oraingoaren antzeko gaiengatik kexa batzuk tramitatzearen ondorioz metatu dugun esperientziaren ondorioz, erakunde honen ustez eskubide pasiboei buruzko bi sistema –martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurrekoa eta berria, foru lege horretan aurreikusitakoa– egoteak, alde batetik, tratu-desberdintasun batzuk eragin ditzakeela antzeko egoeretan dauden pertsonen artean eta, bestetik, eraginkortasun eta efizientzia administratiboaren ikuspuntutik eragozpenak ere sor ditzakeela. Gure ustez, konponbiderik onena da antzinako sistema iraungitzea eta pasiboen sistema bakarra geratzea.
Betiere, antzinako sisteman dauden funtzionarioak beren borondatez aldatu beharko lirateke sistema berrira, eta horretarako, funtzionarioei aukera eman beharko litzaieke lanean ari diren bitarte guztian sistema berrira aldatu ahal izateko. Aukera horrek bidea emanen luke funtzionario batzuentzat bi sistema horien arteko alderaketaren ondorioz eta pasiboen sistema berrira aldatzeko beste aukerarik ez izatearen eraginez bidegabeak izan daitezkeen egoera batzuk deuseztatzeko. Gainera, bi sistemak bateratzeko aukerak bidea emanen luke funtzionarioen pasiboen sistema modu arinago eta eraginkorrago batez kudeatzeko.
Hori guztia dela eta, erakunde honek Foru Komunitateko Administrazioari iradokitzen dio patxadaz balora dezan, aldeko eta aurkako alderdiak aintzat hartuz, komenigarria den azterlan bat egitea oraindik ere pasiboen antzinako sisteman dauden funtzionarioei sistema berrira aldatzeko aukera emateari buruz. Horrek, betiere, helburu bikoitza izanen luke: funtzionario batzuen erretiro baldintzak hobetzea eta beste lankide batzuen parean jartzea, eta bi sistemak sistema bakarrean biltzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Gure ustez, ez da kexa-egilearen antolamendu juridikoak babesturiko inongo eskubiderik urratu.
2. Hala eta guztiz ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzen diogu azterlan bat egin dezan aldeko eta aurkako alderdiak aintzat hartuz, komenigarria den azterlan bat egitea oraindik ere pasiboen antzinako sisteman dauden funtzionarioei martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeaz sortutako sistema berrira aldatzeko aukera emateari buruz.
3. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
4. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia