Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 26ko 11/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 26

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Incumplimiento del procedimiento de tramitación de una licencia de obras en un concejo que carece de PGM

Exp: 08/561/U

: 11

Hirigintza eta etxebizitza

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 12an, [...] jaunak igorritako posta elektroniko bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Atezko Udalaren aurka, hirigintza-espedienteen izapidetzean geroratzeagatik eta haietan eginiko ez-betetzeengatik.

Azaltzen zuen 2007ko azaroaren 13an Atez bailarako udalari baimena eskatu ziola Beuntzako kontzejuko [...] poligonoko [...] lursailean etxebizitza bat eraikitzeko.

Kexa-espedientean ageri den dokumentaziotik ondorioztatzen da udalak ez zizkiela, ezarritako epean, eskaera eta gainerako dokumentazioa Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura.

Kexa-egileak agertzen zuen berariaz eskatuta ere, 2008ko maiatzaren 2an oraindik ere jaso gabe zituela alkatetzaren apirilaren 18kko 18/2008 Ebazpeneko edukia eta txosten juridikoak. Izan ere, ebazpen haren bidez eskatzen zen deusezta zedin Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 406/2008 Ebazpena, zeinak baimena ematen baitzuen Beuntza herriko [...] poligonoko [...] lursailean familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.

Eransten du 2008ko maiatzaren 30ean udal idazkaritzan [...] poligonoko [...] lursailean familia bakarreko etxebizitza bat egiteko obren lizentziarako eskaera aurkeztu zuela, eta harekin batera, etxebizitzaren proiektu bisatua.

Kexa-espedientean ageri den dokumentaziotik ondoriozta daiteke udalak ez zituela eskaera eta proiektu bisatua igorri Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, bizigarritasunari buruzko aurretiko txostena eman zezan.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, 2008ko azaroaren 13an idazki bat igorri genion Atezko Udalari, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

3. Udal horren erantzuna emateko txostena abenduaren 30ean sartu zen. Hona hemen haren edukia, hitzez hitz:

LEHENA.-

Lehenengo lerrokadan ageri den erreklamazioari dagokionez honakoa esan behar dugu:

Interesdunak, 2007-11-13an idazki bat aurkeztu zuen Atezko Udalean, non honakoa baitio hitzez hitz: ? Beuntzako [...] poligonoko [...] lursailean oin berriko etxebizitza bat egitea eskatzen dut, eta haren aurreproiektua aurkezten dut, lursail horretan eraiki ahal izateko baimena eskatze aldera. Horrenbestez, Atezko Udalari ESKATZEN DIO obren lizentzia emateko behar dena ERABAKI DEZAN.

Horren arabera, ez da lurzoru ez urbanizagarrian etxebizitza bat egiteko baimenaren eskaria, baizik eta obretarako lizentzia bat.

Interesdunak 2007-12-19an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, bere izenean, lurzoru ez urbanizagarrian etxebizitza bat egiteko baimenaren eskaria aurkeztu zuen. (1. agiri gisa erantsi da). Hau da, zuzenean eta udalaren egitekoak saltatuz eta haiei iskintxo eginez, ezarritako prozeduraren aurka, zuzenean jo zuen Nafarroako Gobernura, bere helburua lortze aldera.

Udalak, 2007-01-11n OFIZIO bat eman zuen gaiari buruz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari espedientearen egoera zein zen jakinarazteko. (2. argiria). Ofizio horretan, honakoa esaten da: ?aipatu lursailean eraikitzearen balizko bideragarritasuna aztertzen ari da, haren azalerari eta Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrari dagokienez?. ?Udalak udal teknikariaren txostena eduki bezain azkar, espedientea izapidetuko da, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzari buruzko 35/2002 Legean agindutakoari jarraituz.?

Bada, data hartan, udala behin-behineko egoera batean zegoen, eta ez zituen beharrezko bitartekoak eskaerei buruzko txostenak edukitzeko, udal planari jarraipena emanen liokeen talde berri bat hautatzeko prozesuan hasia baitzen. Azkenik, 2008ko otsailean, talde berri hori kontratatu da.

Interesdunak, lehendabiziko eskaeratik bi hilabete iragan ondoren, pertsonalki eraman zuen espedientea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura.

2008-03-06an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren 406/2008 Ebazpenaren bidez, eskatutako baimena eman zitzaion.

Azken batean, interesdunak ez du inolako defentsa-gabeziarik pairatu. Izan ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 117 artikuluak ezarri bezala, bi hilabeteren buruan espedientea pertsonalki eraman zuen departamentura, eta eskatutako baimena lortu zuen.

BIGARRENA.-

Bigarren lerrokadan ageri den erreklamazioari dagokionez honakoa esan behar dugu:

Ez da egia apirilaren 18ko 18/2008 Ebazpena jakinarazi ez izana; izan ere, udalako irteeren erregistroan (3. agiria) eta posta zerbitzuaren jaso izanaren agirian (4. agiria) ageri baita ebazpen hori 2008-04-29an jaso zuela.

Azken batean, interesdunak ez du inolako defentsa-gabeziarik pairatu, ebazpen hori behar bezala jakinarazi baitzitzaion.

HIRUGARRENA.-

Hirugarren lerrokadan ageri den erreklamazioari dagokionez honakoa esan behar dugu:

Alkatearen uztailaren 28ko 24/2008 Ebazpenaren bitartez, erabaki zen, besteak beste, eskatutako obren lizentzia emateko aginduzkoa den aldeko txostena ukatzea, aplikatzekoak diren arauen eta Atezko Udalean aplikatzekoa den hirigintza-antolamenduaren aurkakoa izateagatik, goian aipaturiko espedientean ageri diren txostenen oinarriei jarraituz.

Departamentuaren baimenaren (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren 2008-03-06ko 406/2008 Ebazpena) edukiarekin ados ez zegoenez, Atezko Udalak, 2008ko abuztuaren 8an, administrazioarekiko auzi errekurtsoa (113/08 zenbakia duena eta Iruñeko administrazioarekiko auzien 4. epaitegiak izapidetua) aurkeztu zuen, eta haren epaiaren zain gaude.

Beste behin, udalari iskintxo eginez eta ezarritako prozedura saltatuz, interesdunak, bere kabuz, proiektua Etxebizitza Zerbitzuan aurkeztu zuen, eta eskatutako baimena eman zitzaion. (5. agiria).

Azken batean, interesdunak ez du inolako defentsa-gabeziarik pairatu, zeren eta 2008ko abuztutik aipatutako baimena eskuratua baitu.

Azkenik, adierazi beharra dugu hasieratik (2007ko azaroa) interesdunak aldi berean eta modu jarraituan bere asmoarekin zerikusiren bat duten administrazio guztietara jo duela (Atezko Udala, Beuntzako Kontzejua eta Nafarroako Gobernua), aplikatzekoak diren arauetan ezarritako urratsak egin gabe, bide guztietatik bere asmoa lortzeko.?

AZTERKETA

1. Kexa-egileak, 2007ko azaroaren 13an, obren lizentziarako eskaria aurkeztu zuen Atezko Udaleko udal erregistroan, [...] poligonoko [...] lursailean (Beuntzako Kontzejuan) oin berriko etxebizitza bat eraikitzeko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko bosgarren xedapen iragankorrean, bigarren idatz-zatiak honakoa ezarri zuen: ? Udal plan orokorrik ez duten toki entitateetan eraikinen eraikuntza... beharrezkoa izanen dute, lizentzia eman aurretik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren administrazio-baimena, eta baimen hori foru lege honetako 117. artikuluan araututako prozeduraren arabera tramitatuko da?. Bada, horren arabera, Atezko Udalak, udal planik ez duen udala baita, espedientea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 117.1.b artikuluan ezarri bezala, igorri egin behar zuen, eta harekin batera, aurkeztutako eskariari buruzko txostena eman behar zuen.

Foru Komunitateko Administrazioko Departamentu eskudunari espedientea igortzeko epea bi hilabetekoa da (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117.1 artikulua).

Epe hori iraganik, hau da, udalak epe horretan espedientea igortzeko betebeharra bete ez duenean, arauak ahalmena ematen dio interesdunari baimena Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari zuzenean eskatzeko. Inguruabar horixe gertatu da aztergai dugun kasuan.

2. Udalaren txostenaren arabera, espedientea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura ez igortzeko arrazoia da kexa-egileak obren lizentzia eskatua zuela, eta ez etxebizitza bat egiteko baimena. Inguruabar horrek ez du udalaren jarduna justifikatzen, kontuan izanda planeamendurik ez duten udaletan etxebizitzak eraikitzeko obren lizentzia guztietan aldez aurretik Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena eskatzen dela.

3. 2008ko maiatzaren 2ko eskariari dagokionez, non Yaben jaunak udalari Alkatetzaren apirilaren 18ko 18/2008 Ebazpeneko txosten tekniko eta juridikoen kopia eskatzen baitzion, udalak alegatzen du, ebazpen hori 2008ko apirilaren 29an jakinarazi zitzaiola interesdunari, hau da, txostenak eskatzeko eskaria aurkeztu baino hiru egun lehenago. Jaso izanaren agiria duen gutun ziurtatuaren kopia erantsi du udalak.

Erakunde honek, horrenbestez, ezin du planteaturiko auzia aztertu, ez duelako ezagutu jakinarazpenaren eduki erreala eta osoa.

Nolanahi ere, Yaben jaunak eskatutakoa eskatu baino lehenago emana zaiola uste badu ere toki entitateak, eskariari erantzuna eman beharrean dago.

Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteri dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ?kasu honetan sortu dena? ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

Kexaren xedea den kasuan, Atezko Udalak ez die interesdunak egindako eskabideei erantzun; ez du, ezta ere, eskabide horiek onartzeko modukoak ez direla adierazi, eta, azkenik, ez ditu eskabideak tramitera onartu aurrerago haiek baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

Azken batean, Atezko Udalak ez die idazki horiei inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

4. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 406/2008 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion kexa-egileari [...] poligonoko [...] lursailean (Beuntzako Dorrondoa parajean) familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.

2008ko maiatzaren 30ean, kexa-egileak udal idazkaritzan [...] poligonoko [...] lursailean familia bakarreko etxebizitza bat egiteko obren lizentziarako eskaera aurkeztu zuen, eta harekin batera, etxebizitzaren proiektu bisatua. Inguruabar horrek berarekin dakar udalak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 191.2 d) artikuluan ezarritakoa betearazi behar duela. Izan ere, hauxe ezartzen du: ? Oin berriko etxebizitzak eraikitzeko lizentziak eman aurretik, toki entitateek bizigarritasunari buruzko txostena eskatuko diote Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari?.

Udalaren jardun ezaren aurrean, ez baitzion departamentuari bizigarritasunari buruzko txostena eskatu, 2008ko abuztuaren 1ean, dokumentazioa zuzenean aurkeztu zuen Etxebizitza Zerbitzuan, eta horrek, abuztuaren 25ean, bizigarritasun baldintzei buruzko aldeko txostena eman zuen.

Azken batean, udalaren jardun arauz kanpokoak kexa-egilearen interesak kaltetu ditu, ez baitira fede onaren, bidezko konfiantzaren, efizientziaren eta herritarrei zerbitzua ematearen printzipioak errespetatu (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikulua).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Atezko Udalaren jardunak urratu duela legez ezarritako administrazio-prozedurara bete zedin kexa-egileak zuen eskubidea.

2. Atezko Udalari gogoratzea legez Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako arau eta erregela guztiak bete behar dituela, eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aldarrikaturikko printzipio eta irizpideen arabera jardun behar duela.

3. Atezko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

4. Interesdunari eta Atezko Udalari ebazpen hau jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia