Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Queja frente al Ayuntamiento de Sangüesa por no haber tramitado la inclusión de una trabajadora en el Montepío de Funcionarios o en la Seguridad Social
Exp: 08/538/F
Nº: 5
Funtzio Publikoa
1. 2008ko azaroaren 5ean, [...] andreak, [...] andreak eta [...] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 23ko 1458/2008 Ebazpenaren aurka. Izan ere, ebazpen horren bidez deialdi bat onetsi zen merezimendu-lehiaketa bitartez erakunde autonomo horretarako erizaintzako laguntzaileen lanpostuak betetzeko.
Laburbilduz, azaltzen zuten iraupen jakin bateko kontratuekin Foru Komunitateko Administrazioaren Mendekotasun Agentziaren menpean dagoen [...] zahar-etxean lan egiten dutela ?zaintzaile gerontologiko? izeneko lanpostuetan. Lanpostu horiek betetzeko eskatu zitzaiela erizaintzako laguntzaile titulua edukitzea, eta, lanpostuaren izena gorabehera, han betetzen dituzten eginkizunak erizaintzako laguntzaileen ber-berak direla.
Adierazten dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako laguntzaile lanpostuetarako oposizio-lehiaketara aurkeztu nahi dutela, baina irailaren 23ko 1458/2008 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko III. eranskineko 1. atalaren arabera, administrazio publikoen eta haien erakunde autonomoen zentroetan lehiaketari dagozkion estamentuan eta espezialitatean emaniko zerbitzuengatik 1,8 puntu ematen direla urte bakoitzeko, eta administrazio publikoen zentroetan beste estamentu eta espezialitateetan emandako zerbitzuengatik, berriz, 1,3 puntu ematen direla urte bakoitzeko.
Adierazten dute atal hori hitzez hitz aplikatuz gero arazo batekin egiten dela topo; izan ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez duela ?zaintzaile gerontologikoaren? figura aurreikusia ?erizaintzako laguntzailearen? estamentu eta espezialitate beraren gisara, ez baitago jasota izen horrekin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko osasun-lanbideei buruzko eranskinean. Horrenbestez, emandako zerbitzuengatik 1,3 puntu emanen zaizkie urte bakoitzeko, eta ez 1,8 puntu.
Haien ustez, aurrekoa tratu zuzengabea eta nabarmen baztertzailea ematea da, zeren eta ?zaintzaile gerontologikoa? izeneko lanpostuetan ari badira ere, erizaintzako laguntzaileak baitira, titulazio horrexekin, eta betetzen dituzten lanpostuetan soilik titulazio horri dagozkion eginkizun propioetan lan egiten baitute.
2. Kexa aztertuta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura jo genuen, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko urtarrilaren 8an, Osasun kontseilariak sinatutako txosten bat sartu zen erakunde honetan. Honakoa zioen, hitzez hitz:
[...] andreak eta beste batzuek kexa bat aurkeztu zioten Nafarroako Arartekoari Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako laguntzaile lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 23ko 1458/2008
Ebazpenaren aurka. Kexa hori dela-eta, izan ere, Arartekoak galdera egin zuen (08/538/f espedientea). Hauxe da Osasun kontseilariaren erantzuna:
1.- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, irailaren 23ko 1458/2008 Ebazpenaren bitartez, deialdia onetsi zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomorako erizaintzako laguntzaile lanpostuak betetzeko. Deialdia 2008ko urriaren 10eko 124. NAOn argitaratu zen.
2. Deialdi horren III. eranskinean berariaz ezartzen da administrazio publikoen eta haien erakunde autonomoen zentroetan lehiaketari dagozkion estamentuan eta espezialitatean emaniko zerbitzuengatik 1,8 puntu ematen direla urte bakoitzeko, eta administrazio publikoen zentroetan beste estamentu eta espezialitateetan emandako zerbitzuengatik, berriz, 1,3 puntu ematen direla urte bakoitzeko.
3. Kexa-idazkian adierazten dute ez daudela ados ?[...]? egoitzan zaintzaile gerontologikoko lanpostuetan eman dituzten zerbitzuak ez baloratzeagatik deialdian aplikatzekoa den baremoko 1.1 atalaren arabera, hau da, erizaintzako laguntzaile postuetan administrazio publikoen zentroetan emandako zerbitzuen gisara, eta bai, berriz, beste estamentu eta espezialitate batzuetan emandako zerbitzuen gisara.
Deialdiak aipatzen duen estamentu eta espezialitateen sailkapena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean jasotakoa da. Bada, foru lege horrek ?osasun arloko laguntzaileen? estamentua jasotzen du, ?Erizaintzaren? espezialitate gisa. Horren barrenean, zenbait izendapen sartzen dira; besteak beste, honakoak: klinikako laguntzailea, erizaintzako laguntzailea, osasun laguntzailea eta abar, baina ez da inon jasotzen ?zaintzaile gerontologikoa? lanpostua.
1. Kexa aurkeztu dutenek [...] egoitzan ematen dituzten zerbitzuak urteko 1,8 punturekin ez baloratzeko Osasun Departamentuak ematen duen arrazoi bakarra da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko eranskinean, ?Erizaintzako? espezialitatean, ?osasun laguntzaileen? estamentuan, ez dagoela jasota ?zaintzaile gerontologikoa? lanpostua.
Eranskin horretan, A 6 kodean, honako estamentu, espezialitate eta izendapenak deskribatzen dira:
KODEA ESTAMENTUAK ESPEZIALITATEAK IZENDAPENAK
A 6 Osasun laguntzaileak Erizaintza Klinikako laguntzailea
Erizaintzako laguntzailea
Osasun laguntzailea
Laborategiko laguntzailea
Farmaziako laguntzailea
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen funtsezko helburua da une hartan zeuden osasun langileen binkulazio-araubide guztiei (foru erkidegoko funtzionarioak, toki entitateen zerbitzuko funtzionarioak, lan kontratudun langileak, transferitutako funtzionarioak eta estatutupeko langile transferituak) batasun efektiboa ematea. Horretarako, lan kontratudun langileei eta estatutupeko langile transferituei aukera eman zitzaien beren borondatez foru erkidegoko funtzionario bihur zitezen. Gainerakoan, foru legeak ez zien osasun arloko langileei berariazko estatutu oso eta bukatu bat eman. Aitzitik, edukietan motza izan zen, zeren eta oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak eta lanpostuetarako hautapen eta betetze prozedurak besterik ez baitzuen arautu, horrekin ere ordainsariak eta osasun arloko langileen hautapen prozedurak homologatzeko helburuarekin.
31.2 artikuluan ezartzen du osasun estamentuetan sartzeko hautapen prozedura oposizio-lehiaketa izanen dela oro har, eta 35.1 artikuluak irizpide gisa ezartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketetan bermatuko dela Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile guztiek aukera berdinekin parte hartu ahal izatea, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Lanpostuetara sartzeko eta lanpostuak betetzeko prozedura Osasun kontseilariaren azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren eta urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren bitartez garatu zen; izan ere, azken horren bitartez lanpostuak hornitzeko prozeduretan aplikatzekoak diren merezimenduen baremoak arautuko dira.
Foru legearen eranskinak osasun arloko langileen estamentuak eta espezialitateak deskribatzen ditu. Argi dago eranskin hori foru legearen osagaia den aldetik, erreferentzia gisa baliatu behar dela foru legeko xedapenak aplikatzeko ondorioetarako eta, zehazki, lanpostuak betetzeko. Baina zehaztu beharra dago, halaber, ez foru legeko artikuluetan, ez eta hura garatzeko erregelamenduetan, ez dela eranskin horren aipamenik egiten eta ez dela hartara igorpenik egiten, osasun langileak hautatzeko deialdiak eta irizpideak eranskin horretan deskribaturiko egitura eta estamentuak hitzez hitz eta guztiz betetzeari dagokionez.
Izan ere, eranskin hark une hartako ?hau da, 1992ko? errealitatea deskribatu eta jaso zuen. Baina zalantzarik gabe osasun arloko jarduera eta, horrenbestez, osasun lanbideak oso dinamikoak eta aldakorrak dira, etengabe gertatzen diren aurrerapen teknikoekin eta zientifikoekin, bai eta laguntzako egiturak behin eta berriz berrantolatzearen poderioz, eraldatzen joaten baitira. Horren froga da aipatu eranskina zortzi aldiz aldatu dela jada, honako foru legeen bitartez: abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legea, uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legea, abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legea, abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legea, abenduaren 29ko 18/2005 Foru Legea, abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legea eta urtarrilaren 24ko 1/2008 foru Legea. Eranskinean egin diren aldaketa ugari eta etengabekoak ikusita, beste behin nabarmendu nahi dugu zalantzarik gabe erreferentzia gisa erabil daitekeela, baina ezin dela hitzez hitz determinantetzat eta lotesletzat jo hautapen prozesu guztietarako, lehenbizi foru legeko artikuluetan ez delako inoiz ere horrelakorik exijitzen, eta, bigarrenik, desfasatuta dagoela egiaztatzen denean unean-unean nagusitu den errealitateari eman behar zaiolako lehentasuna denboraren bilakaerak desfasatuta utzi dituen determinazio batzuen gainetik.
Aurreko guztiaren proba da horixe ulertu duela Nafarroako Gobernuak. Izan ere, 2007ko urtarrilaren 15eko ERABAKIAN ?haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek CC.OO eta CSI-CSIF sindikatuekin sinaturiko hitzarmen kolektiboa onesten du, eta 2007ko urtarrilaren 24ko 11. NAOn argitaratu zen?, 12. artikuluan, honakoa xedatu zuen: ?13. Zaintzaile gerontologikoaren izendapena duten langileek erizaintzako laguntzaileen lanpostu hutsetan sartu ahalko dira, eta alderantziz, behar diren leku-aldatze lehiaketetan parte hartuz.?
3. Interesdunek kexa agertzen dute Osasun Departamentuak eranskina hitzez hitz betetzeko hartu duen jarrerarengatik, bidegabeki baztertzen dituelako. Bada, Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak behin eta berriz adierazi duten moduan, legearen aurrean eta legean bertan herritarrek berdintasuna izateko duten eskubidea dela eta, bai legegileak bai legea aplikatzen dutenek tratu bera eman behar diete egoera juridiko parekideak dituztenei, eta bazterkeria eta tratu-desberdintasun oro debekatuta daude, baldin eta auzitan jarri den arauaren xedearen ikuspuntutik, justifikazio objektiborik edo arrazoizkorik ez badute.
Izan ere, funtzionario publikoen eskubideei buruz ari dela, Konstituzio Auzitegiaren irailaren 14ko 114/1992 epaiak ezarri zuen legearen aurreko berdintasunak exijitzen duela legezko arauak aplikatzerakoan funtzionarioen artean ez sortzea desberdintasuneko nahiz bazterketako egoerak. Agindu hori benetako muga bat da Administrazioaren antolamendu- edo erabaki-ahalmenetarako, eta berdintasunerako eskubidea baztertzeko debeku gisa ezartzen da, halako moduan non egoera berdinetan tratamendu berdinak eman behar baitira, betoa jarrita legezko tratamendu desberdina eta justifikatu gabea emateari, arrazoizkoa ez izateagatik.
4. Erakunde honen ustez aztoragarria da, azaldutako Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren aurkakoa izateagatik, aztergai dugun deialdiko baremoarena arabera eman beharreko puntuazioak aldagarriak izatea, ez lanpostuetarako eskatu den titulazioaren eta lanpostu jakin batzuen eduki funtzionalaren arabera, baizik eta soilik lanpostuari ematen zaion izenaren arabera, guztiz ahaztuta zein titulazio eskatu den eta betebeharrak eta eginkizunak berdinak diren ala ez diren. Lanpostu bati ?zaintzaile gerontologikoa? izena emateak eta titulazio bereko beste lanpostu bati ?maila berekoa eta eduki funtzional antzekoa duena? ?erizaintzako laguntzailea? izena emateak ez du besterik gabe justifikatzen baremo desberdina aplikatzea. Horrela jokatzeak, izan ere, tratu berdintasunaren printzipioa urratzen du, neurriak justifikazio objektibo eta arrazoizkorik ez duelako.
5. Azaldutako guztia dela eta, erakunde honen iritziz, bidezkoa eta txalogarria da osasun langileak hartzeko hurrengo oposizio-lehiaketetarako deialdietan soilik zehaztea eta guztiz zerrendatzea baremoaren araberako puntuazio zehatz bat izanen duten estamentu, espezialitate eta izendapenak, nahiz eta deskribapen hori zehatz-mehatz bat etorri ez foru legeko eranskinarekin. Erakunde honen iritziz, oposizio-lehiaketen nahiz merezimendu lehiaketen deialdietan gisa horretako zehaztapenak egitea ez da urriaren 20ko 12/1992 Foru Legearen aurkakoa eta ez du hura urratzen, eranskinean deskribatutakoaren guztiz bat ez etorrita ere. Izan ere, eranskin hori, gaur egun, erreferente edo jarraibide moduan ulertu behar da, ez nahitaez xedapen lotesle baten gisara. Gogora dezagun horrela ulertu zuela Nafarroako gobernuak ebazpen honetako 2. puntuan adierazitako hitzarmen kolektiboa onetsi zuenean.
6. Aurrekoa ezertan kendu gabe eta segurtasun juridiko handiagoa edukitzeko, gomendagarria litzateke, halaber, urriaren 20ko 12/1992 Foru Legeko eranskina berriz aldatzea, bertan ?zaintzaile gerontologikoa? izendapena sartzeko, edo, kasua bada, bidezkoak diren beste batzuk, eranskineko A 6 kodeko ?izendapenen? zerrendan.
7. Azkenik, adierazi beharra dago irailaren 23ko 1458/2008 Ebazpeneko 6. oinarriaren arabera, lehenbizi oposizio-fasea egin behar dela eta 2009ko otsailean hasi behar duela; ondoren, lehiaketa fasea eginen da.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. [...] egoitzan ?zaintzaile gerontologiko? gisa emandako zerbitzuak urteko 1,3 punturekin, eta ez 1,8 punturekin, baloratzeko erabakiak behar adina justifikatu gabeko bazterkeria bat suposatzen duela.
2. Osasun Departamentuari gomendatzea kexa aurkeztu dutenek ?zaintzaile gerontologiko? gisa eman dituzten zerbitzuak, behar bezala kreditatutakoak, urteko 1,8 punturekin barema ditzan, eta aurretik, Osasun Departamentuak komenigarritzat jotzen badu, deialdiko oinarriak alda ditzan, ebazpen honetan azaldutako zentzuan.
3. Osasun Departamentuari iradokitzea urriaren 20ko 12/1992 Foru Legeko eranskina berriz ere alda dezan, ?zaintzaile gerontologikoa? izendapena eranskineko A 6 kodeko ?izendapenen? zerrendan sartzeko.
4. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari egindako gomendioa eta iradokizuna onartu dituela eta haiek direla-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
5. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eta kexa-egileei ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia