Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 22ko 8/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 22

Gizarte ongizatea

Gaia: Queja frente a la falta de servicios o ayudas para el transporte al trabajo de personas con discapacidad

Exp: 08/377/B

: 8

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

1. 2008ko abuztuaren 13an, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen ezgaitasuna duten pertsonentzat lanera joateko garraiorako zerbitzurik edo laguntzarik ez izateagatik.

Azaltzen du bere alabak 32 urte dituela eta % 65eko minusbaliotasuna duela. Tuteran bizi da, baina herri horretan lanik aurkitzen ez zuenez, Corellara joan behar izaten du.

Adierazten du 8 pertsona egoera berean daudela, eta gurasoak direla ?horietako batzuk adinekoak izaki? seme-alabak garraiatu beharra izaten dutenak, horretarako txandak eginez. Uste du garraio-zerbitzu bat ezarri beharko litzatekeela, ezgaitasuna duten pertsona horiek lan egitea errazago egiteko.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, eta 15 egun balioduneko epea eman zitzaion, foru legean ezarri bezala.

Epe hori iraganik, eskatutako txostena jaso ez denez, 2008ko urriaren 6an, idazki bat igorri zitzaion, berriz ere, departamentuari, eskaria berresteko eta ohartarazteko zein ondorio izanen lituzkeen laguntzeko legezko betebeharra ez betetzeak. Hala eta guztiz ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez zuen eskatutako informazioa bidali.

AZTERKETA

1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, ? botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan?.

Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: ? Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.?

2. Adierazi dugun bezala, interesdunak kexa agertu du bere alabarena bezalako egoeretan laguntza publikorik ez dagoelako. Izan ere, % 65eko ezgaitasuna dauka, eta bere herritik kanpora atera behar izaten du bere lana egiteko, gurasoak dira, hain zuzen ere, garraioari aurre egin behar izaten diotenak.

Konstituzioaren arabera, botere publikoek aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika egingo dute elbarri fisikoentzat, zentzumen-elbarrientzat eta elbarri psikikoentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emango zaie, eta bereziki babestuko dira, titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko (49. artikulua). Eskubide horien artean, lan egiteko eskubidea dago (35. artikulua).

Konstituzioaren aipatu printzipioarekin lotuta, Ezintasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukerei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako eskubidea bermatu eta egiazko bihurtu nahi du, eta administrazio publikoei orientabideak ematen dizkie ekintza positiboko neurriak hartzera, pertsona horiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean guztiz parte hartzeko dauzkaten desabantailak saihesteko edo berdintzeko.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, behar zen bezala, ez da kezka horretatik kanpo geratzen. Izan ere, bere helburuen artean ezarri zuen autonomia pertsonala sustatzekoa eta bizi kalitatea hobetzekoa, bai eta pertsona guztien normalizazioa, parte-hartzea, eta integrazio sozial, politiko, ekonomiko, kultural, lanekoa eta hezkuntzakoa sustatzekoa ere.

Aurreko printzipio eta helburuek osatu behar dute Foru Komunitateko Administrazioaren jarduera; izan ere, hari dagokio gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ?teknikoak nahiz ekonomikoak? ezartzea. Kasuko premia egoeran dauden herritar guztiak izan ahalko dira sistema publiko horren onuradunak.

Hemen aztergai dugun kasuan, guztiz arrazoizkoa eta proportzionatua den eskaera bat aurkitzen dugu. Izan ere, bilatzen dena da kexa aurkeztu duen pertsonaren alaba bezalakoek, minusbaliotasun maila handia dutenek, lanera joateko garraio-zerbitzu bat eduki ahal izatea, edo, halakorik ezean, hura ordaintzeko laguntza ekonomiko bat.

Adierazi bezala, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gaiari buruzko txostena eskatu genion, baina ez digu ezer ere adierazi horri buruz. Horrenbestez, ez dugu inolako arrazoirik aurkitzen kexa sustatu duenaren asmoa ez betetzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea gizarte zerbitzuen sistema publikoan sar dezan prestazio bat ?teknikoa nahiz ekonomikoa? daukaten ezgaitasun egoerarengatik lanera joan ahal izateko arazo bereziak dituzten pertsonei lanera joateko garraioa errazteko.

2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

3. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

4. Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak espediente honetan laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, eta ebazpen honi erantzun arrazoitua ematen ez badio edo bertan ezarritako irizpidea onartzen ez badu, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasoko dudala, eta halaber, Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan ?Nafarroako arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)? ere horixe jasoko dudala. Erregistroan sartu izana erakunde honen web orrian argitaratuko da, eta bertan berariaz aipatuko dira Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren eta Gizarte Gaietako zuzendari nagusiaren izenak.

5. Erabaki hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia