Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Queja frente al Ayuntamiento por la inactividad mostrada ante una denuncia de construcción de un edificio sin licencia
Exp: 08/590/U
Nº: 9
Hirigintza eta etxebizitza
1. 2008ko azaroaren 24an, [...] jaunak eta [...] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Martzillako Udalaren aurka.
Azaltzen dute beren etxearen atzeko aldean ?Martzillako [...] kaleko [...] zenbakian dago etxea? eraikin bat eraikitzen hasi zela lizentziarik gabe. Interesdunek udalera jo zuten egoera salatzeko, baina hark ez zuen behar bezala erreakzionatu. Azkenean, adierazten duten bezala, Guardia Zibila izan zen salaketa aurkeztu zuena, eta haren ondorioz alkateak obrak gerarazteko agindua eman zuen.
Adierazten dute obra udalaren planeamenduaren aurkakoa dela, udalari adierazi dioten bezala. Adierazten dute, halaber, ez dituela betetzen Nafarroako Foru Berriak gorde beharreko distantziei buruz adierazitako arauak.
Martzillako Udala salatzen dute aurkeztutako idazkiei erantzunik ez emateagatik, eta uste dute administrazio horrek herritar guztiei arauak betearazi behar dizkiela, herritarrek arauak bete behar direla erreklamatu beharrik izan gabe, oraingoan gertatu den bezala.
Azkenean, ukitu gisa, eskatzen dute hemendik gutxira eginen omen diren neurketetan presente egoteko.
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Martzillako Udalari. Txosten hori espedientean erantsi da, planteaturiko gaiei buruzko dokumentazioarekin.
1. Aurkeztutako kexa herritarrak bi eskubidez baliatzearekin lotuta dago: lehenbizi, hirigintza arloko informazioa eta dokumentazioa eskuratzeko eskubidea; bigarrenik, arlo horretan legezkotasuna babesteko eskubidea.
Hirigintza arloko legeetan bai bataren bai bestearen baliatzea modu ahal den zabalenean jasota dago, kontuan izanda gaia banakako interesa edo interes partikularra gainditu eta interes orokorra ukitzen duela. Izan ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 8. artikuluak ezartzen du pertsona guztiek badutela eskubidea, lurraldeari eta hirigintzari buruz administrazio publiko eskudunen esku dagoen informazioa jasotzeko, interes jakin bat dutela egiaztatu beharrik izan gabe. Foru lege beraren 9. artikuluak aitortzen du ekintza publikoa izanen dela lurraldeari eta hirigintzari buruzko jarduera arautzen duten legeria eta planeamendua bete dadin eskatzeko bidea.
Hori dela eta, zalantzarik gabe, kexa sustatzen dutenek, zeinak, gainera, legezkotasuna auzitan jartzen duten eraikinaren ondoan bizi baitira, erakunde honen ikuskatzea premiatu ahal dute, administrazioak eskubide horiek betetzen dituela begira dezan. Horretarako gaitasuna dute batetik herritarrak direlako eta bestetik gai honek bereziki ukituta dauden pertsonak direlako.
2. Lehenengo eskubideaz baliatzeari dagokionez, ez dugu egokitzat jotzen Martzillako Udalari inongo gomendiorik egitea, hark kreditatu duelako, igorritako dokumentazioaren bidez, kexaren sustatzaileek aurkeztutako idazkietako batzuei erantzuna eman diela, eta konpromisoa agertu duelako oraindik ere erantzun gabe dauden kontsulta eta eskabideei erantzuteko. Adierazi bezala, herritarrek eskubidea dute behar diren erantzunak eta azalpenak eskatzeko. Horrenbestez, Administrazioak haiek eman behar ditu, eta hala eginen duela baieztatu du.
Hala eta guztiz ere, udalak zuzen adierazi bezala, ezin dugu ulertu kexa aurkeztu dutenek eskubidea izatea udal zerbitzuek jakinarazteko obrako ikuskapenak zein egunetan eta zein ordutan eginen dituzten, eta ikuskapen bisita horietan presente egoteko. Ikuskapen horiei buruzko informazioa eskatu ahalko dute, baina parte hartzeko eskubidea ez da iristen haiek ikuskatzeraino edo besteren jabetzetan neurriak egiteraino.
3. Bestalde, esan bezala, interesdunek zalantzan jarri dute baimenduta eta eraikitzeko fasean dagoen obraren legezkotasuna, eta administrazio-espedientean hirigintza-lizentzia ukatzeko eskatu dute, herriko planeamenduarekin bat ez datorrelakoan. Auzia ekarri zuen arrazoi nagusia izan zen proiektuan arauen balizko ez-betetze bat egotea eraikinaren altuerari dagokionez. Interesdunen ustez, izan ere, beheko solairua gehi hiru solairu egin nahi dira, baina planeamenduak ez omen du horretarako bidea ematen.
Udalak, txosten teknikoetan babestuta, eskaera ezetsi zuen, eta, horrenbestez, hirigintza-lizentzia eman zuen, hurrengo argudiatzea erabiliz. Izan ere, erabilitako argudioak espedienteko dokumentazioan ageri dira:
?Aurkeztutako idazkian argudiatzen da proiektuak hirigintza-arauak ez dituela betetzen, eraikinaren altuerari dagokionez; izan ere, beheko solairua gehi beste hiru solairu aurreikusten dira, hiri lurzoru finkatuaren gehieneko altuera beheko solairua gehi 2 bada ere.
Izan ere, planeamenduak arau orokor gisa ezarritako gehieneko altuera beheko solairu gehi 2 da, betiere 10 metroko altuera gainditu gabe. Halaber, definituta dago estalkia inklinatua izanen dela, % 40koa baino inklinazio txikiagoarekin (...); eraikinaren % 25ean, berriz, estalki laua jarri ahalko da.
Adierazi behar dugu herrian ohiko praktika bat dela teilatupeko solairua etxebizitza-erabilerarako aprobetxatzeko baimena ematea, betiere altuerak eta estalkiek ezartzen duten gehieneko bolumenaren barruan. Izan ere, kontaezinak dira azken urteetan baldintza horiekin egin diren etxebizitzen sustapenak.
Eraikinaren gehieneko altuera (gailur-altuera) ez mugatzeak, eta isuri gehiagotara estaltzeko ez exijitzeak, teilatupeko solairua erabiltzen den ala ez alde batera utzita, eragin dezakete eraikinaren bolumena eta lursailaren barneko altuera (mugaturik ez dagoela interpretatzen dena) nabarmenak izatea. Adierazi beharra dago aipaturiko parametroen interpretazioa beti bide publikoari begira hartu behar direla. Lursailak elkarren aurkako bi kaletara joko balu eta eraikinak lursail osoa okupatuko balu, bi kaleetan 10 metroko hegala jarri beharko litzateke; halere, lursailaren sakonera handia balitz, eraikinaren altuera ere handia izan ahalko litzateke.
Hori dela-eta, honako gogoeta egiten dugu: Zer gertatuko litzateke proiektuak teilatupeko solairuan etxebizitza-erabilera jasoko ez balu eta mugakidearen mugaraino isuri bakarreko estalkia duen eraikin bat proposatuko balitz? Beteko ote litzateke horrela planeamendua? Erantzuna baiezkoa da, eta afekzioak are handiagoak izanen lirateke. Desberdintasuna da teilatupeko solairuaren altueran baoak irekiko direla. Esan bezala, erreferentzia bide publikoaren altuera da, eta, horrenbestez, jotzen dugu kasu honetan inolaz ere ez direla beheko solairua gehi hiru solairu?.
4. Lizentziaren legezkotasuna zehazteko, proiektua eta planeamenduan ezarritakoa alderatu behar dira, alde batera utzita herrian zer egin izan den edo mugakideei afekzio handia edo txikia eragiten dien, teilatupeko solairurako beste erabilera bat aurreikusiko balitz; izan ere, inguruabar horiek ez duten inolako eraginik atera behar dugun ondorioan.
Martzillako arau subsidiarioek, 29.4 artikuluan, honakoa ezartzen dute:
?Lur-arrasetik gorako altuerak. Fatxadan honako altuerak baimentzen dira:
Beheko solairua eginez gero, hauxe da gehieneko altuera: 4 m. Gutxieneko altuera: 3 m
Beheko solairua gehi solairu bat eginez gero, hauxe da gehieneko altuera: 7 m. Gutxieneko altuera: 6 m
Beheko solairua gehi bi solairu eginez gero, hauxe da gehieneko altuera: 10 m. Gutxieneko altuera: 9 m
Baimena ematen da sotoak edo erdisotoak eraikitzeko, gehieneko altuerak aldarazten ez dituzten bitartean. Hirigune finkatu osoan, altuerak ez du beheko solairua gehi 2 solairu gaindituko.?
Proiektuak, espedientean jaso bezala, beheko solairua, lehenengo solairua, bigarren solairua eta ?ganbara-solairu? bat aurreikusten ditu, eta hori, gure aburuz, beheko solairua gehi hiru solairu egitea da.
Udalak, gu ados ez gauden arrazoiak erabiliz, ulertzen du beheko solairua gehi bi solairu eraikitzen direla, eta argudio gisa erabiltzen du etxebizitza-erabilerarako teilatupeko solairua ez dela kontatu behar. Hala eta guztiz ere, ez dugu ulertzen zer dela eta etxebizitza erabilera izanen duen teilatupeko solairua ez den eraikineko solairu bat. ?Ganbara? bat izan ala ?etxebizitza erabilerarako teilatupeko solairu bat? izan, zalantzarik gabekoa da ?solairu? bat badagoela (hau da, eraikina horizontalki banatuta dagoen atal bat) bigarrenaren gainean.
5. Hori dela eta, gure ustez lizentzia planeamendua bete gabe eman da, eta arestian aipaturiko hirigintzako legezkotasunerako eskubidea urratu da.
Horren aurrean, udala legezkotasuna babesteko bere ahalmenaz baliatu behar da eta emandako lizentzia berrikusi behar du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 203. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
6. Bestalde, eta dirudienez ohikoa denez udalean etxebizitza erabilerarako teilatupeko solairuak edo ganbara-solairuak eraikitzeko baimena ematea, planeamenduak baimentzen dituen hiru solairuez (beheko solairua gehi 2) gainetik, gure ustez komenigarria litzateke planeamendua aldatu edo berrikustea. Ez dugu zalantzan jartzen aplikatutako konponbidea, beheko solairua gehi 3 baimentzekoa, egokia izan daitekeenik hazten doan udalerri baten premietarako; gainera, agian, hirigintza konpaktuaren komenentzia iradokitzen duten joeren araberakoagoa izan daiteke, hain zuzen ere altueran haztea bilatzen baitute eta ez landa-lurzorua beharrik gabe hartuz lurraldean barreiatzea. Horretarako bidea, alabaina, planeamendua egokitzea da, eta ez nabarmenki planeamenduaren aurkakoak diren praktikak sistematikoki baimentzea, horretarako ulertzen zailak diren errealitatearen interpretazioak erabiliz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Jotzea kexa sustatu dutenek hirigintzako legezkotasunerako duten eskubidea urratu dela.
2. Martzillako Udalari gomendatzea emandako lizentzia berrikus dezan, azaldutako arrazoiak direla-eta udal planeamenduaren aurkakoa izateagatik.
3. Udal horri iradokitzea bere ustez udalaren interes orokorrerako komenigarria bada ganbarak edo etxebizitza-erabilerarako teilatupeko solairuak eraikitzea, beheko solairua gehi 2 solairu eraikitzearen gainetik, hirigintza-planeamendua aldatzeari ekin diezaion.
4. Bi hilabeteko epea ematea Martzillako Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Kexa-egileei eta Martzillako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia